Bilbok anexionatu zuen 1925ean. Infotaulako datu estatistikoak Bilbokoak dira
Begoñako Errepublika (edo Begoñako elizatea) Bizkaian zegoen Begoña udalerriaren izen ofiziala izan zen 1925era arte, Uribe merindadean. Gernikako Juntetxean Begoñako aulkia 36.a zen.[5][6][7]
Nagusiki baserri giroko udalerria zen,[8] baina XIX. mendean fabrika garrantzitsuak sortu ziren Begoñan eta , esate baterako, Boluetan kokatu zen 1841ean Bizkaiko lehendabiziko siderurgia-fabrika. Nekazaritzari dagoenez fruta-arbol, ganadu eta barazki-ortuez gain, mahasti ugari ere bazegoen Begoñan, eta txakolin asko egiten zen.[9][10] Hortik dator udalerriak zuen Mahatserri ezizena, baita bertakoei ematen zitzaien mahatsorri izena ere.[11][12]
Berez, historian urrutiagora joanda, Begoñako lurretan sortu zen Bilbo 1300an; Begoña herria aipatu zuten Bilbo sortzeko Hiri-gutunean ("Carta Puebla"). argi dago, beraz, Begoña lehenagotik ere bazela.[13][14]
Begoñako ibai nagusia Ibaizabal da, ibai horren eskuinaldean dago, ibaia itsasadar bihurtzen den tokian baino lehentsuago (Boluetatik, Larreagaburu eta Atxuriraino) eta aurrerago, Bilboko Zazpikaleak gaindituta, Begoñaibarran (edo "Campo Volantin"). Ibaizabalek markatzen du elizatearen hegoaldeko eta mendebaldeko muga hainbat tokitan. Bestalde, badira (edo baziren) Ibaizabaleraino edo Asua ibairaino heltzen diren 14 erreka: Artxandako ipar-isurian Saratxe eta Egirleta (edo Argileta edo Agileta ere bai) errekak Asua ibairaino jaisten dira, eta hego-isurian Begoñatik atera gabe Ibaizabaleraino jaisten direnak: Artasamina (edo Arkotxa, muga Deusturekin), Urgogor (edo Urgozo), Altamira, Zelemintxu-Goikoetxea, Mendieta, Landeta-Iturriran (edo Zurbaran),,[15] Berdel, Errekako, Atxeta, Larrakoetxe, Arabella, Ugarte, San Agustin, Iturribide, Bosque, Garai-Matalobos, Urgorri (edo Larratundu), Ugerleku eta Azkaraibeko (edo Mikoleta, muga Etxebarrirekin).[6][16]
Erreka horietako batzuk asfalto azpian desagertu dira gaur egun. Esaterako, Matalobos erreka 1960ko hamarkadako urbanizatze masiboan desagertu zen; errekaren ibilbidea egungo Txurdinaga auzoan dagoen Gabriel Aresti kalea zen, eta oraingo kiroldegitik pasatzen zen Boluetaraino. Gaur egun kale horien azpitik kanalizatuta dago Matalobos erreka.
Tenperatura maximoen eta minimoen batezbestekoak (°C)
Euria litro/m2-tan
Begoñako klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eraginaz, eta tenperatura leunak ditu urte osoan. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onberarekin eta uda ez oso beroekin. Dena dela, bai udan bai neguan egun oso hotzak eta termometroa 40 °C-taraino igotzen den egunak badira. Batez besteko tenperatura 21 gradukoa da udan, eta 7koa neguan.
Urteko prezipitazioa 1200 mm inguru da, urtean zehar homogeneoki banatuta, baina gehienbat neguan udan baino euri gehiago egiten du.
Txurdinaga eta Otxarkoaga inguruan nolabaiteko mikroklima gozoago bat dagoela aipatu izan da. Artxandako mendilerroak eta Artagan muinoak ipar eta mendebaldetik datorren haize hotzaren babesean dago, eta horren ondorioz mahatsa lortzeko mikroklima oso egokia omen zen Begoñakoa.[17]
Bilbo sortu baino lehenagotik ere bazegoen Begoña. Bilbo hiribildua Begoñako lurretan sortu zuten 1300. urtean Ibaizabal ibaia (Nerbioi ibaia esaten zitzaion lehen) itsasoko urekin batzen zen meandroan.[18][19] Hiribildua 1300eko ekainaren 15ean sortu zen, hala adierazten baitu Bilboko Uriaren eraketa gutunak.[20] Akta horretan inguruko lur guztiak "ematen" zaizkio Bilbo sortu berriari; baina hori kontraesan nabarmenean zegoen Begoñako, Deustuko eta Abandoko elizateen eskubideekin. Mendeetako eztabaida ireki zen gai horri buruz.[7][21]
Bilbao, Begoña, Abando eta Deustu 1544an. Begoñako Eliza eta Santa Klara kalea (Zabalbide) ikusten dira.Begoñako basilika eta Begoñako errepublikako udaletxea (egun eraitsia) 1920an.
Loiu barrutian «Vecunienses hoc munierunt (Vecuniarrek hau egin zuten)[22]» dioen inskripzioaren berri eman zuen Gabriel Henaok XVII. mendean. Vecunienses hori begoñatarrak aipatzeko latinezko antzinako forma bat zela uste izan da. Emil Hübnerrrek inskripzio faltsutzat eman zuen arren Miguel Unzueta eta Fernando Fernández arkeologoek benetakoa dela defendatu izan dute eta Vecunia izena zelta hizkuntza batekin lotzen dute.[20]
Uribeko merindadeari zegokion udalerria zen. Lur haietan zeuden Santo Domingo eta San Justo ermitak, bai eta Uribarriko Kristoren, San Joakinen eta Boluetako Santa Anaren eta Paulako San Frantziskoren ermitak ere. 1500. urtean Cueto lizentziatuak egindako apeoan ikusten denarekin bat, errepublikaren barruan zeuden auzoak hauek ziren: Artazuriña, Zurbaran Behekoa eta Zurbaran Goikoa, Otxarkoaga eta Lonzoño, Zuazo Goiri, Larrakoetxea, Iturriaga eta Uribarri de Yuso. Toki hartako biztanleek landa-bizitza lasaia zuten; gehienak, nekazariak eta txakolin-egileak, San Gregorio Naciancenoren kofradian bilduta zeuden.[20] Azaroaren lehenean egiten zen ganadu-feria oso jendetsua zen, udaletxeko plazan egiten zen, Basilikako atzeko aldean, plaza eta udaletxea kendu zituztenean Santutxun antolatzen hasi zen Basarrateko zelaian.
XVII. mendea - «Vecunienses hoc munierunt (Vecuniarrek hau egin zuten)[22]» dioen inskripzioaren berri eman zuen Gabriel Henaok XVII. mendean.
1764 - Errepublika etxea eraiki zuten (udaletxea), 1856an konponduta eta 1957an bota zuten.
1772 - Eskolan gaztelania soilik erabil zitekeela ezarri zuen Espainiako Karlos III.ak.[24]
1784 - Begoñako elizatean 226 sutondo ("fogera") zeuden, bost auzotan banatuta: Begoña edo Otxarkoaga, Kaltzadak, Atxuri, Bolueta eta Uribarri. [25][26]
1867 - Era orotako antzezlanetan, berriro ere euskara espreski debekatzen zuen legea ezarri zuten espainiar gorteek 1867an (Isabel II.aren errege aginduz).
1889 - Martxoaren 8an emakume zigarrogile matxinatu egin ziren Tabako Fabrikan.
1889 - 2.561 biztanle ditu Begoñak. 29 urte lehenago baino dezente gutxiago; arrazoiak lau dira karlistaldia, emigrazioa, izurriteak eta Bilbok kendutako auzoak.[29] Biztanleen laurdena baino gehiago (711) Boluetan bizi da, Santa Ana fabrikari eta ostalaritza-establezimenduei lotuta.[29]
1902-1907 - Basilikako dorre berria eraikitzen da (Bigarren Karlistaldian apurtu zen zaharra).
1903 - Bizkaiko zaindari izendatu zuten Begoñako Andra Maria.[28]
1910 - 5.802 biztanle ditu Begoñak, eta hamar urte geroago ia bikoitza: 11.097.[6] Garapen industrialak etorkinak erakarri ditu. Bizkaitik eta Espainiatik.
1917 - Lehen Mundu Gerraren garaian, Etxebarria fabrikak HEVA altzairuak estatu mailako lehen altzairu bereziak patentatu zituen.[30]
1924 - Primo de Riveraren diktadura hasten da, 1930era arte iraun zuen. Ekitaldi publikoetan euskara erabiltzea debekatu zen.
1925 - Bilbok Begoña osoa anexionatzen du. Deustu eta Lutxana ere bai.
1937 - Ekainaren 19an armada frankistak hartzen du Bilbo eta Begoña. Euskaraz hitz egitea debekatu zen. 1938an erregistro publikoetatik ezabatu zuten.eta geroago esparru publiko guztietatik ere bai.
1946 - ASUA Tailerra irekitzen dira. Geroago Talleres Mecánicos Artagan izango zen 1990era arte.
1957 - Errepublika etxea eraitsi zuten Zumalakarregi etorbideko tunelak egiteko.
1960 - 3.672 etxebizitza eraiki ziren Otxarkoagan, urtebete eta erdian.
2003 - 125.000 biztanle ditu Begoñak.[6][35]XXI. mendearen lehen hamarkadan biztanleria egonkortu eta jaisten hasi zen.
2005 - Boluetako Santa Anako lantegi zaharrak bota zituzten, eta zortzi urte geroago gauza bera egin zuten bola-fabrikarekin, Trapagaranera eramanda.
2006 - Begoñako kanposantuaren itxiera. 1943an lurperatu zuten azken hildakoa hobietan eta 2003an panteoietan.[36]
2024 - 117.796 biztanle ditu Begoña, 2003an baino 7.000 gutxiago.
2024 - Anexioaren 100. urteurrenean hainbat ekitaldi antolatu ziren Begoñan eta Deustun elizate haien nortasuna Bilbo barruan ere bizirik dirauela erakutsi eta ospatzeko.[37][7][38][39]
Bilbo inguruko beste herri batzuetan bezala, Begoñak hazkunde izugarria izan zuen XX. mendearen bigarren erdialdean. Hala ere, kasu honetan hazkunde nagusia hamarkada bat geroago gertatu zen, 1960ko hamarkadatik aurrera, Bilboko itsasadarreko herri asko ordurako hainbat urtetako hazkunde handia jasaten ari zirenean. Gainera, inguruko beste herri horietan ez bezala, 1980ko hamarkadako krisialdi ekonomikoak ez zuen populazioaren gainbehera eragin, eta hazkundeak, motelago bada ere, jarraitu egin zuen XX. mendearen bukaera arte. XXI. mendearen lehen hamarkadan biztanleria egonkortu eta jaisten hasi zen.
Hazkuntza demografikoaren adibide argienak Santutxu eta Otxarkoaga auzoak dira.
Eustaten arabera, Santutxu auzoak guztira 30.576 biztanle zeuzkan 2023. urtean[40]. Udalak dituen datuen arabera, 31.133 biztanle ziren 2021. urtean.[41] 80,68 hektareako azalera izanik, biztanle dentsitate gehienetarikoa duen Bilboko auzoa da Ametzolako auzoarekin batera.[42] Solokoetxe eta Iturralde auzoak Santutxun kontutan hartzen badira, 2018 urtean Santutxu Europako biztanleria-dentsitate handieneko inguruetako bat da.[42][35][43]
1950eko hamarkada bukaeran, San Ignazio auzoko txaboletako biztanleei etxebizitza berriak emateko asmoa erakutsi zuen orduko erregimen frankistak.[44][45] Horretarako, Otxarkoaga eta Astrabuduako auzoak eraiki ziren. Ehunka etxebizitza, material merkeez eraikiak, eta altuera ezberdinetako blokeetan banaturik. Otxarkoagan, guztira 3.672 etxebizitza eraiki ziren, urte eta erdiko epean. Etxebizitza-poligonoaren plan partziala 1959an idatzi zen, eta auzoaren eraikuntza 1964an inauguratu. Ocharcoaga laburmetraia (1961)Jordi Grau kataluniar zuzendariak egin zuen 1961ean, Otxarkoaga auzoko sorrerari buruz.
Begoñako biztanleriaren bilakaeraz datuak eman dituzte Labayruk Bizkaiko ermitei buruzkoa liburuan, eta José Antonio Pérez Pérez-ek "Bilbao y sus barrios : una mirada desde la historia" liburuan.
Bestalde 2003ko erroldako datuak Begoñako ikuspuntutik aztertu zituen J. Larrazabalek Berton aldizkarian, urte hartan Begoñak 125.000 biztanle zituen.[47] XX. mendean zehar Begoñako biztanleria 25 aldiz handiago izatera ailegatu zen, 5.000 bizilagun izatetik 125.000 izatera pasa zen. 2003az geroztik biztanleria egonkortu zen eta jaitsiera txiki bat izan da hurrengo 20 urtetan, 2024an 117.796 biztanle zeuden.
Jarduneko alkatea 1924ko abuztutik-1925eko urtarrilaren leheneraino.
«
Juan Orue karlista eta integrista ezagunaren seme, Carlos Orue Begoñako alkatea zen 1899an (28 urte zeuzkala) eta harrez gero sarri hartu zuen herriko aginte makila hurrengo urteetan ere. 1903an, esate baterako, Begoñako prozesio iskanbilatsua egin zutenean, baita hamaika urte geroago ere, 1914an alegia. Legegizona ogibidez, elektrizitatearen negozioan zebilen sartuta. Politikan katolizismotik abiatuta, jeltzaleengana hurreratu zen eta garai hartako prentsan sarritan identifikatu zuten ideia abertzaleekin.
Miguel Primo de Riverak 1923ko irailaren 13an Espainian estatu kolpea eman ondoren udal hauteskundeak antolatu ziren; hurrengo hilabetean, urriaren 2an, Begoñako azken udal-batza osatu zuten honako hamabost zinegotziekin ("Bokal jaun andreak", gaztelaniaz: Señores Vocales ): Mariano Díaz, Víctor Ugarriza, Federiko Eskauriaza, Gregorio Urkaregi Otxandiano, Calixto Santamarina, Jose Antonio Gisasola, Jenaro Lumbreras, Ernesto Allende, Andrés Mota, Joaquín Gómez, Antonio Soloaga, Anastasio Gardiazabal, Adolfo Yturriozbeitia, Félix Juan Pereda y Antonio de la Cuesta.
Hamabost "zinegotziok" aho batez, guztien adostasunez, Federiko Eskauriaza aukeratu zuten alkate, anexioaren aurka ekin nahian. Handik 10 hilabetera, 1924ko abuztuan, anexio-prozesua geldiezina izango zela ulertuta, Eskauriaza alkateak "egun batzuetarako" utzi zuen kargua, eta Ernesto Allendek bihurtu zen jarduneko alkatea. Azkenean jarduneko alkate jarraitu zuen anexioa gauzatu arte, Eskauriazak ez baitzuen parte hartu nahi urte bukaeran egin zen botere-aldaketa inposatu hartan.[54][55]
1925eko urtarrilaren 1ean anexioa gauzatu ondoren, Amadeo Deprit bihurtu zen Begoña izeneko toki entitate txikiko Auzo Batzarreko burua. Begoñako hauteskundeetan aukeratutako ordezkariek nahi ez, eta Amadeo Deprit prest azaldu zen anexio-prozesuan Begoñako ordezkari moduan kolaboratzeko. Zehazki hitz eginda Deprit ez zen alkatea izan. 1924ko urriaren 29an argitaratu zen anexioaren dekretuak sortu zuen Toki Entitate Txikiko Auzo Batzar hori; Bilboko Udaleko Batzorde Betearazlearekin batera aritu zen gero Erandioko zati bat eta Deustuko eta Begoñako elizate osoak Bilbo hiriari lotzeko.[54][55]
Industria-prozesua goiz abiatu zen Begoñan, eta goiz azaldu zen Boluetako Otxaibai leku-izena. Legizamon abizeneko familiakoak ziren XV. mendean bertako burdinola eta erroten jabeak; eta lantegi horiek 1828an zutik irauten omen zuten. Bitxia bada ere, bertan kokatu zen 1841ean Bizkaiko lehendabiziko siderurgia-fabrika, lingoteetatik burdinurtua eta ijezketak (laminazioak) egiten zituena. Euskal Herriko lehen fabrika moderno aitzindaria izan zen. Beraz, nahiz eta azkenaldian Bizkaiaren irudi industriala beti itsasadarraren ezkerraldearekin lotu izan den, Begoñako errepublikan izan zuen jatorria: Boluetan. Han sortu ziren lehen labe garaiak.[56] Geroago, 1846an, labe garaia jarri zen martxan; horretarako burdin-mea Ollargan meategitik (gertu zegoen, Ibaizabal ibaiaren beste aldean) eta egur-ikatza inguruko basoetatik ekarri ziren.[57][18][58]
Begoñako elizatea gune industrial bihurtu zen lehen karlistaldia bukatu ondoren; Santa Ana de Bolueta fabrika ireki zen urte berean, aduanak Ebrotik kostalderaino eraman ziren[59]. Burdin-lingoteen bigarren fusioa egiten hasi zen 1843tik aurrera, hasieran Ingalaterratik ekarritako mearekin, eta Asturiastik ekartzen zen ikatz begetala erabiliz berotzeko, Ibaizabalen egindako presaren indar hidraulikoa ere baliatu zuten[59]. Bigarren fusioko prozesua bakarrik egiteagarestia zela eta, mineralarekin lehen fusioa ere hasi ziren egiten 1848an eraikitako labe garaiarekin. Hasieran burdina lingotetan heltzen zitzaien eta bigarren fusio batean prozesatzen zuten burdinazko tresnak sortzeko. 1860an fabrikak bazituen 200 langile, hiru labe garai eta langileentzat eraikitako lehenengo etxea[60]. Fabrika hartan eraiki zen, adibidez, 1847ko Areatzako zubia osatzeko behar izan ziren pieza guztiak[61]. 1889an elizateko biztanleen laurdena baino gehiago Boluetan bizi zen, funtsean Santa Ana fabrikari eta ostalaritza-establezimenduei lotuta; Begoña osoko biztanleak 2561 ziren eta Boluetakoak 711.[46]
XIX. mendean zehar antzeko fabrika berriak sortu ziren Bizkaian (Barakaldoko Desierto, Bilboko Labe Garaiak edo La Vizcaya). Horiekin lehian Boluetakoek gero eta etekin txikiago lortzen zuten, eta Ollargan meategietatik bakarrik jasotzen zuten prezio ona, Victor Chavarrik alokatzen zien eta. Krisi horretarako konponbidea bi bidetatik etorri zen gero. Alde batetik, berehalakoena, negozioa ekoizpen elektrikora zabaltzea izan zen; izan ere, 1841etik ijezketa-zilindroak elikatzen zituen ur-jauzi zaharra aprobetxatuz (aurreko mendeetan burdinolak eta errotak energiaz hornitzen zituena bera), energia elektrikoa ekoizteko turbina batzuk instalatu ziren, eta, fabrika ez ezik, gertu zeuden Bilboko etxe-merkatuari ere hornitzen hasi ziren (Begoña artean elizate independentea zen). Turbina horiei esker, fabrika elektrizitatez hornitu ahal izan zen XX. mendeko 60ko hamarkadara arte, eta, 1908an, Unión Eléctrica Vizcaina taldearekin hornikuntza-akordio bat lortu zen, horrela labegaraiaren egoera ekonomikoa dezente hobetu zela. Bestetik, urte batzuk geroago, siderurgiako fabrikatzaileen arteko akordioa lortu zen, burdinazko salgaiak adostutako prezioetan saltzeko (Central Siderúrgica).[62]
Labe garaiak 1925ean itxi zituzten, eta negozio berrien bilaketan, 1927an, mineralak eta zementua ehotzeko burdinazko bolak egiten hasi ziren. Bi urte geroago, filial bat sortu zuten, Fundición Bolueta, batez ere ijezketa-zilindro epelak galdatzen zituena, Belgikako kolaborazio teknikoarekin.
XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, Fundicion enpresaren nabe industrialak handitu zituen eta horretarako ehun urtez fabrikako langileen etxebizitza izandako hainbat eraitsi zituzten. Gainera, ZubiBerriaren (Puente Nuevo) eta Azbarreneko trenbideko zubiaren artean, bola forjatuen fabrika berri bat jarri zuten. 2005ean Fundicion enpresaren lantegi zaharrak bota zituzten, eta zortzi urte geroago gauza bera egin zuten bola-fabrikarekin, Trapagaranera eramanda. Hala ere, 2013an, Boluetan zituzten lantegiak berriro aktibatu ziren, eta bertan doitasunezko piezak egiten jarraitzen dute.
1878an Federiko Etxebarriak elizatearen erdigunean Txakilante edo Rekalde izeneko txakolin-baserria (eta haren arloak) erosi zuen fabrika jartzeko.[58] San Agustin komentua egon zen lekutik gertu zegoen. Federiko Etxebarriak, bere aita José Etxebarria Azkoagarekin eta bere anaia gaztearekin egin zuen erosketa. Begoñako Basilikatik hurbil eta desnibel batean kokatuta zeuden lurrak; lur horien alde baxuena Udalaren Gas Fabrikari saldu eta ondoko beste batzuk ere erosi zituen, familiak latorrizko ijezketa eta estanpazio tailer apal bat eraikitzeari ekin zion, ondoren zabaldu egin zena galdaragintza eta bainu galvanizatuak fabrikatzeko.[63]
1885 inguruan, Federico eta José Etxebarria Rotaetxe, Echevarría Hermanos (euskaraz: Etxebarria anaiak) konpainiako kideak, aitaren negozio industrialen ardura hartu zuten (1896an hil zen). Baina laster, Federiko Etxebarriak proiektu berriak abiatuko zituen. Horrela, Juan Zurikaldai-rekin batera, lursail berriak erosi zituen Echevarría Hermanos enpresaren izenean, eta, Rekaldeko fabrika handitu ondoren, 1886an hasi zen ferratzeko iltzeen fabrikazio mekanikoa egiten, mundu guztian komertzializatuko zuena. 1894an, Rekaldeko fabrikaren jabe gisa, lankidetza teknikorako kontratua sinatu zuen Frederick Siemens-ekin, eta, horri esker, estatu osoan muntatutako Siemens altzairuzko lehen labea jarri zuen, hainbat ijezketa-trenez gain. Fabrikaren jatorrizko gunea zabaltzen hasi zen, Bilbokoa zen Mallonako hilerriko mugaraino iritsi arte. Lehen Mundu Gerraren garaian, HEVA altzairuak estatu mailako lehen altzairu bereziak patentatu zituen .[64]
104 urteko historia izan zuen "Echevarria Fabrika"-ren lekukoa da gaur egun Etxebarria Parkean geratzen den tximinia.
Santutxun tamaina ertaineko tabako-fabrika bat egon zen 1878tik 1936ra. Izan ere, XIX. mendearen amaierako modernizazioa iritsi zenean, tabako-kontsumoa asko zabaldu zen, estatusaren eta sozializazio positiboaren seinale gisa, eta ia mende batez iraun du tabako-kontsumo horrek gaur egun arte. Tabako-produktuetan gero eta kontsumo handiagoa zuen Bilbo hiria hornitzen saiatu zen orduko fabrika hura. 1878an sortu zuten "Tabakalera" Santutxun, egun Untzeta Parrokoa kaleko etxebizitza multzoa dagoen tokian. Gerra zibila baino lehentxeago itxiko zuten gero, 1936ko apirilean. Zuzendaritzakoak gizonak izan arren gainontzeko beharginak emakumeak ziren, 1895ean fabrikan baziren 529 emakume langile ("zigarrogileak", "cigarreras"). Gehienak Atxuri, Ollerias edo Miribillan bizi ziren, eta beste asko itsasadarraren beste aldean: San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala inguruan.[65]
Santutxuko Untzeta Parrokoaren kalea dagoen tokian egon zen Tabako Fabrika.
Tabakaleran oso baldintza txarretan lan egiten zutenez 1889komartxoaren 8an emakume zigarrogile haiek matxinatu egin ziren zuzendaritzako kide batzuk hartuta. El Noticiario Bilbaíno egunkariak honela azaltzen zuen: “Tailer guztiak matxinatuta zeuden, eta zigarro-ontzietako traste guztiak airean ibiltzen ziren”. Fabrikako arduradun nagusiaren aurrean haserretu ziren langileak, eta hura, izututa, bigarren pisuko leihotik kalera salto egin zuen. Gertakariak ez zuen ondorio fisiko handirik izan zuzendariarentzat, hezur hausturaren bat edo, baina eskandalu publikoa handia izan zen. Lantegia ixtea erabaki zuten, eta, ondorioz, bilbotarrak kezkatuta zeuden balizko hornidura faltaren aurrean. Astebete pasata konpondu zen gatazka baina.[66][65][58]
Fabrika txikia zen eta Industria-ustiapenerako baldintzak ez zituen erabat betetzen. Eraikinaren baldintzak ez ziren onak, iluntasunagatik eta aireztapen faltagatik, tabako hautsagatik (beti zegoen airean, eta biriketan sartzen zitzaien), hezetasunagatik, eta emakume langile gisa behar zituzten zerbitzuak ez zituztelako. Gainera, 1889ko protestan, arazo gehigarria izan zen 15 egunean behin 34 mila zigarro ekoizteko betebeharra iragarri zitzaiela, eta, beraz, goizeko 7:00 edo 8:00etatik gaueko 10:00 edo 11:00ak arte lan egin behar zutela, enpresaren produkzio-helburuak lortzeko atseden-jaiegunik izan gabe. Lan-orduak gehitzeko eskaera horrez gain, une hartan lanerako ematen zitzaien zigarroak biltzeko papera txikia eta kalitate txarrekoa zen. Horregatik egin zuten protesta, erraz hausten zen paper horrekin ia ezinezkoa zelako azkar eta kalitate mailarekin lan egitea. Argi eta garbi, ematen zitzaizkien baliabideekin, haientzat ezinezkoa zen produkzio-helburu horiek lortzea.[65]
Fabrika hasieran eraikuntza mekanikorako tailer bat izan zen, Iturribide kaleko 112ko lonja-soto batean, orduko Zabalbideko frontoitik gertu. Joaquin Arruti Comerzan-ek, Leandro Salcedo-k, José Urrutia Uriarte-k (Begoña, 1913-1980), Julián eta José Luis Azurmendi anaiek eta Ramón Gonzálezek sortu zuten 1939an, Talleres ASUA izenarekin, bazkide sortzaileen inizialak, eta Leandro Salcedo koordinatzaile lanetan aritu zen.[67][46]
Zura ebaki eta lantzeko makinak fabrikatzen zituzten, bi aldiko motordun motozerrak, gasolinazkoak, eta eurek egiten zituzten pieza guztiak, atzerriko modeloetatik abiatuta. Sozietatea desegin ondoren, 1946an, Joaquin Arrutik eta José Urrutiak Artagan tailerrak inauguratu zituzten Zabalbide kaleko 110ean, Santa Klara komentuarekin eta Aurrekoetxea familia bizi zen Mazuztegi baserriarekin artean (egungo Haro plazatik gertu). Gasolinaz eta elektrizitatezko motordun motozerrak egiten jarraitu zuten, baita iltzeak eta horien osagarriak egiteko makina sorta zabalagoa ere; enkarguz egindako makina edo edozein pieza ere. Zumalakarregi etorbideko trazadura berria egin zutenean, errepide berriak lantokia bitan banatu beharko zuenez, 1965 inguruan, tailerrak Boluetara eraman zituzten.[46]
Boluetan, Santa Anaren parean, industria-eraikin bat eraiki zuten Miraflores etorbidearen eta Galdakaoko errepidearen arteko bidegurutzean, Inmobiliaria Bolueta izeneko eraikina, eta beheko solairu osoa hartu zuten. Beste bazkide batzuk sartu ziren, hala nola Zubizarreta (Naviera Zubizarreta) eta Ibarrondo Frias, eta T.M. ARTAGAN S.A. izena hartu zuten. Enpresak ontzi-arloan interesak zituen (Naviera Bilbaina eta Naviera Vascongada), eta produkzio nagusiari ontziak eraikitzeko eta konpontzeko piezak egitea gehitu zioten. 1990ean erretiroagatik itxi zuten.[46]
Zabalbide kalea 1981ean. Nekazarien Sindikatuaren etxe zaharra ezkerraldean eta Santutxu auzo berria.
Aipatutako fabrika handiez gain, baziren Begoñan beste fabrika batzuk, esate baterako, hauek: Agirre Txokolateak Tiboli kalean (Chobil), teila-fabrika Matiko kalean, Lanparas Navarro Iturribide/Prim kalean, kartoi-fabrika Santutxuko Allende kalean, Munitis fideo-fabrika eta Cotorruelo zapatila-fabrika ere Santutxun. Larru-lehortegi bat ere bazegoen Otxarkoaga bidean XX. mendearen erdian edo.
Burdina agertu eta mahastiak desagertu ziren, eta mahatsa biltzetik altzairua biltzera igaro ziren mahatsorriak. Gertaera horrek laster etorriko zena iragarri zuen; hain zuzen ere, lan bila etortzen ari ziren etorkin asko eta askoren eskaria: bizitzeko etxe apalak eraiki ahal izatea edonon. Begoña elizateko landa-eremuak Bilbo hiribilduarekin zituen muga finak betirako desegin ziren, auzo berrien eraikuntza geldiezinaren poderioz. Horren ondorioz, XIX. mendeko aisialdirako txakolindegiak, mahastiak, baratzeak eta baserriak desagertu ziren.[68] Eta 1925ean, Begoña bera ere, Bilbori anexionatu zitzaion, Bilbok irentsi zuen.[57]
Ingurune honetako jatorrizko hizkera Iñaki Gamindek aztertu zuen ("Bilbotarron euskararen zuzuan", 2004), eta "Begoñako euskara" izena eman zion, Buia eta Larraskituko moten aurrean. Bereziki 1960ko hamarkada arte iraun zuen. Gaur egun ere, azken hamarkadotan jazotako aldaketa demografiko eta ekonomikoak gorabehera, jatorrizko hiztunak bizi dira Otxarkoagako landa-eremuko goiko aldean, Arbolantxa,[69]Egirleta/Santo Domingo eta Azkarai auzuneetan alegia. Ahotsak.eus webguneak 176 bideo labur jaso ditu Bilbo inguruko euskararekin (Buia, Begoña eta Larraskitu).[70]
Euskararen erabileraren bilakaera XIX. mendeaz geroztik
Begoña herri euskaldun hutsa zen 1844 urte aldean. Euskararen erabilera murriztarazia edo debekatua izan zen aginduen bidez 1880an eta 1938an. Eta adibidez, Begoña herri euskalduna zenean 1916an (euskaldun hutsak baziren, zahar eta gazte), elizan erdaldunik ez zegoenean ere mezak-eta erdaraz egin behar ziren. Parrokoa Juan Cruz Untzeta izan zen garaian (1881-1921, Bigarren Karlistadiaren ondoren) galera handia izan zen Begoñako basilikan. Evaristo Bustintzak, Kirikiñok, 1916an Euzkadi egunkarian idatzi zuen horretaz.
«
Izkaldi hau (euskarazkoa) izan zen eleizatik at edo kanpoan. Eleiza barruan, goiz ta arratsalde erderaz esan zan Jaunaren itza.
Onek ez gaitu bape ikaratzen, aspalditik dakigu ba gure euskereari despatxua emon jakola Begoñako eleizatik, euskaldunak izan arren eleiza hori irasi ebenak eta bertan Ama Neskutsaganako eraspen edo deboziñoa asi ebenak; euskalduna dan arren ondiño Begoña erria; ta atzo lez, iñoz eltzen diran arren bertara euskaldun talde ikaragarriak Goiko Amaren oiñetara
1920ko erroldaren arabera, Bilboko biztanleriaren % 20 euskalduna zen.[70] Ehun urtean Begoñako egoera soziolinguistikoa irauli zuen: herri euskaldun hutsa zena zeharo erdaldundu zuen, euskara isilarazi arte. Frankismo garaian euskaraz berba egitea kartzelara eramateko arrazoia izan zen.[72] Ekonomia eta hizkuntz politika frankistek euskararen egoeraren gaiztotzea areagotu zuten, Bizkaira Espainiatik erdaldun-olde ugariak etorri ziren eta. Bilbon 1981ean, berriz, % 6 bakarrik ziren euskaldunak.[70] Baina ez zen erabat galdu, katea ez zen eten. Euskaldun batzuek eutsi zioten hizkuntzari [73] eta Ikastolak eta gau-eskolak sortu ziren gero.[74]
Eustatek emandako 2006ko datuen arabera, mahatsorrien laurden bat-edo euskalduna zen, zehazki 24.734 pertsona (% 23), Bilbo osoko % 24,3 baino ehuneko apur bat baxuagoa, beraz. Kopuruari dagokionez, Santutxu, Txurdinaga eta Uribarri auzoek euskal hiztun gehien ematen dituzte (14.500 hiritar inguru), baina ehunekoei dagokienez, Otxarkoagako baserri-eremua, Loruri, Castaños eta Begoña diraeuskaldunenak.
Anaitasuna aldizkari aitzindariak Santutxun izan zuen egoitza nagusia. Imanol Berriatuak sortu zuen euskarazko aldizkari orokor hura eta 1953ko ekainetik 1982ko apirilera argitaratu zen.
Berton hilabetekaria Batana Batu kultur elkarteak argitaratu zuen 1998tik2014ra bitarte. Bere azken urteetan ia 2.000 etxetara heltzen zen, Asapala Kultur Elkartearen eskutik. Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, Txurdinaga, Uribarri eta inguruetako albisteak argitaratzen zituen paperezko herri-aldizkari honek. Edizio digitala 2005tik 2012ra Asapala Kultur Elkartearen webgunearen egituraz baliatuta plazaratu zen.[77] 2012tik 2014ra bitarte Bertonaldizkaria blogak zabaldu zuen aldizkariaren bertsio digitala[78] eta 2014az gero Uriola plataforma bidez argitaratzen hasi zen.[79]
Santutxu y +: doako hilabetekaria da Santutxu, Begoña, Bolueta, Txurdinaga, eta Otxarkoagako albisteekin.
Santutxuko gau-eskolako sortzaileetako batzuk (Arg.: Uriola, Joseba Basterra)
Pertsona helduei euskara irakasteko lehenengo gau-eskoletako bat izan zen Santutxukoa 1966an. Euskara modu komunikatiboan eta praktikoan irakasteko Euskalduntzen eta Alfabetatzen liburuak bertan sortu ziren. Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta hainbat gau-eskoletan erabili izan zen hainbat urtez. [80][81] Lehenengo gau-eskola haren sortzaileen artean hauek ibili ziren: Joseba Arrieta, Patxi Uribarren, Martin Basterra, Joserra Etxebarria, Tasio Erkizia, Joseba Basterra...[82]
Korrikaren zain (1982)
Geroago, 70eko hamarkadako bukaeran, beste auzoetan ere sortu ziren gau eskolak. Begoña-Txurdinagan, esaterako, basilikako lokaletan antolatu zuten hasieran. eta urte batzuk geroago, Txurdinagan. Gau-eskola hartako sortzaile eta irakasleen artean hauek hauek aritu ziren, besteak beste: Nekane Aramendia, Txelu Nieva, Jon Landeta, Ander Ros, Patxi Ros, Kepa Sarasola, eta Imanol Murua.[83]
Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) idazlea, irakasle eta euskaltzaina. Euskaltzain urgazle izendatua 2006ko maiatzaren 26an, eta 2022ko otsailaren 25ean euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak, Donostian egin zuen osoko bilkuran; Xabier Kintana euskaltzain emerituaren tokirako.[93] Egun, literatura-sorkuntzan, itzulpengintzan eta idazkuntzari lotutako jardueretan ari da buru-belarri. Idazle gisa, arlo bitan da ezaguna: poesian eta haur eta gazte literaturan. Landu ditu beste genero batzuk ere: ipuingintza eta eleberria, adibidez.
Eneko Barrutia (1966), terminologian eta lexikografian aditua izanik, Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021eko azaroaren 26an, nahiz eta Euskaltzaindiaren barruan Corpus batzordean ziharduen 2013az geroztik ere.[97]
Kalea nagusitu zen Begoñan XX. mendean, eta gaur egun ez dago txakolindegirik. Familia bik txakolin "garratza" egiten dute oraindik baina ez dute saltzen, etxekoen artean edaten da.[17] Begoñako txakolindegietan oso ohikoa ziren hainbat pitxarrak batu zituen Gregorio Urkaregi medikuak, haiek desagertu baino lehenago. Pitxarrak 32 txakolindegi hauetakoak ziren: [98][18]
Trauko bidean Patillas (Gervasio Bilbao eta Eleuteria Agirre, Etxerre baserrian), eta Larrazabal (José Julián Urrutia).Folle blanche motako mahats mordo bat.Begoñako txakolindegietako edalontzi tipikoa
"Folle-blanche" motako mahatsa (Mune mahatsa) erabiltzen zuten garai hartan eta mahats mota bera erabiltzen dute oraindik azken bi familia txakolingileek, batzuetan "Courbu Blanc" motarekin ere nahastuta, "hondarribi zuri" gisa ezagutzen dena. Mota bereko "Folle noir" mahatsarekin txakolin beltza edo gorria lortzen da.
Begoñako txakolindegietan kanpai-forma berezia zuen edalontzia orokortu zen. Horrek badu bere azalpena. XIX. mendean Espainiako errege-erreginen bat Bilbo bisitatu zuenean, Bilbon jai handia antolatu zen. Zezenketak izan ziren, erraldoi eta ipotxak (buruhandiak) itsasadarrean zehar dotore apaindutako txalupa batean jaitsi ziren, eta Plaza Barria Venezia txiki bat bilakatu zen urez beteta, gondolekin eta guzti, girlanda ugarirekin, eta argiztapen ikusgarria lortu zuten olio-lanpara gisa kristalezko ontzi txiki ugari jarriz. Erret-bisita bukatuta ontziak erretiratu eta Abusuko udal-biltegira eraman zituzten. Udaletxean ez zekitenez material horrekin zer egin behar zen, txakolindegia zuten udal langile batzuek hartu zituzten edalontzi gisa zelanbait erabili ahal izateko. Harrezkero, mota horretako edalontzi berriak egin behar izan zituztenean, aurrekoen eredu berarekin eskatu zituzten.[100][101].
Santutxuko Familia Elkartea. 1967an sortu zuten hainbat auzkideren artean (Javi Perez, Javi Magaña, Alberto Salvador…) hirigintza duina herritarren mobilizazioen bidez lortzeko asmoz: espaloiak eta kaleen asfaltatua lortzeko, kiroldegi egokiak eraikitzeko...
Uriola.eus Bilboko auzoetako euskarazko komunikabide digitala da. Tokiko albisteak eskaintzen ditu euskaraz eta, gainera, euskaldunon eta herri mugimenduko eragileon topaleku birtuala ere bada, albisteak eta agenda trukatzeko lekua.
A.F.O. Otxarkoagako Familia Elkartea / Asociacion de Familias de Otxarkoaga. 1968an sortu zen. Otxarkoagako auzo-elkarte nagusia da. Auzoko etxe guztien berrizteko eskatu eta lortu zuen, 25 urteko lanak behar izan ziren auzoa berrizteko.[104][105] 1978an AFOkide ziren 20 lagun Bilboko udaletxean itxialdi bat egin zuten, alokairu-saria igotzen zitzaielako eta auzoaren arazoengatik. Udaletxetik aterarazi zituztenean manifestazio batean bildu ziren auzoko 300 lagun orduko Gobernu Zibileraino (Bilboko Plaza eliptikoan).[106]
Bego-Oña dantza taldea 1974an sortua zen. Nagusien taldea jardunean egon zen zazpi urtez, gero umeen taldeak jarraitu zuen beste urte batzuetan. 1974an taldea sortu baino lehen Arabella auzoan ume talde bat ibili zen dantzan 1969tik Bego-Oña izenarekin.[109]
Gaztedi Dantzari Taldea (1951), Santutxuko taldea Bizkaian martxan jarraitzen duen euskal dantza taldeetarik beteranoena da. 1951 urtean sortu zen. Joseba Arrieta, Aita Txanton Goiria, Josu Meabe eta Mardones izan ziren sortzaileetako batzuk.[111] Dindirri dantza taldearen laguntza teknikoa izan zuten (Txelu Etxebarria izan zen laguntzaileetako bat). Bizkaiko dantzekin hasi ziren, eta gerora gainerako lurraldeetara jo zuten, han-hemengo dantzak ikastera.[112]
Begoñako Gaztegunea: Santutxu, Begoña y Boluetako 13 eta 17 urte arteko gazteentzako gunea.
Mahats-Herri konpartsa (1978-1981), Begoñako konpartsa eta fanfarrea. Konpartsak Bilboko lehen aste nagusietan eta ihauterietan parte hartu zuen (1978-1981). Konpartsako sortzaileen artean beste elkarte hauek ere egon ziren: Ugarteburu kaleko kartoizko banda, Arabella eta Bost Batean-ekoa, Otxarkoagako abesbatza...[116]
Bernabe Garamendi eskulturearen omenez mausoleo neoklasiko bat jarri zuten Begoñako hilerrian. Garamendiren diszipuloa izan zen Higinio Basterrak egin zuen Bernabe Garamendi oraindik bizirik zegoela, eta hori izan zen Basterraren lehenengo obra garrantzitsua. Monumentuaren goi aldean aingeru iragarle bat dago, hatz bat zerurantz zuzenduta duela.
Bere etxea eskola bat egiteko Begoñako herriari oparitu ziola-eta, Garamendiri omenaldia egiteko beste monumentu bat egin zuen Higinio Basterrak, Begoñako errepublikak eskatuta. 1907an inauguratu zuten, Begoñan bertan jarri zuten, basilikatik oso gertu, udaletxearen eta eskultoreak emandako eskolen artean. Eskultura hori lan erromantikoa da, haurraren irudian lirismo sentiberaz betea eta artistaren erretratu espresionistan aztertzeko gaitasuna. 1960eko hamarkadan udaletxea eta eskola hori bota zituztenean (Zumalakarregi hiribideko tunelak egiteko) eskultura Uribarriko eskolara eraman zuten, atari nagusian ikus daiteke.[119]
Errepublika etxea (1764-1957). XVIII. mendekoa zen. 1764an eraiki zuten, 1856an konponduta eta 1957an bota zuten. 1856ko konponketen proiektua Juan Pastor arkitektoarena izan zen. Obran Galdakaoko harria erabili zuten, Arrigorriagako karea eta Portugaleteko area.
Pontoiko zubia. Bolueta eta Abusu auzoak lotzen ditu, barnealdetik hasita Bilboko itsasadarraren gainean dagoen lehenengo zubia da. Aurretik, Arratiako tranbiaren zubia izan zen inguru hortan. Espainiako estatuan porlan armatuz egindako lehen zubia izan zen hori.
(Oharra: Itsasadarrean San Anton eta Bilboko udaletxearen artean dauden zubiak (Erriberako zubia, Mesedeetako zubia, Foruen zubia (1874an eraitsita), eta Areatzako zubia) Bilbo Abandorekin lotzen zuten, ez Begoñarekin. Horregatik ez dira azaltzen zerrenda honetan.)
Bilboko Udaletxeko zubia edo Begoñako zubia. Eskuinaldetik Begoñaibarra eta ezkerraldetik Abando lotzen ditu zubi altxagarri honek. Bilboko udalak 1929an egin zion zunia egiteko enkargua Ignacio Rotaetxe ingeniariari (Deustuko zubia ere egingo zuen geroago). Obraren exekuzio-planoetan Begoñako zubia izenarekin deskribatu zen (gaztelaniaz: Puente de Begoña). 1933an eraikitzen hasi zen, artean ibaiaren gainean alboan zegoen pasabide birakariak (Zakur txikiaren zubia) zerbitzua ematen jarraitzen zuen bitartean. 1936an inauguratu zen, baina gutxi iraun zuen, 1937an Bilboko okupazioan Eusko Jaurlaritzaren aginduz zubiak dinamitatu baitzituzten tropa frankisten aurreratzea moteltzeko. 1941ean zubia berreraiki zenean Rotaetxeko proiektuari zehatz mehatz jarraitu zioten. Zubiak funtzionaltasuna galdu badu ere, gaur egun oraindik ere goza daiteke ibilgailuak igarotzean plataformek egiten duten mugimenduaz, plataforma bakoitzean geure oin bana jarriz gero.[121]
Larrinagako espetxea (1871-1967). Gaur egun Vicente Garamendi kaleko 17 eta 19 zenbakidun eraikinak dauden tokian ireki zen 1871ean Larrinagako espetxea; frankismo garaian Bizkaiko kartzelarik garrantzitsuena bihurtu zen 1967 arte, hura itxi eta Basaurikoa eraiki zen arte.[122] Espetxe hartan Sabino Arana, Pilar Kareaga Bilboko alkatea eta Ramon Rubial izan ziren preso.[122][123]Santutxu auzoan udalak jarritako irudi publikoa. "ORUE TXALETA (espetxea 1937-1942). Frankismoak Bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeen omenez."
Orue txaleta. Pompeu Fabra bizi izan zen txalet horretan 1908 eta 1912 urteetan. 25 urte geroago, Orue Txaleteko Emakumeen Kartzela 1937 eta 1942 urte artean emakumeei zuzendutako espetxe frankista izan zen. Larrinagako espetxearen masifikazioa arintzeko egokitua, 16 eta 86 urte arteko 3.000 emakume inguru igaro ziren espetxetik. Geroago Santa Marta klinika egon zen txalet horretan 1970eko hamarkadara arte. Etxebizitza bloke handiak eraiki zirenean.[124] bertan kokatu zen Karmelo ikastolaren zati bat 1978tik 2014ra arte.
Zortzi komentu Zabalbide kalean: Aingeru Zaindariak (Angeles custodios), Stella Maris, Hijas de la Caridad, Adoratrices, Santa Klara, Refugio, Santa Monika, Artagan Erresidentzia, Ave Maria, Jesuitinak. Begoñako basilika gertu egonda ugariak izan dira erlijio etxeak eta komentuak Zabalbide kalean:
Gaur egun 25. zenbakidun portalea dagoen lekuan, 1869an, “Zabalbideko Pilotalekua” inauguratu zen, oraindino Begoñako Errepublika zen hartan. Lehenagoko dokumentuetan Zabalbide auzoan Vista Hermosa etxeak zeukan pilotalekua aipatzen da; horrela bada, ezin da ziur jakin aurretik zelako taiua zuen.[127][128] Alboko horma etxekoa omen zen eta frontisa zuen,[128]Pala-jokoa eta ezker pareta asmatu barik zeuden garai hartan.
Donostian lehen adibide esanguratsua Ategorrietako Jai Alai pilota jokoa izena zuen frontoia izan zen. Eredugarria, etorkizunean eraikiko ziren beste askorentzat. Espazio publikotik, espazio pribatura pasako zen pilota jokoaren ikuskizuna.[129] Bilbon, esaterako, XIX. mendeko urte askotan Pilota kalean zegoen pilota-leku publiko bat, harresiko hormaren bat erabilita ziur aski. Herri guztiek eraldatu zituzten herrietako pilota plazak, herrietako pilotalekuak [130][131]
Pala pilota-aldaera Zabalbide frontoian sortu omen zen XIX. mendean.[132]
Garai hartako diseinu berritzailea zuen "ezker-pareta" motako pilotaleku berri hark. Bertan sortu zen pilotako pala jokoa frontisaren ezkerraldean bigarren pareta zeukala. Orduan ezarri zituzten pilota garaikidearen ezaugarriak eta jokatzeko moduak. Joko luzea (aurrez aurrekoa, laxoa edo errebotea, adibidez) gainbeheran sartu zen eta gaur ezagutzen ditugun joko mota nagusiak (esku huska, pala, zesta modu desberdinak…) finkatu ziren orduan. Prozesu horretan Bilbo aldeak zer esan handia eduki zuen, bertako pilotaleku berrien inguruan ibili zirelako hala pilotaririk onenak nola zaletu ugari.[133]
Begoñako Errepublikako frontoi hura gutxi iraun zuen baina. Zazpi urte geroago suntsitu baitzuten Bigarren Gerra Karlistan Bilbok jasandako bonbardaketetako batean. Hamar urte geroago berreraiki zuten, eta gainera bolatokia eta txakolindegia zeuden alboan.[132]
Arrakasta lortu zuen pala-joko berriak, eta frontoi horretatik figura handiak atera ziren. Juan Guisasolak, Begoñés I.a izenaz ezaguna, pala irauli zuen aurrelari gisa, hamabost urterekin Bilboko jokalari guztiak garaitu zituen.[132] Frontoi horretara joateko joera handia eduki zuten "mahatsorriek"[134] eta txinboek (bilbotarrek). Azken horiek Zazpi Kaleetatik igotzen ziren pilotan edo boloetan jokatzera eta bertan txakolina eta sagardoa edatera.[127]
Ezkerparetako pilota-modalitate berriek lortu zuten arrakastarekin pilotaleku berriak egin zituzten geroago Bilbon, zein baino zein dotoreago eta handiago: Abando (1885), Deustua (1887), Amistad kaleko Recreo Bilbaino (1890), Euskalduna (1895)… Frontoi zaharretatik bakarrak zirauen, Zabalbidekoak. Eta txoko gehiago zeuden, zaletuentzat nahikoa baitziren horma sendo bi pilotan jokatzeko. Horietakoa zen, esate baterako, Begoñako Udaletxeko arkupea.[133][135]
Begoñés ezizena erabili zuten Begoñakopala jokalari batzuek, Zabalbideko frontoiarekin lotura estua eduki zuten, nahiz eta gero karrera profesionalak Bilbon, Madrilen, Habanan edo Mexikon egin zituzten. Lehenengo lauak anaiak izan ziren (Juan, Miguel, Rafael eta Higinio Gisasola Bilbao) eta ondoren Higinioren semeek eman zioten segida leinuari. Bigarren Karlistaldiaren ostean gerran jasandako kalte handiak konpondu eta berriro jarri zuen erabilgarri (1879). Orduko pilotaleku berrien aldean laburra zen Zabalbidekoa, beren-beregi esku pilotan jokatzeko egokia. Bertan trebatu ziren Antonen lau seme, bera eta aitita maisu zituztela.[136]
Pompeu Fabra katalanaren "Txillardegi" (1917)Pompeu Fabra hizkuntzalari katalana Zabalbide kaleko Orue etxean bizi izan zen.
Pompeu Fabra, katalanaren eredu estandarra sortu zuen irakaslea, Begoña herrian bizi izan zen urte batzuetan XX. mendeko hasieran. 1902an, Bilboko Ingeniaritza Eskolako kimika-katedra irabazi zuen oposizio bidez, eta han izan zen irakasle 10 urtez. Garai hartan Ingeniaritza Eskola hori Zazpikaleetan zegoen, Begoñara igotzeko galtzarentako beheko aldean. Hasieran Bilboko Henao kalean bizi izan zen eta azken urteetan Begoñan. 1912an, Bilboko Unibertsitateko katedra lortu ondoren, lanpostua utzi eta Kataluniara itzultzea erabaki zuen.[137][138][139][140][141] Nahiz eta 10 urtez Kataluniatik urrundu zen, urte haietan filologiarako dedikazioa areagotu egin zuen. Pompeu Fabrak idatzi zuen gramatika osatuena 1912an argitaratu zuen, hau da, Begoñan bizi izan zen azken urtean.[138]
Begoñako helbidea hau zen: Santa Clara, 6, 1r pis, (G.U.).[138] Baina garai hartako Begoñako elizateko Santa Klara kalea ez zen gaurko Santa Klara kalea dena. Begoñako Errepublikako Santa Klara kalea Zabalbide kalearen jarraipen bihurtu zen Bilbok Begoña anexionatu zuenean. Santutxu kalea hasten den tokian hasten ziren Begoñako lurrak orduan (frontoi bat zegoen gertu) eta hor hasten zen Santa Klara kalea ere.[142][141] Helbide horretan Orue jauregia zegoen, Pompeu Fabraren familia lehen solairuan bizi zen. Etxe hori 1937tik 1942ra emakumeentzako kartzela izan zen,[143][144] eta geroago Santa Marta klinika ere 1970eko hamarkadara arte. Etxebizitza bloke handiak eraiki zirenean.[124] bertan kokatu zen Karmelo ikastolaren zati bat 1978tik 2014ra arte, Orue jauregian egon zen tokian bertan, gutxi gora behera. Beraz, toki horretan lan handia egin zuen Fabrak katalana berreskuratzeko, eta, kasualitatez edo, toki horrexetan lan aitzindaria egin zuen Karmelo ikastolak euskara berreskuratzeko.
Begoñako errepublikaren lekuko garrantzitsuenetako bat Begoñako hilerria da. 1813an zabaldu zuten, hildakoak elizetatik kanpo lurperatzera behartu zutenean. Bilboko hilerri zaharrena da. 1943an lurperatu zuten azken hildakoa lurpeko hobietan; 2003an panteoietan. 2006an itxi zuten. [145]
2021ean 'Begoñako Argia' proiektua martxan jarri zuten, Begoñako hilerria kendu eta parke bat egiteko asmoz.[146] Parkea sortu aurretik, ordea, bertako hezurrak atera, aztertu eta sailkatu zituen Aranzadi zientzia elkarteak. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertu zituzten arkeologia, biologia eta antropologiaren ikuspuntuetatik. Proiektua 2022ko abuztuan bukatu zen 4.700 gorpu lurpetik atera ostean.[147][148][149][150][151]
Aranzadiko historialariek erakundeetako artxiboak aztertu zituzten. 1936ko gerran hil eta Begoñan lurperatutako 40 lagunen zerrenda osatu zuten; gehienak, 1937an hilak. Anartz Ormaza arkitekto eta Aranzadiko kidea izan zen proiektuaren koordinatzailea. Garai bakoitzean hilobietan zer eratako harriak erabili ziren ere aztertu zuten, Laura Damas EHUko Geologia Fakultateko ikertzailearen zuzendaritzapean.[152]
Bilbok behartuta anexionatu zituen Begoña eta Deustu 1925ean
Bilbok mendeetan zehar Begoñak baino hazkuntza askoz handiagoa izan zuen populazioan, botere ekonomikoan eta politikoan. Eta horren ondorioz BilbokBegoña udalerria anexionatu zuen 1925. urtean Primo de Riveraren diktaduraren garaian.[153][154] Ordura arte Begoñako udalerriak botoa eta jarlekua zeukan Bizkaiko batzar nagusietan, eta 36. jarlekua betetzen zuen. XIX. mendearen erdialdean, auzoak 5.000 biztanle inguru zituen, sakabanatutako etxebizitzetan bizi zirenak.
Begoñako errepublikaren baserrialdeko guardiak (Bilboko Euskal Museoa, 2018)
Anexioa ez zen borondatezkoa izan. Zazpi hilabeteko erresistentziaren ondoren, Deustu, Begoña eta Erandioren aldetik, 1924ko urriaren 29an, anexioa 55 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen. Ez zen kontuan hartu elizateen oposizioa, eta ez zen erreferendumik egin, elizateak eta hiria anexioaren aldekoak ziren ala ez jakiteko.[54]
Primo de Riveraren diktaduran, Bilboko Udalak Federico Moyua alkatea buru zuela —Julio de Echagüe gobernadore zibil eta militarrarekin horretan bat etorrita—, 1924ko martxoaren 24ko bilkura berezian onartu zuen 1917ko abenduaren 14ko akordioa, Begoña eta Deustu elizate osoak Bilboko hiribilduari anexionatzekoa berrestekoa. Horretarako, Madrilgo Direktorio Militarrera eraman zuen jurisdikzio mugakideak automatikoki anexionatzeko dekretu baten beharra. Eskaera hori, elizateen aurkako erabateko jarrerari eta erregidoreek aurkeztutako errekurtsoei kasurik egin gabe, 1924ko urriaren 29ko Errege Dekretuan gauzatu zen. Deustu eta Begoñako errepublika independenteak "Bilboko tokiko erakunde txiki" bihurtuz (gaztelaniaz: Entidad Local Menor).[54]
Anexioa geldiezina zelakoan 1924ko abuztuan, Eskauriaza alkateak utzi egin zuen kargua egun batzuetarako, ez zuen Begoña entregatu nahi. Eta Ernesto Allendek ordezkatu zuen.[54] Beronek alkate interino gisa jarraitu zuen urtea bukatu arte. 1924ko abenduaren 31koa izan zen Begoñako udal batzaren azken akta eta akta horretan Ernesto Allende azaltzen da alkate interino moduan.[155]
Begoña eta Deusturen anexiorako Juntakideak La Unión Patrióticako presidenteak izendatu zituen (La noche, 1924-12-31)
1925eko lehen egunean Bilboko Udalbatza (hamazazpi automobilekin eta mazero, klarinete eta atabalari ugarirekin) ibilbide bat egin zuen, eremu berriak berganatzeko hasieran Lutxanako zubira (Erandio) joan zen eta, ondoren, Deustuko eta Begoñako udaletxeetara. Hiru toki horietan lurralde-eremuaren jabetza hartu zuen. Begoñan, botere-eskualdaketa Errepublikaren Etxean gauzatu zuen César Ballarín gobernadore berriak. Hark, jarduneko alkate Ernesto Allenderen alkate-makila hartuta, Moyuari eman zion. Allendek sortutako haserreak ahazteko eta anexionatuekiko errespetua eskatu zuen. Balkoira atera ondoren segizioa basilikara joan zen, Deustuko, Begoñako eta Bilboko zutoihalak aurretik zihoazela, han zain zegoen basilikako patroia, Vargasko markesa, eta parrokiako kabildoa —Bernardo Astigarraga buru zuela—, Salbea kantatzeko. Atxikitze-ekitaldiak Atxurin amaitu ziren geroago, Hiri-Gutuna irakurrita Diego López Harokoaren estatuaren aurrean, aldamenean anexionatuen zutoinak eta hagak kokatu zirela. El Noticiero Bilbaíno egunkariak erlikia gisa aipatu zituen anexionatuen ikur horiek Udaletxera eraman eta beira-arasa batean gorde ziren. Gaur egun, Begoñako zutoihala, Abandokoaren ondoan, Bilboko Udaletxeko eskaileretan dago, 1890ean Amadeo Deprit Quinet kristalgin belgiarrak egindako kolorezko beirateen parean, Areto Arabiarrean.[54]
1925eko urtarrilaren 1ean anexioa gauzatu ondoren, Amadeo Deprit bihurtu zen Begoñako Toki Entitate Txikiko Auzo Batzarreko burua. Begoñako hauteskundeetan aukeratutako ordezkariek nahi ez, eta Amadeo Deprit prest azaldu zen anexio-prozesuan Begoñako ordezkari moduan kolaboratzeko. Zehazki hitz eginda Deprit ez zen alkatea izan. 1924ko urriaren 29ko argitaratu zen anexioaren dekretuak sortutako erakundea izan zen Toki Entitate Txikiko Auzo Batzar hori, Bilboko Udaleko Batzorde Betearazlearekin batera, Erandioko zati bat eta Deustuko eta Begoñako elizate osoak hiriari lotzeko.[54][55]
Aurreskua Begoñan (Villaamil, 1850)
Anexioaren biharamunean, Moyuak auzo-batzarrak eratu zituen. Aurreko udal batzako kide hautatu bat ere sartu gabe, Begoñako "auzo-batzarra" honela osatu zuen: Amadeo Deprit, Isidoro Candina, Francisco Eguiluz, José Sánchez, Luis Landeras, Nicolás Vidal, Martín Gutiérrez eta Manuel Palacio. Amadeo Deprit bihurtu zen Begoñako Toki Entitate Txikiko Auzo Batzarreko burua. Batzarreko lehendakari zen aldetik, Deprit-ek, urtebetean eta auzo-batzar horren barruan, lurralde-eremuaren eta elizate zaharraren ondarearen jarraitasuna defendatu zuen, horrela Bilboko Udalean zegokion ordezkaritza-maila lortzeko, Begoñako langileak Bilboko udalean zuzenean sartu ahal izateko eta kontribuzio eta zergak aldi baterako izozteko. Begoñan aspalditik zeuden behar batzuk zelanbait asetzea lortu zuen, hala nola bideetako argiteria publikoa (Basarrate, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Artxanda), saneamendua (Trauko), ikuztegiak berritzea, Santutxutik eta Boluetan eskolak sortzea, eta Bilboko Zazpi Kaleetako Aurrekoetxea kaletik abiatuta Santutxuraino igoko zen tranbiaren eraikuntza proiektatzea.[54]
Behin behineko auzo batzarraren azken bilera 1925eko azaroaren 12an egin zen, 1925eko urriaren 30eko Errege Dekretoak Bilboko entitate txiki berri haien behin betiko anexioa eta haien erakundeen desegitea ekarri baitzituen. Hilabete bat geroago, Amadeo Deprit, Jenaro Lumbreras eta Anastasio Gardeazabal zinegotzi izendatu zituzten Bilboko Udalean Begoñako Barrutiko ordezkari. Ekitaldi berean, Bilboko hirugarren alkateorde hautatu zuten Deprit, eta hainbat udal-batzordetan parte hartu zuten.[54]
Sei urte geroago, Espainiakoko Bigarren Errepublika iritsi zenean, 1931n, Begoñako barrutia Bilboko bigarren populatuena zen. Artean, auzoak eta auzoko alkateak hauek ziren: Askao (Máximo Lara), Basilika (Francisco Barreneguren), Bolueta (Juan Ortega), Esperantza (Silvestre Kortabitarte), Galtzadak (José Luis Marco), Karmelo (Saturnino López), Kristo (Prudencio Sever), Otxarkoaga (Félix Machain), Santo Domingo (Deogracias Fernández Vega), Trauko (Máximo Royo), eta Uribarri (Cecilio Lechón). Auzo industrialak ere baziren orduan Bolueta eta Etxebarria, esaterako.[156]
↑(Gaztelaniaz)PEREDA GARCÍA, IÑAKI (testua); APARICIO, JUANMA (fotografía). (2011). Osterak Bilboko auzoetik - 2. Antzinako Begoñako Elizatea. // Paseos por los barrios de Bilbao - 2. La antigua Anteiglesia de Begoña. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila. Bilbao. Área de Cultura y Educación del Ayuntamiento de Bilbao ISBN978-84-88714-32-9..
↑Arizaga Bolumburu, B. & Martínez Martínez, S. 2006. Atlas de villas medievales de Vasconia. Bizkaia. Donostia. Eusko Ikaskuntza.
↑Zabala, M.J. 1995. “La creación de las villas en el Señorío de Bizkaia: los fueros y las cartas pueblas” Cuaderno de Sección. Historia-Geografía. 23. zbk. 9-29 orr.
↑Abaitua, Eulalia. (2005). Begoña 1900. Errepublika eta Santutegia / República y Santuario. Bilboko Euskal Museoa, 56-59 or. ISBN978-84-933868-1-8..
↑1772ko abenduaren 24an Karlos III.a Espainiakoak sinatutako Errege Zedulan hau ezartzen da: ...que todos los Mercaderes, y Comerciantes de por mayor y menor, Naturales, y Extrangeros, observen la Ley del Reyno que se inserta, y previene lleven sus Libros en Idioma Castellano.
↑ abIturriza, Juan Ramon. (1784). Historia General de Vizcaya. .
↑Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2018-06-21). [https://www.flickr.com/photos/38892589@N02/48098802458/Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena.
Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Gardenkiak). ] UEU (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
↑(Gaztelaniaz)Aspuru, Jabier. (2025-01-04). [file:///home/usuario/Deskargak/04-01-25-Deia.pdf «Constructor de puentes: el gran ingeniero Ignacio de Rotaetxe»] Deia: 12-13..
↑Carballo Ostolaza, Daniel. (2012-09). [hhttp://www.ingeba.org/liburua/pelotafortificaciones.pdf (Ingeba) Implantación del juego de la pelota en los cascos antiguos. La transformación de la muralla medieval de Laguardia o el baluarte renacentista de Hondarribia, en la implantación del juego de la pelota, extramuros. ] (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
Txio Ta Txio 2024 –Mundu bat Bilbo gabe. Bilbao Kultura. (2024-10-31). Hogei bideo txiki (Bideo txioak edo) Begoña eta Deusturen anexioari buruz: 1 3:28 Begoña sin Bilbao; 2 3:36 Deusto sin Bilbao; 3 2:43 Las élites; 4 1:48 Denak ez zeuden ados; 5 2:36 Dos anexiones distintas; 6 3:27 Bilbo hain zen txikia; 7 3:51 ¿Por qué Bilbao, por qué?; 8 3:10 Espazioaren garaipena; 9 3:18 Botxo baino gehiago, botxito; 10 2:08 Repúblicas no republicanas; 11 2:10 Mundu bat Bilbo gabe; 12 0:32 Anexiones 2; 13 0:32 Anexioak 2; 14 0:20 Anexiones; 15 0:19 Anexioak; 16 0:15 Julio Anteiglesias 3; 17 0:16 Julio Anteiglesias 2; 18 0:16 Julio Anteiglesias 1; 19 3:37 Deustuk ez zuen nahi; 20 3:33 Begoñak ez zuen nahi
Berton aldizkariko ale gehienetan, 10. orrialdeko "Begoña eta Euskerea" atalak informazio histokiko ugari argitaratu zituen ditu aspaldiko Begoña udalerriaz.