Intzako dorrea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Intzako dorrea
Irumugarrieta gailurra Argiñarratetik.jpg
Datu orokorrak
Garaiera 1.431 m
Geografia
Koordenatuak 43° 00′ 00″ N, 2° 01′ 33″ W / 43.00009°N,2.02571°W / 43.00009; -2.02571Koordenatuak: 43° 00′ 00″ N, 2° 01′ 33″ W / 43.00009°N,2.02571°W / 43.00009; -2.02571
Herria Euskal Herria
Mendikatea Aralar
Herrialdea Espainia
Lurraldea Nafarroa Garaia
Mendizaletasuna
Ohiko bidea Aralarko guardetxea / Gaintza / Intza / Amezketa
Luberri Luberri

Intzako dorrea[1] Aralar mendilerroan dagoen mendia da, mendilerroko garaiena, 1431 metroko garaierarekin; bai eta mendilerroko ezagunenetakoa eta igoenetakoa ere, Txindokirekin batera. Aralarko Malloetako gailur altuena da, era berean.

Tontorra Nafarroako probintzian dago, Gipuzkoarekin duen mugatik oso gertu. Sarri, Irumugarrieta deitzen diote mendi honi, baina ez da zuzena, izen hori duen tokia tontorretik 100 metro hego-ekialdera baitago, non Errealengoa, Gaintza eta Intza banatzen dituen mugarri bat dagoen. Gainera inguruan bada bigarren Irumugarrieta toponimo bat ere. Gailurretik hego-mendebaldera, 250 bat metrora, Etaldegieta parajean (1394 metroko altueran). Enirio-Aralar Mankomunitateko lurrak, Errealengoa eta Gaintza batzen ditu honek. Oso erabilia ez den mendiaren beste izen bat Elkomuts da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere oinean duen Intza herritik datorkio izena, eta tokiko euskaran Intzeko torrea ahoskatzen dute. Horrez gain, Elkomuts, Soilazbizkargaña (toponimorik zaharrena[2]), Gaintzako dorrea eta Torreadenea[1] (tokiko ahoskerak: /torrèaenéa/, /tórrea/, /tórreanèa/)[3] izenak ere hartzen ditu, eta, modu erratuan, baita Irumugarrieta ere.

Iristeko bideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohiko bidea nahiko erosoa da. Aralarko guardetxetik abiatzen da, 1035 metroko garaieran, Lekunberritik Aralarko San Migelera doan errepidean. Hemendik, Intzazelai edo Pagomariko lautadetara jarraitzen duen bidea hartu behar da. Bideak, 1288 metroko garaiera duen Errenaga menditik igaroz jarraitzen du, Gipuzkoarekin mugan, magalean, babesleku ezagunak dituelarik. Muino taldea Pagotatik jarraituz Trikuharri leporantz jeitsi behar da, non, probintzien arteko mugan bertan, izen bereko trikuharri bat dagoen. Iparraldetik, tontorrera iristen da, aurrealdean geratzen dena.

Halako garaierako tontor batetara, Araitzeko haranetik hel daiteke, mendi honen tontorra baino 1000 metro beherago dagoen harana, Gaintzatik, 388 metroko garaieran edo Intzatik, 313 metroko garaieran abiatuz. Batetik zein bestetik abiatu, Baratzail izeneko lepora iritsi behar da, Intzako dorrearen tontorraren mendebaldean dagoena. Intzako ibilbidea nahiko utzia dago sasiengatik, eta, beraz, gomendagarriagoa da Gaintzatik abiatzen dena.

Azkenik, Amezketatik abiatzen den ibilbide luzea aipatu behar da, Aritzagako labarraren hondotik igarotzen dena. Amezketan, 470 metroko garaieran dagoen Berazeagako zubitik eta 569 metroko garaieran dagoen Anduitzeko bordatik, Anduitzeko Haitzorrotzaren pinakulu harritsupean, Sarastarri mendiaren magalean. Gorago, bidea sigi-sagaka doa Akelo izeneko tokian eta Bizutsako Saltoa izeneko urjauzira iristen da, Betelutseko ubidearen ura amiltzen duena. Azkenik, bideak, kareharrizko kontrahorma bat gainditzen du, Basaizko Arratea izenekoa, 850 metroko garaieran eta Aritzagako antzinako meatze eta antzinako herri meatzariaren hondakinen aurrean uzten gaitu. Gorago, Pardelutseko iturrira eta Amabirjin Harria izeneko haitzera iristen da, Ama Birjinaren irudi txiki batekin, artzaiek txanponak eskeintzen dizkiotena ardiren bat galtzen dutenean. Azkenik, Igaratzako Arratea igarotzen da, 1190 metroko garaieran, Igaratzako langa adierazlera iristeko. Hemendik, 1243 metroko garaieran dagoen Trikuharri lepora iristea kontu azkar eta erraza da, lainorik ez badago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegian, izen hori ageri da euskara baturako egokientzat, eta beste hauek ere aipatzen dira: Irumugarrieta, Torreadenea.
  2. Juan Mari Ansa Munduatek dio, Las Malloas de Aralar (ISBN 978-84-614-5237-8. Aralarko Adiskideak. 2010) liburuan, Soilazbizkargaña dela jatorrizko izena. Intzako dorrea, Gaintzako dorrea eta Torreadenea izenak, XIX. mendean eraikitako 7 metroko erpin geodesikoaren aipamenak omen dira. Araitz haranetik garbi ikus zitekeen erpina. Haren kokalekua 3 metrorengatik Gaintzako lurretan dago, eta ez Intzan.
  3. «Torreadenea» toponimoa eta haren ahoskerak, Nafarroako Toponimia Ofiziala datu basea, Euskarabidea (Euskararen Nafar Institutua).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa