Ispilu hautsia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ispilu hautsia
Datuak
IdazleaMercè Rodoreda
Argitaratze-data1974
ArgitaletxeaClub Editor
HerrialdeaEspainia
Euskaraz
IzenburuaIspilu hautsia
ItzultzaileaAntton Olano Irurtia
ArgitaletxeaAlberdania, Erein eta Igela
Argitaratze-data2013
BildumaLiteratura Unibertsala

Ispilu hautsia (katalanez: Mirall trencat) Mercè Rodoredak idatzitako eleberri bat da. Obra 1974an idatzi zen, idazlearen ibilbideko une gorenean.

Erreseina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ispilu hautsia eleberriak Valldaura familiako hiru belaunaldiren istorioa kontatzen du. Eleberri koral bat da eta bertan pertsonaia multzo baten bizikizunak kontatzen dira, Espainako Gerra Zibilaren aurreko Bartzelonan.

Rodoredaren eleberri gehienek, hala nola La plaça del diamant lanak, protagonista bakarra dute: emakume bat, zeinak lehenengo pertsonan eta ia era autobiografikoan kontatzen dituen eleberriko gertakizunak. Ispilu hautsia eleberrian, berriz, autoreak estiloa aldatu zuen protagonisten aniztasunagatik: funtzio narratibodun ahotsa aldatuz doa obran zehar, eta horrela pertsonaia desberdinen ikuspuntuak azaltzen dira. Eleberrian ez dago protagonista bakarra, elkarrengandik oso desberdinak diren protagonista ugari baizik.

Petsonaia bakoitzak bizitzaren ikuspegi bat du. Ikuspegi horietako bakoitza errealitatearen zati bat baino ez da, ispilu hautsi baten zatiekin gertatzen den bezala. Zati horien guztien loturak ahalbidetzen du obra osotasunean ulertzea.

Autorearen beste eleberri batzuk bezala, Ispilu hautsia sinbolismoz beteta dago. Obrako hainbat ataletan, heriotza, denboraren joana edo familiaren gainbehera irudikatzen dira, besteak beste. Ispiluak denboraren joana irudikatzen du, arratoiak familiaren gainbehera eta eroritako perla batek heriotza.

Emakumezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriak Valldauratarren istorioa kontatzen du, XX. mendeko kataluniar burgesiaren parte den familia batena. Istorioaren ardatza Teresa da, familiako matriarka. Teresa, arrain saltzaile baten alaba, Salvador Valldaurarekin ezkondu eta hiriko emakume aberatsenetarikoa bihurtzen da.

Rodoredaren eleberri gehienetan bezala, emakumezko pertsonaiak dira obrako kontalariak, eta horietako bakoitzak izaera desberdina du. Teresak bizitza maite du, baina ezin dio zahartzaroari aurre egin. Emakume indartsua da eta garaiko aurreiritziei aurre egiteko gai da.

Sofia, haren alaba, arazoei aurre egiteko gai den emakume indartsua da. Gustu finekoa denez, Teresaren paper antagonikoa jokatzen du. Maria hiruren artetik pertsonaia poetikoena da, eta baita paper dramatikoena bizi behar duena ere. Hiru emakume horien inguruan hainbat gizonezko pertsonaia agertzen dira, eta paper nagusirik ez duten arren, argumentuaren garapenerako ezinbestekoak dira.

Eleberriak denboraren joana eta Valldauratarren munduaren eraldaketa kontatzen ditu, luxu handienetik erabateko dekadentziarako eraldaketa hain zuzen ere. Izan ere, Teresaren heriotzaren eta Gerra Zibilaren hasieraren ondorioz gainbeheran dago familiaren mundua. Armanda, neskamea, izango da mundu horren arrastoak salbatzen saiatuko den bakarra.

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001. urtean Ispilu hautsiaren telebistako egokitzapena egin zen: 13 ataleko telesaila. Josep Maria Benet izan zen testua egokitzeko arduraduna, Orestes Lara izan zen zuzendaria eta aktoreak, besteak beste, honako hauek izan ziren: Carme Elías, Emma Vilarasau eta Irene Montalà. Produkzioaz Kataluniako Telebista arduratu zen.


Euskarazko edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antton Olano Irurtiak euskaratu zuen. Euskarazko bertsio hori Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek argitaratu zuten, 2013an, Literatura Unibertsala bilduman.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]