Mikel Zabalza Garate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mikel Zabaltza Garate» orritik birbideratua)
Mikel Zabalza Garate
2016 mikel zabaltza 01.jpg
Bizitza
Jaiotza Orbaizeta, 1952
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Intxaurrondoko kuartela1985eko azaroaren 26a (32/33 urte)
Heriotza modua gizahilketa: itotzea
tortura
Hiltzailea Guardia Zibila
Jarduerak
Jarduerak autobus-gidaria
Enplegatzailea(k) Donostiako Udala

Mikel Zabalza Garate[oh 1] (Orbaitzeta, 1952 - Intxaurrondoko kuartela, 1985[1]), Donostiako hiribusetako langilea izan zen.[2]

Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunetara agertu zen Zabaltzaren gorpua Bidasoa ibaian, ur gainean, Endarlatsa inguruan, haren bila zebiltzanek ia egunero miatua zuten toki berean. Bertsio ofizialak dioenez, guardia zibilei arma-zulo bat erakustera zihoala, ihes egin eta zulo batetik ibaira erori eta bertan itota hil zen; hala ere, zantzu ugarik eta segurtasun-indarretako kide zenbaiten testigantzek Mikel Zabaltza torturapean hil zela adierazten dute. Pedro Gómez Nieto agenteak CESIDeko koronel Alberto Peroteri emandako informazioak Zabaltza polizia etxean hil zela azaldu zuen[1]:

« Zabaltza eskuetatik joan zaie, galdeketan geratu da. Inoiz ez dute atzemango zer gertatu den. Litekeena da bihotza gelditu izana buruan plastikozko poltsa jartzearen ondorioz. »

Guardia Zibileko teniente Arturo Espejok, Fernando Castañedak eta Gonzalo Pérez Garcíak zaindu zuten Zabaltza. Azken hori komandante mailara igo zuten. 2010. urtean, epaitegiek auzia ixtea erabaki zuten. Zabaltzaren heriotza argitu gabe geratzen zela baieztatu zuten, eta torturapean hil zelako hipotesia irekita utzi.

Mikel atxilotu zuten egun berean, Idoia Aierbe neska-laguna eta Ion Arretxe aktorea ere atxilotu eta torturatu zituzten besteak beste. Mikel eta Ion elkar ezagutzen ez bazuten ere eta elkarren artean harremanik ez bazuten ere, Arretxek tortura basatiak salatu zituen, Mikeli egin zizkioten antzerakoak; "torturak Espainian duen inpunitatea" ere salatu zuen.[3]

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galdutako objektuak dokumentalaren aurkezpena.

Mikel Zabaltza gogoan Herri Ekimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikel Zabaltza gogoan Herri Ekimenak hildako gaztearen familia, lagunak eta gizarteko zenbait ekintzaile biltzen ditu Mikel Zabaltzaren heriotza argitu, erantzukizunak eskatu eta horren oroimena atxikitzeko.

Galdutako objektuak ikus-entzunezkoa (2016)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016. urtean, plataformak sustaturiko Galdutako objektuak proiektua aurkeztu zuten, ikus entzunezko batean gertatutako guztia kontatzeko.

Non dago Mikel? dokumentala (2020)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Non dago Mikel?»

2020ko irailean, Non dago Mikel? dokumentala aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian.[4] 2021eko otsailaren 25ean Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan estreinatu zuten.[5]

Donostiako udalaren omenaldia (2020-12-19)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko abenduan Donostiako Udalak omenaldia egin zion, udal autobus konpainiako langilea baitzen Mikel. Ekimenak aurrera egin zuen talde guztien adostasunarekin (EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia).[6]

Udalbatza-aretoan egindako ekitaldian Donostiako bandera eta plaka bat hantxe izan ziren. Eneko Goia alkateak omenaldian gogoratu zuen Zabaltza Donostiako Tranbia Konpainiaren langilea zela. Erantzukizuna, boterea eta gaitasuna dutenek auzia argitzen lagundu zezatela eskatu zuen Goiak, Zabaltzaren senideek eta adiskideek zauriak itxi ahal izateko ezinbesteko pausoa zela; izan ere, zauriek zabalik jarraitzen zutela 35 urte beranduago. Lourdes Zabaltzak hildakoaren arrebak hahanztura saihesteko Udalaren laguntza eskertu zuen. Gainera, Altza auzoko San Martzial plazan 'Mikelen Txokoa' inauguratu zuten, Zabaltzaren oroimenerako tokia.[6]

Orbaitzetako urteroko omenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikel Zabaltzaren heriotzaren nondik norakoak oraindik argitu gabe daude oraindik, 35 urte igaro diren arren. Guardia Zibilak atxilotu, eta itota agertu zen 20 egunera, Bidasoa ibaian. Orbaizetakoa zen Zabaltza eta geroztik, urtero egin izan da oroimen ekitaldia, bere jaiotetxearen atarian. Heriotzaren nondik norakoak oraindik argitu gabe daude oraindik, bildutako pertsonek "egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen dute horrelakoetan. Orbaizetako gazteek 1985ean izan zuten ekitaldiaren ideia. Mikel Zabaltzaren hileta egunean, abenduaren 18an, "hainbat auto eta traktorek haraneko errepideak zeharkatu zituzten, ekitaldi espontaneo eta hunkigarri batean". Geroztik, hala egin izan da urtero.[7]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Familiak, Orbaizetako Udalak eta Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak Mikel Zabalza grafia erabiltzen dute, baina Euskaltzaindiak Zabaltza hartzen du grafia akademikotzat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Unas grabaciones a altos mandos de la Guardia Civil demuestran que Zabalza murió tras ser torturado en Intxaurrondo» www.publico.es Noiz kontsultatua: 2021-02-22.
  2. Ontoso, Pedro. (2013-10-16). «La Iglesia vasca en tiempos de 'guerra sucia'» El Correo.
  3. (Gaztelaniaz) El País. (2017-03-18). «Muere el escritor Ion Arretxe» EL PAÍS Noiz kontsultatua: 2020-03-16.
  4. Hermosilla, Gotzon. «Paperean gelditu zen gezurra» Berria Noiz kontsultatua: 2020-09-18.
  5. «Estatu krimen baten historia» Berria 2021-02-20 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  6. a b «Mikel Zabalzak erakundeen aurreneko omenaldia jaso du Donostian» www.eitb.eus 2020-12-19 Noiz kontsultatua: 2020-12-25.
  7. «Ehunka lagunek lore-eskaintza egin diote Mikel Zabalzari Orbaitzetan» www.eitb.eus 2020-11-29 Noiz kontsultatua: 2020-12-25.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]