Herkulanoko papiroak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Herkulanoko papiroak Italiako Herculano herriko aztarnategian aurkituriko 1800 papiro baino gehiago dira.

XVIII. mendean aurkitu ziren Julio Zesarren aitaginarreba izan zen Luzio Kalpurnio Pison Zesoninoren (K.a. 101-43) Papiroen Villan. Napoles eta Ponpeia artean kokatua zegoen, Vesubio sumendiaren magalean. Papiro hauek, sumendiaren K.o. 79. urteko erupzioa eta gero, lokatz eta labak estalita biziraun dute. Hiriko beste etxe batzuk bezala, gutxienez 30 metroko errauts azpian lurperatuta geratu zen.[1][2]

Papiroak zabaltzeko makina

Uste da 320° C-an sumenditik atera zen gas deskarga batek papiroak kixkali zituela lurperatuta gelditu aurretik. Testuak oraindik ez dira osorik ezagutzen, dokumentuek enbor txiki erreak izaten jarraitzen dutelako, eta, ondorioz, oso lan delikatua delako horiek zabaltzea eta irakurtzea. Papiroaren Bulegoan gordetzen dira, Napolesko Liburutegi Nazionalean. [3]

Papiroen irakurketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspalditik papiroak dekodifikatzeko erronka bikoitza izan da: alde batetik, papiroen edukia desintegratu gabe eskuratzea; bestetik, sumendiak eta mendeek belztutako hondo batean tinta beltzez idatzita zegoena deszifratzeko gai izatea. Antonio Piaggio abadeak XVIII. mendearen erdialdean papiroak desbiribilkatzeko makina bat asmatu zuen. Bat irekitzeko lau urte behar izan zituen, baina asko galtzen zen papiroak zabalean jartzean. Gainera, ireki ondoren, hain zeuden ikaztuak, ezen nekez bereizten baitziren letrak espazioetatik. 1983tik aurrera, zientzialariek argi infragorri baten bidez barrua irakurtzeko gai zirela ikusi zuten. Hainbat erakundek papiro zatiak deszifratzea lortu dute, X izpiak bezalako teknikak erabiliz. 1999an, Amerikako Estatu Batuetako Brigham Young Unibertsitateko zientzialariek tintaren eta pergaminoaren arteko kontrastea handitzea lortu zuten argi infragorri bati esker, 700 eta 900 nanometro arteko uhin-luzerarekin, horrela papiro desbiribilkatuen azterketa zehatzagoa egiteko aukera emanez. 2008an, espektro anitzeko irudiak hartzearekin batera, zati bakoitzeko 16 irudi hartu ahal izan ziren argi-maila desberdinetan, irudi konposatu bat sortzeko aukera lortu zen. 2009an, bi papiro eskaneatu egin ziren prozedura medikoetan erabili ohi den tomografo konputarizatu baten bidez. Makinak gorputzeko ehunak bereizi eta barne-organoen irudi zehatza sor dezake, horrela papiroen barne-azalera agerian utzi zuelarik. [4] [5] [6]

Irakurketan adimen artifizialaren laguntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024an Adimen Artifizialak papiroak deszifratzen hasteko lorpenak erakutsi ditu. Kentuckyko Unibertsitateak Vesuvius Challenge (Vesubio Erronka) izeneko nazioarteko lehiaketa bat antolatu zuen, papiroak deszifratzeko programa bat garatzea lortzen zuenari sari bat eskaintzeko. Luke Farritorrek algoritmo bat diseinatu zuen eta horri esker hainbat letra argitara ematera lortu zuen.[7]

Gaur egun, papiro horietako 1.000 hitz berri inguru ezagutaraztea lortu da — orain arte baino % 30 gehiago —, non, beste aurkikuntza batzuen artean, GreekSchools ikerketa proiektuak Platonen hilobia gordetako lorategian zegoela azaldu duen, hain zuzen ere, eskola platonikorako gune pribatu batean, musen omenezko santutegi batetik gertu. Orain arte, Akademian lurperatuta zegoela baino ez zen ezagutzen. [8][9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) The villa where Emperor Augustus died excavated | -europeantimes.news-. 2024-04-20 (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  2. (Gaztelaniaz) «¿Qué son los papiros de Herculano? Ya estamos más cerca de resolver el misterio» historia.nationalgeographic.com.es 2024-02-08 (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  3. (Gaztelaniaz) «La biblioteca que resurgió de las cenizas» Diario ABC 2013-10-16 (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  4. (Gaztelaniaz) País, El. (2023-10-13). «La inteligencia artificial ayuda a descifrar los papiros de Herculano, un gran misterio de la antigüedad» El País (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Los secretos que revelan los papiros de Herculano» BBC News Mundo 2013-12-23 (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  6. (Gaztelaniaz) testigodelpasado. (2015-01-29). «Los Papiros de Herculano. Leyendo entre el carbón» Testigo del Pasado (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  7. (Ingelesez) «Vesuvius Challenge» scrollprize.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  8. (Gaztelaniaz) Agencias, El País. (2024-04-24). «Los papiros de Herculano revelan una pista sobre el lugar donde se encuentra la tumba de Platón» El País (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  9. (Gaztelaniaz) Nuño, Ada. (2024-04-24). «Un nuevo análisis de los papiros de Herculano revela dónde está la tumba de Platón» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]