Jonas (haur literatura)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jonas
Argitalpena
Lehen agerpena1998
Azken agerpena2011
SortzaileaJuan Kruz Igerabide
MarrazkilariaMikel Valverde
Datu biografikoak
Adina3 urte
SexuaGizonezkoa
EtsaiakSorgin itsusia
6 urtetik aurrerako irakurleentzat
Jonas eta hozkailu beldurtia
Fitxategi:0
Audioa
Juan Kruz Igerabide idazlea "Jonas eta hozkailu berdurtia" pasarte baten irakurketa egiten.
Datuak
Orrialdeak39
ISBN9788482633107


Jonas, Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956ko martxoaren 24a) euskal idazle ezagunak[1] sortutako eta Mikel Valverdek (Gasteiz, 1966ko irailaren 6a) ilustratutako Euskal haur eta gazte literaturako pertsonaia da. 1998an lehen liburua argitaratu zutenetik, Jonas eta hozkailu beldurtia, dagoeneko zazpi liburuk osatzen duten bilduma argitaratu dute. Pertsonaia hau protagonista den liburuak lehen irakurleei zuzenduak daude, zehazki, 6 urtetik aurrerako haurrei[2]. Jonasen liburu hauek Aizkorri argitaletxeko Mendi Sorgindua bildumaren parte dira. Ondorengo hauek dira Jonas protagonista den zazpi liburuak:

  • Jonas eta hozkailu beldurtia (1998)
  • Jonasen pena (1999)
  • Jonasen iratzargailua (2001)
  • Jonas larri (2002)
  • Jonasek arazo potoloa du (2004)
  • Adio, Jonas (2007)
  • Jonasen ipuinak (2011)

Argitaratu diren lehenengo sei liburuetan Jonas protagonista den gertakizun baten kontakizuna egiten da, eta liburu bakoitzean emozio edo sentimendu baten inguruko gertakizun baten kontaketa egiten da. Argitaratu den azken liburua, zazpigarrena, kontakizunen bilduma bat da eta aurreko sei liburuetako Jonasen abentura guztiak biltzen ditu.

Jonasen bilduma hau gaztelaniara itzulia dago, Juan Kruz Igerabidek berak itzulita eta Everest argitaletxeak editatuta. [3]

Jonasen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jonas hiru urteko mutiko bat da, hiru urteko haurra izatean adin horretako haurrek dituzten sentimendu eta emozioak ditu. Horien kontakizuna egiten da ipuinetako istorio ezberdinetan. Ipuin hauetan, pertsonaiaren izaeraren zati diren beldur eta sentimenduak azaltzen ditu Juan Kruz Igerabidek, bakoitzak pertsonaiaren ezaugarri bat ezagutzeko aukera ematen duelarik.

Mikel Valverdek eginiko ilustrazioen bidez, protagonistari aurpegia jarri diezaiokegu. Jonas, hiru urteko haur bat da eta bere adina kontuan hartuta itxura fisikoa ere adin horretako haurrek dituzten ezaugarri fisikoei egokitzen da. Bere ilea kolore marroikoa da eta aurpegian bere masailetako kolore gorrixka da deigarriena. Ilustrazio horiei esker bere itxura fisikoa ikusteaz gain, bere izaeraren zenbait ezaugarri nabari daitezke; izan ere, irudiak eta hitzak bat doaz eta bien arteko loturak Jonasen inguruko irudi bat eraikitzen laguntzen dute.

Jonas bere adineko haurrak eta beste edozein pertsonak bezala sentimendu ezberdin asko dituen haurra da. Liburu hauetan zehar bere izaeraren alderdi ezberdinak erakusten ditu bere ekintzen bitartez. Besteak beste ondorengo emozioak adierazten ditu Jonas txikiak bere gertakizunen bidez: beldurra, pena, jeloskortasuna, enbidia, lotsa, maitasuna, poza eta egonezina. Sentimendu eta bizi dituen emozio guztiek bere izaera zehazten dute liburuz liburu eta hura ezagutzeko aukera ematen dio irakurleari.[4]

Ilustrazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikel Valverde euskal ilustratzaileak egindako ilustrazioak dira bilduma honetakoak. Valverdek bilduma honetan egindako lana aipagarria da sortutako irudiek duten indarragatik eta adierazgarritasunagatik. Orriz-orriz, testuarekin batera datozen marrazkiak daude, istorioak behar duen indarra emanez, eta istorioan aipatutako sentimenduak are barnerago sentiaraziz.

Liburu hauetan pertsonaiaren presentzia, sentimenduak, ikuspuntua... transmititzen dira ondo egindako irudien bidez, irakurleari egoki sentiaraziz Jonasen sentimenduak keinuetan, jarreretan eta koloreetan.[5] Sinpletasun handiko irudien bidez komunikazio aberatsa lortzen du ilustratzaileak.[6]

Ilustratzailea komikiak ilustratzen hasi zen, eta hori nabari da bildumako ilustrazioetan. Jonasen egoeraren berri testuak ematen digun bezala irudiek ederki asko islatzen dute zer ari den gertatzen. Irakurlearen arreta, ikus edo irakur dezakeenaren arreta, egoki fokalizatzen du Valverdek ilustrazio hauen bidez. [7]

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilduma honetako haria anekdota edo gertakari xumeak dira. Idazleak gertakariak eta Jonasen gogoetak tartekatzen ditu irakurlea protagonistarekin identifikatzea lortuz. Gertakizun hauek ekintza eta bizitasun handiko pasarteak dira.

Lengoai sinplea erabiltzen du Juan Kruz Igerabidek bilduma honetan, irakurlea eta protagonistaren arteko elkarreragina erraztuz. Hizkera argi, arin eta xumea erabiltzen du, erritmo bizia eta musikalidade kutsuak emanez. Idazteko estilo honek bilduma entretenigarria egiten du, eta intriga puntu bat ere ematen diote istorioei. [8]

Bildumako liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jonas eta hozkailu beldurtia (1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998an argitaratu zen eta bildumaren lehenengo liburua da. Urtebete geroago, 1999an, Euskadi Saria irabazi zuen Juan Kruz Igerabideren lan honek.

Jonasen lehen kontakizun honetako gai nagusia haurren beldurra da, eta idazleak estilo xume baina aberats batean kontatzen digu nola bakardadeak beldurra eragiten dion Jonasi. [9] Liburuaren hasiera eta amaiera umoretsuak izan arren, kontakizunean zehar Jonas beldurtuta sentituko da etxean bakarrik gelditzen delako ama dendara jaitsi den bitartean. Bakardadeak eragindako beldur horrek etxeko objektuak ere beldurtuta ikusarazten dizkio. Beldurra handitzen doan heinean, beldurra izu-laborri bihurtzeraino, bere irudimena ere handitu egiten da. Etxeko hozkailua dardarka ikusten du, beraz hozkailua izuturik dago. Hozkailua ez denez erraz izutzen, ondorioztatzen du hozkailuaren barruan otso bat dagoela barruko janari guztia jaten. [10]

Ipuina kontatzeko idazleak erabiltzen duen hizkuntza, bat dator istorioarekin. Hizkera bizia, erritmoduna eta egunerokoa da. Nahiz eta narrazio bat izan, idazlearen berezkoa den poesia kutsua mantentzen du istorioak. Istorioak aldi berean tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu, hain zaharra den beldurraren sentimendua gaur egungo egoera batera ekarriz.[11]

Mikel Valverderen ilustrazioak ere aipatzekoak dira, horiek testuarekin bat datoz eta ukitu umoretsua ematen diote istorioari. Ederki islatzen dute Jonasek sentitzen duen beldurra keinuetan, jarreretan eta erabilitako koloreetan. [5]

Jonasen pena (1999)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren ipuin hau liburu sinple, arin eta landua da eta lehenengoa baino urtebete beranduago argitaratua izan zen, 1999. urtean hain zuzen ere.

Oraingoan Jonasek gurasoekin ematen duen ibilaldi batean oinarritzen den istorioa da. Jonas gurasoekin paseo bat ematera joaten da. Jonas, pozik doanean, bihotza puztu egiten zaio eta jauzi egiteko gogoa ere jartzen zaio, eta gurasoek paseon dabilela salto egiten dabil. Salto horietako batean gurasoak haserretu egiten dira eta Jonasek hau sumatu egiten du, eta triste jartzen da. Pozik dagoenean bere bihotza puztu egiten zaion bezala honelako kasuetan uzkurtu egiten zaio.

Liburu honetan ere hizkera narratiboa erabiltzen duen arren, hizkera poetikoaren kutsu handia dauka, izan ere, metaforen erabilera egiten du sentimenduak adierazterako orduan Juan Kruz Igerabidek.

Gainera, aipatzekoa da oraingoan ere Mikel Valverderen lana, izan ere, sortutako irudiak oso adierazkorrak dira. Horiek begiratuz soilik istorioa jarraitzeko aukera dago eta irakurleen arreta bereganatzea lortzen du ilustrazio horiekin.[7]

Jonasen iratzargailua (2001)[12][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren liburua 2001. urtean argitaratu zen. Aurreko liburuetan beldurra eta pena sentimenduak lantzen badira, hirugarren honetan ere beste sentimendu batekin agertzen da Jonas. Arrebaren etorrerarekin Jonasek sentimendu kontrajarriak ditu eta jeloskortasuna agertuko da. Sentimendu horiek adierazterakoan, Juan Kruz Igerabidek aurreko liburuetan bezala erritmo eta musikalidadez egiten du hori, baita ere, hizkuntza sinple eta argiarekin erabilera eginez.

Liburuak orainaldia eta iraganaren kontakizuna egiten du, bi planotan kontatuta dago. Batetik arreba jaio zeneko egoerak kontatzen ditu eta egoera horren aurrean Jonasek zituen sentimenduak aipatzen ditu, besteak beste, jeloskortasuna. Bestetik, orainaldia gertatzen dena kontatzen du eta orainaldia eta iraganaren arteko lotura izenburuan agertzen den objektuarekin egingo du, iratzargailuarekin. Aitak oparitutako iratzargailuaren bidez jauziak egingo ditu denboran. Garrantzi handiko objektua da hori, izan ere, istorioa ere honekin hasten da eta hori izango da, zehazki bere soinua, etxean gertatzear dagoen gertakizunaren aurrean Jonas erne mantenduko duena.

Aipatzekoa da Valverdek egin duen lana ipuin honetan. Istorioa bi denbora ezberdinetan kontatzen da, denboran zehar jauziak eginez eta ederki ilustratu ditu horiek ipuinean zehar. Bi denbora desberdin horiek bereizteko kolore desberdinak aukeratu ditu, egoera bakoitzerako bat: iragana, kolore biziekin irudikatzen du eta oraina, tonu zuri eta berdexkekin.[9]

Jonas larri (2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002. urtean argitaratu zen Jonas larri liburua, eta Jonas protagonista den laugarren liburua da hau. Istorio honetan Jonasek bizi duen beste egoera bat kontatzen du Juan Kruz Igerabidek. Oraingoan Jonas amarekin gozo dendara joaten da. Bertan hainbeste gustatzen zaizkion txokolatezko arrautzak ikusten ditu. Horietako bat hartzeko tentazioa dauka, hasiera batean tentazioari eusten saiatzen den arren, bertan erortzen da arrautza bat patrikan sartuz.[13] Arrautza hartu eta larrituta sentitzen da. Jonas nahastuta agertzen da liburu honetan, izan ere, gero gozogileak beste bat oparitzen dio, baina berak jada bazuen bat.


Liburu honen narrazio erritmoa aurrekoekin alderatuta ez da hain ona edota bizia. Baita ere, ipuinaren bukaera irakurleek espero dezaketena da eta honek ez du erritmoan laguntzen. Hala ere, zenbait irakurleri irribarrea ateratzea lortuko du oraingoan ere Jonasek abentura berri honekin. [14] Ilustrazioei dagokionez, lan bikaina egiten du oraingoan ere Mikel Valverdek. Ilustrazioak eta letrak bide berdinetik doaz, sentimenduen eta sentsazioen barne mundu bat erakusteko.[13]

Jonasek arazo potoloa du (2004)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosgarren liburua 2004. urtean argitaratu zen. Kasu honetan, haurren artean maiz azaltzen den arazo bat ematen da, gehienetan samienez edo lotsaz bizitzen den arazoa. [15]

Arreba txikia jaio zenetik, gutxi gorabehera, Jonasek arazo larri bat dauka. Aldizka, arazoa desagertu egiten zaio, baina azken aldi honetan egunero izaten du, egunero-egunero, eta oso kezkaturik dago Jonas; baita gurasoak ere.[16] Lo dagoen bitartean izaten dituen amets gaizto baten ondorioz ohea bustitzen du Jonasek. Amets gaiztoan sorgin bat agertzen zaio eta erratz batekin kilimak egiten dizkio sabelean. Jonas kezkaturik dago egoera honen aurrean eta baita bere gurasoak ere, arazoa konpontzeko zer gehiago egin ez dakitenez, Izeba Paulirengana joko dute erremedio baten bila. [17]

Istorioan zehar arazo honek haurrengan nahiz gurasoengan sortzen duen ezinegona islatzen du. Gurasoek ahalegin handia egin arren, horrelako kasuetan kanpoko laguntza guztiz mesedegarria dela erakusten da. [18]

Adio, Jonas (2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007. urtean argitaratu zen eta liburu honetan Jonas larri liburuan bezala, hasiera batean sinplea zirudien egoera guztiz korapilatzen da. Izeba Pauliren urtebetetzea denez, Izeba Pauliri oparia eman nahi dio, eta aukera izaten duenean, bere kutxatxoarekin etxetik ihes egiten du. Izebaren etxera erraz iritsiko zela pentsatu arren bidaia guztiz korapilatzen zaio, galdu egiten delako. Jonas, galduta, kaleetatik ibiliko da oinez, korrika, autobusean... norabide garbirik gabe, eta hasierako mutiko alai eta animosoa, etsipenak jotako mutiko bihurtzen da; egindakoaz poz egotetik damutzera pasatzen da Jonas, tartean beldurra eta bakardadea ezagutu dituelarik. Bukaeran Izeba Paulirekin topatzen da, eta gurasoak larrituta zeudenez, haserretu egiten dira.

Sentimendu ugari nahasten dira, pozik egotetik triste egotera pasatzen da, beldurra, damua eta bakardadea ere sentitzen ditu. Jonasekin bat egiteko, idazleak gertakarietan zehar gogoetak txertatzen ditu. Sentimendu hauekin bat egiteko ere ezinbestekoak dira bertan dauden ilustrazioak. [19]

Jonasen ipuinak (2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jonasen protagonista den ipuinei amaiera ematen dion liburua da hau. 2011. urtean argitaratu zen eta Jonas protagonista den ipuinen bilduma da, orain arte aipatutako guztiak batera jarri ditu Juan Kruz Igerabidek ipuin luze bat osatuz. Azken liburu honetan Jonas nolakoa den ikus daiteke, banan banan aurretik ikusten joan garen guztia biltzen baita bertan.[6] Azken liburu honekin, bizi dituen arazo desberdinak, bere bizimodua, bere familia eta bere sentimenduak ezagutzeko aukera izango du irakurleak liburu bakar baten bidez.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskal Idazleen Elkartea. Idazleak» www.idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  2. «Escritores - Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus.
  3. JONAS Y EL FRIGORIFICO MIEDOSO : Agapea Libros Urgentes. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  4. a b Igerabide, Juan Kruz. (2011). Jonasen Ipuinak. Aizkorri.
  5. a b «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  6. a b «Gozatzen Jonasekin» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  7. a b «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  8. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-12).
  9. a b Erdozain, Aurelio. (2015). «Jonas eta hozkailu beldurtia» Behinola (31).
  10. Amaia. (2012-05-16). «Jonas eta hozkailu beldurtia» EIBZko liburutegia (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  11. «IGERABIDE, Juan Kruz. Portal Literatura Vasca» www.basqueliterature.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  12. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  13. a b Moreno, Sara. (). Revista Lazarillo (11).
  14. Etxaniz, Xabier. (2003). «Jonas larri» CLIJ (163).
  15. «Club de lectura – Jonasek arazo potolo bat du | Arrigorriagako Bibliotekak» liburutegiak.blog.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  16. (Gaztelaniaz) «Jonasek Arazo Potolo Bat Du. Juan Kruz Igerabide. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  17. Igerabide, Juan Kruz. (2004). Jonasek Arazo potoloa du. Aizkorri.
  18. Amaia. (2012-05-16). «Jonasek arazo potolo bat du» EIBZko liburutegia (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  19. Etxaniz, Xabier. Adio, Jonas «Hitz beste Haur eta gazte liburuen kritika eta erreseinak - PDF» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2019-04-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]