Hartmut Esslinger

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hartmut Esslinger
Bizitza
JaiotzaSimmersfeld1944ko ekainaren 5a (79 urte)
Herrialdea Alemania
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
alemana
Jarduerak
Jarduerakdiseinatzailea eta enpresaburua
Enplegatzailea(k)Apple Inc.
University of Applied Arts Vienna (en) Itzuli
Jasotako sariak

Hartmut Esslinger (Simmersfeld, Alemania, 1944ko ekainaren 5a) diseinatzaile eta asmatzailea da. Jatorriz alemaniarra, estatubatuar nazionalitatea ere badu. Ezaguna da Frog Design diseinu aholkularitzako enpresa sortzeagatik.

Bizitza eta ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esslinger Simmersfeld herrian jaio zen, Alemania hegoaldeko Ohian Beltzean. 25 urte zituela bukatu zituen ikasketak Schwäbisch Gmündeko Unibertsitatean. Unibertsitate hartan, oso kritika onak jaso zituen, sortu zuen irrati-erloju bat dela eta. 1969an, bere agentzian hasi zen lanean. Geroago, agentzia horrek Frog Design izena hartu zuen. Bere lehen bezeroarentzat, hau da, Wega teknologia alemaniar enpresarentzat, Wega System 3000 telebista eta HiFi seriea sortu zuen. Berehala nazioarteko ospea lortu zuen. 1974. urtean, Janponiako Sony konpainiak Esslinger kontratatu zuen. Sonyren diseinu irudi globala sortu zuen, bereziki Sony Trinitron produktuetarako eta musika produktu pertsonalentarako. Sonyk berak, Hartmut Esslingerrek aurretik diseinaturiko Wega bereganatu zuen. Handik lasterrera, New Yorkeko Arte Modernoko museoak Sony Wega sistema urteko diseinutzat aukeratu zuen.

1976. urtetik aurrera, Louis Vuitton luxuzko arropa eta osagarriak diseinatzen dituen Frantziako enpresarentzat ere lan egin zuen.

1982. urtean, urteko 2.000.000 dolarreko hitzarmena lortu zuen Apple Computer konpainiarekin Appleren diseinu estrategia finkatzeko. Horrela, Apple konpainia txiki hasiberria mundu osoan indar handiko marka bilakatu zuen. Horren ostean, Steve Jobsek eta Esslingerrek Appleren Kaliforniako lehenengo denda sortu zuten. Esslingerrek eta Frog Designek elurra bezain zuria diseinu hizkuntza sortu zuten, 1984-1990 bitartean Appleren produktu linea guztietan aplikatua. New Yorkeko Whitney museoak Esslingerrek diseinaturiko jatorrizko Apple IIc ordenagailua eskuratu zuen. Steve Jobsek Apple konpainiatik alde egin eta lasterrera, Esslingerrek ere Applerekin zuen kontratua hautsi zuen, eta Jobsekin batera NeXT konpainiara jo zuen.

1990eko abenduan, Esslinger Business Week aldizkariko azalean agertu zen; 1934an Raymond Lewy hor azalduz geroztik, ohore hori lortu duen bigarren diseinatzaile bizia izan da.

Esslinger Alemaniako Hochschule Unibertsitateko irakasle fundatzailea izan zen. Ondoren, 1996. urtean, Esslingerrek Arte Ederretako doktoretza lortu zuen New Yorkeko Parsons Diseinu Eskolan. Gainera, 2006tik aurrera Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatean Diseinu Industrialeko irakaslea da.

2009. urtean, A Fine Line argitaratu zuen, ingurumenarekiko jasangarriak eta munduko ekonomia iraunkor baterako lagungarriak diren negozio erak aztertzen dituen liburu bat.

Esslinger Diseinu Industrialeko irakaslea da, Beijingo DeTao Masters Akademian (Shangai, Txina).

Horrez gain, liburuak ere argitaratu izan ditu, beraien artean “Keep it Simple”. Liburu honetan, Apple-rentzako sorturiko baina inoiz komertzializatu ez ziren diseinuetariko batzuk ageri dira. Gainera, Jobs-ekin bizitako pasarte batzuk ere bertan biltzen ditu.

Esslingerren diseinuetako batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esslingerrek Steve Jobsekin lan egiten zuen garaiko diseinuetako batzuk:

Appleren lehen sakelakoaren prototipoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983 urtean, Hartmut Esslingerrek Appleren mugikor prototipo bat diseinatu zuen. Mugikor hau gaur egungo iPhone-aren birraitonatzat jo daiteke. Sakelako horrek orduko diseinu estandarrak apurtu zituen, zeren eta garai horietan hain mehea zen mugikor bat lortzea ezinezkoa zirudien.

Appleren MacPhone telefono prototipoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983. urtean, Appleren lehen sakelakoaren urte berean, Applek telefonoaren prototipo berri bat aurkeztu zuen, Hartmut Esslingerrek diseinatua. Gertaera honek argi utzi zuen Apple-k telefono eta ukimen pantaila bat gailu berean bateratzeko asmoa zuela. Irudian aintzat hartu daitekeenez, gailuak arkatz bat darama, iPad Pro gailua plazaratu arte berrartu ez dena.

Gaur egun, prototipo hura (eta Appleren hainbat produktu historiko gehiago) Starnfordeko Unibertsitatean daude erakusgai.

Baby Mac ordenagailu prototipoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baby Mac 1985. urtean Hartmut Esslingerrek diseinatutako ordenagailua da. Nahiz eta bere garairako oso ordenagailu erabilgarria zen, hainbat arrazoirengatik, prototipo hark ez zuen inoiz argia ikusi.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]