Edukira joan

Javier Díaz Noci

Wikipedia, Entziklopedia askea
Javier Díaz Noci

Bizitza
JaiotzaGasteiz, 1964 (59/60 urte)
Herrialdea Araba, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Tesi zuzendariaJoseba Agirreazkuenaga
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea eta idazlea
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
KidetzaEusko Ikaskuntza

Inguma: javier-diaz-noci

Javier Díaz Noci (Gasteiz, Araba, 1964ko irailaren 7a) arabar irakaslea eta ikertzailea da. 1994tik 2008ra Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan zen, ordutik aurrera Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatekoa.

Informazio Zientziak ikasi zituen EHUn (Kazetaritza), eta 1987an lortu zuen lizentziatura. 1985etik 1992 bitartean kazetaritza-lanetan jardun zuen hainbat komunikabidetan: La Gaceta del Norte, Deia, Radio Vitoria, Radiocadena Española, Radio Nacional de España eta Donostiako Herri Irratian, besteak beste.

Kazetari moduan 2014tik aurrera Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan parte hartu izan zuen.

1992an Historiako doktoregoa egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean Euskarazko prentsa XX. mendean (1919-1937). Euskal kazetaritzaren sorrera eta garapena izenburuko tesiarekin,[1], Joseba Agirreazkuenagaren zuzendaritzapean. Ondoren Zuzenbidea ikasi zuen aipatutako Unibertsitatean, eta lizentziatura 1996an lortu zuen. 2016an Zuzenbidean doktore bihurtu zen.[2] Irakaslea izan zen 1994tik aurrera Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta kazetaritza-idazketarekin zerikusia duten gaiak irakatsi zituen. Berak idatzi zituen euskarazko lehen kazetaritzari buruzko eskuliburuak: Kazetaritza-idazkuntzarako eskuliburua eta bere bigarren argitalpena errebisatua, Informazio-generoak, zeinak hamarkada batean behintzat erabili ziren etorkizuneko kazetariak trebatzeko. Beste eskuliburu batzuk ere argitaratu zituen euskaraz: Komunikabideen ereduak eta, denbora dezentean argitaratu gabe izan arren, Idazketa irratian eta telebistan. Euskal kazetaritzari buruzko jardunaldiak ere antolatu zituen: Euskarazko kazetaritzari buruzko ihardunaldiak.

1997az geroztik, Eusko Ikaskuntzako Komunikabideak Saileko lehendakaria izan zen. Bere aginte-garaian, Mediatika izenarekin, Komunikabide Saileko koadernoa berrargitaratzen hasi ziren.

2008an Bartzelonara mugitu zen, Pompeu Fabra Unibertsitatera, non katedraduna den.

Hainbat egonaldi akademiko egin ditu atzerrian. 1997an Nevadako Unibertsitatean egon zen, Renon. Oxfordeko Unibertsitatean Basque Visiting Fellow izan zen 1998-1999 ikasturtean. Geroztik ere, egonaldiak egin ditu Brasilgo Bahiako Unibertsitate Federalean (2005ean eta 2008an), Erresuma Batuko East Angliako Unibertsitatean (2021ean) eta Irlandako University College Dublinen (2023-2024an).

Kaleratu dituen lanen artean daude: Euskarazko aldizkari, egutegi eta almanaken erroldea (1834-1959) (1994), Kazetaritza idazkuntzarako eskuliburua, Informazio-generoak (1995), Euskal prentsaren sorrera eta garapena (1834-1939) (1995); Emy Armañanzasekin elkarlanean kaleratutako Perodismo y argumentación. Géneros de opinión (1996), eta El periodismo electrónico. Información y servicios multimedia en la era del ciberespacio (1996) eta Medios de comunicación en Internet (1997). Kazetaritza elektroniko multimedia eskuliburua ere argitaratu zuen Koldo Mesorekin batera. Koldo Mesorekin batera ere Manuel Aznar Zubigaray-ren kazetari lana Euzkadi egunkarian aztertu zuen, eta berak idatzitako bi euskarako testu bakarrak berreskuratu ere bai (" Manuel Aznar Zubigarayren kazetari-lana: Euzkadi (1913-1918)".

Euskaraz, batik bat, komunikabideen historiaren hainbat alderdi azertu ditu. Tesiaz aparte, 1997an argitaratu zuen "Euskal informazio-kazetaritza abertzalea: Euzkadi eta Euzko (1913-1939)", "Liburuak, aldizkariak eta irakurleak XX. mendeko Euskal Herrian. Euskal testuak eta irakurketa ohiturak (1919-1936)", " Euskal kazetaritza 50eko hamarkadan".

Lehen-mailako testuak eskura eman ditu: Berripaperak (1766-1937).

1998an Bitor Garitaonandiaren biografia argitaratu zuen (Bittor Garitaonandia (1876-1929). Argia), eta 2003an, Jon Muñoz Otaegirekin batera, Txiki "Jon Zabalo Ballarin" biografia ere bai. 2009an Kazetaritza hizkuntza minorizatuetan: Espainiako kasua liburua argitaratu zuen, Espainiako beste hainbat irakaslerekin batera, hizkuntza minorizatuetako kazetaritzei buruzkoa. Urte berean Euskal Herriko kazetari digitalen lanbide-jarrerak eta lan-egoera liburua argitara eman zuen, ikerketa-proiektu baten emaitza gisa.

Lehen euskarazko albisteak ere argitaratu ditu: "El nacimiento del periodismo en lengua vasca: la relación de Bayona de 1766", edo Arabako euskara barietateetan edo euskalkietan eginak: "El periodismo alavés en lengua vasca. Una aproximación histórica (1888-1936)".

Irratiari buruz ere idatzi du: "Euskara irratian: Gerra aurreko lehen urratsak" artikulua, esate baterako.

Zuzenbiean aditua da, euskaraz 2004ko "Autore-eskubideen eta kazetari-lanen inguruko hainbat arazo" lana argitaratu zuen.

Komunikabideek zer euskara-mota erabili izan duten ere ikertu du, esate baterako "Gerra aurreko kazetaritza eta hizkuntz-ereduak" , " Lengua estándar, dialectos y medios de comunicación: el euskera", "Euskal komunikabideak eta ziberkomunikabideetan euskararen erabilera".

2017an artikulu bat argitaratu zuen euskarazko komunikabide-sistemari buruzkoa: "La langue basque dans les média de la Communauté Autonome Basque".

Lehen doktore-tesia (Tobias Peucer-en De relationibus novellis, 1690) euskaratu du.

2019an "Zeruko Argiatik Argiara: Ibilbide historikoa eta proiektuaren argazki eguneratua" artikulua argitaratu zuen, Antxoka Agirre eta Amaia Alvarez Berasategirekin.

2022an Gregorio Mujikari buruzko liburu bat eman zuen argitara: La llama vasquista – Euskaltzaletasunaren garra.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]