Simone Biles

Wikipedia, Entziklopedia askea
Simone Biles
Gimnasta
EUA levam ouro na ginástica artística feminina; Brasil fica em 8º lugar (28879955265) (cropped) (cropped).jpg
(2016)
Informazio pertsonala
Izen osoaSimone Arianne Biles
Ordezkatutako herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Jaiotza (1997-03-14) 1997ko martxoak 14 (26 urte)[1]
Columbus (Ohio),  AEB
BizilekuaSpring (Texas), AEB
Garaiera142 zentimetro
Pisua103,617 libra
DiziplinaEmakumezkoen gimnasia artistikoa
MailaNazioarteko elite senior
Urteak talde nazionalean2012-gaur egun (AEB)
GimnasioaWorld Champions Centre[2]
Bannon's Gymnastix Inc. (2003–2014)
EntrenatzaileaAimee Boorman
KoreografoaDominic Zito

Simone Arianne Biles (Columbus, Ohio, 1997ko martxoaren 14a) Amerikako Estatu Batuetako gimnasta da, historiako hoberenetakoa. Gimnasiako Munduko Txapelketetan domina gehien lortu dituen kirolaria da: 25.[3] Horietatik hemeretzi dira urrezkoak. Rioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen banaka zein taldeka. Aparatuetako finaletan ere beste bi urrezko domina lortu zituen, lurrean eta saltoan. Oreka-barran bakarrik egin zuen huts, salto bat gaizki kalkulatu eta estropezu egin baitzuen. Hala ere, brontzezko domina kolkoratu zuen.[4]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simone Biles Columbusen jaio zen, 1997an. Gurasoek arazoak izan zituzten drogarekin eta alkoholarekin eta, horren ondorioz, harrera etxeetan bizi izan ziren zenbait urtez Biles eta haren anai-arrebak, amaren aldeko aitona-amonek haien ardura hartu zuten arte. Garai hartan diagnostikatu zioten arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua.[5] Sei urterekin, Houstongo Bannon's gimnasiora joan zen bisitan, ikaskideekin. Ahozabalik geratu zen hango gimnastak egiten ari ziren ariketekin. Haiek imitatzen hasi zen, eta entrenatzaile bat neskatila haren mailaz ohartu zen. Berehala, aitona-amonei eskutitz bat igorri zien, gimnasioan izena emateko eskatuz. Hala egin zuten. Handik bi urtera, Aimee Boormanekin hasi zen entrenatzen: ordutik aurrera banaezinak izan ziren.[6]

2012. urteko Londresko Olinpiar Jokoetan telebistaz ikusi zuen Gabby Douglas, McKayla Maroney, Aly Raisman, Kyla Ross eta Jordyn Wieber herrikideen jarduna, eta erronka bota zion bere buruari: «Egunen batean, Olinpiar Joko batzuetan parte hartuko dut, haiek bezala». Esan eta egin.[6] 2013an debutatu zuen senior mailan, eta urrezko bi domina eskuratu zituen Munduko Txapelketan: banakako lehiaketan eta zoruko ariketan. 2014ko eta 2015eko Munduko Txapelketetan, berriz, banaka, taldeka, oreka-barran eta zoruko ariketan nagusitu zen. 2016an, balentria egin zuen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Bost domina irabazi zituen: urrezkoa banakakoan, taldekakoan, zoruan eta jauzian, eta brontzezkoa oreka-barran. 60 urte ziren ez zuela emakumezko gimnasta batek halako uzta biltzen Olinpiar Joko bakar batean.[5]

2018ko urtarrilean, Larry Nassarrek, selekzioko medikuak, sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen. Ordurako, ehunka emakumek zuten salatua Nassar, Aly Raisman eta Gabby Douglas gimnastek barne.[5] 2018ko Munduko Txapelketan sei domina lortu zituen: urrezko lau, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat;[7] eta 2019koan, urrezko bost domina.

2020ko Udako Olinpiar Jokoetan (Tokio), bi domina lortu zituen: brontzezkoa Oreka-barran, Guan Chenchen eta Tang Xijing txinatarren atzetik, eta, zilarrezkoa, Taldeka emakumezkoen kategorian. ROCeko taldearen (urrezko domina) atzetik eta Erresuma Batuko taldearen (brontzezko domina) aurretik sailkatu zen AEBko taldea, eta honako hauek osatzen zuten: Simone Biles, Jordan Chiles, Sunisa Lee eta Grace McCallumek. Domina guztiak AEB ordezkatuz lortu zituen.[8][9]

Olinpiar Jokoetako emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako Olinpiar Jokoak
Urtea Lekua Domina Proba
2016 Rio de Janeiro Brasil Brasil 1. postua, urrezko domina Banaka, emakumezkoa.
2016 Rio de Janeiro
Brasil Brasil
1. postua, urrezko domina Taldeka, emakumezkoa.
2016 Rio de Janeiro
Brasil Brasil
1. postua, urrezko domina Zorua, emakumezkoa.
2016 Rio de Janeiro
Brasil Brasil
1. postua, urrezko domina Zaldi-jauzia, emakumezkoa.
2016 Rio de Janeiro
Brasil Brasil
3. postua, brontzezko domina Oreka-barra, emakumezkoa.
2020 Tokio
Japonia Japonia
3. postua, brontzezko domina Oreka-barra, emakumezkoa.
2020 Tokio
Japonia Japonia
2. lekua, zilarrezko domina Taldeka, emakumezkoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. GymDivas.Us. .
  2. USA Gymnastics JO Meet Results and Live Scores. 2015eko martxoak 11.
  3. Simone Biles, Munduko Txapelketetan domina gehien lortu dituen gimnasta. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-14).
  4. Arratibel Gascon, Ainara. (2021-07-22). «Jokoen olinpoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-23).
  5. a b c Etxeberria, Julen. Berriro irribarretsu. Berria egunkaria, 2018ko urriak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-14).
  6. a b Arratibel Gascon, Ainara. Bizitzaren orekan. Berria egunkaria, 2016ko abuztuak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-14).
  7. Simone Bilesek sei domina lortu ditu Dohan: lau urre, zilar bat eta brontze bat. Berria egunkaria, 2018ko azaroak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-14).
  8. «Simone Arianne Biles» olympedia.org (Ingelesez)
  9. «Simone Arianne Biles» olympics.com (Gaztelaniaz)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]