Herodes Antipas
Herodes Antipas | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Judea, K.a. 20 |
Heriotza | 39 (57/58 urte) |
Familia | |
Aita | Herodes I.a Handia |
Ama | Malthace |
Ezkontidea(k) | Phasaelis (en) Herodias |
Haurrideak | ikusi
|
Leinua | Herodiar dinastia |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta monarka |
Herodes Antipas[1][2] (antzinako grezieraz: Ἡρῴδης Ἀντίπατρος, Hērǭdēs Antipatros), Herodes Tetrarka izenaz ere ezaguna (Judea, K.a. 20 – Lugdunum Convenarum, 39) Galilea eta Pereako tetrarka izan zen (K.a. 4-39). Herodes I.a Handiaren eta Malthace samariarraren seme eta Herodes Arkelaoren anaia zen.
Erroman hazia izan zen, bere anaia Arkelaorekin eta bere anaiorde Herodes Filiporekin batera. Herodes Antiparen aita hil ondoren, Augusto enperadoreak Galilea eta Pereako tetrarkia eman zion. Bere anaiorde Herodes Filiporen emazte Herodiasekin ezkontza zalapartatsua izan zuen. Herodiasekin ezkondu ahal izateko, bere emazte legitimoa eta nabateoen (hiriburua Petran zuen arabiar herria) errege zen Aretas IV.aren alaba zena arbuiatu zuen. Haserre bizian, Aretasek Herodes Antipasi eraso zion, eta orduko hartan Siriako erromatar gobernaria zen eta geroago erromatar enperadore izango zen Viteliok eragotzi zuen Herodesen erabateko porrota.
Herodes Antipasek bere aitaren eraikuntza lana jarraitu zuen. Seforis gotortu zuen eta bere hiriburu bihurtu; Perean Bet-Haramgo gotorlekua altxarazi zuen; eta, geroago, Tiberiades hiria (Tiberio erromatar enperadorearen omenez bataiatu zuena), Galileako itsasoaren ertzean, eta hiriburua hara eraman zuen (hiriak bere izena eman zion aintzirari, eta, denbora luzez, judu kulturagune handia izan zen). Dirudienez, Herodiasek konbentzituta, Kaligulagana jo zuen, berriki enperadore izendatua izan zena, Judeako koroa eskatzera, une horretan bere iloba zen Herodes Agripa I.aren eskuetan zegoena. Erantzun gisa, Agripak Kaligula enperadoreari idatzi zion: bere osaba Herodesi leporatu zion partiarrekin Erromaren aurkako aliantza sekretu bat adostu izana. Ondorioz, Kaligulak, 39an, Herodes Antipas eta haren emaztea Saint-Bertrand-de-Commingesa (Lugdunum Convenarum) erbesteratzea agindu zuen, eta urte hartan bertan hil zen Herodes.
Herodes Antipas Itun Berrian ageri da, Joan Bataiatzailearen hilketaren erantzule gisa, bere emazte Herodiasek konbentzituta (Markos 6:17-29, Mateo 14:3-12). Lukasen Ebanjelioan, Jesus Herodes Antipasen aurrean agertzen da, eta haren isekak jasaten ditu (Lukas 23:6-12).