Giza faktorea

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Giza faktorea
Datuak
IdazleaGraham Greene
Argitaratze-data1978
Generoaespionage novel (en) Itzuli
Jatorrizko izenburuaThe Human Factor
ArgitaletxeaThe Bodley Head (en) Itzuli
HerrialdeaErresuma Batua
ISBN978-4-15-207385-3

Giza Faktorea Graham Greenek idatzitako espioitza-eleberri bat da. 1978. urtean argitaratu zen lehenengo aldiz[1] eta 1979an izen bereko film bat egin zen nobela egokituta. Otto Premingerrek zuzendu zuen filma eta Tom Stoppardek idatzi zuen gidoia.[2]

Argumentuaren laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Maurice Castle MI6 britaniar zerbitzu sekretuan urte askotan lan egin duen burokrata bat da. Hegoafrikan egon zen Apartheidaren garaian, eta emakume beltz batez maitemindu zen. Orain emakume horrekin ezkonduta dago eta bere bizitza baketsua da. Londres kanpoaldeko auzo batean bizi da eta erretiroa hartzeko irrikaz dago. Liburuaren hasieran, MI6ko Afrikako sailean, Londresen (Castlek lan egiten duen atalean), filtrazio bat egon dela zabaldu da[3] eta horrek Castleren lasaitasun ezegonkorra eten egingo du. Castlek eta bere lankide gazteak, Davisek, ez diote garrantzi handirik ematen ikerketari, baina halako batean Davisi leporatuko diote filtrazioa froga zirkunstantzialetan oinarrituta[4] eta berataz libratuko dira isilka. Castlek hainbat galdera egingo dizkio bere buruari leialtasunaz, moraltasunaz eta kontzientziaz .

Alde batetik, Castlek profesionaltasunez dihardu bere eguneroko lanean[5] eta prest dago bere esku dagoen guztia egiteko bai Davisen bai Daintry bere nagusiaren alde. Beste alde batetik, Carson izeneko komunista batekin zorretan dago, bere emazteari Hegoafrikatik ihes egiten lagundu ziolako. Mesedea bueltatzeko Castlek komunistak laguntzea erabaki du, horrela emaztearen herrialdea lagunduko duelakoan. Baina Castlek ez daki Moskuk beste asmo batzuekin erabiliko duela bera.

Castlek Afrikari buruzko informazioa ematen die sobietar zerbitzu sekretuei, baina ez komunistengan sinesten duelako, ordain gisa baizik, KGBk onik atera zituelako Hegoafrikatik Castle eta bere familia, emazteak eta semeak, biak beltzak, Marais Viljoen presidente afrikanerraren NISaren jazarpena jasaten ari zirenean. Maurice Castle ez da traizioagatik salatua izatearen beldur; benetan beldurtzen duena emaztea eta semearengandik urrun bizitzea da, haiek baitira bere benetako aberria.[6]

Eleberri honen bizkarrezurra ez dira ekintza edo politika, pertsonaien zama psikologikoa baizik: zalantza, sekretuaren kulturak eragindako paranoia, goian daudenen amoraltasun sofistikatua eta, batez ere, leialtasuna (nori, zeri eta zeren truke?). Greenen pertsonaiak Gerra Hotzaren testuinguruan kokatutako erretratu psikologikoak dira eta Greenek garrantzi handia ematen die nazioarteko arazoek pertsonaien bizitza korapilatsuetan duten eraginei. Izan ere, nazioarteko politikak maila indibidualean duen interakzioa autorearen ohiko bereizgarria da.

Gai nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980an idatzitako Ways of Escape izeneko autobiografian, Greenek adierazi zuen Giza Faktorea idaztean bere helburua zela “indarkeria konbentzionalik gabeko eleberri bat idaztea, indarkeria ez baita izan, James Bond alde batera utzita, britainiar zerbitzu sekretuaren ezaugarria. Zerbitzu sekretua idealizatu gabe aurkeztu nahi nuen, bizitzeko beste edozein modu bezala, non gizonak bulegora joaten diren egunero beren soldata irabaztera”.

70 urte zituela idatzi zuen Greenek nobela eta bere esperientzian oinarritu zen, bera MI6an egon baitzen, eta bere lehenengo nagusiak, Kim Philby sobietar espioi bikoitz ospetsuak, planteatutako anbiguotasun moralak ikertu nahi izan zituen liburuan.[7] Dena den, Greenek argi adierazi zuen Castle, eleberriaren protagonista, ez dela Philbyrengan oinarritzen.

Graham Greenek eleberri honetan isiltasunaz dihardu, eta isilik egoteko betebehar horrek zerbitzu sekretuetan eragiten duenaz. Neurosi induzitua sortzen du zerbitzu sekretuan dauden pertsonengan. Isiltasunak duen botere suntsitzaileari maitasunaren boterea gehitu behar zaio, beste gerra-arma bat bihurtzen baita.[8]

Greenek, bestalde, Mendebaldearen eta Apartheidaren mendeko Hegoafrikaren arteko harremanen hipokresia ere landu zuen nobela honetan.

Otto Premingerrek, Graham Greenen eleberriaren filmaren zuzendariak, honako hau esan zuen eleberriari buruz:

« Giza Faktorea irakurri nuen bezain laster, film gisa zituen balio dramatikoak antzeman nituen. Britainiar zerbitzu sekretuko agente baten eta Hegoafrikako neska beltz eder baten arteko maitasun istorioa da. Era berean, gizon horren istorioa da, gobernu organoetan esku hartzen duen gizabanako zintzo eta leial baten istorioa, eta hortik eratortzen den tragediarena. Funtzionario publikoen boterea izugarria da, eta horri buruzkoa da istorioa. »

[9]


Euskarazko bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inaxio Lopez de Arana Arrietak euskaratu zuen Graham Greenen Giza Faktorea eta Ibaizabal argitaletxeak argitaratu zuen 1997an .[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Malone, Johny. (2010-05-21). «Una plaga de espías: EL FACTOR HUMANO, de Graham Greene (Emecé)» Una plaga de espías (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  2. Graham Greene: A Literary Life - Page 130 0230535801 N. Sinyard - 2003 Stoppard, it will be remembered, wrote the screenplay for the film version of Greene's The Human Factor.
  3. (Gaztelaniaz) lecturalia.com. «El factor humano - Graham Greene» Lecturalia (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  4. (Gaztelaniaz) EL FACTOR HUMANO - GREENE GRAHAM. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  5. Sánchez, David. (2016-10-03). «Las Lecturas de Mr. Davidmore: El factor humano, de Graham Greene» Las Lecturas de Mr. Davidmore (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  6. (Gaztelaniaz) «EL FACTOR HUMANO de Graham Greene - LEOLO» leolo.blogspirit.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  7. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2007-08-05). «Columna | Nada como el pecado» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  8. «EL FACTOR HUMANO (Graham Greene) | Crítica de Libros» www.criticadelibros.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  9. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1980-10-21). «Reportaje | Otto Preminger: "«El factor humano» trata del poder y onnímodo de los funcionarios"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  10. «Graham Greene - Giza faktorea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]