Gimnastika artistiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gimnasta artistikoa» orritik birbideratua)
Emakumezkoen lau aparatuak.

Gimnastika artistikoa aparatu jakin batzuetan derrigorrezko eta hautazko probak egitean datzan kirola da. Gizonezkoek sei proba dituzte (zaldi-jauzia, zaldi arkuduna, barra finkoa, barra paraleloak, eraztunak eta lurreko ariketak); emakumezkoek lau (zaldi-jauzia, oreka-barra, barra asimetrikoak eta lurreko ariketak).[1] Hiru eratara praktika daiteke:

1. Taldeko txapelketa: domina bat ematen dute talde bakoitzeko. Partaide bakoitzak, bere ariketak eginez puntuak lortzen ditu bere talderako.

2. Banakako txapelketa: partaide bakoitzak aparatu guztiak egiten ditu eta puntu gehien lortzen dituena izango da txapelketaren irabazlea.

3. Banakako amaiera aparatuekin: hemen jakingo dugu bakoitza zein aparaturekin den onena, eta bakarrik puntuazio hoberenak dituzten bi partaidek hartzen dute parte.

Gimnastika antzinaroan jaio zen baina XIX. mendetik aurrera, gimnastika artistikoa independizatu eta jada 1881ean Europako Federazioa sortu zuten. 1896ko Olinpiar Jokoetan kirol olinpiko bilakatu zen. Hasieran gizonek baino ez zuten egin 1928ko Amsterdamgo Jokoetara arte. XX. mendearen erdialdean diziplinak egungo itxura hartu zuen.[2]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gimnastika artistikoa eta bere jatorria, Erromatar eta Greziar historiaren lehenengo urteetan du hasiera, non ikasleek ariketa konplexuak egiten zituzten.

Lehiatzeko kirola duela 100 urte baino gehiago bihurtu zen. 1881ean gimnastika artistikoko federazioa sortu zen. 1986ean Joko Olinpikoetan parte hartzera pasa zen, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du.

Gimnasia artistikoak historian zehar aldaketa asko izan ditu, gehienbat tresnak erabili behar diren ariketetan. 1952ean Helsinkin egindako lehiaketaren ondoren, gaur egun erabiltzen ditugun zenbait aparatu  ipini ziren. Baina kontuan izan behar da denboran zehar tresna horiek aldaketak jasan dituztela, eta horrela ariketak erraztu eta hobeak egin direla. Kalifikazioa ere aldatu izan da: 2004. urtean 10 puntuko kalifikazioaren ordez 16 puntukoa jarri zen.

Gimnastika artistikoa kirolezko araubide bat da. Dantza batzuk egiten dira, gorputzarekin eta hainbat aparatuekin. Kirol hau bai mutilek eta bai neskek egin dezakete. Baina egiteko, gomendagarria da txikitatik hastea eta nahita nahiez indarra eduki behar da.

Tresnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezkoen kategoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezkoen gimnastika artistikoak lau modalitate nagusi ditu.

Barra asimetrikoak.

Barra asimetrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barra asimetrikoetan, beheko barra egokitua izan daiteke 140 eta 160 cm artean, eta goiko barra 235 eta 240 cm artean. Barrak metro bateko distantziaz bananduta daude eta bien arteko gehiengo distantzia 143'5 cm-koa izan daiteke. Ariketa kategoriaren arabera aldatzen da.

Barra asimetrikoetako eliteko ariketak bi barren arteko trantsizioak izan behar ditu: itzulipurdiak, hegaldiko elementu ezberdinak, ez-hegaldiko elementu ezberdinak eta amaierako jauzia, ariketaren amaieraren seinale izango dena. Ariketek ezin dute 30 segundo baino gehiago iraun.

Oreka barra.

Oreka barra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oreka barrako ariketak 70 eta 90 segundo arteko iraupena izan behar du eta aparatuaren luzera guztia okupatu behar du. Gimnastak mugimendu akrobatikoak, gimnastikoak eta dantzakoak burutu behar ditu puntuazio altua lortzeko. Oreka-barran zenbait eskakizun daude: serie akrobatiko bat gutxienez bi hegaldi-elementurekin, gutxienez 360 graduko hanka baten gaineko biraketa, zabaltasun handiko jauzi bat, gimnastika/akrobazia serie bat, gimnastika serie bat eta barratik hurbil dagoen lan elementu bat. Oreka-barra 1'2 m-ko altueran dago, 10 cm-ko zabalera du eta 5 metro neurtzen du.

Aparatuan egiten duten sarreraren arabera, tranpolina erabil dezakete. Ariketa etenik gabe egin behar da, elementu multzoaren eta erritmo desberdinen arteko lotura harmoniatsua egon behar da. Barra osoan egin behar dira. Gimnasta barratik erortzen bada, 10 segundo ditu berriro igotzeko eta ariketarekin jarraitzeko.             

Lurra.

Lurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurreko ariketak musikalki egokituta egon behar du koreografia baten bidez, 70 eta 90 segundo bitarte iraun behar du eta lurzoruaren eremu osoa estali behar du. Gimnastak elementu akrobatikoak, gimnastikoak eta dantzakoak erabili behar ditu ariketan puntuazio altua lortzeko. Elementu horiek bi serie akrobatiko izan behar dituzte, bat gutxienez jauzi nagusi batekin (edo gehiagorekin), serie akrobatiko/gimnastiko bat eta gimnastika-serie bat. Gimnastak era harmonikoan nahastu behar ditu elementu horiek eta lurzoruaren espazioa modu aldakorrean erabili behar du, mugimenduaren norabidea eta maila aldatuz. Gimnastika elementuek libreki ibili behar dute ariketan; jauziek, berriz, distantzia handiak bete behar dituzte eta piruetek eta birek emozioa erantsi behar diote musikari. Lurzoruaren azalera 12 x 12 m-koa da.

Zaldi jauzia.

Zaldi jauzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldi jauziak ahalegin handiagoa eskatzen du. Modalitate honetako jauziak, emakumezkoen kategorian, lau motatan multzokatuta daude eta mota bakoitzak ariketetan gorputzaren jarrerak eta egiten diren mugimenduak definitzen ditu. Ariketaren hasieratik oinek lurra ukitzen duten arte, gimnastak erabat kontzentratuta egon behar du. Gimnastak egin nahi duen jauziaren arabera, indarrean dagoen puntuazio-kodearen eskakizunak bete behar ditu. Jauzi on bat lasterketa indartsu edo azkar batekin hasten da; gimnasta tranpolinetik ateratzen da eta oinak buruaren gainetik altxatzen ditu. Bigarren hegaldia eta lurreratzea fase kritikoak dira. Lortutako altuera eta distantzia begiratu behar dira, baita jauzi nagusi eta bira kopurua ere. Normalean, gimnastak egiten dituen bira eta jauzi nagusiek osatzen dute jauziaren zailtasuna. Jauzirako lasterketa egiteko erabiltzen den pista metro bat zabal eta 25 metro luze da. Astoak 120 cm-ko altuera du, 35 cm-ko zabalera eta 160 cm-ko luzera.

Eraztunak.

Gizonezkoen kategoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizonezkoen gimnastika artistikoak sei modalitate nagusi ditu:

Eraztunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi eraztun zintzilik dituen egitura batez egina dago aparatua, lurretik 2'75 metrora. Bien arteko distantzia 50 cm-koa da eta 18 cm-ko barne-diametroa du. Indarra, balantza eta oreka lantzeko ariketak dira. Epaimahaiak baloratuko ditu aparatuaren kontrola eta koreografiako elementuen zailtasuna. Eraztunen egiturak zenbat eta dardara gutxiago egin, orduan eta hobea izango da gimnastaren exekuzioaren puntuazioa. Gimnasiako indar-aparatu nagusia da.

Barra finkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barra finkoa 2'40 m-ko luzera duen barra bat da eta lurrarekiko paralelo dago, metalezko egitura baten gainean 2'80 m-ko altueran. Indar- eta oreka-mugimenduetan datza proba. Gimnastak mugimendu birakariak egin behar ditu errutina akrobatiko batean, birak, solteak, erretomak eta piruetak barne. Errutina garatzeko jariakortasuna da gailu honen ezaugarri nagusietako bat. Elementu batek beste bati lotuta egon behar du, gelditu gabe eta hasierako mugimenduaren jarraipena eta norabidea mantendu behar ditu. Horretarako, mugimenduaren norabidea arrazoirik gabe eten edo aldatuz gero, puntuak gal daitezke. Kalifikatu beharreko beste behin-betiko elementu bat ariketa bakoitza hasten edo amaitzen den angelua da, erreferentzia gisa 0 gradutik 360ra bitarteko lerroak irudikatuta. Gaur egun, akrobaziaren bidez oso erakargarri bihurtu nahi da tresna hori; beraz, egiten den ariketa bakoitzak elkarrengandik desberdina izan behar du.

Uztaidun zaldia.

Uztaidun zaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animaliarekin duen antzekotasunagatik deitzen zaio uztaidun zaldia, bizkar altu batez osatutako tresna da eta haren gainean zeharkako bi uztai daude. Neurri hauek ditu: 1'15 m-ko altuera, 1'60 m-ko luzera eta 35 cm-ko zabalera. Uztaien altuera 12 cm da eta bien arteko distantzia 40 cm eta 45 cm artekoa. Ohiko serie bat hanken mugimenduan oinarritzen da, eta gimnastak borobilean mugitu behar du eraztunak eskuekin hartuta, nahiz eta pendulu-mugimenduak ere egin behar dituen. Mugimenduak etenik gabe eta hankek aparatua ukitu gabe egin behar dira.

Barra paraleloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barra paraleloak 3'5 metroko bi barra dira, 1'75 m-ko altueran eta paraleloan jarriak, 42 cm eta 52 cm arteko distantziaz elkarrengandik aldenduta. Proba honetan, oreka-ariketak eta indar-ariketak egiten dira, eta gimnastak bi barrak erabili behar ditu nahitaez.

Zaldi jauzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tranpolin baten bidez abiada hartuta, plataforma batetik salto egitean datza. Gimnasia artistikoan iraupen laburreneko proba da. Gimnasta bakoitzak bi jauzi egiteko eskubidea du. Pistak 25 metro luze ditu, eta amaieran, gimnastak abiada hartu behar du 1'35 metroko altueran jarritako zaldirantz jauzi egiteko. Bi oinak elkartuta egin behar da jauzia eta esku biak batera jarri behar dira zaldiaren gainean. Bi metro baino gehiagora erori behar da.

Lurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

12x12 metroko azalera batean egiten da, erorketak arintzeko material elastikoz egina dagoena. Ariketak 50 eta 70 segundo bitartekoak dira gizonezkoentzat. Proban zehar mugimendu akrobatikoak eta gimnastikoak egiten dira.

Araudia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gimnasia artistikoko lehiaketa ofizialek hiru modalitate izaten dituzte gizonezkoen nahiz emakumezkoen kategorian:

  • Banakako lehiaketa orokorra
  • Aparatuen araberako banakako finalak
  • Taldekako lehiaketa

Banakako lehiaketa orokorrean, gimnasta bakoitza aparatu guztietan lehiatzen da banakako txapeldunari irabazteko. Sailkapen-txandan puntuaziorik onenak lortu dituzten 24 gimnastak arituko dira finalean. Gimnasta bakoitzaren azken nota aparatu bakoitzean lortutako puntuazioa batuz lortzen da.

Aparatuen araberako banakako finaletan, horietako bakoitzean kirolari onena nor den zehazten da. Sailkapen txandan aparatu bakoitzean puntuaziorik onenak lortu dituzten 8 gimnastek hartzen dute parte lehiaketa honetan. Nazionalitate bereko bi gimnasta onartzen dira gehienez.

Taldekako lehiaketan, sailkapen-txandan puntuaziorik onenak lortu dituzten 8 taldeek hartzen dute parte.

Puntuazio sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Gimnastika Federazioak (NGF) finkatzen du puntuazio-sistema lehiaketa-maila guztietarako. Behe-mailetan edo NGFren eskumenetik kanpoko lehiaketetan beste araudi bat dago.

Gaur egungo sistema 2006koa da, 2004ko Atenasko Joko Olinpikoetako eztabaiden ondorioz ordura arte indarrean zeuden arauek aldaketa sakona izan ondorengoa. Izan ere, une hartako puntuazio-arauen objektibotasuna zalantzan jarri zen eta ariketen zailtasuna gehiegi baloratzea kritikatu zen.

Sistema berriaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puntuazio-sistemaren osagai nagusietako bat elementuen taula da. Taula honetan, kirol horren elementu posibleak (biraketak, jauziak, akrobaziak, etab.) jasotzen dira eta duten zailtasun-maila esleitzen zaie. Ariketa bakoitza bi epaile-taldek ebaluatzen dute eta horrela bi puntuazio lortzen dira. Epaile-talde bakoitzak ariketaren alderdi hauetako bat ebaluatzen du:

  • Zailtasuna: zailtasun-kalifikazioaren balioa lortzeko, lehenik ariketako zortzi elementu zailenak batu behar dira, elementuen taularen arabera eta haien puntuazioak batu. Lortutako balioari puntuak gehitzen zaizkio, aparteko elementuengatik edo eskatutako talde guztietako elementuak izateagatik. Elementu arriskutsuak egiteak errutina zigortzea dakar.
  • Exekuzioa: 10.0 puntu bitarte, ariketaren exekuzio artistikoa ebaluatzen da. Aparatutik erortzea zigortu egiten da, adibidez.

Bi puntuazio horien batura ariketaren azken kalifikazioa izanen da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Gimnasia. .
  2. Mcauley, E.; Hudash, G.; Shields, K.; Albright, J.P.; Garrick, J.; Requa, R.; Wallace, R.K.. (1987). «Injuries In Women´s Gymnastics» American Journal of Sports Medicine.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]