Herodoto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Herodoto
Herodoto
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Ἡρόδοτος Ἁλικαρνᾱσσεύς
Jaio K. a. 484
Halikarnaso (Persiar Inperioa)
Hil K. a. 425
Turios, (Calabria) edo Pella (Mazedonia)
Lanbidea historialaria, geografoa

Herodoto Halikarnasokoa (Halikarnaso, Persiar Inperioa, K. a. 484 - Turios edo Pella, K. a. 425) greziar historialaria izan zen. Historiaren aita deitu ohi zaio. Haren lanik ezagunena Historiak da; bederatzi liburutan banaturik dago, eta Mediar Gerren jatorriari buruz egin zituen ikerketak biltzen ditu. Grekoz, «ikerketak» esan nahi duen hitza ἱστορίαι da, eta horixe da «historia» hitzaren sorburua. Herodoto, kronologikoki lehen historialari greziarra izateaz gainera, europar kulturaren barruan prosaz idatzitako liburu zaharrenaren egilea da. Hark idatzi zuen, bestalde, irakurria izan zedin helburua zuen lehenengo liburua.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herodoto Halikarnason, Asia Txikiko hego-ekialdeko hirian, jaio zen K. a. 484. urte inguruan, Ligdamis tiranoaren aurkakoa zen familia batean. Samosera erbesteratu behar izan zuen harekin batean. Halikarnasora itzulirik, tirania egozteko matxinadan parte hartu zuen (K. a. 454 inguruan). Denbora batez Atenasen bizi izan zen (K. a. 446 inguruan), eta Perikles eta Sofokles ezagutu zituen. Periklesek Grezia Handian sorturiko Turios hirira kolono joan zen K. a. 444an. Greziak eta Persiak bakea izenpetu zutenetik aurrera, Samos, Atenas eta Turios abiagune harturik, bidaia handiak egin zituen Asia, Afrika eta Europako lurraldeetan zehar: Asia Txikia, Babilonia, Eszitia (Olbia, Krimeako penintsula), Zirene, Goi eta Behe Egipto, Kreta, Egeoko uharteak, ia Grezia kontinental osoa eta Grezia Handia.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herodotoren lan handiak Historiak izenburua du, eta bederatzi liburutan banaturik dago, bakoitzak musa baten izena duelarik; egileak ikerketa esanahiarekin erabiltzen du historia hitza. Lan horren helburu nagusia Persiar Inperioaren eta Greziaren arteko gerrak kontatzea da, Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko borroka alegia. Berak, gaztea zela, gerra horien azken gertaerak bizi izan zituen. Kontaera hori osatzeko bi bide erabili zituen. Alde batetik, logografoen idatzietatik, mitologiatik eta zenbait poetarengandik hartu zituen datuak, baina bide horrek ez zion iturri sendo edo ziurrik eman. Beste alde batetik, bere bidaiez baliatu zen, lurralde ezagunetara, Afrika iparraldera, Asia Txikira eta Itsaso Beltzeko kostaldera egindako bidaiez oro har.

Mundua Herodotoren arabera

Herodotoren ustez, gerra haien testuingurua osatzeko bide bakarra, Greziaren eta Persiaren arteko gerrek arrastoa utzi zuten lurraldeak ezagutzea zen. Behin lurralde haietara joanez gero, bertako monumentuak, oroitzapenak eta tradizioak ikertzea zen egin beharreko bigarren urratsa -ezin ahantz daiteke, esan bezala, Herodotorentzat historia hitzak ikerketa esan nahi zuela-. Bestalde, ez du ez poesia ez filosofia egiten, nahiz eta genero baten zein bestearen osagaiak aurki daitezkeen haren lanean. Herodoto kontalari handia zen, gauzak soiltasunez kontatzen zituena. Ildo nagusi bat hartzen zuen -Persiaren historia-, eta behin baino gehiagotan, ildo hori alde batera utzi eta beste herrietako gertaerak sartzen zituen, baina beti itzultzen zen hari nagusira. Tarteki horiek batzuetan besteetan baino luzeagoak dira eta, horrela, bigarren liburua esate baterako, Egiptori buruzkoa da oso-osorik.

Herodotok ez du bere bidaietan jasotako informaziorik bazterrean utzi nahi, eta horregatik txertatzen ditu bere testuetan tarteki horiek guztiak. Zehaztasun handiz deskribatzen ditu beretzat arrotzak ziren herrietako ohiturak, egiptoarrenak, babiloniarrenak edo eszitenak; arreta handia jartzen zuen herri haien gurtzetan eta sinesmenetan, eta horregatik balio handikoa da haren lana erlijioak ikertzeko. Gaur egun existitzen ez diren baina garai hartan garrantzi handikoak izan ziren hiriak ere deskribatu zituen lan horretan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Herodoto Aldatu lotura Wikidatan