Edukira joan

Xibertako elkarrizketak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Xibertako elkarrizketak Angeluko (Lapurdi) Xiberta hotelean (Angeluko Xiberta auzoan) 1977 urtean Telesforo Monzonek bultzaturiko alderdi abertzaleen arteko bilerak izan ziren.

Espainiako Bigarren Errepublika osteko lehenengo hauteskundeak 1977ko ekainaren 12an iragarriak zituzten. Apirilaren 30ean, Telesforo Monzonek deituta, Angeluko Xiberta auzoan eusko abertzale guztiak bilera batean bildu ziren: EAJ, EAE, EKA, ESB, ESEI, EHAS, LAIA (bai), EIA, ETA-m, ETA-pmren ordezkariak eta alkate batzuk hain zuzen ere. Punto y Hora de Euskal Herria astekariaren zuzendaria zen Mirentxu Purroy idazkari moduan aritu zen.

Telesforo Monzonen helburua hauteskundeetarako fronte abertzalea eratzea zen arren, ETA-militarrak amnistia lehenetsi zuen guztiaren gainetik, bere ustez hurrengo hauteskundeak hori gabe ez-legitimoak zirelako. Maiatzaren 10ean bertan izandako alderdien ordezkari batzuk Adolfo Suárezekin bildu ziren amnistia eta eskubide demokratikoak aldarrikatzeko. Espainiako presidenteak, Espainiako Armadaren presioa zela eta, ezin zuela hauteskundeen kanpainaren hasierarako (hilaren 24rako) presoak kaleratu esan zien. Ikerlari batzuen iritzian, ETA-militarrak elkarrizketa aprobetxatu zuen abertzaletasunaren hegemonia aldarrikatzeko, baina EAJk ezetz esan zuen.[1] ETA-pm eta EIA, ostera, bere kabuz ari ziren Espainiako Gobernuarekin hizketan; eta zenbait presoren "atzerriratzea" —tartean Mario Onaindiarena—, hau da, Espainiatik at askatzea, lortu zuten.[2]

Xibertako batzarrean agertu ziren desadostasunak eta azken porrota parte hartzaile bakoitzak besteen gain jarri zituen. Azken aurreko bileran haustura egon zen, izan ere, azkena izango zen bosgarren bilerara EAJ ez zen joango eta Xibertan euskal abertzaleak banatu ziren. EAJ hauteskundeetara aurkeztu zen; ezker abertzalearen zati bat ere hauteskundeetara joan zen —bai koalizioetan (Euskadiko Ezkerra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan edo UNAI Nafarroan), bai bere kabuz (ANV edo ESB) bai EAJrekin batera (UAN)—; ezker abertzalearen beste zatia (EHAS eta LAIA) ez zen aurkeztu eta ETA-militarrak 1976ko udan argitaraturiko KAS Alternatiba bultzatu zuen.

Hona hemen aldarrikatutako zituzten zazpi puntuak:

« »


Telesforo Monzonen hitzaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Nire arima guztiaz, abertzale guztien arteko programa batua eraikitzeko ekintzetan parte hartzea da nire egitasmo pertsonala. Horri ‘Bergaratik Eibarra’ deitzen diot. Itun horren lehen atala preso guztientzako, bai eta atzerriratuentzako ere, amnistia osoa da; gero, galdua dugun guregaintasunaren berrerainkuntza; azkenik, euskal populuak burujabetasunerako duen eskubidearen ezagupena, eta, noski, indar espainiar okupatzaileak Euskaditik kanporatzea…

Bere buruaren jabe zen Jaurlaritzaren partaide izan nintzen. Gaur egun, alderdi guztien gain dago, Euskal Herriari galdetu bitartean, iraungo duen estatutu iragankor hori zein izango den erabakitzea.

Beti esan ohi dut guk abertzaleen artean elkarrekin konpondu behar dugula lehenik. Elkar konprenitze hori lortu eta gero, egitasmo minimo bat eskaini behar zaie Euskadin dauden beste alderdi guztiei.

Gaur egun hitz askorekin ziria sartu nahi digute: autonomia, erregionalizatze, kontzertu ekonomiko, junta federal, etab. Gu Eusko Abertzaleak gara eta beldurrik gabe diot, espainolen eta frantsesen aurrean aldarrikatu behar da: gure Aberria Aturritik Ebroraino doa.

Ez dut neure burua agintzen ikusten, baizik Euskal Herriaren mistika ereiten, askatasunera hel dadin. Etxea geurea izango ez den bitartean lanean arituko naiz, “pintura” gero ikusiko. Hots, euskal indar guztien batasunerako lanean aritzeko gogoa daukat, eta hori lortuz gero, nire Bergarako etxera sartuko naiz, abestiak idazteko.

»
Telesforo Monzon, Enbatan 1977ko martxoan argitaraturiko elkarrizketatik hartua

Elkarrizketetan egon zen kazetari baten iritzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Egiaztatu ahal izan nuenez, era berean, ahots haserretuek, gorrotoz josiek eta autosufizientziaz eta harropuzkeriaz beteek, erregaia bota zioten historiaren suari. Beste batzuek, aldiz, jendetasun eta maila intelektual handia erakutsi zuten. Euren balioak eramangarriago egin zuen desadostasuna, eta elkar aditzea eta errespetua erraztu.

Gaur egun gisa horretako gatazkak konpontzen diharduten adituek duten jakituria eta esperientzia izan balu orduan jende horrek, Euskal Herria elkarbizitza eta askatasun eremu izango zatekeen iragan diren 35 urteotan.

Kontua da herentzia frankistak baldintzatu zuela euskal etorkizuna aukera bakarraren hoditeria zurrunetan trabatuta gelditzea. Bertaratuek euren posizioak pausu eta erdi mugitu zituzten doi-doi. Gainera, parte hartu zuten erakundeen zuzendaritzek ez zituzten euren aditurik onenak igorri akordioa lantzeko. Ondorioz, errealitateak ez zuen bat egin ez bakea erabakitzeko gaitasunarekin, ez bakea lortzeko borondatearekin. Ez euren ustez nagusi ziren alderdien artean, ez txikienen artean.

Hortaz, Xibertako golf-zelaiaren ondoan jokatu ziren zulo politikoak askatasunaren praktika ezaren eta debekuaren ondorio izan ziren. Abiapuntuko akatsa izan zen, jokoan leialtasun oro eragotzi zuena. Makilarik gogorrenarekin jo zen pilota, aurkariari ahalik eta lasterren eta ahalik eta kolpe kopuru handienarekin kalte egiteko.

»
Mirentxu Purroy, Punto y Horako kazetaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

̟̝̈ESB Eusko Sozialista Biltzarrea 1976ko ekainaren 11n, jendaurreko aurkezpena Arkautin (Araba)

ELA, Aintzina eta kooperatibistetatik etorritako taldeen koalizioa.

ESEI Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra 1977ko otsailaren 8an legeztatua. Kultura eta unibertsitate esparruei atxikitako sozialdemokratak.

EAJ-PNV Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco 1977ko martxoaren 16an legeztatua. Nazionalismo historikoa, Sabino Aranak sortua 1895ean.

̈EIA Euskal Iraultzarako Alderdia 1977ko apirilaren 2an legeztatua. ETA (pm)-ren VIII. Asanbleatik eratorria, eta EMK Euskadiko Mugimendu Komunistarekin EE Euskadiko Ezkerra koalizioa eratu zuten.

EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintza-Acción Nacionalista Vasca 1977ko apirilaren 14an legeztatua. Nazionalista sozialdemokrata akonfesionalak, 1930ean EAJ-PNVrengandik bereiziak.

EKA Euskalherriko Karlista Alderdia Karlismo historikoa, Carlos Hugok berreratua, autogestionarioa eta federala.

EHAS Euskal Herriko Alderdi Sozialista Iparraldeko HAS Herriko Alderdi Sozialistaren eta Hegoaldeko EAS Euskal Alderdi Sozialistaren fusiotik HASI sortu zen.

KAS Koordinadora Abertzale Sozialistaren kide sortzailea.

LAIA (bai) Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia. ETAtik erauzia 1974an. Marxista-leninista, aliantza abertzaleen aldekoa. KASen sartu zen.

LAIA (ez) ETA (pm)-tik bereizitako taldea 1974an. Soilik marxista-leninista mailako taldeetan biltzearen aldekoa.

ETA (m) Euskadi Ta Askatasuna (Militarra) ETAren zatiketa 1974an. Borroka armatuaren aldeko adarra.

ETA (pm) Euskadi Ta Askatasuna (Politiko-Militarra) ETAren zatiketa 1974an. Borroka armatua eta masa-operazioak uztartzearen aldeko adarra.

BEREZIAK edo ETA (pm)’ ETA (pm)-ren zatiketa 1977an, zuzendaritza likidazionistatzat jotzeagatik. Komando Bereziak talde armatua osatu zuten.

Alkateen taldea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalen mugimendua, Jose Luis Elkoro gidari, hasieran (1976ko uztailaren 21). Erabateko Foru Berrezartzea zuen aldarri. 69 udal atxiki zitzaizkion Bergaran, eta Nafarroan, (Etxarri Aranaz, 1977ko urtarrilaren 16a), 174 udal.

Euskal herritarren helburuak bere egin zituen, eta trantsizio garaiko Espainiako Gobernua eta ministroekin maila goreneko solaskide izatera heldu zen, alderdi politikoak legeztatu arte.

Bosgarren eta azken bilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Erakunde abertzale guztiek parte hartu zuten, EAJ-PNVk izan ezik. Bildutakoek azken gertakizunen berri eman zuten, eta indar publikoak herriaren aldarrikapen justuengatiko borrokaren aurka izan zuen jardun gaitzesgarria kondenatu zuten.

Ondoren, EKAk beranduenez ekainaren 6a arte hauteskunde kanpainan parte hartzea erabaki zuela adierazi zuen, eta bere parte-hartzea amnistia osoa eta askatasun demokratikoak lortzeak baldintzatuko zuela. Egun hartarako baldintza hauek bete ezean, bere hautagaitzak kendu eta abstentziora pasako ziratekeen. KASek esan zuen arratsalde hartan (maiatzaren 17a) kenduko zituela bere hautagaitzak eta abstentzio aktibora pasako zela.

EAE-ANV, ESB eta ESEIk esan zuten ez zutela horri buruzko behin betiko erabakirik hartu, baina hilaren 23rako, astelehena, erabakiko zutela hitz eman zuten.

Azkenik, txosten hau irakurri zuten eta bilerako parte-hartzaile guztiek ontzat eman zuten, eta argitaratzea erabaki, uste baitzuten beren kudeaketa guztien berri eman behar zitzaiola gure herriari.

Sinatzaileak: EKA, EAE-ANV, ESEI, ESB, KAS (EHAS, EIA, LAIA (bai)), ETA (pm), ETA(m), Alkateen Taldea, Telesforo Monzon.

»
Punto y hora, 1977/05/17

Epilogoa Mirentxu Purroiren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Xibertako elkartze haietako azken batzarra Miarritzeko Euskal Jain egin zen, 1977ko maiatzaren 23an. Han zegoen ordura arteko ordezkaritza guztia, EAJ-PNV izan ezik.

Hitz egiten azkena Telesforo Monzon izan genuen. Bere duintasunak denok txunditu gintuen. Izan genuen portaera eta egin genuen ahaleginarengatik eskerrak eman ondoren, hitz hauekin bukatu zuen: «Madrilekin herritik herrira hitz egiten ez dugun bitartean, ez dugu esaten ahalko “zatoz enbaxadore jauna, lehendakaria zain duzu”».

Euskal Jairen aurrean dagoen parking zabalean, Santi Brouard, Txomin Iturbe, Miguel Beñaran Ordeñana Argala, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes, Jose Luis Elkoro, Jose Antonio Altuna eta neroni noraezean geunden, abere zaurituak bezala. Halako batean, Monzonek dei egin zigun: «Jaun-andreak, gaur neuk gonbidatzen zaituztet bazkaltzera, ezagutzen dut ostatutxo bat, salda, bainuontzian ezik, eltzean egiten dutena». Monzonen ostatutxoa Arrangoitzeko jatetxe hoberena zen. Gela erreserbatu batean bazkaldu genuen, mahai txukun bat inguruan (lore eta guzti).

Bazkaria ezin hobea genuen arren, ehorzketa giroa zegoen. Kafea mahairatu zigutenean Monzonek ozenki esan zuen: «Jaun andereak, burumakur ez dago aurrera egiterik, alderdiekin ezin badugu batasunik egin, herriarekin egin beharko dugu, ez ?». Brauki leihoa irekitzea bezala izan zen hura. Pindarrek behar zuten ufakoa suari berriak garretan jartzeko. Bihotzak piztu zitzaizkigun, eta puruak ere berez hasi ziren ketan.

»
Mirentxu Purroi, Punto y horako kazetaria

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Fernández Soldevilla,, Gaizka. (2009). «"Ellos y nosotros": la Cumbre de Chiberta y otros intentos de crear un frente abertzale en la Transición» Historia del presente (13): 97-114. ISSN 1579-8135..
  2. Fernández Soldevilla,, Gaizka. (2010). Ya no es todo blanco o negro: ETA, la izquierda abertzale y el cambio político en España (1974-1977). in: Novísima: II Congreso Internacional de Historia de Nuestro Tiempo. ISBN 978-84-693-6557-1..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]