Edukira joan

Larruazal

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Azal (anatomia)» orritik birbideratua)

Larruazalaren diagrama.

Azala edo larruazala gizakien eta beste ornodunen gorputza estaltzen duen kanpoko geruza da.[1] Organismoaren organorik handiena da, batez beste, 4,1 kg pisatzera hel baitaiteke. Hiru funtzio nagusi betetzen ditu: babesa, erregulazioa eta sentsazioen harrera.

Bestelako animalien kanpoko geruzek, artropodoen exoeskeletoa kasu, garapenaren jatorria, osaera kimikoa eta egitura desberdina dute. Ugaztunetan, larruazala tegumentu-sistemaren organo bat da, ektodermoko ehunaren hainbat geruzaz osatuta dagoena. Organismoaren tegumentua osatzeaz gain, muskuluak, hezurrak, lotailuak eta barne-organoak babesten ditu. Ugaztun guztiek dute ilea larruazalean, baleek, izurdeek eta fozenidoek izan ezik. Larruazala ingurumenarekiko ukipenean dagoen organoa izanik, kanpo-faktoreen aurreko defentsarako lehen hesia da. Adibidez, patogenoen aurkako babesean, larruazalaren eginkizuna ezinbestekoa da, baita uraren galera ekiditeko ere. Bestelako funtzio batzuk dira isolamendua, tenperaturaren erregulazioa eta D bitaminaren ekoizpena.

Larruazalaren lodiera organismoan duen kokapenaren araberakoa da. Gizakietan, esate baterako, begien azpikoa eta betazaletakoa gorputz osoko larruazalik finena da, 0.5 mm-ko lodiera duelarik, eta, horregatik, adinaren seinaleak agerian uzten dituzten lehen gorputz-atalak dira begiak inguratzen dituzten azal horiek. Organismo osoko larruazal lodiak, aldiz, eskuen barnealdekoa eta oinazpikoa dira, 4 mm-ko lodiera izanik. Gainera, larruazal-egitura sekundario izeneko zenbait egitura larruazaletik eratorritakoak dira: ileak, azazkalak, gantz- eta izerdi-guruinak.​ Larruazaleko gaixotasunak aztertzeaz eta tratatzeaz arduratzen den medikuntzaren alorra dermatologia da.

2024ko urtarrilaren 11n, biologoek ezagutzen den azalik zaharrenaren aurkikuntzaren berri eman zuten, duela 289 milioi urte inguru fosilizatua eta, beharbada, antzinako narrasti baten azala[2][3].

Larruazala gizakietan eta bestelako ugaztunetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zergatik altxatzen da azala hotza edo beldurra dugunean?

Oro har, ugaztunen larruazala bi geruzaz osatuta dago: epidermisa eta dermisa, zeinak, hurrenez hurren, ektodermotik eta mesodermotik eratorriak diren. Epidermisak gorputzaren azala estaltzen du; eta, beraz, kanpo-ingurunearekiko kontaktuan dago. Dermisa, aldiz, epidermisaren azpian kokaturiko geruza da. Dermisaren azpian, hipodermis izeneko geruza dago. Aipaturiko geruzetako bakoitzak funtzio eta osaera ezberdinak ditu.

Epidermisa gorputzaren geruzarik kanpokoena da. Gorputzaren azala babesteko, geruza bat osatzen du, uraren galera eta patogenoen sarrera ekiditen laguntzen duena. Geruza horretako zelula mota nagusia keratinozitoak dira, baina, horiez gain, larruazalari pigmentazioa ematen dioten melanozitoak, babes immunologikoa ematen dioten Langerhans zelulak eta linfozitoak ere bertan kokatzen dira. Epidermisaren hazkundea konstantea da, baina beti mantentzen du lodiera bera, ezkatatze prozesua dela eta. Epidermisaren sakonean dagoen hozi-geruzan kokaturiko zelulak oso maiz zatitzen dira, eta bertatik sortutako zelula berriek progresiboki migratzen dute kanpo-azalerantz. Prozesu horretan, keratinozitoek antolamendu-maila altua lortzen dute, eta desmosoma deritzen zelula-loturak osatzen dituzte. Horri eta keratinozitoek jariatzen duten keratinari eta lipidoei esker osatzen da larruazalari erresistentzia mekanikoa ematen dion zelulaz kanpoko matrizea. Keratinozito berriak azken geruzara iristen direnean, naturalki erortzen dira. Prozesu osoa betetzeko beharrezko denbora, gutxi gorabehera, 4 astekoa da, eta, 2 astekoa edo gutxiagokoa baldin bada, prozesu patologikotzat hartzen da. Epidermisari mikroskopikoaren bidez behatzeko erabiltzen den tindaketa ohikoena hematoxilina-eosina bidezkoa da.

Epidermis-geruzak ez du odol-hodirik, baina, sakoneko geruzetan, dermisaren goiko geruzetatik datozen kapilarrek keratinozitoak elikatzen dituzte.

Epidermisa osatzen duten geruzak ondorengoak dira:

  1. Hozi-geruza. Sakonen kokaturik dagoena da, eta nukleo obalatudun zelula zilindrikoz osatuta dago. Geruza bakar bat osatzen dute keratinozitoek, eta, horien artean, larruazalari kolorea ematen dioten melanozito gutxi batzuk agertu ohi dira.
  2. Geruza arantzatsua. Nukleo borobildun eta zitosol basofilodun poligono itxurako zelulek osatzen dute. Geruza horren izena zitosolaren luzakinek duten arantza moduko morfologiatik dator. Morfologia horren eragilea zitokeratinazko zuntz-kontzentrazio altua da.
  3. Geruza pikortsua. 3 eta 5 zelula-geruza bitarteko sakonera izan ohi du, eta, zelularen zitosolean, keratohialinazko pikor basofiloak agertzen dira. Keratohialina keratinaren substantzia aitzindaria da. Keratinozitoak epidermisaren azken geruzara iristean, barneko edukiak (keratina) zelula-artera askatzen dituzte.
  4. Geruza gardena. Ezaugarri eosinofiloak dituen gune oso fina edukitzeagatik bereizten da. Geruza horretan, dagoeneko geruza pikortsuan degradatzen hasitako zelulen nukleoak desagertuta egoten dira.
  5. Geruza korneoa. Geruza hori nukleorik gabeko zelula (zelula hilak, korneozitoak) zapal eta keratinizatuz osatuta dago, zelula korneo ere deritzenak. Eosinofiloa da, eta epidermisaren geruzarik lodiena da. Korneozitoen osagai nagusia keratina da, eta, egunero, korneozito-geruzak askatzen dira epidermisetik.

Epidermisa eta dermisa xafla basala izeneko zuntzezko geruza fin baten bitartez bereizita daude, zeina bi geruza horietako zelulen jariakinez osatuta dagoen. Beste hitz batzuetan esanda, zelulek jariaturiko matrize estrazelular espezializatu bat da. Funtzio nagusia zelulen eta molekulen garraioa kontrolatzea da, baina hazkunde-faktoreen eta zitokinen erreserba-gune gisa ere jokatzen du beharrezkoa denean (orbainketa prozesuan, esaterako) horien jariapena bermatzeko.

Epidermisaren azpian kokaturik dagoen geruza da, eta proteoglikanotan eta azido hialuronikotan txertatutako kolageno-zuntzen eta zuntz elastikoen presentzia handiagatik bereizten da. Zuntz horiek modu paraleloan antolatuta daude, eta larruazalari elastikotasuna eta, aldi berean, sendotasuna emateaz arduratzen dira. Horrez gain, gorputza estres eta presio ezberdinen aurrean babesten du dermisak. Histologiari dagokionez, bi geruzatan banatuta dago:

  1. Geruza papilarra (dermis papilarra). Azalekoena da, eta dermisaren % 20 osatzen du. Ehun konektibo laxoz eta III motako kolageno-zuntzez osatuta dago. Izena epidermiserantz luzatzen diren hatz itxurako papila izeneko egituretatik dator. Papila horiek epidermisaren eta dermisaren arteko lotura sendotzen dute.
  2. Geruza erretikularra (dermis erretikularra). Geruza sakonena da, eta dermisaren % 80 da. Ehun konektibo dentsoz, I motako kolageno-zuntzez eta zuntz elastikoz osatuta dago. Mastozito, erretikulozito eta makrofago izeneko zelulak ageri dira bertan.

Dermisaren egitura zehatzago azaltzeko, ondorengo antolamendua hartu behar da kontuan:

  • Ile-folikulua. Ilearen sorreran gertatzen den larruazal-egitura.
  • Ilearen muskulu zutitzaileak. Muskulu horiek dermisetik ile-folikuluraino hedatzen dira. Muturreko egoeretan (gehiegizko hotza, estresa edo beldurra), nahi gabe uzkurtzen dira, eta piloerekzio izeneko fenomenoa gertatzen da.
  • Nerbio-bukaerak. Ukimenaz gain, beroarekiko, hotzarekiko, presioarekiko eta minarekiko sentsibilitatea ematen diote larruazalari.
  • Gantz-guruinak. Gantza jariatzen duten egiturak dira. Gantzak larruazalaren eta ilearen gainazalak inguratzen eta babesten ditu, eta deshidratazioa ekiditen du. Gantza kolesterolez, triglizeridoz, gatz mineralez eta proteinaz osatuta dago. Guruin mota horrek ile-folikulu batera jariatzen du gantza, eta ez da agertzen esku-ahur eta oinazpietan.
  • Izerdi-guruinak. Urez eta gatz mineralez osatutako likidoa jariatzen dute, hau da, izerdia. Kanpoarekiko kontaktua larruazalaren azaleko poroen bidez egiten dute. Bi izerdi-guruin mota bereizten dira: alde batetik, ekrinoak, gorputz osoan zehar sakabanatuta daudenak, eta, bestetik, parakrinoak, gune espezializatuetan soilik (besapeetan, gune pubikoan...) agertzen direnak.
  • Odol-hodiak eta hodi linfatikoak. Epidermisak odol-hodirik ez duenez, dermiseko odol-hodiak arduratzen dira larruazala elikatzeaz eta bertako zelulen hondakinak kanporatzeaz.

Hipodermisa edo larruazal azpiko ehuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, azaleko faszia ere esan izan zaio, eta ez da larruazalaren geruzatzat hartzen. Dermisaren azpian kokaturik dago, eta zuntzetan ugaria den ehun konektibo laxoz osatuta dago inguruko ehunekiko (muskuluak, hezurrak...) lotura egonkorrak bermatzeko. Ehun horretan, adipozitoak deritzen zelulak daude, zeinak gantz-erreserba eta isolatzaile moduan jokatzen duten. Horrez gain, fibroblastoak eta makrofagoak ere aurki daitezke. Hipodermisean ageri diren egitura nabarmenenak ondorengoak dira:

  • Odol-hodiak eta hodi linfatikoak. Dermisa elikatzeko funtzioa dute, oro har.
  • Larruazal-nerbioak. Nerbio-sortak eta nerbio-bukaera txikiak bidaltzen dituzte epidermisera.
  • Larruazal-lotailuak. Osotasunean, retinacula cutis deritzon egitura osatzen dute. Dermisa sakoneko fasziarekin erlazionatzen dute, eta, larruazalaren organoen azalean, zeharreko mugimendua ahalbidetzeko eta errazteko funtzioa dute. Oso garatuta daude ugatzetan.

Larruazalaren azala ez da laua, askotariko formak eta irudiak sortzen dituzten sakonuneak eta marrak ditu. Adibidez, hatzen ertzetan, marraz edo toles mikroskopikoz osaturiko morfologia bat eta bakarra da pertsona bakoitzean.

  • Tolesak eta sakonuneak. Artikulazio ororen alde dortsalean ageri dira, baita horiek zeharo luzaturik daudenean ere. Hatzak, ukondoak eta eskumuturrak besteak beste.
  • Zimurrak. Muskuluen uzkurketaren eragina pairatzen dute mugimendu edo larruazalaren posizionamenduengatik, adibidez, artikulazioetako tolesguneak.
  • Larruazal-poroak. Izerdi- edo gantz-guruinen kanporanzko irekiguneak dira.

Larruazalaren zahartzapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organismoaren zahartzapen prozesuan, larruazalaren egiturak aldaketa nabarmenak pairatzen ditu. 30 eta 80 urte bitartean, epidermisa progresiboki mehetzen da, eta dermisaren eta epidermisaren arteko kontaktu-azalera gutxitzen da. Horrek hauskortasuna areagotzen du, eta traumatismo arinek eragindako babak agertzeko aukerak emendatzen ditu. Melanozitoak 30 urtetik aurrera hasten dira kopuruz jaisten, 10 urteko % 8 eta % 20 artean zehazki, eta, larruazalean, lentigo deritzen orbanak eragiten dituzten melanozito-metaketak eratzeko joera izan ohi dute. Bestalde, zelulak zahartzen doazen heinean, minbizia eragiten duten mutazioak jasateko joera handiagoa izaten dute. Prozesu horien guztien agerraldien abiadura handiagoa da eguzkitiko izpi ultramoreen erradiazio bortitza jasan duten gizakietan. Larruazalaren endekapena areagotzen duen beste faktore garrantzitsu bat da tabakoaren kontsumoa, zeinak aurpegiko zimurrak eta itxura zaharkitua eragiten dituen. Ondorio horiek gertatzen dira tabakoak zuntz elastikoen loditzea eta zatitzea eta geruza korneoaren hidratazio-mailaren gutxitzea eragiten dituelako.

Saguen larruazalaren kasuan ikusi den moduan, estres oxidatiboak zelulen seneszentzia eta adinaren adierazle diren fenotipoak eragin ditzake. Hori ekiditeko, superoxido dismutasa (SOD2) deritzon entzima batek estres oxidatiboaren aurka babesten du larruazala: SOD2 entzimaren urritasuna duen sagu batekin egindako esperimentuan agerian utzi zen seneszentzia, DNA nuklearraren endekapena eta keratinozitoen garapenaren oztopoa indartzen direla.

Dermatologia sistema tegumentarioa aztertzen eta tratatzen duen diziplina medikoa da. Larruazala da organorik agerikoena, eta haren itxurak edo sintomek arrasto garrantzitsuak ematen dituzte haren gaixotasunei buruz, baita beste organo batzuei buruz ere, gibelari buruz, adibidez. Era berean, larruazala da organorik zaurgarriena, erradiazio, traumatismo, infekzio eta produktu kimiko kaltegarrien eraginpean dagoelako.

Bitiligoak jotako pertsona baten eskua.

Larruazalean, hainbat gaixotasun gara daitezke. Hauek dira ohikoenak:

Enbrioiaren garapenean (enbriogenesia) ornogabeen eta ornodunen azala germen-geruzetako bitik sortzen da. Epidermisa geruza ektodermotik eratortzen da, dermisa eta hipodermisa geruza mesodermotik eratortzen dira.

Larruazaleko egiturak epidermisetik sortzen dira, eta hainbat ezaugarri dituzte, hala nola ilea, lumak, atzaparrak eta azazkalak.

Enbriogenesian, epidermisa bi geruzatan banatzen da: peridermisa (galdu egiten da) eta geruza basal germinatiboa. Geruza basala zelula amen geruza bat da, eta, zatiketa asimetrikoen bidez, larruazaleko zelulen iturri bihurtzen da bizitza osoan.

Zelula amen geruza gisa mantentzen da TGF alfa seinale autokrinoaren bidez eta dermisak zelula basalen azpitik sortutako FGF7 (keratinozitoen hazkuntza-faktorea) seinale parakrinoaren bidez. Saguetan, faktore horien gainespresioak zelula pikortsuen gainprodukzioa eta azal lodia eragiten ditu[4].

Ilea eta lumak eredu erregular batean sortzen dira, eta erreakzio-difusio sistema baten emaitza dela uste da.

Erreakzio-difusio sistema horrek aktibatzaile bat (Sonic hedgehog) inhibitzaile batekin (BMP4 edo BMP2) konbinatzen du, eta zelula multzoak sortzen ditu patroi erregular batean. Sonic hedgehog adierazten duten zelula epidermikoek zelulen kondentsazioa eragiten dute mesodermoan. Zelula mesodermikoen taldeek seinalea itzultzen diote epidermisari, posizio horretarako egitura egokia eratu dezan. Epidermiseko BMP seinaleek inguruko ektodermoan plakoden eraketa inhibitzen dute.

Mesodermoak definitzen duela patroia uste da. Epidermisak zelula mesodermikoak entrenatzen ditu kondentsa daitezen, eta, gero, mesodermoak epidermisari erakusten dio zer egitura egin behar duen elkarrekiko indukzio batzuen bidez. Igelen eta uhandreen epidermisarekin egindako transplante-esperimentuek adierazi zuten seinale mesodermikoak espezieen artean kontserbatzen direla, baina erantzun epidermikoa espeziearen espezifikoa da, horrek esan nahi du mesodermoak bere kokapenaren epidermisa hezten duela eta epidermisak egitura espezifiko bat egiteko erabiltzen duela informazio hori[5].

Larruazalak 8 taldetan sailka daitezkeen oinarrizko funtzioak ditu:

  1. Babesa. Kanpo-inguruneko patogenoen eta gainerako arriskuen aurkako hesi anatomiko moduan jokatzen du. Larruazaleko Langerhans irlak immunitate-sistemaren parte dira, esaterako.
  2. Sentsibilitatea. Sentsazioen harrerarako gaitasun hori hainbat nerbio-bukaerari esker du larruazalak. Nerbio-bukaera horiek ukimena, beroa eta hotza, presioa, bibrazioa eta mina nabaritzeko hartzaileak dituzte. Ondorengoak dira bereiz daitezkeen hartzaileak:
    • Meissner korpuskuluak. Ukimen leuna edo ahula soilik nabaritzeko gaitasuna dute.
    • Krause korpuskuluak. Hotza nabaritzeko gaitasuna dute.
    • Pacini korpuskuluak. Presioa nabaritzeko gaitasuna dute.
    • Ruffini korpuskuluak. Beroa nabaritzeko gaitasuna dute.
    • Merkel korpuskuluak. Ukimena hautemateko gaitasuna dute.
  3. Termorregulazioa. Larruazalak zeregin garrantzitsua du organismoaren barne-tenperaturaren mantentze eta kontrolean. Hori larruazala zeharkatzen duten odol-hodien uzkurketa-lasaitzeei esker da posible, animaliaren beharren arabera bero-galerak erregulatzen baitituzte. Ugaztunetan, ilearen muskulu ile-zutitzaileek bakoitzaren angelua egokitzen dute ilajeak emandako isolamendu maila erregulatzeko.
  4. Lurruntzearen kontrola eta urarekiko erresistentzia. Larruazalak erlatiboki lehorra eta erdi-iragazgaitza den hesi moduan jokatzen du barne-jariakinen galera ekiditeko. Isolamendu-prozesu horretan, gantz-guruinek jariaturiko substantzia oliotsuek eta gantzek hartzen dute parte. Hala ere, beharrezkoa da iragazkortasun maila jakin bat mantentzea izerdia gisako substantziak kanporatu ahal izateko.
  5. Biltegiratzea eta sintesia. Oro har, lipidoen eta uraren biltegi moduan jokatzen du larruazalak.
  6. Xurgapena. Oxigenoak, nitrogenoak eta karbono dioxidoak larruazala zeharka dezakete kantitate txikitan; animalia batzuek larruazala erabiltzen dute arnasketa-sistema bakar moduan (larruazal-arnasketa). Gizakiaren kasuan, larruazalaren azaleko lehen 0-25-0,40 mm-ak osatzen dituzten zelulak kanpoko oxigenoz soilik baliatzen dira. Horrez gain, sendagai eta farmako batzuk larruazal bidez xurgatzen dira.
  7. Kamuflajea. Larruazala ilajez estalita egon edo ez, ileek, lumek edota bestelako egiturek kolorazio eta estanpatu babesleak ahalbidetzen dituzte zenbaitetan, harraparietatik babesteko helburuarekin.
  8. D bitaminaren sintesia. Organismoak behar duen D bitaminaren parte bat elikagaietatik eskuratzen badu ere, % 0 larruazalak sintetizatzen du. Sintesi horretarako, ezinbestekoak dira eguzki-erradiaziotik datozen izpi ultramoreak.

Larruazala gainontzeko animalietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
C. elegans nematodoaren kutikula zimurtua eta hautsia eta azpian epidermis leuna (gezia). Eskaneatze-mikroskopio elektronikoz ikusia.

Nematoden gorputza hiru geruzako kutikula babesle mehe batez estalita dago. Mintz basal batek bereizten du kutikula eta jariatzen duen epidermisa. Epidermisak egitura zelular edo sintzitiala du, eta, bere barne-geruzan, kordoi-formarekin, lodituta dago[6].

Artropodoen azalaren diagrama: A= Kutikula eta epidermisa. Kutikula: 1: Epikutikula; 2: Exokutikula; 3: Endokutikula; 4= Epitelioa; 5: xafla basala; 6: Zelula epiteliala; 6a: Poro-kanala; 7: Zelula guruinarra; 8: Zelula trikogenoa; 9: Zelula tormogenoa; 10: Nerbio-bukaera; 11: Ile sentsoriala; 12: Ilea; 13: Poro guruinarra.

Artropodoetan, tegumentuaren geruzarik kanpoaldekoena, kutikula da, formazio zurruna, zelularik gabea, kitinaz osatua eta azpiko ehun biziduna den epidermisak jariatua. Epidermisa zelula epitelial kubiko edo zilindrikoz osatutako geruza bakar batez osatuta dago. Zelula horiek xafla basalaren gainean daude, ehun konjuntibozko geruza mehe-mehe, amorfo eta zelularik gabe batez.

Ornodunen egitura bera du, baina oso sinplifikatua. Epidermisa zelula geruza sinple bat da. Dermisa mehea da eta ez du pigmenturik[7].

Lanprea larba baten buruaren eskualdeko azalaren ebakia. Holbrookiatik aldatua (1908).

Epidermisa cephalochordatuena baino pixka bat konplexuagoa da, baina ez du geruza korneorik. Dermisaren barruan, pigmentua eta miocommata izeneko tarte erregularreko trenkadak dituzte[7].

Rutilus rutilusen ezkatak.

Arrainen epidermisa, oro har, zelula biziz osatuta dago, eta ia ez du keratinarik[8]. Oro har, geruza iragazkorra osatzen dute zelula horiek[9]. Arrain hezurdunen (osteiktieak) dermisak tetrapodoenak duen ehun konektibo kantitate oso txikia du, baina, horren ordez, espezie askotan, egitura oseo babesleak ageri ohi dira, ezkatak hain zuzen ere. Burezurraren parte diren hezur dermiko handi batzuez gain, ezkatak ere galdu egin dira tetrapodo gehienetan, narrasti askok eta pangolina gisako salbuespenek izaera ezberdineko ezkatak dituzten arren. Arrain kartilaginosoek (kondriktieak), aldiz, ezkaten ordez hortz itxurako dentikulu ugari dituzte larruazalean.

Izerdi- eta gantz-guruinak ugaztunen ezaugarri esklusiboak dira, baina beste mota batzuetako guruinak ager daitezke gainontzeko ornodunetan. Arrainen kasuan, mukosak jariatzen dituzten guruinak agertzen dira, zeinak isolamenduan, babesean eta uraren aurkako marruskaduraren murrizpenean hartzen duten parte. Horrez gain, pozoi-guruinak, fotoforoak edota substantzia urtsu serosoak jariatzen dituzten guruinak ere aurki daitezke.

Melanina izeneko pigmentua espezie askoren larruazalean agertzen bada ere, arrainetan (eta beste zenbait animalia-taldetan) epidermisa ia koloregabea izan ohi da melaninaren presentziari dagokionez[7][8]. Hala ere, dauzkaten koloreak dermiseko kromatoforoei esker sortzen dira, zeinak guanina edota pigmentu karotenoideak gordetzen dituzten.

Apo-azala. A: guruin mukosa, B: kromatoforoa, C: pozoi-guruina, D: ehun konektiboa, E: geruza korneoa, F: trantsizio-eremua, G: epidermisa, H: dermisa.

Anfibio askoren kasuan, larruazala da arnasketa-organo nagusia. Bi guruin mota izan ohi dituzte larruazalean, mukitsuak eta pikortsuak (serosoak) zehazki. Bi motak elkarrekin kontaktuan dauden 3 sekzio ezberdinetan banatuta daude, eta ondorengoak dira: konduktua, erdiko gunea eta albeoloa edo zakua. Konduktua keratinozitoetatik eratortzen da, eta, larruazalaren geruza ezberdinak zeharkatuz, epidermisaren azaleraino iristen da, eta bertan jariakinaren sekrezioa ahalbidetzen du. Albeoloa zaku itxurako egitura da, eta guruinaren azpialdeko gunean agertzen, eta bertako zelulak sekrezioan espezializatuta egoten dira. Albeoloaren eta konduktuaren artean, erdiko gunea dago, eta hori gainontzeko bi egituren konexioaz arduratzen da. Oro har, guruin pikortsuak handiagoak izaten dira guruin mukosoak baino, baina, hala ere, guruin mukosoak kantitate askoz ere handiagoan aurki daitezke anfibioen larruazalean.

  • Guruin pikortsuak. Pozoi-guruintzat ere har daitezke, eta hainbat mota bereizten dira jariatzen duten toxinaren eta horien kontzentrazioen arabera. Taldeka antolatzen dira, eta, normalean, toxinak hilgarriak izaten dira ornodun gehienentzat. Pozoia guruinaren albeoloan ekoizten da, eta bertan biltegiratzen da defentsa erreakzio baten beharra izan arte. Egitura aldetik, konduktuak zilindro forma du, baina, konduktua heldu bilakatu eta jariakin toxikoz betetzen denean, oinarriak itxura hanpatua hartzen du barneko presioa dela eta. Ondorioz, epidermisean putzu itxurako irekiguneak eratzen dira, eta, horietatik, jariakin pozoitsua irteten da gorantz. Guruin pikortsuen erdiko gunea mukosa-guruina baino garatuagoa eta helduagoa izan ohi da. Gune hori konduktuaren oinarria inguratzen duten zelulez osaturiko eraztun moduan definitzen da, eta zelula horiek jatorria ektodermo muskulutsuan dutela uste da, sekrezio prozesuan dituzten uzkurketa eta erlaxazio mugimenduak direla eta. Horrez gain, erdiko guneko zelulek guruinaren inguruko muskulu-zuntzen atxikipen-gainazal moduan jokatzen dute. Albeoloa hiru gune edo geruzaz osatua dago. Kanpoko geruza edo tunika fibroso deritzona estuki trinkotutako ehun konektiboz osatuta dago, zeinak erdiko geruza aroleko zuntzekin kontaktua duen. Azken geruza horretan, zuntz elastikoak eta nerbioak daude. Azkenik, epitelioa dago, guruinaren gainazala isolatzeaz arduratzen dena.
  • Mukosa guruinak. Ez dute pozoirik jariatzen. Anfibioaren larruazal osoan zehar aurki daitezke, eta gorputza lubrifikatuta mantentzea da haien funtzio nagusia. Hala ere, badituzte beste zenbait funtzio sekundario batzuk: pH-aren kontrola, termorregulazioa, harrapariei aurre egiteko mekanismoen garapena, komunikazio kimikoa, baita patogenoen aurkako propietate biotiko eta birikoak ere. Konduktuak tutu zilindriko bertikal moduan agertzen dira, eta geruza epidermikoan dute irekigunea, guruin pikortsuen kasuan bezala. Konduktuaren barnealdea estaltzen duten zelulek haien ardatz longitudinala 90 graduko angeluak osatuz orientatuta dute tutua helikoidalki inguratuz. Erdiko guneko zelulek guruin pikortsuetan gisako funtzioa dute. Anfibioen artean badaude erdiko gune eraldatu bat duten taxonak baina, hala ere, gehienen egitura bera partekatzen dute. Albeoloak oso sinpleak dira, eta bi geruza dituzte soilik, ehun konektibozko geruza bat eta epitelioa, hain zuzen ere. Guruin horiek ez dute tunika fibrosorik, baina, horren ordez, epitelioa eta guruinaren muskulua zeharkatzen duten zuntz trinkoak dituzte

Narrastien azalak ez du hezetzeko guruinik, eta horrek itxura lehor eta gogorra ematen dio. Geruza korneoa du, ezkata korneoak dituena. Hori dela eta, iragazgaitza da urarekiko eta erresistentea lehortzearekiko. Espezie askotan, mudaren fenomenoa gertatzen da. Azaleko geruza kanpokoenaren aldaketa-prozesua da, eta beharrezkoa da animalia hazi ahal izateko. Periodikotasun aldakorra du, 1 eta 12 hilabete bitartekoa. Krokodilo eta kelonioek osteodermo izeneko plaka osifikatuak dituzte dermisean, eta babes-funtzioa dute. Bi dermis eta epidermis geruza ditu, baina, azken hori, epidermikula izeneko hirugarren geruza ia zeharrargitsu eta apaindu batez estalita dago.

Kaioak uropigearen jariakinekin azidotzen.

Azala, izan ere, mota ezberdinetako lumez estalia dute. Lumak, egituraren ikuspegitik, epidermisetik sortzen diren irtengune korneoak dira. Isatsaren oinarrian dagoen guruin uropigeo bat dute, eta koipe-jariaketa bat eragiten du, animaliek mokoarekin lumajean banatzen dutena iragazgaizteko. Guruin hori bereziki uretako hegaztietan garatzen da. Itsas hegazti batzuek gatzetan espezializatutako guruinak ere badituzte.

Gizaki helduetan, azalak 2 m²-ko azalera hartzen du, eta 4,1 kg pisatzen du. Betazaletan, 0,5 mm eta orpoan 4 mm arteko lodiera du[10] Bi geruza nagusitan banatzen da azaletik sakontasunera, eta epidermisa eta dermisa deritze[11].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Schiffman, Harvey Richard, 1934-. (2000). La percepción sensorial. (2. ed. argitaraldia) Limusa ISBN 968-18-5307-5. PMC 49768137. (kontsulta data: 2019-12-12).
  2. Golembiewski, Kate. (2024-01-11). «Scaly Fossil Is the Oldest-Known Piece of Skin - The specimen came from a 289 million-year-old fossil deposit and might offer clues to how skin evolved.» The New York Times jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2024-01-11) (kontsulta data: 2024-01-12).
  3. Mooney, Ethan D.; Maho, Tea; Philp, R. Paul; Bevitt, Joseph J.; Reisz, Robert R.. (2024ko urtarrila). «Paleozoic cave system preserves oldest-known evidence of amniote skin» Current Biology 34 (2): 417–426.e4.  doi:10.1016/j.cub.2023.12.008. PMID 38215745. Bibcode2024CBio...34E.417M..
  4. (Ingelesez) Vassar R.; Fuchs E.. (1991-05-01). «Transgenic mice provide new insights into the role of TGF-alpha during epidermal development and differentiation» Genes Dev 5 (5): 714-727.  doi:10.1101/gad.5.5.714. PMID 1709129..
  5. (Ingelesez) Gilbert, Scott F.. (2000). «Inducción y competencia» Developmental Biology. 6ª edición.
  6. Padilla Álvarez F.; Cuesta López A.. (2003). «3:Filo Nematodos» Zoología aplicada. Díaz de Santos, 38-39 or..
  7. a b c (Ingelesez) «Elementos de anatomía de los cordados | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-10-30).
  8. a b (Gaztelaniaz) Romer, Alfred Sherwood; Parsons, Thomas S.. (1986). «La piel» Anatomía Comparada. Nueva Editorial Interamericana ISBN 9682506565..
  9. Gil Caño F.; Ayala Florencia no M.D; López Albors D. Morfología externa típica de un pez teleósteo. artxibatua 2017 ko urtarrilaren 10an Wayback Machinen. Universidad de Murcia. Consultado el 16 de enero de 2019.
  10. Anatomía y fisiología para enfermeras. Autor: Ian Peate.
  11. Principios de Anatomía y Fisiología. Autor: Tortora-Derrickson. Consultado el 8 de enero de 2019,
  • A.L. Kierszenbaum. Histology and Cell Biology. St.Louis: Mosby, Elsevier, 2nd Edition, 2006.
  • M.H. Ross et al. Histology: A text and atlas. Baltimore, Williams and Wilkins, 4th Edition, 2003.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]