Kandidiasi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Ahoko kandidiasia -muguet- HIESa duen gaixo batean


Kandidiasia Candida onddo mikroskopikoak sortzen duen gaixotasunen multzoa da. Onddoek eragindako infekzioak, orokorrean, mikosi deritzonak direnez, kandidiasia mikosi mota bat da.

Kandidiasiaren eragilea ez da, berez, mikrobio patogenoa, oportunista baizik. Horrek esan nahi du Candidak immunitate-sistema ahula dutenei edota bere flora bakteriarra desorekatuta (antibiotikoak luzaro hartzeagatik, esaterako) dutenei egiten diela eraso, batik bat.

Candida albicans da kandidiasiaren eragile nagusia, baina onddo horren beste espezie batzuek ere (C. guilliermondii, C. tropicalis, C. kruiseii...) infekzioak sor ditzakete.

Kandidiasiak gorputzeko hainbat atali eraso diezaioke: ahoari, digestio-aparatuari, baginari eta larruazalari:


  • ahoko kandidiasia (muguet): ahoko mukosetan edota mingainean plaka zuriak agertzen dira, esne itxurakoak. Ultzerak eta zauriak ager daitezke.
  • digestio-aparatuarenak: onddo patogenoak hestegorrian, batez ere, koka daitezke. Eztarri eta bularreko mina eta irensteko zailtasunak eragin ditzake kandidiasi honek
  • baginako kandidiasia: baginitisa eragiten du. Baginaren inguruan gorritasuna, erremina eta leucorrea (baginaren jarioa) agertzen dira. Harreman sexualen bidez kutsa daiteke
  • larruazaleko kandidiasia: azazkalak eta -jaioberrien kasuan- pixoihalarekin kontaktuan dagoen larruazala dira kandidiasi honek kaltetzen dituenak. Azken kasu honetan erremina eta gorritasuna dira sintoma nagusiak (pixoihalaren dermatitisa)


Immunitate-sistema oso ahulduta dagoenean (HIESa, minbizia, diabete larria...) infekzioa zabaldu daiteke eta septizemia larria eragin (mikrobioa odolaren bidez hedatzen baita). Kandidiasiak, orduan, gorputzeko edozein organo jo dezake eta sindrome larriak sortu: endokarditisa, biriketako kandidiasia, nerbio-sistemarena, giltzurrunetakoa, etab agertzen dira. Hil zorian dauden HIESadunei edo minbizia dutenei heriotza eragin diezaieke kandidiasi sistemiko horrek.


Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Botika antifungikoak erabiltzeaz gain, kandidiasien tratamenduak aintzakotzat hartu behar ditu infekzioa errazten duten faktoreak, horiek zuzentzeko (gaixoaren egoera immunologikoa, oinarrizko gaixotasunak, flora bakteriarra desorekatu duten tratamenduak, etab.)

Larruazaleko edo mukosetako kandidiasiak tratatzeko modu topikoan erabiltzen dira botika antifungikoak. Beste kandiadiasiak ahoz zein zain barneko bidetik tratatzen dira. Gehien erabiltzen diren antifungikoak nistanina (modu topikoan ere erabiltzen dena), B anfoterizina, flukonazol eta ketokonazol dira.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kandidiasi Aldatu lotura Wikidatan