Gluzemia indize

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Gluzemia indizea edo indize gluzemikoa (GI) janari bakoitzak pertsonen odoleko glukosa mailan (alegia, azukre mailan) duen eragina adierazten duen zenbaki bat da. Erreferentziako balioa 100 da (glukosa puruaren kantitate baliokide batek izango lukeen balioa).

Gluzemia indizeak adierazten du janaria kontsumitu ondoren pertsonaren odoleko azukre mailan gertatzen den emendatze totala; ez du beti emendatzearen abiadura adierazten. Azukre mailaren handitzean beste faktore batzuk ere eragina dute, esaterako otorduan jaten den gantz kopuruak. Eskuragarri dagoen karbohidrato kopuru osoa hartzen du kontuan indizeak. Janariak indizea handitzen duten beste osagai batzuk eduki ditzakeen arren, eragin horiek ez dira indizean islatzen.

Gluzemia indizeari lotutako beste neurri batek, gluzemia kargak, janariaren gluzemia indizea eta janaldi bakoitzaren karbohidrato edukia lotzen ditu. Esaterako, meloiak gluzemia indize handia du, baina gluzemia karga txikia janaldi bakoitzean jaten den kantitaterako. Fruktosak, berriz, gluzemia indize txikia du baina gluzemia karga handia, kantitate handian jaten bada.

Gluzemia indizearen erabilerak hainbat muga ditu, adibidez ez duela kontuan hartzen odoleko glukosa handitu ondoren gertatzen den intsulina ekoizpena. Bi janarik gluzemia indize bera izan dezakete, baina intsulina kantitate desberdina sortzea eragin dezakete. Era berean, gluzemia karga bera izan dezakete, baina intsulina erantzun desberdina eragin.