Edukira joan

Lizarra

Koordenatuak: 42°40′14″N 2°01′50″W / 42.6705°N 2.03064°W / 42.6705; -2.03064
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lizarra
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Lizarrako bandera
Bandera

Lizarrako armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Lizarra
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Estella - Lizarra
AlkateaKoldo Leoz (EH Bildu)
Posta kodea31200
INE kodea31097
Herritarralizarratar
Geografia
Koordenatuak42°40′14″N 2°01′50″W / 42.6705°N 2.03064°W / 42.6705; -2.03064
Azalera15 km²
Garaiera421 metro
Distantzia44 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria14.195 (2023:  218)
alt_left 7.202 (%50,7)(2019) (%46,6) 6.608 alt_right
Dentsitatea918,65 bizt/km²
Zahartzea[1]% 35,16
Ugalkortasuna[1]‰ 40,63
Ekonomia
Jarduera[1]% 78,21 (2011)
Desberdintasuna[1]% 3,51 (2011)
Langabezia[1]% 14,28 (2013)
Euskara
Euskaldunak[2][3]% 14,10 (2018: %3,31)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.estella-lizarra.com/

Lizarra[4] Nafarroa Garaiko erdialde-mendebaldeko udalerri bat da, Lizarrerri merindadeko hiriburua. Nafarroa Garaiko udalerririk jendetsuenetan seigarrena da, 13.695 biztanle baititu. Iruñea eta Logroño hirien arteko erdibidean, Nafarroako Erriberaren eta Nafarroako Mendialdearen arteko lotunea da.

Itsas mailatik 426 metro gorago dago, Jurramendi mendiaren azpian, eta Ega ibaiak zeharkatzen du. 914. urtean sortu zen Lizarra.

Euskal izenaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz, Lizarra izenaren jatorria segur aski lizar hitzetik dator, hau da, zuhaitz mota horren izenetik, Lizarrako ia eremu osoan lizar asko baitaude. Historian zehar herriaren euskal izena idazteko modu asko izan dira. 958. urtetik geroztik Iratxeko monasterioan aurkitu izan dira hurrengo izen hauek: Lizarrara (958), Liçarra (1012), Liçarara (1040-46), Leiçarrara (1074).

Gaztelaniazko izenaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarraren izen ofiziala gazteleraz Estella da. Jatorria latinetik dator, (stella), eta segur aski izarra esan nahiko zuen. Azkenean erromantzetik stella hori Estella bihurtuko zen. Gainera, Lizarrako armarria izar bat da, eta Erdi Arotik da Lizarrako armarria. Beste izen oso erabilia estela izan zen, hainbat hizkuntzetan, eta gazteleraz ere erabili ohi zen. Donejakue bidea oso garrantzitsua izan da Lizarrarentzat eta ospe handia eman dio.

Beste erdaretan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okzitanieraz eta galizieraz, herriaren izena Estela da. Gainera, Puyko Andre Mariaren izena okzitanieratik etorri bide da, Puy izena okzitanierazkoa baita.

Lizarra Nafarroa Garaiko erdialde-mendebaldean dago.

Ingurune naturala eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lizarraren eta inguruko mendien ikuspegia.

Ega ibaiak Lizarra zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera, Urederra ibaiaren ur-emaria (15,16 m/seg batez beste) jaso eta gero. Urederrak aldi berean, Eraul ibaiaren emaria (7,11 m/seg batez beste) jasotzen du.

Lizarra bi klimaren artean dago: batetik mediterraneo-kontinentala, Ebro ibarrekoa, eta bestetik Burundako klima ozeanikoa. Urtarrilean, batez besteko tenperatura 3,9 °C da, eta minimoa 0,1 °C; uztailean, batezbestekoa 20,5 °C da, eta maximoa 27,2 °C. Historian izandako tenperaturarik muturrekoenak -14,5 °C eta 41 °C izan dira. Urteko batez besteko prezipitazioa 650 eta 700 mm bitartekoa da, urte osoan banaturik, baina batez ere udazken eta udaberri inguruan. Hilik idorrenak uztaila eta abuztua dira.

Klima kontinentalaren eta atlantikoaren artean dagoenez, landaredia trantsizioko klima batena da, harizti eta pagadiak alde batetik, eta artadiak bestetik. Gizakiaren eragina dela eta, jatorrizko baso gehienak desagertu egin dira, eta euren tokian zuhaixkak hazi dira, izpilikua, ezkaia eta abar.

Estazio meteorologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lizarra
Klima-diagrama
UOMAMEUAIUAA
 
 
50
 
 
9
2
 
 
63
 
 
13
5
 
 
11
 
 
14
4
 
 
44
 
 
16
5
 
 
18
 
 
21
8
 
 
70
 
 
26
12
 
 
19
 
 
28
14
 
 
3
 
 
29
14
 
 
53
 
 
25
13
 
 
47
 
 
20
8
 
 
105
 
 
12
4
 
 
105
 
 
9
3
Tenperatura maximoen eta minimoen batezbestekoak (°C)
Euria litro/m2-tan



Herrigunearen kanpoaldean, Puytik gertu dagoen Eskola tekniko profesionalean eta itsasoaren mailatik 486 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak jarritako estazio meteorologikoa dago.[5]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarrak Deierrirekin egiten du muga iparraldean, Villatuertarekin ekialdean, Aiegi eta Allinekin mendebaldean, eta Aberinekin hegoaldean.

Rocamador, San Pedro, San Migel, San Juan, Remontival, Zezen Plaza eta Deierri, Zaldu, Puy, Volante, Zalatanbor, Lizarra, Nabarreria, Kale Nagusia, Valdelobos, Donejakue Plaza, San Benito, B Sektorea, Merkatondoa, San Kristobal eta Fuente de la Salud, Merced eta Noveleta.

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriaren sortze data zehatza zein den ez dakigu, eta historialarien ustetan, gaur egun ezartzen den gunean gizakiaren presentzia duela ehunka urtetik dator. Lizarran Brontze Aroko hainbat aztarna aurkitu dira, eta historialariek Ordaitz, Zaraputz eta Fosaleko aztarnategiak ikertu dituzte, bertan leundutako aizkora eta bestelako objektuak aurkitu dituztela. Era berean, aipagarria da Lizarrako San Pedro elizako hormetako bat eraikitzeko Erromatar Inperio garaiko hilarri bat erabili zela, eraikuntza material gisa. Erromatarren garaikoak dira Merkatondoa izeneko gunean aurkitutako arrastoak ere.

Erdi Aroa eta Lizarraren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lizarrako Foruen enparantza.

Antso I.a Gartzeitz erregeak Lizarra herrixka hartu zuen mendean andalustarrengandik 914. urtean. 1090an Antso V.ak herrixka gotortu horren aurrean Estella hirigune berria sortu zuen Jakako forua emanez. Donejakue Bidetik zetozen hainbat franko (okzitaniar) kolono geratu ziren bertan bizitzen, zeren, foru horren arabera, nobleen zein erlijiosoen basailutzatik aske zeuden franko horiek. Herria jaurerri izandako garaian, Iruñeko monarkiak jabetza ugari izan zituen Lizarra herrixkan. Herrixka haziz joan zen heinean, gurtzarako toki bat izatea beharrezkoa egin zen, eta herritarrak San Martin kaperan biltzen hasi ziren. Gainera, parrokia berriak ere eraiki ziren, San Nikolas mendebaldean, eta Hilobi Santuarena ekialdean (biak 1122 eta 1123 urteetako dokumentuetan aipatzen dira).

1145ean, Gartzea IV.a Nafarroakoak sinagoga zaharrean parrokia berria egiteko agindua eman zuen, eta horrela, Andre Mariaren eta Santu Guztien parrokia sortu zen. Herrian bizi ziren juduek gazteluan hartu zuten babesa. Gazteluaren jabe, azagratarrak lehenik, eta lehetarrak ondoren, izan ziren. Alfontso I.a erregearen testamentuaren arabera, Lizarraren jabetza, Iruñeko Andre Mariaren parrokiaren eta Leireko monasterioaren artean erdibanatu beharra zeukaten. Azkenik, erregimen berezi hark sor zitzakeen arazoak zirela eta, bertan behera geratu zen erregearen azken nahi hura.

Bien bitartean, Donejakue Bideak erakarritako erromesen emariak, batetik, eta inguruko herrixketako nekazarien salerosketek, bestetik, dirua sortu eta merkataritza sendotu zuten Lizarran. 1187an, Antso VI.ak aldameneko lurretan beste burgu bat eraiki zuen, San Joan izenekoa. Burgu hauetan aske ziren frankoak ezarri ziren, jatorri anitzeko biztanleak, bereziki merkataritzan lan egiten zutenak. 1164an jada azoka egiteko baimena eman zuen Antso VI.ak[6]. 1188an Arenal auzokoei eman zitzaien forua. Hortaz, hiru burgu egon ziren hirian 1266an batu ziren arte. Hiribildua sortu eta ehun urtera Lizarra, Estella (San Pedro auzoa), San Nikolas auzoa, Hilobi Santua eta San Joan auzoa foru beraren pean hirigune berean biltzen ziren, auzo edo burgu desberdinetan bada ere.[7] Merkataritzaren hazkundearekin batera, merkatu egonkor bat sortu zen, jatorrizko burguaren harresitik kanpora. Merkatua ostegunetan izaten zen, eta bertan zegoen oparotasuna zela eta, 1164an Antso VI. erregeak herriko foruak berretsi eta emendatu zituen (1164ko foru hedatua).

Erromesak hartzen zituen herria izanik, hainbat ostatu eraiki ziren bertan. Ez bakarrik ekimen pribatukoak, baita elkarte ongileek edo kofradiek sorturiko ostatuak edo ospitaleak ere. XII. mendearen erdialdean esaterako, "bide frantsesaren" ondoan, San Lazaro ospitalea zegoen, legendunak eta erromes gaixoak zaintzen zituena. Horrez gain, Areatza herrirako sarreran, Lizarrako Ospitalea zegoen (1188). Bestalde, Iruñeko gotzainaren gomendioz, kofradietako kideek San Pedro ospitalea (1236) eta Nafarreriakoa (1266 sortu zituzten, biak ere herriaren harresietatik kanpo. Merkataritza eta hazkunde orokor haren adierazgarri, hazkunde demografikoa ere izan zen, XIII. mendearen erdialdean (1264) 1.128 familia bizi ziren herrian, XIX. mendera arte Lizarrak berriz izango ez zuen biztanleria.

XIII. mendearen erdialdean San Martin zen auzorik jendetsuena, bertan herritarren %40 bizi zen, Donibane auzoan biztanleen %18 bizi zen, San Migelen %14 eta Judutegian gainontzeko %10a. Lizarra ondoko Zaraputzen petxa ordaintzen zuten 24 familia bizi ziren. Etengabeko hazkundearen ondorioz, laborantza lur gehiagoren beharra gero eta handiagoa zen arren, lurrek ez zuten ematen atarramentu handirik, eta horrek, askotan, herriaren ongizatea kolokan jarri zuen. Behar horrekin batera, lizarratar askeek herriaren inguruko hainbat lur eta baserri erosi zituzten Aiegin eta Belinen, urrezko edo zilarrezko txanponekin ordainduz batzuetan, eta piper beltzarekin eta antzeko espeziekin beste batzuetan.

Udalerriaren ekialdean, merkatari, artisau eta bestelako lizarratarrak hainbat lurren jabe egin ziren, Deierriko Murillon eta Villatuertan. Lur horiek petxa ordaindu behar zutela eta, Teobaldo I.a erregeak 12.000 soldatako kalte-ordainak ordaintzera behartu zituen. Garai hartan Lizarrak inguruko hainbat herrixka eta etxagune bereganatu zituen.

XIV. eta XV. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ega ibaia Lizarrako Alde Zaharra zeharkatzen.

XIV. mendearen hasieran herritar batzuen gorroto eta lehiek gatazka handiak sorrarazi zituzten herrian, eta egoera okertzean, Enguerrand de Villiers gobernadoreak zigorrak gogortu egin zituen "hiltzailea hil dadila" esanez.

1328ko martxoaren 6an, Lizarrako herritarrek, frai Petri Oilogoiengoaren sermoiek beroturik, judutegiari eraso zioten.[8] Erasoak kreditu-agiriak suntsitzea zuten helburu. Beste hiribilduetan ez bezala, juduek erasotzaileei aurre egin eta elizako kanpaiek ordara jo zuten[9]

Nafarroako Erresumak bizi zuen tentsio politikoari eta beheraldi ekonomiko orokorrari izurri beltza agertzea batu zitzaion. Ez dago gaixotasunak herrian eragindako heriotza-kopuruari buruzko daturik, baina egia da 1366. urtean, herrian 745 familia baino ez zirela bizi, mende hasieran baino %30 gutxiago. Horrez gain, herritarren %20 pobrea zen eta egoera horretan zeuden herritar gehienak San Migelen bizi ziren. Bien bitartean, San Pedro auzoan, herritarrik aberatsenak bizi ziren, artisauak eta merkatariak batez ere.

Gaztelaren aurkako gerra amaigabeek ere eragin latza izan zuten herrian, eta arrazoi militarrak zirela eta, Areatzako San Salbador eliza eraitsi behar izan zuten eta Agustindarren komentua hiribilduaren harresiaren babesetik kanpora eraman. Hurrengo mendean, herritarrak Ponce eta Leartza familien liskarren eraginpean bizi izan ziren.

XVI. eta XVII. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendetik XVII. mendera udalaren eskumenak finkatu egin ziren, herriko erregimenduko partaideak San Pedro, San Migel eta Donibaneko herritarren artean aukeratzen ziren. Udala alkateak, sei epaimahaikidek eta sei erregidorek osatzen zuten. Gaztelako erresumaren inbasioak aldaketak ekarri zituen antolaketan, baina oro har, udal funtzionamenduaren aldaketarik sakonenak 1535, 1621, 1645 eta 1670. urteetan gauzatu ziren.

Kulturari eta hezkuntzari dagokienez, Lizarrak Gramatikarako Ikastegi bat izan zuen, eskualdeko gazteak hizkuntzan hezteko. Ikastegiaren lanak XVII. mendearen amaierara arte iraun zuen. Inprimategia ere goiz ezarri zen herrian, Miguel Egiaren eta Adrian Anberesen ekimenaren bidez. 1546. eta 1567. urteen artean, 32 lan inprimatu ziren herrian. 1524an, erregimenduak, erregeordearen aginduz, herrian zeuden sei ospitaleak ospitale nagusi batean batzeko agindua eman zuen.

Lehen Karlistaldiko fusilamenduak irudikatzen dituen margolana.

Iberiar Penintsulako Gerran, 1808ko ekainean, frantses erasotzaileen aurka aritzeko konpainiak antolatu ziren Lizarran, Antonio Perezek gidaturik aurrena, eta Andres Eguagirrek zuzenduta ondoren. Napoleon Bonaparteren armadak herria inbaditu zuen, eta frantses gudariak bertan ezarri ziren, baina azkenik, 1813an, Napoleon Bonaparteren gizonak herritik kanporatu zituzten. Hirurteko Liberalaren aldian, Lizarrak asaldura erregezalea bizi izan zuen, eta 1822ko urrian Guerguek herria erregezaleen alde hartu zuen.

Lizarra hiribildua XIX. mendearen erdialdera, Francisco Coelloren arabera.

Lehen Karlistaldian, 1833ko azaroaren 14an, Zumalakarregi Don Karlosen aldeko armadaren komandante nagusi izendatu zuten Lizarran. 1835etik 1839ko irailaren 20ra, herria karlisten kontrolpean izan zen beti, azkenik, gerraren amaieran, liberalek konkistatu zuten arte. Lehen Karlistaldian eman zituen euskarak azken hatsak Lizarran. Bigarren Karlistaldian, San Frantzisko gotorlekuan babesa hartu zuten 300 liberalen aurkako astebeteko setioa bete zenean, karlistek herria hartu zuten 1873ko abuztuaren 24an. 1876ko otsailaren 18an, berriz, Fernando Primo de Riverak karlistak kanporatu zituen eta erregeak Lizarrako markes izendatu zuen.

Lizarraren ikuspegia XIX. mendearen amaieran.

XX. mendera jauzia eginez, 1909an "La Estellesa" autobus konpainia sortu zuten, herria Iruñearekin lotzeko asmoarekin. XX. mendearen lehen hamarkadetan, herriaren hirigintzak aldaketa handiak izan zituen, eta 1905. urtean harresiak eraistearekin batera, Los Llanos eta Sortzez Garbiaren pasealekuaren inguruko zabalkundearen plangintza egin zuten udaleko arduradunek. Mendearen lehen herenean, kontserbadoreek (Enrique Otxoak zuzendurik) eta karlistek (Joaquin Llorensen gidaritzapean) herria zuzendu zuten. Bien bitartean, euskal abertzaletasuna handituz joan zen Aranzadi, Irujo, Ollo eta Zubeldia familien inguruan. Dena den, abertzaleek ez zuten udaletxean ordezkariririk lortu Bigarren Errepublikara arte.

1931ko ekainaren 14an euskal udalen biltzarra egin zen Lizarran, eta bertan, aldeko 427 botorekin, autonomia estatutu berrirako proposamena onartu zen, Lizarrako Estatutua zeritzonarena, hain zuzen ere. 1936an faxisten altxamendu militarrak Nafarroa Garaian arrakasta izatean, Lizarrako karlista ugari matxinatutako frankistei gehitu zitzaien, eta Gipuzkoara abiatu ziren, hango frontean parte hartzeko. Gerra Zibilaren lehen hilabeteetan, dozenaka pertsona erail zituzten Lizarran; tartean, 1936ko irailaren 29an, Lizarrako alkatea: EAJko Fortunato Agirre.

Francisco Francoren heriotzaren ondoren, 1976ko maiatzaren 19ko urteroko ekitaldi karlistetan, Don Sixtoren aurkako jarraitzaileek (karlismoaren adarrik atzerakoiena osatzen zutenak), Carlos Hugoren aldeko jarraitzaileei eraso egin zieten Jurramendin, bi hildako eraginez, Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Gimenez Santos.

1979an Garcia Orcoyen Ospitalea sortu zuten, lehendabiziko eskualde-erietxea izan zena estatu espainiar osoan. 1998ko irailaren 12an Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu zuten herrian hainbat alderdik eta eragilek, orduan ETAren su-etena ahalbidetu zuena.

Industria (elektromekanikoa, larrukiak, kautxua, eraikuntza gaiak, inprimategiak), eraikuntza eta zerbitzuak (merkataritza, administrazioa, irakaskuntza, ostalaritza) dira jarduera nagusiak.

Lizarrako biztanleria

Udaletxea estilo eklektikoan eraiki zen XX. mendearen amaieran. Fatxadan, adreilu gorriaren itxura irudikatzen duen zarpeatua dago, inguruko harrizko apaingarriekin alderatzen dena. Eraikinaren erdialdean, egitura altu bat dago, erdi puntuko arkudun atari eta beheraturiko arkua duen balkoiarekin bat egiten duena. XX. mendean udaletxea erabat berriztu zen, 106 milioi pezetako aurrekontuarekin (Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak %77 ordaindu zuen.) Zaharberritzeak iraun bitartean, udalak Nafarroako errege-erreginen jauregian izan zuen egoitza.

XX. mendearen hasieran udaletxea eraiki aurretik, Lizarrako udaletxea gaur egun auzitegia dagoen tokian egon zen. Eraikinak XVIII. mendeko egitura barrokoa du.

  • HELBIDEA: Sortzez Garbiaren pasealekua, 1

Udal hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarrako alkatea Euskal Herria Bildu koalizioko Koldo Leoz da 2015eko hauteskundeez geroztik. Bere alderdiaren botoez gain, Ahora Orain Estella-Lizarra herritar plataformaren botoak eta Geroa Bai koalizioarenak jaso zituen, eta alderdi bozkatuena izan zen UPNren hautagaiari gailendu zitzaion.

UPN alderdiko María Begoña Ganuza Bernaola izan zen aurreko alkatea, 2007ko udal hauteskundeez geroztik. Orduan Udaleko hamazazpi zinegotzietatik zortzi lortu zituen Nafarroako Herriaren Batasunak eta CDN alderdiaren botoei esker lortu zuen alkatetza. Baliogabeko botoak 56 izan ziren (emandako guztien % 0,74) eta 102 boto zuri izan ziren (botoen % 1,37). Abstentzioa % 15,67 izan zen.

2011ko hauteskundeak berriro ere UPN alderdiak irabazi zituen, eta bigarren Bildu koalizioa geratu zen. PSNren jarrerak UPNri aurre egiteko balizko gehiengo alternatiboa zapuztu zuen.[10] Baliogabeko botoak 78 izan ziren (emandako guztien % 1,14) eta boto zuriak 201 (boto guztien % 2,98). 2011n abstentzioa hazi egin zen 2007ko hauteskundeekin konparatuz, % 34,95 izan baitzen, % 19,28 gehiago.

Lizarrako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Nafar Herriaren Batasuna (UPN)
5 / 17
1.947 (% 28,80)
7 / 17
2.166 (% 32,12)
Euskal Herria Bildu
5 / 17
1.631 (% 24,12)
4 / 17
1.321 (% 19,59)
Ahora Orain Estella-Lizarra
3 / 17
1.186 (% 17,54)
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE))
2 / 17
864 (% 12,78)
2 / 17
916 (% 13,58)
Geroa Bai (2015) / Nafarroa Bai (NaBai) (2011)
2 / 17
707 (% 10,46)
2 / 17
678 (% 10,05)
Nafarroako Ezker Batua
1 / 17
469 (% 6,96)
Nafarroako Alderdi Popularra (PPN)
0 / 17
238 (% 3,52)
1 / 17
437 (% 6,48)
Datuen iturria: 2015eko hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean, 2011ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean

Hauek izan dira Lizarrako azken alkateak:

Alkatea Agintaldiaren hasiera Agintaldiaren amaiera Alderdia
Moises Andueza Barrenechea[11][12] 1979 1980 a Candidatura de Unidad Popular
Felix Armañanzas Echarri[12] 1980 1980 b Agrupacion Independiente de Estella
Moises Andueza Barrenechea[12] 1980 1981 c Candidatura de Unidad Popular
Ricardo Galdeano Sanchez[12] 1981 1983 Agrupacion Independiente de Estella
Ricardo Galdeano Sanchez[12] 1983 1987 Agrupacion Independiente de Estella
Rosa Lopez Garnica[12] 1987 1991 UPN
Jose Luis Castejon Garrues[12] 1991 1995 PSN
Jose Luis Castejon Garrues[12] 1995 1999 PSN
Maria Jose Bozal Bozal[12] 1999 2003 UPN
Maria Jose Fernandez Aguerri[12][13] 2003 2007 PSN
Begoña Ganuza Bernaola[14] 2007 2011 UPN
Begoña Ganuza Bernaola 2011 2015 UPN
Koldo Leoz Garciandia[15][16][17] 2015 2019 EH Bildu
Gonzalo Fuentes Urriza[16][17][18] 2019 2020 d Na+[19]
Koldo Leoz Garciandia[15][17] 2020 Jardunean EH Bildu[19]

a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

c Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

d 2020. urteko martxoan Gonzalo Fuentes gaitasungabetu zuten.

Lizarrak Lizarrerri osorako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu:

Udal autobusak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarrerria Buseko linea hauekin ditu loturak:

Lizarrerria Bus
Ospitalea 1 BilatortaOteitza
AbartzuzaOspitalea 2 AiegiDeiu / Arroitz

Bestelako autobus lineak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Automoviles Urederra autobus konpainiak Lizarra inguruko hainbat herrirekin batzen du. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:

La Estellesa autobus konpainiak Aguilar Kodeskoa eta Iruñea bitarteko autobus linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka Aguilar Kodeskoaren norantzan eta lau zerbitzu kontrakoan. Linearen ibilbidea honakoa da:

Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legeari jarraituz, Lizarra eremu mixtoko udalerria da, eta hori dela eta, euskarak eskubide batzuk ditu.

Remontival pilotalekua Lizarrako Udalaren kirol instalazioetako bat da, eta San Miguel pilota klubaren egoitza.

Lizarran bada esku huskako hainbat pilotari profesional eman dituen klub bat: San Miguel pilota kluba. Herriko Remontival pilotalekuan du egoitza.

Bestela, 1951an Estella Mendizaleen Elkartea sortu zuten, gaur egun 400 bazkidetik gora dituena.[20]

Jaiak eta ospakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Andresen eta Puyko Andre Mariaren omenezko jaiak antolatzen dira, Lizarrako zaindari baitira biak. Jai nagusiak uztaileko azken astean edo abuztuko lehen astean (abuztuaren lehen igandearen aurreko ostiralean hasten dira) izaten dira, San Andresen omenez. Inauteriak eta Errege eguna ere nahiko ospetsuak dira.

Lizarrako dantzarik famatuena Larrain dantza da. Horrez gain, urtean zehar hainbat kalejira antolatzen dira, eta "Zorabioaren dantza" izenekoa. Musika tresnarik ezagunena gaita edo dultzaina da (bertan "gaita" gisa ezaguna).

Lizarrako gaztetxea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sugarra gaztetxea gaur egungo Lizarrako gaztetxea da, Piñupe gaztetxe zaharraren ordezkoa. Ospitale Zaharra 2018ko ekainak 23an akupatzerakoan jarri zen abian proiektua, ordutik solasaldiak, tailerrak, kontzertuak... bertan emanez. 2019an udalarekin eta Nafarroako gobernuarekin adosturik, gaztetxeak zuen azalera murriztu zen gobernuak eraikinean hamabost bizileku zaharberritu zitzan, hamahiru alokairu sozialerako eta bi gizarte larrialdietarako. Lanak 2020ko ekainan bukatu ziren, gaztetxea ospitalearen kapilaren azalerara murriztuz.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Pedro elizaren klaustroa.

Puyko Andre Mariaren basilika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Puyko Andre Mariaren basilika»

Puyko Andre Mariaren basilika Lizarrako goiko aldean dagoen eliza modernoa da, udalerriko bi zaindarietako baten omenez XX. mendean eraikia, XI. mendeko baseliza eta gero tenplu barrokoa izan zenaren gainean egina.

Lizarrako gaztelua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarrako Gaztelua herriaren gaineko haitzean zegoen, gaur egun oraindik ere "Gazteluen Gurutzea" izena duen lekuan. Bertan, XVI. mende arte, gotorleku garrantzitsua izan zen, eta Erdi Aroan zehar Nafarroako Erresumako defentsarako gotorleku sareko eraikuntzarik garrantzitsuenetakoa izan zen. Hiru babeslekuk osatzen zuten, Zaratanbor, Bermetxet eta Talaia izenekoek. Mendeak igaro ahala, hainbat eraberritze izan zituen gazteluak, hormak sendotu eta Gaztelaren erasoaldiek eragindako kalteak konpontzeko.

1512ko udan, Gaztelako Erresumak Nafarroakoa inbaditzean, Lizarrak eutsi egin zien denbora batez. Dirudienez irailaren 9an, Tuterarekin batera, hiribilduaren defendatzaileek amore eman zuten; Gaztelako Armadako gizonek hartu zuten gaztelua, eta horrela Cristóbal Villalba koronela gazteluko alkaide bihurtu zen, bai eta inguruko lurren jabetza eskuratu ere. 1572an Filipe II.a Espainiakoak, ordea, Vespasiano Gonzaga bertako alkaide zela, gaztelua eraistea agindu zuen. Eraiste-lanetan, harrietako batzuek San Pedro de la Rua parrokiako klaustroa eta kaperak kaltetu zituzten.

San Pedro Ruakoa parrokia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «San Pedro Ruakoa eliza (Lizarra)»

San Pedro Ruakoa parrokia, herriko elizarik garrantzitsuena da, eta gaur egungo eraikina, ziurrenik, antzinako baseliza zaharren baten hondarren gainean eraiki zen Erdi Aroan. Gaur egungo eraikina, XII. mendearen amaieran eraikitzen hasi zen. Eraikineko gunerik zaharrena aurrealdea da, XIII. mendekoa, estilo erromaniko berantiarrekoa. Horrez gain, nabeen gorputzean osagai zistertarrak ikus daitezke. Eliza herriaren gaineko gune batean dago, beharbada, jatorrian izan zuen defentsarako izaeraren adierazle. Eraikina herriaren eta Lizarrako gazteluaren erdibidean zegoen.

Done Mikel parrokia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Done Mikel eliza (Lizarra)»

Herriaren ondoko gain batean dago, Lizarrako jatorrizko burgutik aldendurik. Parrokia San Pedro de la Ruako parrokiarekin batera eraiki zen XII. mendean. Eliza estilo erromaniko berantiarrekoa da eta zirkuluerdi-formako abside hirukoitzeko aurrealdea dauka. Erdiguneko absidearen azpian malda saihesteko eraikitako kripta bat aurkitu zuten XX. mendearen amaieran. Gurutzaduraren besoak eta alboetako nabeak gurutzeria bakuneko estaldura dute, eta erdialdeko nabe nagusiak, izardun gangez eginiko estaldura konposatua dauka, ziurrenik 1537an Juan Agirrek egindako lanaren ondorioz.

Santa Klara komentua, argazkitan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarratar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
  3. Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
  4. Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
  5. Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
  6. Martinena, Ricardo Cierbide. (1992). «La lengua de los francos de Estella: intento de interpretación» Archivo de filología aragonesa (48): 9–46. ISSN 0210-5624. (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  7. «4 El fuero de San Sebastián» www.ingeba.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
  8. Estella-Lizarrako Udala. Historia. .
  9. Estella-Lizarra; Caminos de Sefarad. Red de Juderías de España.
  10. La mayoría progresista no desbanca a UPN al frente de Estella-Lizarra[Betiko hautsitako esteka], Diario de Noticias, 2011ko ekainaren 12a.
  11. «Estella - Lizarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  12. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) «Homenaje a 25 años de democracia» Calle Mayor - Año XIII - Del 7 al 20 de Octubre de 2004 (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  13. (Gaztelaniaz) Muez, Mikel. (2003-06-21). «Los cinco alcaldes que desobedecieron al PSOE» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  14. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2015-02-27). «Begoña Ganuza y José Antonio Mendive (UPN) optarán a la reelección como alcaldes de Estella y Barañain» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  15. a b (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  16. a b (Gaztelaniaz) «Moción de censura contra el alcalde de Estella, Gonzalo Fuentes, de Navarra Suma» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  17. a b c (Gaztelaniaz) «Koldo Leoz, alcalde de Estella con apoyo de la mayoría del pleno tras la moción de censura a Fuentes» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  18. (Gaztelaniaz) Telebista, Euskal Irrati. (2020-03-09). «Moción de censura contra el alcalde de Estella, Gonzalo Fuentes» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  19. a b «LIZARRAKO ESKUALDEKO HAUTESKUNDE BATZORDEA Aurkeztutako hautagai-zerrendak» NAO 78. zenbakia, 2019ko apirilaren 24a, asteazkena (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  20. Estella Mendizaleen Elkartearen Historia.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa