Gaztelaniaren bilbotar dialektoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau dialektoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txinbo (hegaztia)».

Bilbotar dialektoa, txirenea edo txinboa XIX. mendean Bilbon hitz egiten zen gaztelaniaren ustezko aldaera bati emandako izena da. Txinboa, hortaz, dialekto zehaztu bat baino, lexiko txiki batean eta ahoskera jakin batean oinarritutako hizkera zen. Bai lexikoaren eta baita ahoskeraren aldetik ere, euskararen eragina zuen hizkuntza-aldaera horrek. Erdara horren adibide ezagun bat, hein batez estereotipatua, Una ronda de barregarris izeneko kantua da. Hona ahapaldi bat:

« ¡Ené, qué risas te hisemos
al pasar por la Sendeja!...
Chalos y todo nos hiso
desde el balcón una vieja.
»

Hola, bilbotar dialektoan ohikoa zen "seseoa" (Bizkaiko euskaldunen artean bezala), baita euskarazko hitzak eta esamoldeak baliatzea edo moldatzea ere beren gaztelanian (haser chalos adibidez, 'txalo egin'). Bilbotar erdaldunek erabiltzen zituzten euskal jatorriko berba gehienak Bilbo aldeko euskaratik hartutakoak ziren. Hona horietako batzuk: achur (aitzur), amaiquetaco (hamaiketako), arlote, bustina (buztin), cacati (kakati), carramarro (karramarro), chalo (txalo), chimino (tximino), chiquito (txikito), chirloras (txirlora), chocholo (txotxolo), furrustada (purrustada), gangarra (gangar), ichulapico (itsulapiko), iñurri, jaunchu (jauntxo), (larri), moscorra (mozkor), quiliquili (kili-kili), saguchu (sagu), sapaburu (zapaburu), saran, sensumbaco, sirimiri, urrecha (urra).... XX. mendean zehar Bilboko erdararen ezaugarri horietako asko galduz joan ziren gaztelania estandarragoaren fabore. Baina berba berezi batzuk oraindik ere entzun litezke Bilbo aldean.

Batzuen ustez, txinboa Bilbon oraindik mintzatzen den gaztelaniaren forma berezia da, galtzeko arrisku larrian dagoena.[1]

XIX. mendean, obra batzuk idatzi ziren bilbotar dialekto horretan, garaiko literatura kostunbristari loturik. Horren erakusgarri dira Miguel Unamunoren El Custión de Gabalasa (1880) edo Emiliano Arriagaren Lexicón Etimológico, Naturalista y Popular del Bilbaino Neto (1896). Autore batzuen ustez, Jon Juaristiren arabera esaterako, txinboa idazle batzuek sortutako hizkera litzateke, kalean hitz egiten zen mintzaira batean oinarritzen ez zena. Beste ikuspegi baten arabera, txinboa Bilbora zihoazen herritar euskaldunek gaztelaniaz egiteko zuten eraren parodia zen.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) La modernización de la ciudad amenaza con extinguir el lenguaje txirene de Bilbao, Deia, 2008ko urtarrilaren 14a
  2. (Gaztelaniaz) José Javier Granja Pascual: «Juaristi, Jon. El "Chimbo" expiatorio (La invención de la tradición bilbaína, 1876-1939)»[Betiko hautsitako esteka], Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria, 39. zenbakia, 1994. (Jon Juaristiren izenburu bereko liburuaren aipamena da.)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]