Genero-identitate
Genero-identitatea[1] generoari dagokionez, nork bere buruaz duen pertzepzioa da, sexu/genero sistema bitarraren arabera gizonezkoei eta emakumezkoei ezartzen zaizkien rolekin lotutakoa, edozein dela ere jaiotzean ezaugarri biologikoen arabera esleitutako sexua.[2]
Gizabanako batek bere maskulinitate edo feminitateari buruz dituen pertzepzio eta esperientzia pertsonaletan oinarritzen[3] den sexu psikologiko edo psikikotzat har daiteke.[4] Identitate sexualaren hiru elementuetako bat da, sexu-joerarekin eta genero-rolarekin batera,[5] eta «sexu bateko kide izatearen eskema ideoafektiboarekin» erlazionatzen da;[6] beraz, generoaren adierazpen indibiduala litzateke.[7]
- Genero identitatearen definizio orokorra Genero-identitatea norbanakoak izaki sexual gisa dituen ezaugarri, sinesmen eta bizipenen multzoa da. Sexua, sexu-identitatea, intersexualitatea, genero-disforia, sexu-orientazioa eta identitate-koherentzia bezalako beste kontzeptu batzuetatik bereizten da[8] .
- Sexua, generoa eta genero identitatearen arteko desberdintasuna Sexua da jaiotzean doktore batek ematen duen etiketa, gorputzean oinarrituta (geneak, hormonak eta genitalak). Etiketa hori femeninotzat, maskulinotzat edo, kasu batzuetan, intersexualtzat sailkatzen da. Generoa, ordea, ez dago gorputzaren mende, baizik eta gizarteak sortzen dituen itxaropenen eta arauen mende, emakumeek edo gizonek elkar ikusteko, pentsatzeko eta jokatzeko moduari buruz. Azkenik, genero identitatea pertsona bakoitzaren barne-sentimendua da. Nor den eta nola adierazten duen genero hori bere janzteko, portatzeko eta bere burua aurkezteko moduaren bidez. Horrela, sexua gorputzean zentratzen den bitartean, generoa arau sozialetan eta genero identitatea gizabanako bakoitzaren barne-bizipenean, hiru kontzeptuek elkarrekin lotuta daude, baina ez dute esanahi bera[9].
- Garrantzia soziokulturala Genero-identitateak garrantzi sozial eta kultural handia du, gizarte bakoitzak generoaren inguruan eraikitzen dituen arau eta itxaropenekin zuzeneko elkarreraginean sortzen baita. Generoa eraikuntza soziala den arren, kultura askok rol eta ezaugarri espezifikoak esleitzen dizkiete gizonei eta emakumeei, pertsonek beren burua nola ikusten duten eta besteek nola hautematen dituzten eraginez. Horrek esan nahi du genero-identitatearen esperientzia asko alda daitekeela kultura-testuinguruaren arabera: gizarte batzuek sistema erabat bitarrak mantentzen dituzten bitartean, beste batzuek identitate-aniztasun handiagoa aitortzen eta baloratzen dute. Horrela, genero-identitateak pertsona bakoitzaren barne-sentimendua islatzeaz gain, kulturak sentipen hori adierazteko eta ezagutzeko aukerak moldatzen, mugatzen edo zabaltzen dituen modua ere islatzen du[10].
Beharrezko kontzeptuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sexu biologikoak erreferentzia egiten dio sortzetik esleitzen den sexuari eta etiketa bat atxikitzen da zenbait ezaugarri fisiko eta hormonalen arabera, organo erreproduzitzaileei eragiten dietena[11]. Pertsonak XX eta XY kromosomen arabera banatzen dira, hau da, organu erreproduktibo eta sexu femeninoa edo organo erreproduktibo eta sexu maskulinoa. Baina baliteke kromosomen, hormonen eta gorputz atalen alterazio bat izatea eta horri intersexualitatea deritzo. Hau da, organo maskulino edo femenino bezala kontsideratzen ez den oro intersexual bezala definitzen da. Hau normaltzat eta naturaltzat hartzen da, kromosomen alterazio baten ondorio baita[12].
- Generoa: Generoaz ari garenean, eraikuntza sozial, kultural eta psikolgikoaz ari gara. Honek emakumearen, gizonezkoaren eta bitarrak edo arauemaileak ez diren beste kategoria batzuen kontzeptua zehazten du. Hau norberaren nortasunaren eta portaeraren kontzeptualizazioa da[13].
- Genero adierazpena: Norberak bere genero identitaeari buruz egiten duen adierazpena, jokabidearen, jantziaren, jarreraren, gizarte interakzioen eta abarren arabera[14].
- Sexu-orientazioa: Sexu-orientazioa ez dago nire sexu biologikoaren edo genero-identitatearen mende. Pertsona bakoitzak beste pertsona batenganako erakarpen emozional, afektibo eta sexual sakona sentitzeko duen gaitasunaz ari gara hemen. Sexu-orientazioaren barruan, hainbat forma daude, denborarekin aldatzen direnak eta kultura desberdinen artean desberdinak direnak[15]:
- Homosexualitatea: genero bereko pertsonenganako erakarpen emozionala, afektiboa eta sexuala, eta pertsona horiekin harreman intimoak eta sexualak izateko gaitasuna. Oro har, lesbiana terminoa erabiltzen da emakumeen homosexualitateari erreferentzia egiteko, eta gay terminoa gizonen homosexualitateari erreferentzia egiteko.
- Heterosexualitatea: berea ez den genero bateko pertsonenganako erakarpen emozionala, afektiboa eta sexuala da, baita pertsona horiekin harreman intimoak eta sexualak izateko gaitasuna ere.
- Bisexualitatea: berea ez den genero bateko edo genero bereko pertsonenganako erakarpen emozionala, afektiboa eta sexuala, eta pertsona horiekin harreman intimoak eta sexualak izateko gaitasuna.
Genero identitatearen aniztasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zisgeneroa: Jaiotzean esleitutako sexuari dagokion genero-identitatea duen pertsona da.
- Transgeneroa: Jaiotzean esleitutako sexuari ez dagokion genero-identitatea duen pertsona da, hau da, honekin identifikatzen ez dena.
- Trans binarioa: "trans" bezala ezagutzen da eta dagoeneko. Trans pertsona bat da, eta haren identitatea gizon edo emakume batena da, modu bitarrean.
- Genero jariakorra: Identitate horrek pertsona baten nortasunaren eta genero-adierazpenaren fluktuazioari egiten dio erreferentzia, bi kategoria edo gehiagoren artean. Genero jariakorreko pertsona bat (edo genderfluid bat, ingelesez esaten den bezala eta hispaniar hizkuntzako komunitateen artean asko hedatu den bezala), adibidez, genero femeninotik ez-bitarrera doan genero-identitatea eta -adierazpena duen pertsona bat izan liteke.
- Ageneroa: Agenero etiketa erabiltzen duten pertsonak esaten ari dira ez direla inolako genero-identitaterekin identifikatzen [16].
Genero identitatearen garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Haurtzaroa eta nerabezaroa: Genero-identitatearen garapena oso txikitatik hasten da, eta haurrak hazi ahala eboluzionatzen du. Bi urte inguruan, askok onartzen dute aldeak daudela gizarteak "neskatzat" eta "mutikotzat" jotzen duenaren artean, eta hiru urte bete baino lehen kategoria horietako batean identifikatzen dira[17]. Lau urte inguruan, gehienek beren genero-identitatearen zentzu egonkorragoa osatu dute. Prozesu horretan ohikoa da janzteko, jolasteko edo jokatzeko hainbat modu aztertzea, baita estereotipo tradizionalekin bat ez badatoz ere, eta hori haien hazkundearen parte naturala da. Kasu batzuetan, baliteke haur baten barne-identitatea jaiotzean esleitutako generoarekin bat ez etortzea, eta sentimendu hori iraunkorra, argia eta txikitatik sakon sentitua izan daiteke. Horregatik, bai haurtzaroan, bai nerabezaroan, funtsezkoa da laguntza, errespetu eta entzuteko ingurune bat eskaintzea, non askatasunez adierazteko aukera izango duten, aurreiritzirik eta presiorik gabe. Onarpen horrek haien ongizate emozionala errazten du, autoestimua indartzen du eta garapen osasuntsuagoa eta seguruagoa lortzen laguntzen du.
- Eragin biologikoak eta sozialak: Pertsona baten identitatea eragin biologiko eta sozialen arteko elkarreraginetik sortzen da [18]. Biologiari dagokionez, genetikak, jaio aurreko garunak, jaiotzaren baldintzek eta lehen urteetako zaintzek eragina dute garunaren garapenean eta garapen emozionalean, eta prozesu psikologikoak horren gainean eraikitzen dira.
Aldi berean, faktore sozialek, hala nola familia, harremanak, baldintza ekonomikoak, hezkuntza eta ingurune kulturala eta abarrek moldatzen dute pertsonak nola ulertzen duen bere burua, nola kudeatzen dituen bere emozioak eta nola egokitzen den mundura[18]. Identitatean eragin zuzena duten eredu emozionalak eta sozialak sortzen diren lehen espazio gisa nabarmentzen da familia.
Bi eragin-mota horiek etengabe elkarreragiten dute, identitatea pertsonak biologikoki ekartzen duenaren eta bere gizarte-ingurunean bizi denaren arteko konbinazioaren emaitza izan dadin.
- Eredu eta ikasketa garrantzitsuenak: Identitateari buruzko eredu eta azterketa garrantzitsuek prozesu hori dinamiko gisa azaltzen dute, eta garapenean zehar eraikitzen da[8]. Erik Eriksonen planteatzen du identitatea nerabezaroan sortzen dela krisi ebolutibo batetik abiatuta, eta krisi horretan pertsonak bere esperientziak, balioak eta nahiak integratu behar dituela bere buruaren irudi koherentea osatzeko.
Hari beretik jarraituz, James Marciak Eriksonen lana enpirikoki aztertu zuen[8]. Hau da, nola pertsonek aukera desberdinak esploratzen dituzten eta konpromisoak hartzen dituzten, identitatea eraikitzeko modu desberdinak deskribatuz, duten esplorazio eta konpromiso mailaren arabera.
Ondotik, Grotevantek proposatu zuen identitatea esplorazio eta berrikuspen prozesu jarraitu baten bidez konfiguratzen dela. Pertsonak alternatibak aztertzen ditu, erabakiak hartzen ditu eta berriz ebaluatzen ditu garapenean aurrera egin ahala, eta horrek identitatea prozesu malgua bihurtzen du.
Hezkuntza afektibo-sexuala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezkuntza afektibo sexuala funtsezko zutabea da garapen integralerako, haur, nerabe eta gazteei beren gorputza ulertzeko, emozioak adierazteko eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko tresnak eskaintzen dituelako. Etapa bakoitzerako informazio argi eta egokiaren bidez, arriskuak prebenitzea, mitoak deseraikitzea eta bizikidetza osasuntsu eta arduratsuago bat sustatzea bideratzen du. Prozesu horretan, bai familiaren laguntza, bai hezkuntzako profesionalen orientazioa osagarriak dira, konfiantzazko inguruneak sortzen laguntzen, zalantzak taburik gabe lantzeko eta ikaskuntzak koherentziaz indartzeko. Horrela, hezkuntza afektibo sexuala funtsezko baliabide bihurtzen da ongizate pertsonala, autonomia eta bizitzan zeharreko harreman seguru eta errespetuzkoen prestakuntza sustatzeko.
Zer da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezkuntza afektibo sexuala sexualitate osasuntsu, aske eta errespetuzkoa garatzea helburu duen hezkuntza prozesu bat da. Gorputzari eta sexu harremanei buruzko informaziotik haratago doa, eta gai hauek ere jorratzen ditu: autoezagutza, autoestimua, errespetua, genero berdintasuna... Etengabeko prozesua da.
Horregatik, hezkuntza afektibo sexuala jaiotzatik hasi behar da, lehen afektu adierazpenen bidez. Gurasoak dira seme-alaben lehen hezitzaileak, eta funtsezko zeregina dute sexualitate osasuntsua eta positiboa eraikitzeko. Hazi ahala, gorputzari, emozioei eta harremanei buruzko elkarrizketak haien adinera eta garapen mailara egokitu behar dira, horregatik diogu etengabeko prozesua dela[19].
Familian / Etxean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familiek, balio multzo bat ematen diete seme alabei, erabakiak hartzen eta bizitzan zer den garrantzitsua ulertzen laguntzeko. Beren autoestimua zaintzeko, galderei erantzuteko eta behar dutenean laguntzeko erantzukizuna ere badute. Etxean, haurrek eta nerabeek helduak nola erlazionatzen diren, hainbat egoeraren aurrean nola erreakzionatzen duten eta ohikoak diren tratu moduak ikusten dituzte. Horrek guztiak erakusten die, ia konturatu gabe, nola funtzionatzen duten harremanek, nola adierazi maitasuna eta nola jarri mugak. Horregatik, etxea emozioei, errespetuari eta bizikidetzari buruz ikasteko aukeraz betetako lekua da.
Profesionalak / Ikasgelan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Profesionalek zientzian oinarritutako informazio argia ematen dute, maila pertsonalean gertatzen dena ulertzen laguntzeko, zalantzak argitzeko eta erabaki informatuak hartzeko. Berdintasuna, errespetua eta aniztasunaren onarpena bezalako balioak ere lantzen dituzte. Ikasgelan hobeto erlazionatzeko trebetasunak irakasten dituzte, eta gai horiei buruz hitz egiteko espazio bat sortzen dute, pertsona bakoitzak sentitzen duena partekatzeko eta beste esperientzia batzuk entzuteko aukera izan dezan. Eskolan, familia gehienek beren seme alabek sexu heziketa jasotzea nahi duten arren, seguruago egon daitezen eta elkar hobeto ezagutu dezaten, batzuetan zalantzak sortzen dira informazio faltagatik. Horregatik da hain garrantzitsua sexu hezkuntza zer den eta zer gai biltzen dituen ondo azaltzea eta ulertzea[20].
Espazio seguruak eskoletan eta unibertsitateetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Funtsezkoa da eskoletan eta unibertsitateetan espazio seguruak sortzea, ikasleek beldurrik eta lotsarik gabe ikasi, adierazi eta harremanak izan ditzaten. Hezkuntza afektibo sexuala lantzen denean eraiki daitezke espazio horiek, estereotipoak desegiten, indarkeria prebenitzen eta pertsona guztien arteko errespetua sustatzen laguntzen duelako. Ikastetxe batean emozioei, berdintasunari, baimenari eta aniztasunari buruz argi eta garbi hitz egiten denean, ikasleek hobeto ulertzen dituzte beren esperientziak eta gainerakoenak, eta horrek murriztu egiten du jazarpen edo diskriminazio egoeren arriskua. Gainera, prestakuntza eta genero ikuspegia duten irakasleen presentziak aukera ematen du arazoak detektatzeko, behar duenari laguntzeko eta edozein indarkeria edo desberdintasun seinaleren aurrean jarduteko. Horregatik, hezkuntza afektibo sexuala ez da soilik eduki bat gehiago, baizik eta funtsezko tresna bat ingurune seguruak, errespetuzkoak eta indarkeriarik gabekoak eraikitzeko ikastetxeetan[21].
Sentsibilizazio programak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sentsibilizazio programak, komunitate baten barruan gai jakin baten kontzientzia eta ulermena areagotzeko diseinatutako prestakuntza sareak dira. Bere helburu nagusia da informazio argia ematea, mitoak deseraikitzea, errespetuzko jarrerak sustatzea eta pentsatzeko eta jarduteko moduan aldaketa positiboak sustatzea. Hitzaldien, tailerren, kanpainen edo jarduera parte hartzaileen bidez, programa horiek lagungarriak dira pertsonek egoera problematikoak identifikatzeko, egoera horiei buruz hausnartzeko eta modu arduratsu eta solidarioan jarduteko tresnak eskuratzeko. Adibide moduan YMCA programa hartu dezakegu izan ere, YMCAn estereotiporik eta diskriminaziorik gabeko hezkuntza espazioak sustatzen dituzte, non gazteek segurtasunez hitz egin dezaketen, berdintasunari buruz hausnartu eta aniztasunarekiko errespetua eraiki. Prestakuntza tailer eta jardueren bidez, informazioa eta tresnak eskaintzen dituzte eskola jazarpena, genero indarkeria, gorroto delituak edo sare sozialetako erasoak identifikatu, prebenitu eta horien aurrean zerbait egiteko. Helburua kontzientzia soziala eta gazteen ahalduntzea sustatzea da, osasun mentala, interneten erabilera arduratsua eta gazteek beren komunitateetan aldaketarako eragile gisa duten zeregina indartuz [22].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Soziologia Hiztegia] [2018]
- ↑ Euskalterm: [Kriminologia Hiztegia] [2018]
- ↑ Doorn CD; Poortinga J; Verschoor AM.. (1994). Cross-gender identity in transvestites and male transsexuals. 23 Archives of Sexual Behavior, 185–201 or. doi:. PMID 8018022..
- ↑ (Gaztelaniaz) Blümel Méndez, J.E.; Castelo-Branco Flores, C.; Vallejo Maldonado, S.. (2005). de la Gándara Martín, Jesús José; Puigvert Martínez, Ana eds. Sexualidad humana: una aproximación integral. Ed. Médica Panamericana, 404 or. ISBN 978-847-903-386-6..
- ↑ (Ingelesez) Shively, Michael G.; De Cecco, John P.. (1977-12-2). «Components of Sexual Identity» Journal of Homosexuality 3 (1): 41–48. doi:. ISSN 0091-8369..
- ↑ Chávez Carapia, Julia del Carmen. (2004). Perspectiva de Género. Plaza y Valdes, 179 or. ISBN 978-97-0722-257-1..
- ↑ Bosch, Esperanza; Ferrer, Victoria A.; Gili, Margarita. (1999). Historia de la Misoginia. Anthropos Editorial, 245 or. ISBN 978-84-7658-563-4..
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «La identidad de género» PSISE 2026-01-09 (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Qué es el sexo, el género y la identidad de género? | Planned Parenthood» www.plannedparenthood.org (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Editor. (2023-08-19). «La influencia de la cultura y la sociedad en la construcción de la identidad sexual y de género» PsiquiatrasOnline.com (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) formación), Rubén Megía González (Coordinador del área de. (2023-04-19). «Sexo biológico: sistemas y mecanismos de determinación del sexo» Genotipia (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Uniquindio. (2024-06-25). «¿Conoces la diferencia entre sexo biológico, género, orientación e identidad sexual?» Uniquindio (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Uniquindio. (2024-06-25). «¿Conoces la diferencia entre sexo biológico, género, orientación e identidad sexual?» Uniquindio (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ Negro Alvarado, Dante Mauricio. (2010). «Orientación sexual, identidad y expresión de género en el Sistema Interamericano» Agenda Internacional 17 (28): 153–175. ISSN 1027-6750. (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Uniquindio. (2024-06-25). «¿Conoces la diferencia entre sexo biológico, género, orientación e identidad sexual?» Uniquindio (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) LGBT, Andalucia Diversidad. (2022-11-17). «Tipos de identidad de género - ¿Cuántos existen?» Andalucía Diversidad LGBT (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El desarrollo de la identidad de género en los niños» HealthyChildren.org 2024-05-08 (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ a b Maitta Rosado, Inger Solange; Cedeño Párraga, María José; Escobar García, Martha Cecilia. (2018). «Factores biológicos, psicológicos y sociales que afectan la salud mental» Revista Caribeña de Ciencias Sociales (RCCS) (3): 60. ISSN 2254-7630. (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Azcona, Saioa Rolán. (2024-09-04). «Educación afectivo-sexual: qué es y sus beneficios» E-TIC (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Educación afectivo-sexual para el fomento de las relaciones positivas en el ámbito educativo (Edición 1)» Centro Regional de Formación del Profesorado de Castilla la Mancha (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ «Educación Afectivo/sexual Con AdolescentesNorkGarcía Benito, Lucía 978-84-127161-2-2» www.todostuslibros.com (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Prevención y Sensibilización» YMCA (kontsulta data: 2025-12-09).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Artikulu hau psikologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |