Hordago (El Salto)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hordago
Hordago logoa
MotaHedabide digitala eta paperekoa
Fitxa teknikoa
HizkuntzaGaztelera eta euskara
Argitaratze lekuaIruñea
ArgitaletxeaPamplona Orain
Banaketa
Banatze-eremuaEuskal Herria
MaiztasunaHilabetekaria
Salneurria4€
Historia
IdeologiaAurrerakoia
https://www.elsaltodiario.com/hordago

Hordago El Salto aldizkariaren Euskal Herriko (EAE eta Nafarroa) edizioa da. Euskal Herriko borroka sozialak erdigunera ekarri nahi ditu aldizkariak, EAEko eta Nafarroako ustelkeria salatzeko.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Salto 2016. urtean sortu zuen Diagonal hamabostekariak Espainiako gainerako komunikabide kritiko eta independenteekin elkarlanean aritzeko asmoz. Bere helburua hedabide propio bat sortzea izan zen, gizartean eragiteko gaitasun eta baliabide gehiago izango zituena, gizarte eraldaketa eta errealitateari buruzko beste kontakizun batzuk sortzeko bidean. Hau guztia, beti ere, kalitatezko kazetaritza baten bidez; analisia, ikerketa eta umorea oinarri hartuz egiteko helburuarekin sortu zen proiektua.

Horrela, 2016ko azaroaren 28an ekintza herrikoitik abiatutako kanpaina bati hasiera eman zioten. Izan ere, ez zuten nahi ekonomikoki gobernu edo enpresen mende egoterik, milaka bazkidez osaturiko elkarte bat sortzea baizik. Hauek, halaber, komunikabidearen erabaki esanguratsuenetan eragiteko eskubidea izatea nahi zuten. Proiektua aurrera zihoalarik, abenduaren 15ean Diagonal aldizkariak bere azken alea atera zuen, proiektu berrian indar guztia jartzeko asmoz. Lehenengo hilabeteetako kanpainaren ondorioz 2.800 bazkide lortu zituzten. 2017ko martxoaren 1ean lehenengo papereko edizioa kaleratu zuten. Ordutik aurrera hilabetero publikatuko zen eta 64-80 orri artean izango zituen, erreportajez, umorez eta analisi sakonez beterik.

Gainera, aldizkariak beste komunikabide batzuek kudeatzen dituzten atalak ere batzen ditu, hala nola Pikara Magazine, El Salmón Contracorriente eta Soberanía Alimentaria. Hedabide hauez gain, Visual404, Wiriko, Hemisferio Zero eta Pamplonauta hedabideekin ere bat egin zuten proiektuarekin. El Saltoren aurretik izandako Diagonalen 12 urteko ibilbidearen eta Hordago-El Salto osatzen duten komunikabide guztien ondorioz, milaka pertsonez osatutako elkarte bat sortu da El Saltoren inguruan.

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordago ez da aldizkari objektibo bat[1]. Erredakzioko kazetarien helburua gizarte eraldaketa sortzea da, eta horretarako, ikuspegi kritikotik landutako erreportajeak, analisiak eta iritzi artikuluak lantzen dituzte, Euskal Herriko gizarte mugimenduei ahotsa emanez eta ''iruzur sistematikoa'' salatuz[2]. Horregatik, sakontasuna lehenesten dute azkartasuna baino, Euskal Herriko, Espainiako zein nazioarteko errealitatea ulertzeko gakoak eman ahal izateko[3].

Askatasunaren eta zerbitzu publikoen aldeko gizarte borroken inguruko edukiak lantzen dituzte, edukiak ikuspegi feminista, antimilitarista eta ekologista batetik landuz. Printzipio hauen bidez lantzen dituzte eduki guztiak, eta publizitateak ere balio horiek errespetatu behar ditu[4].

Edukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordago Euskal Herriko edizioa denez gero, bertako gaiei espazio berezia eskaintzen diete. Halere, El Saltoko lankideen erreportajeak ere barne hartzen dituzte hedabidean Espainian zentratzen diren lanak argitaratuz. Papereko edizioan gehienbat Espainian zentratzen da, eta aldizkari bakoitzeko Euskal Herriari dagokion eduki bat edo bi argitaratzen dira. Dena den, eduki gehienak ez dira Euskal Herrian kokatzen. Nazioarteko gaiak lantzen diren atal bat ere badago. Lantzen dituen gaiei dagokienez, mugimendu sozialetan zentratzen dira gehienbat: feminismoa, klase borroka, etxe kaleratzeak, migrazioa… Gaien lanketa sakona egiten saiatzen dira, gatazka bakoitza bere testuinguruan kokatu ahal izateko.

Edizioei erreparatzen badiegu, Euskal Herriko edizioaz gain, hainbat autonomia erkidegotan ere edizio propioak ditu El Saltok.. Hala nola Andaluzian, Extremaduran, Galizian, Errioxan, Madrilen eta Valentziako Erkidegoan. Hizkuntzari dagokionez, autononomia erkidego bakoitzeko hizkuntza gutxituen alde agertzen dira, eta saiatzen dira eduki batzuk gutxienez hizkuntza horretan izan daitezen; hala ere, eduki gehienak, bai paperean eta bai online, gaztelaniaz argitaratzen dituzte.

Euskarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paperekoa eta webgunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Papereko edizioa eta web orria nahiko ezberdinak dira generoei dagokienez: paperean erreportajeak eta iritzi artikuluak dira nagusi. Papereko edizioa, berriz, eduki jakin batzuen aukeraketa da, Hordagoko edukiaren lagin bat. Papereko edizioen atalak mantendu egiten dira hilabete batetik bestera.

Papereko edizioko edukiak erosi bezain laster irakurtzeko aukera dago, baina web orrialdean doan irakurri nahi izanez gero, gehiago itxaron behar izaten da; izan ere, pixkanaka igotzen dituzte papereko artikuluak. Webguneari lotutako blogetan dauden edukiak sartzen dituzte paperezko edizioan. Blog eta hedabide kolaboratzaile ezberdinak aldatzen joaten dira normalean ale batetik bestera, baina badaude batzuk besteak baino gehiagotan agertzen direnak, El Salmón Contracorriente kasu. Webgunean argitaratzen den edukia, aldiz, gaurkotasunarekin lotuago dago.

Irratia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratiari dagokionez, gehienbat mahai-inguruak eta irrati-erreportajeak argitaratzen dituzte webgunean. Normalean jarraitzen duten ildoari jarraituz, gaiak sakonki lantzen dituzte eta ez dira gertakari bakanetan zentratzen: testuinguru osoa aztertzen saiatzen dira egoera baztertuen ikuspegitik ulertu dadin.

Bideoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideoei dagokienez, lehen aipatutako gaiei irudia jartzeko erabiltzen dituzte. Gainera, elkarrizketa ugari argitaratzen dituzte formatu honetan, eta elkarrizketatuei aurpegia jartzeko balio du, askotan ez baitira izaten gainerako hedabideetan elkarrizketatzen dituzten pertsonak; gizarte mugimenduetako kideak, aktibistak, kritikoak… elkarrizketatzen dituzte.

Enpresa egitura eta barne antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Salto jabetza kolektiboa duen kooperatiba bat da. Harpidedun egitea erabakitzen duen edozein pertsona automatikoki enpresako bazkide bihurtzen da, enpresaren jabe hain zuzen ere.[1] Izan ere, Hordagok bazkide eta harpidedunek sostengatutako hedabidea izan nahi du, eta enpresaren independentzia bermatzeko, eragile askoren inplikazioa eta elkarlana ezinbesteko ikusten dituzte.

Horrez gain, Hordagok “bazkide kolektibo” izateko aukera eskaintzen du, hau da, erakunde batek ekarpen ekonomiko bat egin dezake eta enpresako bazkide izan. Kasu honetan, hedabideari egingo zaion ekarpena gutxienez 300 eurokoa izango da, baina egoera eta baldintza ezberdinetara egokitu daiteke. Bazkide kolektiboek %25eko deskontua dute edozein publizitate espazio bete nahi izanez gero, eta baita zerbitzu editorialetarako ere. Gainera, bazkide indibidualek dituzten abantailez gain, Gizarte Mugimenduen Kontseiluko partaide izateko aukera dute bazkide kolektiboek; kontseilu hau urtean behin biltzen da, lan ildoak zehazteko, kontakizun bateratu bat eraikitzeko eta indarrak batzeko.

Barne antolaketari dagokionez, ahalik eta horizontalen izaten saiatzen direla diote. Izan ere, ez dago zuzendari edo buruzagirik, langile guztiek soldata bera kobratzen dute eta kargu guztiak aukeratu zein aldatzeko aukera dago. Erabaki garrantzitsuenak asanbladen bidez hartzen dira, eta hedabidearen jabetza kolektiboa da. Gainera, hedabidearen erabakirik garrantzitsuenak hartu behar dituztenean (goiburuetako izenen aldaketak, jabetza, modeloan aldaketak, mugak…) beti kontsultatzen dituzte bazkideak, loteslea den erreferendum baten bidez.

Negozio eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordagoren web orrialdeko eduki guztiak doan irakurri daitezke, bazkide izan ala ez. Haien bideragarritasun ekonomikorako, ordea, hainbat harpidetza-aukera eskaintzen dituzte. Hedabidearen diru-sarreren %70a lortzen dute harpidetza hauei esker, eta hiru aukera ematen dituzte:socio/a digital, socio/a papel eta socio/a incondicional hain zuzen ere.[2] Harpidetza aukera bakoitzak bere prezioa badu ere, hedabideak salbuespenak onartzen ditu. Izan ere, norbaitek, bere egoera ekonomikoa dela eta, ezin badu harpidetzak eskatzen duen beste ordaindu, email bidez hedabidearekin harremanetan jarri eta prezio merkeagoan baldintza bereko harpidetza lortzeko aukera dauka.

Bestalde, Hordagoren papereko aleen prezioa 4€koa da. Edozein unetan, gainera, harpidedun izan gabe, borondatezko ekarpenak egiteko aukera ere eskaintzen dute. [3]Diru kopuru hau gainera, behin bakarrik edota urtero emateko aukera dago. Horrez gain, erakunde edo talde baten parte izanez gero, bazkide egiteko aukera dago. Horretarako, urtean gutxienez 300€, 500€ edo 1000€ eman beharra dago hedabideari.

Hordagoren beste ezaugarri bat da ez duela inolako diru laguntzarik jasotzen, bere independentzia ziurtatzeko asmoz.

Publizitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hordagon argitaratzen den publizitateak hedabideak bultzatu nahi dituen baloreak errespetatu behar ditu. Bi aukera eskaintzen dituzte: papereko edizioan edo webgunean iragartzea. Euskarri eta tokiaren arabera, prezio bat edo bestea ordaindu behar izaten dute iragarleek. Horrez gain, komunikazio eta arte grafiko zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, enpresen iragarkiak diseinatzeko.

Bestelako diru iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun crowdfunding kanpainarik martxan ez daukaten arren, aldizkaria sortzeko 2016an herri jabetza oinarri zeukan kanpaina bat abiatu zuten. Kanpainak arrakasta izan zuen eta lehenengo hilabeteetan 2.500 bazkide lortu zituzten. Azkenean, behar zituzten 7.500 bazkidera iritsi ziren; proiektua abiatzea lortuz.

Webgunean denda bat ere badaukate. Bertan, hedabidearen papereko edizioarekin batera, liburuak eta DVDak saltzen dituzte. Merchandising-a (poltsak, txalekoak…) ere eskaintzen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Por qué hacerse socio/a» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  2. «Saltamos.net :: formulario» saltamos.net (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  3. (Gaztelaniaz) «Por qué hacerse socio/a» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]