B anfoterizina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

B Anfoterizina onddo patogenoen aurkako botika da, Streptomyces nodosus bakterioak modu naturalean ekoizten duena. Bi anfoterizina mota daude: A anfoterizina, erabilera klinikoa ez duena, eta B anfoterizina, onddo-infekzioen aurka erabiltzen dena. Bere izenak molekula horren ezaugarri anfoterikoei aipamena egiten die.

Onddoen aukako antibiotikoek, bakterioen aurkakoen aldean, oztopo garrantzitsua dute: onddoak eukariotoak direnez, haien aurka erabiltzen diren antifungikoek sarritan kalte egiten diote ostalariaren zelula eukariotoei ere, eta horrek albo-ondorio kaltegarriak eragiten ditu gaixoengan. B anfoterizinak onddoen zelula mintza kaltetezen du, mintza horrek ergosterol asko baitu eta botikak ergosterolaren egitura deusestatzen du, mintza zulatuz. Ugaztunen zelula mintzek ez dute ergosterolik, kolesterola baizik: horri esker B anfoterizinak ez die hainbeste kaltetzen. Dena den, botika maila txikiagoan kolesterolera atxikitzen da ere, eta horrek azaltzen du bere toxikatosuna eta albo-ondorio kaltegarriak, giltzurrunetan batez ere.

Bere ekintza toxikoa dela-eta, B anfoterizina onddoek eragindako infekzio larriak eta sistemikoak tratatzeko besterik ez da erabiltzen. Sukarra, goragaleak eta hotzikarak eragiten ditu, eta gaixoen %80an giltzurrun-kalteak sortzen ditu.

Digestio-aparatuan gaizki xurgatzen denez, B anfoterizina ez da aho bidetik hartzen, zain barneko bidetik baizik.

Mikosi sakon, larri eta sistemikoen aurka erabili ohi da: kandidiasi inbaditzailea, aspergilosi, Cryptococcus eta Coccidioides onddoek eragindako meningitis, HIESdunek garatzen dituzten onddo-infekzioen aurka, etab.