Jenaro Urrutia
- Artikulu hau margolari bizkaitarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Urrutia».
Jenaro Urrutia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Plentzia, 1893 |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1965eko urtarrilaren 2a (71/72 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Jenaro Urrutia Olaran (Plentzia, Bizkaia, 1893 – Bilbo, Bizkaia, 1965eko urtarrilaren 2a) euskal herritar margolaria izan zen. Ikasketak Bilbon hasi ondoren, lau urtez Parisen eta Erroman osatu zituen. 1926tik 1929ra bitartean, Euskal Artisten Elkartearen presidentea izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zituen margolaritza ikasketak; 1918an Bizkaiko Aldundiak beka bat eman zion Parisen bere ikasketak sakontzeko, eta bi urtez bizi izan zen Parisen.
1921ean erakusketa bat egin zuen Bilboko Euskal Artisten Elkartean. Bizkaiko Aldundiak berriz ere beka bat eman zion, Italiara joateko oraingoan, eta 1923an Erromara joan zen. Hurrengo urtean beste erakusketa bat egin zuen Artisten Elkartean.
Erakusketa hartako bi lan Bilboko Arte Modernoko Museorako aukeratu zituzten: Bañistas eta Naturaleza muerta. 1926an Euskal Artisten Elkarteko lehendakari izendatu zuten, eta Donostiako 1928ko Euskal Aste Nagusian erakusketa bat egin zuen Euskal Artisten Elkartean.
Espainiako Gerra Zibila amaitu ondoren, hainbat erakusketa egin zuen Bilbon 1960. urtera arte. Garai hartan horma-pinturarekiko ardura sortu zitzaion eta mota horretako lan ugari egin zituen, hala nola Barakaldoko San Jose parrokian, Lutxanako Artzain Onaren elizan, Bilboko San Joan Bataiatzailearen elizan eta Santa Marinako Antituberkulosoan, eta Barakaldoko San Josen. Beste obra aipagarri batzuk: Teresita, Preparando la merienda, El amaiketako, Barrenadores de Vizcaya, Bañistas, Naturaleza muerta, Mujeres del campo, Reposo eta La ventana al paisaje.
Urrutia Erroman bizi izan zenean Pizkundeko pintoreek —Rafaelek batez ere— erakarri zuten, eta Rafael izan zen hain zuzen ere Urrutiaren lehenengo mugarria. Euskal ohiturak bere erara interpretatzen ditu, eta bere lanetan idealizazioa nagusitzen zaio errealismoari. Bestalde, bere lanak ondo eraikiak daude; indar eta espiritualtasun handikoak dira. Arte-kritikariek hasiera-hasieratik harrera ona egin zioten bere lanari. Urrutiaren lanek kolorearen fintasuna dute ezaugarri berezkoena. Esan ohi da, euskal pinturaren ezaugarri nagusia gris, urdin eta berdeen gamen leuntasuna dela; Urrutiak hori jasotzeaz gainera, sentiberatasuna eta kolore aberastasuna gehitu zizkien bere lanei. Bestalde, soiltasunaren bidez irudiak handitu eta leundu egiten ditu, eta gainera sakontasun handia ematen dio lanari.
Lan nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Barrenadores de Bizkaia
- El amaiketako
- Mujeres del campo
- Gazkeak lanean
- Descansando
- Aldeana con manzanas
- Bañistas
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Artikulu hau Bizkaiko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |