Edukira joan

Jose Manuel Pagoaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Manuel Pagoaga

(2021)
Bizitza
JaiotzaArrasate, 1944ko maiatzaren 1a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaSara, 2025eko abenduaren 14a (81 urte)
Jarduerak
Izengoitia(k)Peixoto
IMDB: nm16354798 Edit the value on Wikidata

Jose Manuel Pagoaga Gallastegi, Peixoto (Arrasate, 1944ko maiatzaren 1a - Sara, 2025eko abenduaren 14a), etakide ohi historikoa izan zen, aspaldi politika aktibotik erretiratua. Hamazortzi urte zituela, 1962an, ETAn sartu zen Arrasateko beste gazte batzuekin batera. 1979an, Espainiako Trantsizio aldian ETAren zuzendaritzako kide zela, Espainiako zerbitzu sekretuek bonba atentatu sorta bat egin zuten haren kontra: Argala hilik suertatu zen 1978ko abenduan, eta Peixoto larri zaurituta 1979ko urtarrilean. Harrezkero, utzi egin zuen ETAko militantzia.

Aranguren baserrian hazi zen, Arrasateko Musakola auzoan, eta bederatzi urterekin eskolatik atera eta amari baserri lanean laguntzen hasi zen. Hala ere, hamalau urterekin bere burua eskolaratu zuen, eskola profesionalean ere arituz, maisutza lortzeraino. 1962an, ETAn sartu zen, hamazortzi zituela.[1] Une horretan, bere esanetan, kartzelan zegoen jendearentzat dirua biltzen zuten, esku-paperak banatzen, pintaketak egiten… "Kontuz ibili behar zen. Gero hasi ginen ikurrinak jartzen, eta hori pauso handi bat zen".[1]

Jose Luis Zumalderen ETAko Talde Autonomoarekin bat egin zuen, Los Cabras deituraz ezagunagoa, eta Garaiko herria bat militarki okupatzera heldu ziren.[2] 1966an, ETAren zatiketa izan zen V. biltzarrean, eta berak auzi nazionala lehenetsi zuen taldearekin bat egin zuen, langileen auzia lehenesten zutenek ez bezala (ETA VI). 1968an, atxilotu egin zuten, eta, aske geratu zenean, misiolari joan zen Ekuadorrera, 1971 arte.[3]

Gerora, itzuli eta ETA (m)-n sartu zen. Eustakio Mendizabal Txikiarekin buruz buru aritu zen ekintza eta erasotan; 1973ko apirilean, Aberri Eguna prestatzen ari zirela, Txikia hil zuten Algortan.[2] Ipar Euskal Herrian finkatu zen. Gertutik ezagutu zituen Txomin Iturbe, Txabi Etxebarrieta, Jose Miguel Beñarain Argala, baita Telesforo Monzon, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes, Jose Luis Elkoro eta Santi Brouard Txibertako elkarrizketen testuinguruan.[3]

Hargatik, giroa gaiztotu egin zen, eta larri zauriturik atera zen 1979ko urtarrilaren 13an egin zioten atentatuan, Espainiako zerbitzu sekretuek antolatua, Argala atentatuz hil eta hilabete erdira eta etakideen kontrako beste hainbat atentaturen artean.[4] Ondorioz, ikusmen gehiena galdu zuen, eta eskua oso kaltetua geratu zitzaion. Hurrengo urteetan, utzi egin zuen ETAko militantzia, atentatuko zaurietatik pixkanaka suspertzen ari zela. Marikita Tanburin zuen emazte, eta bi seme zituen (1979ko datuak).[2] Baigorrin zuen etxea.[5] Euskal kultura eta hizkuntzarekin konpromiso sendoa agertzea izan zuen bereizgarri.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 Esnaola, Enekoitz. ««Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra; zalantza izpirik ez»» Berria (kontsulta data: 2021-05-10).
  2. 1 2 3 (Gaztelaniaz) País, El. (1979-01-13). «De misionero a "cajero" de ETA» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2021-05-10).
  3. 1 2 Esnaola, Enekoitz. ««Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra; zalantza izpirik ez»» Berria (kontsulta data: 2021-05-10).
  4. ↑ Galtzaundi (Dokumentuak). Berria.
  5. ↑ Txintxurreta, Maddi. (2021-04-06). ««Optimista naiz ikusten dudalako herri-gogoa sendotu eta zabaldu egin dela»» www.kazeta.eus (kontsulta data: 2021-05-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]