Goma (hiria)
| Goma | |
|---|---|
| muga-hiria | |
| Administrazioa | |
| Estatu burujabe | |
| Kongoko Errepublika Demokratikoko probintzia | Ipar Kivu |
| Posta kodea | 611 |
| Geografia | |
| Koordenatuak | 1°40′46″S 29°14′01″E / 1.6794°S 29.2336°E |
![]() | |
| Azalera | 75,2 km² |
| Demografia | |
| Biztanleria | 781.875 (2024) |
| Dentsitatea | 10.397 bizt/km² |
| Informazio gehigarria | |
| Ordu eremua | Central Africa Time (en) |
Goma Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko hiria da, eta Ipar Kivu probintziako hiriburua. Kivu aintziraren iparraldeko ertzean dago, Ruandako Gisenyi hiritik hurbil, eta Nyiragongo sumenditik 13–18 kilometrora. Hiri eremuak 696.918 biztanle zituen 2025 hasieran[1], eta 249.862 biztanle 2004an.[2]
Hiriko ikuspegi orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nyiragongo sumendiaren azpian hedatzen da hiria, Kivu lakuaren ertzeraino. Goma muinoa bezalako krater txikiak han eta hemen, hirian bertan eta inguruetan. Hondartza txiki bat, Plage du Peuple. Laku ertz-ertzean hotel txiki eta txaletak, inguru hesitu eta igerilekuekin.
Aireportua ekialdean kokatzen da, Ruandako mugatik hurbil. Ruandako Gisenyi hiriarekin muga egiten du, Grande Barriére modernoa lakuaren ertzean, eta Petit Barriere, barnealdean. Han hemenka, halaber, NBEren agentzien eta GKEen baseak, hesituak horiek ere.
Urbanistikoki aski hiri kaotikoa da, eta eraikin baxuak, oro har. Hiriko erdigunean BDGL biribilgune handia dago, nondik etorbide sare zabal bat hedatzen den, eta labazko hautsezko pistak, gehienbat. Gomako hiriak bi commune edo udalerritan banatzen da:
Karisimbi, 11 auzotan banatua[3]: Kahembe, Katoyi, Majengo, Mabanga-Nord, Mabanga-Sud, Kasika, Murara, Virunga, Ndosho, Mugunga, Bujovu.
Eta Goma izen berekoa, 7 auzotan banatua: Les Volcans, Mikeno, Mapendo, Katindo, Himbi, Keshero eta Lac Vert. Azken honetan, Mugungako futbol estadioa, 2023an inauguratua.
Auzoz auzo merkatuak dira espazio komunalak: Virunga, Kahembe,Mejengo, Nyabusongo, Kituku...
Bestalde, hainbat ikastetxe unibertsitario daude: Université de Goma, "Unigom"[4], 1993an fundatua, Université Francophone du Congo, "UFRACO"[5], "UPK", Université Adventiste de Goma, "Uago"[6], Université Libre del Pays del Grands Lacs, "ULPGL"[7], Université Catholique La Sapientia[8], Keshero auzoan, non Notre Dameko katedral moderno eta eskerga ere dagoen.
Eta hiriaren inguruetan, desplazatuen eremu zabalak ere nabarmentzen dira. Mendebaldean, Mugunga, Bulengo, Kashaka edo Shabindu. Iparraldean, Rusayo edo Kibati.
2021ean hiria urbanistikoki ordenatzeko plan bat aurkeztu zen, Munduko Bankuak diruz lagundua.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriak sabanako klima dauka, Aw Köppen sailkapenaren arabera.[9]
| | |||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
| Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 25.6 | 25.7 | 25.7 | 25.4 | 25.3 | 25.3 | 25.2 | 25.8 | 25.9 | 25.7 | 25.3 | 25.4 | 25.5 |
| Batez besteko tenperatura (ºC) | 20 | 20.1 | 20.1 | 20 | 19.9 | 19.4 | 19.7 | 19.8 | 19.8 | 19.9 | 19.7 | 19.9 | 19.9 |
| Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 14.4 | 14.6 | 14.6 | 14.7 | 14.6 | 13.6 | 13.1 | 13.9 | 14 | 14.2 | 14.1 | 14.4 | 14.2 |
| Pilatutako prezipitazioa (mm) | 94 | 84 | 117 | 119 | 108 | 55 | 29 | 70 | 117 | 143 | 138 | 118 | 1192 |
| Euri egunak (≥ 1 mm) | 16 | 16 | 19 | 22 | 18 | 8 | 6 | 8 | 15 | 20 | 22 | 19 | 189 |
| Iturria (1): climate-data.org[9] | |||||||||||||
| Iturria (2): weather2travel, euri egunak eta eguzkia[10] | |||||||||||||
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1930an oraindik Kivu laku ertzeko herrixka arrantzale bat baino ez zen, trenbide bat eraikitzeko langileen postua bertan kokatu zenean. Hiri kategoria 1988an hartu zuen, Kivu probintzia izandakoa hirutan banatu zenean: Ipar Kivu, Hego Kivu eta Maniema.
1994ko Ruandako genozidioaren ondoren, milaka hutuk egin zuten ihes Kongora, errepresalien beldur. Goman ezarritako errefuxiatu zelaiak milioi bat lagun hartu zituen.[11] Jende pilaketak, janari eta sendagai faltak eta 1994ko uztailean hedatu zen kolera izurriteak milaka pertsonaren heriotza eragin zuten.[12] Kongoko Lehen Gerrak (1996–1997) eta Kongoko Bigarren Gerrak (1998-2003) gogor kolpatu zituzten Goma eta bertako errefuxiatu zelaiak.
Geroztik ere, Kivuko gatazka luzatu ahala, etengabeak izan dira Ipar Kivu probintzian hainbat talde armaturen artean izan diren liskarrak eta haien ondorio humanitario larriak. Batez ere, M23 talde errebelde nagusiak hiria hartu duenean, 2012ko azaroko matxinadan[13] eta 2025eko urtarrilean[14].
Bulkanismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2002ko urtarrilaren 17an, bete-betean harrapatu zuen hiria Nyiragongo sumendiaren erupzioak. 245 lagun inguru hil ziren, eta 500.000 pertsonek ihes egin zuten bertatik.[15]
Erupzio gehiago egon dira Nyiragongo sumendian, 2021ean[16], eta Nyamuragira sumendian, 2023an[17]. Kivu lakua, bestalde, erupzio limnikoak ("laku lehergarrien fenomenoa")[18] gertatzeko arrisku handikoa da, hondoan dagoen CO2 eta metano kontzentrazioengatik.
Amani jaialdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eraso geologiko, geopolitiko eta abarrei aurre eginez, Goma hiriko Amani jaialdia erreferente kultural bat bihurtu da Laku Handien aldean. 2014ko otsailean lehen aldiz ospatu zenetik, ia urtero egin da, musika eta dantza eskaintza zabal batez, bertako, estatuko eta nazioarteko artisten parte hartzearekin. 2024ko edizioa, azaroaren 14tik 17ra egitekoa, debekatua izan zen hasieran, segurtasun arrazoiengatik, baina 16tik 17ra egitea lortu zen, azkenean[19].
"Amani" hitzak "pakea" esan nahi du swahili hizkuntzaz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Goma, Democratic Republic of the Congo Population (2025) - Population Stat» populationstat.com (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ Democratic Republic of the Congo: Cities & Towns. citypopulation.de (kontsulta data: 2019-07-29).
- ↑ (Ingelesez) «Quartiers de la ville de Goma (RDC) / Goma city's quarters (DRC) | Humanitarian Dataset | HDX» data.humdata.org (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ «Université de Goma» unigom.ac.cd (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Frantsesez) «Université Francophone du Congo» https://www.studentum.fr (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Ingelesez) UAGO – Université Adventiste de Goma. (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Ingelesez) Université Libre des Pays des Grands Lacs. (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Frantsesez) UNIVERSITE CATHOLIQUE LA SAPIENTIA DE GOMA – UCS-GOMA. (kontsulta data: 2025-06-14).
- 1 2 Climate: Goma - Climate graph, Temperature graph, Climate table. climate-data.org (kontsulta data: 2019-07-29).
- ↑ Goma Climate and Weather Averages, Congo-Kinshasa. weather2travel.com (kontsulta data: 2019-07-29).
- ↑ The long wait – the Rwandan refugees in Zaire. radionetherlandsarchives.org (kontsulta data: 2019-07-29).
- ↑ Ruandar errefuxiatuen kanpamentuak hilerri erraldoi bihurtzen ari dira. Euskaldunon Egunkaria, 1994ko uztailak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2019-07-29).
- ↑ «Kongon, Goma hiriaren kontrola hartu dute M23 Mugimenduko matxinoek» Berria 2012-11-21 (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ «Kongoko Errepublika Demokratikoko matxinoek esan dute Goma hiria hartu dutela» Berria 2025-01-27 (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ Gomatik ihes egin duten 500.000 lagunak sorostea da premiazko lana. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko urtarrilak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2019-07-29).
- ↑ (Frantsesez) «Eruption du volcan Nyiragongo : 15 morts (Officiel)» Radio Okapi 2021-05-23 (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ (Ingelesez) «Global Volcanism Program | Report on Nyamulagira (DR Congo) — 17 May-23 May 2023» volcano.si.edu (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ «BBC - Science & Nature - Horizon - Killer Lakes» www.bbc.co.uk (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ (Frantsesez) «RDC: le festival Amani à Goma finalement autorisé par les autorités» RFI 2024-11-15 (kontsulta data: 2025-04-27).
