Glencree ekimena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Glencree ekimena 2007 urtetik 2012 arte Euskal Herriko gatazkan erakunde eta estamentu anitzen aldetik izandako biktimen topaketa eta bake ekimena izan zen. Izenak aldarrikapen publikoaren aurreko lehenengo topaketa burutu zen Irlandako Glencree haranari (Gleann Crí gaelikoz) egiten dio erreferentzia, Wicklow konderrian.

ETA, Komando Autonomo Antikapitalistak, BVE, GAL eta Espainiako segurtasun indarrek eragindako 25 biktima bildu ziren herri horretan 2007 urteko erdialdetik arreta publikotik at, harik eta 2012ko ekainaren 16an aldarrikapen bateratu egin zuten, alderdien politika eremutik at eta elkarren sufrimendua aitortuz.

Ekimena Eusko Jaurlaritzako terrorismoaren biktimentzako bulegoaren erabakiz abiarazi zuten, non Maixabel Lasa eta Txema Urkijo ziren arduradun nagusi, hastapenetan Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren exekutiboarekin (2007-09), eta azken tartean Patxi Lopezekin (2009-12). Carlos Martin Beristain, Galo Bilbao eta Julián Ibáñez de Opacua psikologoek eraman zuten aurrera.

Glencreeko bakearen zentroa eta hilerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glencreeko "Centre for Peace and Reconciliation" 1974an sortu zuten bailara honetan, komunitateen artean eta euren barruan bakea eta berraskidetzea sustatzearen helburuarekin, elkarrizketaren bidez. Irlandako gatazkaren testuinguruan abian ipini zuten, Ipar Irlandako bake prozesuan laguntzeko. Halaber, munduko beste liskar egoeretan ere bitartekaritza lanetan egon dira, bereziki Israel-Palestina Gatazkan, Sri Lankako gerra zibilan edo Haitiko liskarretan. Eraikin zaharra XIX. mendearen hasieran egin zuen britainiar armadak, gerrilla irlandarrak kontrolatu nahian, 1798ko Irlandar Matxinada eta gero. Napoleondar gerretan erabili izan zuten. 1858an eraikina bihurtu zuten erreformatorio (St Kevin’s Reformatory), 1940 arte. Munduko Lehen Gerran, bertan eduki zituzten alemaniar presoak, Irlanda oraindik Erresuma Batuaren barruan zegoen garaian. Bigarren Mundu Gerran, aldiz, Irlanda neutrala izan zen, eta Glencree izan zen alemaniar piloto zaurituak atxikitzeko lekua, baita bestelako alemaniar presoak ere, Britainiaren aurka IRArekin batera ekintzak planeatzen zituztenak.

Gainera, interesgarria da hemen ere "Alemaniarren guda hilerria" egotea (Glencree German War Cemetery edo Deutscher Soldatenfriedhof), 1961etik. Bertan, 134 hilobi daude, gehienak "Luftwaffe" (aireko armada) edo "Kriegsmarine"-ko (itsas armada) soldaduen gorpuekin. 53 identifikatuta daude eta 28 ezezagunak dira. 6 gorpu dira Munduko Lehen Gerrakoak, britainiarrek atxikitutako presoenak. 46 alemaniar zibilak ziren, Britainiatik Kanadara zihoan "SS Arandora Star" itsasontzian atxilotuta zeudenak. Alemaniako itsas armadak torpedoz eraso zioten, Donegal konderria aldean, 1940ko uztailean. Dr Hermann Görtz espia ere hemen dago lurperatuta. Deportatua izan baino lehen, bere buruaz beste egin zuen. Hilerria kudeatzen du alemaniar batzorde batek.

Euskal ekimenaren partaideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biktima edo biktimen senideen artean Fernando Garrido (Rafael Garrido eraildako militarraren semea), Edurne Brouard (Santiago Brouard eraildako politikariaren alaba), Patxi Elola (Mehatxatutako zinegotzia), Lourdes Zabalza (torturatu eta eraildako Mikel Zabaltzaren arreba) eta Amaia Guridi (Santiago Oleaga eraildako enpresariaren alarguna) egon ziren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]