Telesforo Monzón

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Telesforo Monzón
Telesforo Monzón
Telesforo Monzón, 1933ko Aberri Egunean hitzaldia ematen, buruzagi jelkidetzat.
Datu pertsonalak
Izen osoa Telesforo Monzón Ortiz de Urruela
Jaio 1904ko abenduaren 1a
Euskal Herria Olaso dorrea, Bergara, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Hil 1981eko martxoaren 9a (76 urte)
Euskal Herria Baiona, Lapurdi
(Euskal Herria)

Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Olaso dorrea, Bergara, Gipuzkoa, 1904ko abenduaren 1a - Baiona, Lapurdi, 1981eko martxoaren 9a) euskal idazlea eta politikari nazionalista izan zen.

Bigarren Errepublikaren garaian Eusko Jaurlaritzako kidea izan zen, buruzagi jelkidetzat. Gerra Zibila galdu ondoren, erbestera ihes egin beharra izan zuen. 40 urtez Ipar Euskal Herrian bizi izan zen; aldi hartan aldaketa ideologiko sakona izan zuen, eta Hego Euskal Herrira itzuli zenean Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesforo Monzón, 1934an.

Telesforo Monzon Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen familia aberats batean, Olaso dorretxean. Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak, bukatu ez zituen arren. Familia karlismo tradiziokoa zen, baina Telesforo gaztea euskal nazionalismorantz hurbildu zen.

EAJko kide[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berriro ikasi zuen euskara, ia ahaztua zuen hizkuntza, eta jelkide egin zen 1930ean, Bigarren Errepublika hastear zela.

Errepublika garaian Bergarako EAJko zinegotzi hautatu zuten. Hizlari aparta, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere. 1933an, Bigarren Errepublika garaiko Legebiltzarreko diputatu [1] hautatu zuten EAJren izenean.

1936an Gipuzkoako diputatu izan zen Madrilgo parlamentuan.

Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko uztailaren 18an altxamendu militarra izan zen eta Espainiako Gerra Zibila hasi zen. EAJk Errepublikaren aldeko hautu epela egin zuen hasieran, defentsa eta ordena lanetan zentratua, eta Monzon Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide izan zen (Junta de Defensa), baita Donostiako barne-gaietako arduradun nagusia ere. Aldiz, uztail amaieran eta abuztu hasieran Ondarretako espetxera zenbait ezkertiar indarrek egindako erasoen ondoren, dimisioa eman zuen, talde kontrolgabeak egiten ari ziren fusilamenduen aurka baitzegoen. Eusko Gudarostea antolatzeko lanetan parte hartu zuen, Eusko Jaurlaritzaren armada erregularra izango zena.

1936ko urrian, altxatutako eskuin muturreko indarrak Bizkaiaren atarian zirela, Euskal Autonomia Estatutua onartu zen: Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Gobernazioko sailburu[2] izendatu zuen Jose Antonio Agirrek. Sailburu izendatu berritan, Guardia Zibila eta Guardia de Asalto polizia-kidegoa desegin zituzten, eta Ertzaintza polizia antolatu.[3]

1937ko urtarrilean, militar errebeldeen aire-eraso batengatik mendekua hartu nahirik, ezkertiar joerako Bilboko jendetza haserre batek eskatu zuen eskuindarrak giltzapetutako Larrinaga espetxearen eta Carmelo zein Angeles Custodios komentuen ateak irekitzeko. Monzonek, ordea, ordena mantendu nahi zuen, baina ezkertiar indarren kontra tiro egin beharrik gabe, Eusko Jaurlaritzako indarren arteko borroka zibil bat saihestuz.[4]

Toki horien ateak ireki eta UGTko gizonek ordenari eusten porrot egin ondoren, ertzaintzaren polizia motorizatua heldu zen Telesforo Monzon buruan zuela. Hain zuzen, aurreko bi hilabeteetan, Monzonek eginahalak egin zituen Francoren preso zeuden euskal herritarrak eskuindar preso horien truke aldatzeko, baita Francok uko egin ere konponbide horri.[5] Normal delako espetxean, Monzon adore handiz sartu zen eskoltarik gabe, eta milizietako arduradunari hilketa berehala bertan behera geratzeko agindu zion pistola eskuetan. Arduradunak hala egin zuen, baina ordurako odola ugari isuri zen.[6]

Gernikako bonbardaketan testigu izan zen. Frankistek Euskadi okupatu zutenean, 1937ko abuztuaren 23an, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera egin zuen ihes Santandertik Frantziarantz.

Herri Batasuneko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Xibertako elkarrizketak»

1977ko apirilean, Xibertako topaketa bultzatu zuen Ezker Abertzaleko eragileen eta EAJren artean, baina horiek porrot egin ondoren, 1977ko udan Hegoaldera itzuli zen, eta abuzturako Altsasuko Mahaia osatu zuen KAS Alternatibaren inguruan. Urtebete geroago sortu zen Herri Batasuna Altsasun (Nafarroa). Koalizio horretan EAE/ANV, ESB, HASI eta LAIA alderdiek parte hartu zuten, hainbat independenterekin batera.

1979ko martxoko Espainiako hauteskundeetan koalizioak 170.000 boto lortu zituen, Hego Euskal Herrian emandakoen %13. Monzon Kongresurako hautatua izan zen Gipuzkoako barrutian, 46 urte lehenago gertatu zen bezala, orduan EAJko kide moduan. Oraingoan, Monzonek 74 urte zituen eta osasun arazo ugari. Horrez gain, atxilotu egin zuten eta kartzelan gehiago gaixotu zen. Diputatu izateagatik lortu zuen espetxetik irtetea, baina ez zen Kongresura inoiz joan, gaixoegi baitzegoen. 1979ko abenduan Letamendia eta biak epaitu zituzten terrorismoaren apologia egitea egotzita. 1980ko martxoan legebiltzarkide aukeratu zuten EAEko lehen autonomia hauteskundeetan, baina segituan dimititu egin zuen, Antonio Ibargurenek kargua okupatuz. Ez zen Legebiltzarrera joan ere egin, osasun arazoak zirela-eta.

Ezker Abertzalera hurbildu izanaz, bere bizitzaren amaieran Monzonek «HBko Mahai Nazionalaren sei hilabeteetan, langileen egoeraren inguruan, aurreko 70 urteetan baino gehiago» ikasi zuela aitortu zuen.

Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an, eta Bergaran lurperatu zuten.

Idazlea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olaso ezizenez sinatu zituen bere lanak deserrian zebilen bitartean. Olerkigintzan hasi zen lehenengoz, eta 1945ean Mexikon argitaratu zuen Urrundik. 1947an Frantziara itzuli zen, eta Gudarien Eginak argitaratu zuen, bere obrarik ezagunenetakoa. 1950eko hamarkadan antzerkigintzan ere aritu zen, komedia batzuk idatzi zituelarik. 1966an, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Hala ere, Monzóni ospe handiena kantek eman zioten. Izan ere, hainbat abesti abertzale sortu zuen, doinu ezagunen bati erantsita: Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu eta segi aurrera, Kanta aberria, Kalera, kalera...

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olertia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesfororen idazlanik ospetsuenak musikatutako olerkiak ditugu, makina bat euskal abesti abertzaleren hitzak sortu baitzituen: Bai Euskarari, Batasuna, Itziarren semea eta abar (ikus zerrenda osatuago bat hemen). Beste hainbat olerki, aitzitik, idatziz argitaratu zituen:

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eneko Azkarate: «Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko», Goiena.net, 2011-02-11.
  2. Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko, Goiena.net.
  3.   Steer, George L. (2009 (1938)), The Tree of Gernika, London: Faber and Faber Ltd . 100. or.
  4.   Steer, George L. (2009 (1938)), The Tree of Gernika, London: Faber and Faber Ltd . 115. or.
  5.   Steer, George L. (2009 (1938)), The Tree of Gernika, London: Faber and Faber Ltd . 118. or.
  6.   Steer, George L. (2009 (1938)), The Tree of Gernika, London: Faber and Faber Ltd . 118. or.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Telesforo Monzón Aldatu lotura Wikidatan