Karmelo ikastola

Koordenatuak: 43°14′53″N 2°54′49″W / 43.24802542°N 2.91367683°W / 43.24802542; -2.91367683
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Santutxuko ikastolari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Karmelo ikastetxea (Donostia)».
Karmelo ikastola
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°14′53″N 2°54′49″W / 43.24802542°N 2.91367683°W / 43.24802542; -2.91367683
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1964
Kontaktua
HelbideaSan Joakin, 2.
48004 Bilbo
Telefonoatel:+34944280128
Webgune ofiziala

Karmelo Ikastola IPI Bilboko Santutxu auzoko ikastetxe publikoa da, 1964. urtean sortua. 2 urtetik 16 urtera arteko hezkuntza eskaintzen du, euskara hutsean. Ia 700 ikasle ditu, gaur egun, eta bertan 100 langiletik gora aritzen dira.

Hezkuntza-eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikastetxe publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karmelo Ikastola oso errotuta egon da Santutxun, sortu zen egunetik bertatik. Auzoko hainbat ekimen kulturalen sortzaile edo sustatzaile izan da: Inauteriak, Santa Ageda, Euskararen Astea, Korrika, Olentzero[1]

Horrekin batera, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko apustua egin zuen hasieratik. 1994az geroztik eskola publikoa da Karmelo[2].

Euskalduna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal kultura eta euskara transmititzeko konpromisoa hartu zuten Ikastolako sortzaileek, eta konpromiso hori gaur egunera arte mantendu du ikastetxeko hezkuntza-komunitateak, hezkuntza-proiektuaren ardatz nagusi bihurtuz.

Integrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karmelo Ikastola Ikastetxe Publiko Integrala (IPI) da: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen ditu, 2 urtetik hasita eta 16 urtera arte. Norberaren banakotasun eta berezitasunetatik abiatzen da proiektua, izaera desberdinak onartzeko eta genero bereizketatik kanpo aritzeko. Kontzientea den proiektu hezitzailea izan nahi du: aukera berdintasunean eta neska-mutilen arteko parekidetasunean oinarritua, pertsona askeen garapen integrala helburu duena.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikastolaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

gabin-azaola-jose-luis-kerexeta-joseba-arrieta-iñaki-zabala
Karmelo ikastolaren sortzaile taldea: Gabino Azaola, Jose Luis Kerexeta, Joseba Arrieta eta Iñaki Zabala (ezker-eskuin).[4]

1964an Santutxu auzoko guraso-talde batek, haien seme-alabak euskaldundu eta euskaraz hezteko asmoz, ikastola bat sortu beharra zegoela erabaki zuten. Euskararentzako oso garai latzak zirela kontuan izanda, auzoko karmeldarren komentuaren babesa eskatu zuten, eta bertan ezarri zen klandestinoki egoitza, gela batean, adin desberdinetako 15 haurrekin.

1968an aritzeko baimena eman zion Espainiako Gobernuak, «euskarazko irakaskuntza gehigarria» eman zezakeen eskola pribatu gisa[5], eta «Colegio El Carmelo» izenarekin. Gurasoek kooperatiba bat sortu zuten, eta auzoko norbanakoen eta elkarteen laguntza ekonomikoari esker biziraun zuen ikastolak.

1964an sortu zutenen artean zeuden Joseba Arrieta, Joxe Luis Kerexeta, Iñaki Zabala eta Gabino Azaola, baita familia hauek ere: Kerexetatarrak, Arrietatarrak, Basterratarrak (Juanjo, Martin, Joseba…).

Zatiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karmelo elizako lokalak txiki geratu ziren, urteak pasa ahala, eta ikastolak eraikin berri bat behar zuela nabaria zen; ikastolako guraso batek, Iñaki Azaola eraikitzaileak, Torre Gorostizaga kaleko lokal batzuk emango zituen, bertan ikastola kokatzeko. Aldi berean, Barne Eraketarako Arautegi berri bat lantzeko asanblada sortu zen ikastolan, 1976an. Arautegi honen inguruko eztabaida piztu zen, eta hainbat desadostasun gertatu ziren asanblada osatzen zuten gurasoen artean. Horien kausaz, bi aurreproiektu kontrajarri mahairatu ziren, guztiz bateraezinak, eta egoera erabat garraztu zen. Ondorioz, ikastolako gurasoak bi taldetan banatu ziren, eta zatiketa gertatu zen. Ikastolatik joandako taldean zegoen Azaola jauna, eta, horrela, lokal berririk gabe geratu zen ikastola[6]. Zatiketaren ondorioz sortutako beste ikastolak Kirikiño ikastola izena hartu zuen 1977an[7].

Ikastola berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Premia larria zen, eta gurasoek zeru-lurrak astindu zituzten lokal berrien bila. Santutxu bezalako auzo populatu betean ez zen lan makala izan, baina azkenik, Fika eta Menendez y Pelayo kaleak hartzen zituen etxebizitza-eraikin bateko etxabeak erosi zituzten, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako, eta Remigio Gandasegiko beste batzuk, Haur Hezkuntzakoentzat.

Ikastola barneko eraikuntza auzolanean egin zen, musutruk eta elkarlanean arituz. «Oso gogorra izan zen. Arratsaldeko 7etan batzen ginen, lanetik irten ostean; izugarri lan egin genuen ikastola eraikitzeko» Jose Luis Kerexetaren esanetan, sustatzaileetako bat. Ahalegin ekonomikoa ere, izugarria izan zen; izan ziren etxea hipotekatu zutenak, beharrezkoak ziren kredituak lortzeko. Azkenean, 1978an estreinatu zen ikastola berria.

Izen-aldatzea eta publifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte luzez «Cooperativa de Enseñanza Colegio El Carmelo» izena mantendu ostean, gaur egungoa («Karmelo Ikastola») eskuratzea lortu zuen, 1989an.[8] Euskal Eskola Publikoaren aldekoa zen ikastolako hezkuntza-komunitate osoa; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zehar hainbat mobilizazio eta manifestazio antolatu zituzten, lehendabizi Eskola Publikoaren aldeko lege berria eskatuz, eta, ondoren, Karmelo Ikastola sare publikoan txertatzeko. 1994an egin zen publiko, azkenik[2]. 1998an, Solokoetxe auzoan dagoen Bigarren Hezkuntzako «Solokoetxe» Institutuari izena aldatu eta «Karmelo Ikastola-Solokoetxe» bihurtu zen.[9]

Lekualdatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Map
Karmelo Ikastolako 3 eraikinak: Remigio Gandasegi kalean, Menendez y Pelayo kalean, eta Solokoetxen.

Ikastolako lokalak, baina, zaharkituz joan ziren, eta ez zieten ikastetxearen beharrei erantzuten. Gainera, Karmeloko ikasleak hiru eraikinetan zeuden sakabanatuta: Haur Hezkuntzakoak Remigio Gandasegi kaleko lokaletan, Lehen Hezkuntzakoak Menendez y Pelayoko etxabeetan, eta Bigarren Hezkuntzakoak Solokoetxen. Aspaldikoa zen eraikin berri baten aldarria: ikastolako gurasoen artean bazegoen alboko orube batzuk erabiltzearen aldeko eskaria[10], baina Jaularitzaren aldetik ez zegoen erantzun garbirik. 2003an hartu zuen konpromisoa eraikin berri bat lortzeko[11], baina asmo hori ez zen egikaritzen[12].

Orduan ere, mobilizazio eta manifestazio ugari egin ziren, bereziki Jaularitzaren asmo berria jakin zenean: Mina del Morro-Larreagaburu HLHI eskolarekin fusioa. Honek ezinegon handia sortu zuen gurasoengan; gainera, sortzen ziren proposamen alternatiboek ez zuten erantzunik jasotzen Administraziotik.[13]

2014an, ikastolaren sorreraren 50. urteurrenarekin batera Karmelo Ikastola eraikin berri batera lekualdatu zen[14], San Joakin kalera hain zuzen, Mina del Morro-Larreagaburu HLHI eskolaren ondoan, eta bertan, ikastetxe integral (IPI) bihurtzeko aukera azaldu zen: haur eta lehen hezkuntzaz gain, bigarren hezkuntza ere eman ahal izango zen, bi lerrotan.[15]

Mina del Morro-Larreagaburu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DBH eraikineko patioa

2019an 2 urteko gelako matrikulaziorik ez egitea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, Mina del Morro-Larreagaburu HLHI eskolan. Hurrengo ikasturtean gauza bera egin zuen 3 urtekoarekin.[16] Eskola ixteko lehenengo pausuak ematen ari zirela salatu zuten bertako guraso eta irakasleek, eta horren aurkako hainbat manifestazio egin ziren, auzoko ikastetxe publikoek antolatuta.[17] Jaurlaritzak, azkenik, eskola itxi eta Karmelo Ikastolako DBH eraikin bihurtzeko erabakia hartu zuen. 2022-23 ikasturtean gauzatu zen lekualdatzea. Honek 3. lerroaren sorrera ahalbidetu zuen, Lehen Hezkuntzan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985) 14:21 Karmelo Ikastolako umeak 'Hator hator' eta 'Kanta Aleluia' kantatzen, Bilboko Zazpikaleetan.» filmoteka.eus (Euskaldiko Filmoteka. Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea.): 14:21 -- 15:15'. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  2. a b «65/1994 DEKRETUA» EHAA 40: 1776-1777. 1994-02-28 ISSN 2483-5374..
  3. «Karmelo Ikastola» Karmelo Ikastola (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  4. Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985)» filmoteka.eus: 14'21-15'15. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  5. Ikastola mugimendua, dabilen herria. Euskaltzaindia, 58 or. ISBN 978-84-95438-77-5..
  6. «Santutxuko ikastola apurturik» Anaitasuna (Bilbo) 340: 18-26..
  7. (Gaztelaniaz) «Kirikiño Ikastola - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  8. «Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa-Sailaren 1985.eko Urtarrilaren 31ko agindua» EHAA 56: 595-596. 1985-02-15 ISSN 2483-5374..
  9. «Agindua, 1998ko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena.» EHAA 81: 7707. 1998-05-05.
  10. (Gaztelaniaz) «Cartas al Director: Karmelo Ikastola» El País (Madrid) 9.144 2002-06-09 ISSN 1134-6582..
  11. (Gaztelaniaz) «Karmelo Ikastola sale cuatro años después a la calle para exigir el edificio prometido» Gara 2007-06-16 ISSN 1695-8969..
  12. «Borrokari eutsi eutson Santutxuk» Egunkaria: 6. 2003-01-05 ISSN 1134-640X..
  13. «Karmelo ikastola Santutxun gelditzeko exijitu dute gurasoek Celaá sailburuaren aurrean» Branka 2011-06-06.
  14. (Gaztelaniaz) «Educación decide trasladar a 400 niños de una ikastola de Santutxu a Bolueta» Deia 2011-04-16.
  15. Mallea, Lur. «Karmelo Ikastola eraikin berrian azkenik» Berton (Bilbo) 2013-11-6 ISSN 1577-9025..
  16. (Gaztelaniaz) Zugadi, Ane. (2020-01-17). Educación cierra el aula de 3 años del centro Mina del Morro de Santutxu. SER.
  17. (Gaztelaniaz) Fernández Vallejo, Marta. (2020-02-07). «Familias de las escuelas públicas y vecinos de Santutxu piden que no se cierre Mina del Morro» El Correo ISSN 1577-077X..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]