Edukira joan

Joseba Arrieta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joseba Arrieta
Bizitza
JaiotzaBegoña eta Bilbo, 1932
Heriotza2022ko azaroaren 30a (89/90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Joseba Arrieta Txertudi (Begoña, Bilbo, 1932 - 2022ko azaroaren 30a) Karmelo Ikastolaren sortzailetako bat izan zen, eta geroago Kirikiño Ikastolako zuzendaria ere izan zen.[1][2] Gaztedi dantzari taldean ere parte hartu zuen hasieratik.[1]

Gaztedi Dantzari Taldeko sortzailetako bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Txanton Goiria karmeldarrarekin batera Gaztedi dantzari Taldearen sortzailetako bat izan zen Joseba Arrieta. Dindirri dantza talde mitikoaren laguntza teknikoa izan zuten (Txelu Etxebarria izan zen laguntzaileetako bat). Grupo de Danzas Vascas de la Juventud del Carmelo y Praga de Begoña izenpean egin zuten lehenengo emanaldia, baina bi urte geroago Talde Gazte izena hartu zuen, eta gerora bilakatu zen Gaztedi. Bizkaiko dantzekin hasi ziren, eta gerora gainerako lurraldeetara jo zuten, han-hemengo dantzak ikastera.[3]

Garai hartan nahiko ohikoa zen komentu eta parrokiek mota guztietako kultur jardueretarako ematen zuten babesa. Gazte-gaztetatik folklore-taldeetan hasi zen lanean Joseba Arrieta.

« Folklorea zen egin zitekeen jarduera bakarra; folklorea nonahi erein zen. Ia guztia komentuen eta parrokien itzalpean egiten zen, poliziak erakunde horiek gehiago errespetatzen zituelako. Euba, Karmelo eta Iralabarriko komentuetan biltzen ziren gazte talde aktiboak, Ekintza Katolikoaren eta prestakuntza espiritualeko beste programa batzuen diziplinaren pean. »

Joseba Arrieta (1991)[1]


Karmelo ikastolako sortzaileetako bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

gabin-azaola-jose-luis-kerexeta-joseba-arrieta-iñaki-zabala
Karmelo ikastolaren sortzaile taldea: Gabino Azaola, Jose Luis Kerexeta, Joseba Arrieta eta Iñaki Zabala (ezker-eskuin).[4]

1964an Bilbon euskaraz irakasteko zentro bakarra Elkano kalean zegoen, horretarako Euskaltzaindiaren babespean legeztatua izan zelarik. Elkanon bateratu ziren, euskara umeei irakasten izandako esperientzia guztiak, hots, San Nikolas elizako katekesikoak (1957), frantziskotarrek izandakoa eta zenbait etxebizitzatan izandakoak.[2] María Ángeles Garai izan zen Bilboko andereño aitzindaria, Elbira Zipitriaren ereduari jarraituz.[5]

Esperientzia horiek arriskugarriak ziren andereñoentzat, irakaskuntzatik kanpo egotera zigorturik geratzen baitziren.[2]

Ez egotearren, 1964an ia-ia kalerik ere ez zegoen Santutxun. Euskararen presentzia ere oso urria zen han. Euskarazko ikastaldi batzuk ematen zituen Joseba Arrietak Zabalbide kaleko Segunen tabernan, geroago Bar Arrieta egongo zen tokian. Hantxe bertan bildu ziren 1964an hasieran Karmelo ikastolaren lau sortzaileak: Gabino Azaola, Jose Luis Kerexeta, Joseba Arrieta eta Iñaki Zabala.[2]

Sariak eta aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Berandu hasi zen lehen kurtso hura, 1964-65 ikasturte historiko hartan. Irakaslea Itziar Zarraonaindia izan zen, eta, berria zenez, Itziar Berrojalbiz-ek lagundu zion bere esperientziarekin. [...]

Kontutan hartu behar da, orduan ia ez zegoela euskaldunik, magisteritza-ikasketak eginda zeuzkanik. Eta irakaskuntza arrunterako, magisteritzaz gainerako agiriak gobernu zibilak ematen zituenez, aurretiaz ikastolan andereño izatea arriskugarria izan zitekeen. Certificado político-social izeneko agiri hori lortzea oso zaila zen hemengoentzat. [...]

Maiatzean inspektorea legez kanpo ari ginela eta ikastola berehala itxi behar zela jakin erazi zigun. Ikasturtea ez galtzeko, ume nagusienak Elkanora bidali genituen... [...]

Presupostuari aurre egiteko, bonu batzuk atera genituen eta txikiteroen taldeen artean saldu. Zerrenda bat neukan eta hilero-hilero batzuk 25 pezeta ordaintzen zuten, beste batzuk 100. Hori frankismoaren aurkako militantzi mota bat zen, zalantzarik gabe. [...]

Hirugarren urtean bi gela utzi zizkiguten fraideek Karmeloko komentuan, baina zine-aretoaren bestaldean oraingoan, obrengatik edo ez dakit zergatik. Aurrerantz gindoazen. Itziarrek alde egin zuen, baina beste bi andereño etorri ziren, Bego Uriarte mundakarra eta María Luisa Markuerkiaga ondarrutarra. Nolanahi ere, euskaraz ikasteko baimenak ez zetozen Madriletik. [...]

Ordura arte guk ezin genuen eskolatze-kartilarik eman, eta gure umeetariko batzuk Elkanon zeuden ofizialki apuntaturik, beste batzuk Deustun, eta Berrio-Otxoan ere baten bat. Ordutik aitzina alderantziz gertatzen zen; geuk ematen genien babesgo ofiziala beste ikastola batzuei, beraien papeleoak konpondu bitartean, Erandiokoari adibidez. [...]

»

Joseba Arrieta[2]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Arrien, Gregorio. (1991). Bizkaiko ikastolak, 1957-1972. Beren hasiera eta antolaketa.. Eusko Ikaskuntza.
  2. a b c d e Karmelo ikastola. (1989). «Karmelo ikastola, Santutxu, 25 urte. 1964-1989 — Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  3. Txintxurreta Agirregabiria, Maite. (2022-06-16). «Gaztedi beti gazte, 70 urte beteta ere - Santutxu» Uriola.eus (URIOLA) (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  4. Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985)» filmoteka.eus: 14'21-15'15. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  5. «Maria Angeles Garai Bizkaiko aurreneko ikastolako lehen andereñoa hil da» EITB Euskal Irrati Telebista 2022-03-24 (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  6. Euskara, Kultura eta Kirol Saila. (2015-12-02). «BIZKAIKO AHALDUN NAGUSIAK ETA EUSKARA ETA KULTURA DIPUTATUAK LAUAXETA 2015 SARIAK EMAN DITUZTE - Komunikazioa - Bizkaia.eus» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-14).
  7. (Gaztelaniaz) Eguskiza, L.. (2015-12-03). «Meabe, Arrieta, Zubiri y Zearra, pioneros en el ámbito de la enseñanza» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-06-13).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Karmelo ikastola, Santutxu, 1964-1989 Wikiteka. 25. urteurreneko liburuxkaren atal batzuk (Ikastolaren sortzaileen Iritziak eta asmoak. Auzoa euskalduntzeko etxez etxe sortutako proiektua. Karmelo ikastolaren kulturaren alde. Ikastolaren eragina Santutxu auzategian).