Katakrak (okupazio mugimendua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katakrak-en logoa Zapateria-40tik eskegita (Okupazioaren bideotik harrapaketa)

Katakrak Iruñean 1985. urtean sortutako okupazio-taldea da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984. urtean hainbat kolektibok Plataforma Alternativa osatzen dute. Eguzki Irratia (Iruñeko irrati libre garrantzitsuenetako bat), Ekologistak, NATO/OTAN kontrakoak eta beste talde batzuk plataforma honetan bildu ziren. Bere kezka nagusiak: gazteentzako lokalen beharra, rock kontzertuak, abortatzeko eskubidea, antiklerikalismoa, ehizaren kontrako borroka eta soldaduska eta NATOren kontrako ekintzak ziren. 1985. urtean Iruñeko irrati librea Eguzki Irratiaren orbitan zeuden pertsona batzuek (esan ohi da ostegunen txandako asanbladak) Katakrak izena jarri zioten eta mugimendua bultzatu zuten. Herri mugimendu honen xede nagusia lokal autogestionatuak erreibindikatzea eta lortzea zen. Antzerkia, dantza eta musika entseguak egiteko, margotzeko, kontzertuak antolatzeko eta azken finean aterpean libre egoteko. Eremu ez pribatuetan eta jarrera librearekin non egoteko gazteriaren premiazko beharra zen. Garai hartan ez lan, ez gauzak egiteko aukera asko ez zegoen eta Iruñea, azken finean, betiko hiri txiki eta kontserbadorea bazen ere oso eszena musikala eta artistiko bizia sortzen ari zen[1]. Garai hartako protagonisten hitzez: lokalak behar ziren “para no estar todo el día tiraos en la calle” (“kale gorrian egun osoa ez emateko”)[1]. Hasieratik konturatu ziren hautsak harrotu behar zituztela lokalen beharraren inguruko kontzientzia hiriko gizartean zabaltzeko. Horren harira Inauteri Alternatiboak urte horretan antolatzen dituzte.

Okupazio saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985/03/31. Hasierako asmoa antzinako Kaldereria kaleko Arrieta zineman Porkeria-T musika taldearen kontzertua antolatzea zela eta horretarako alkate eta udalarekin hitz egitea saiatu ziren. Udalak kontuan ez hartzeko atzakiez nazkatuak, antimilitarista kolektiboarekin batera antolatutako rock kontzertu baten ondoren Alde Zaharreko udal-jabetzako lokal hutsik batetara, Zapateria 40ra, sartu ziren. Ordu gutxi batzuk iraun zuen saiakera, 14:30etan aldera udal poliziak gazteak kolpeka bota baitzuen. Polizia Nazionala gazteen zain zegoen kanpoan eta borra-kolpeka hartzen zuen ateratzen ziren gazte oro.

1985/04/21[2] edo 1985/09/21[3][4][5]. Berriro Zapateria 40 lokalara abiatu da ekimena. "Cronicas de juventud" erakusketa ofizialaren harira, udalaren jarrerari buruzko parodia bat egiten dute. Geroago eraikinera sartu ziren. Fatxadan pankarta batzuk eseki zituzten. Herri-bazkaria bertan antolatu zuten baina arratsaldeko 15:00etan udaltzainak sartu ziren. Lekuko batek argi ikusten du udaltzainen asmoa ez zela bakarrik jendea ateraraztea, eskarmetatzea baizik eta horregaitk gazte guztiak jipoitua eta odoletan atera ziren. (Iturri eta lekuko desberdinek bi data horietan kokatzen dute saiakera. Erakusketaren lotuta bazegoen, seguroagoa da irailean izatea. Lehengo data, lehengo okupazioaren erantzun azkarra izan ziteken, baina Zapaterian hiru saiakerak izan zirela esaten dute iturri gehienek.

1985/12/14. NATOren kontrako ekimenen harian, Iruñeko Kolektibo Alternatiboek Gazteluko Plazan ekitaldi sorta antolatzen dute. Horien artean rock kontzertua zegoen, baina Udalak espreski debekatzen du. Gainontzeko ekintzak egiten dira. Aldi berean ehiza-kontrako ekologisten kolektiboak mendietan bildutako hamaika kartutxo Diputazio Jauregiaren aurrean bota zituzten. Ekitaldi hauek burutu ondoren, era sasi espontaneoan, 300 inguru lagunek berriro Zapateria 40 lokalarantz abiatzen dira. Polizia Nazionalak zein Udalakoak horien zain zegoen eta atea botatzen saiatu zirenean disolbitu zituen. Jendea eta polizien arteko istiluak jarraitu ziren Alde Zaharretik.

Beste okupazio askoetan gertatzen den bezala, okupazioak beraktibatarazten du lokala. Katakrakek luze erabili gabe hirigunean zegoen lokal bat hutsik ustea zarrastelkeri galanta zela agerian utzi zuen. Aterarazteen ondoren, udalak udal-bulegoetarako eta arte aretorako egokitu zuen.

Beste ekimenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Crónicas de juventud, juventud crónica[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainako gobernuko "Instituto de la Juventud"-ek (Gazteriaren Institutuak) antolatutako "Crónicas de Juventud. Los jóvenes en España 1940-1985"[6] erakusketa, 1985ko irailaren 13an inauguratzen da Iruñeko Zitadelan[7]. Erakusketa ibiltaria den arren, hirian zabaltzeko erakundeek 17.000.000 pezeta (102.000€) aurrekontua dute. Ekimen honek Iruñeko gazte askoren haserrea pizten du, alde batetik esposizioak aurkezten duen gazterraren irudia bat ez datozelako errealitatearekin eta beste aldetik gazteen premiazko beharrei soberan konpontzeko balioko lukeen dirua marketin kulturaleko ekintza baterako zuzentzen delako. Haserrea erakusteko eta gazteriaren idea faltsuaren kontra borrokatzeko Katakrakek "Cronicas de juventud" ekitaldiei "Juventud crónica: la miseria (puta) de ser joven" ("Gazteri kronikoa: gazte izatearen miseria (puta)") kontra-jardunaldiak aurre jartzen ditu. Horren harira, boikot eta protesta ekintzak ere antolatzen dute Katakrak-ek eta beste kolektibo alternatiboek[2]. Leloaren puta hitzak hizkera sexistaren erabilerari buruzko gizarte-mugimenduen lehen eztabaidetako bat pizten du.

Kaldereriako horma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaldereria kalea gazteen giroko kalea zen garai horretan. “El 10”, “Toki-Leza” edo “La Baska” tabernak horren lekukoak dira. 1980. urtean Udalak Kaldereria kaleko Baiñu-etxea bota zuen. Hortik geroztik orubea, Hizkuntza Eskola eraikitzeko materiala gordetzeko besterik ez da erabili. IHEO lanak bukatu ondoren, Talde Ekologistak, Eguzki Irratiak eta Katakrak-ek eremua garbitzen dute plaza publikoa, Eguzki enparantza izendatua, egiteko. Iñauteri Alternatiboak egiteko talde horiek 1985ko otsailean oholtza xumea jartzen dute, baina udaltzaingoek hustuarazten dute. Ekainean, alkatetzak orubea horma batekin ixtea agintzen du. Gazteek bota dute, udalak sendoago egiten du eta urrian, horma blindatua egiten du. Hurrengo urtean berriro gazte eta udalaren arteko ika-mikak sortaraziko ditu Eguzki Plazak eta enparantza hori ekiditzeko Julian Balduz-en horma.

Fanzineak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katakrak taldearen inguruko hiru fanzine aipatu behar dira: N.F.N.B. (Ni fronteras ni banderas // (Ez mugak ez banderak)), Txop-txop eta RIP.

Musikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Iruña for Katakrak" Kasetearen azala

Kokorrock, musika alternatiboko Iruñeko plataforma, “Iruña for Katakrak”[3] kasete kaleratuko du Katakrak-en ekimena sostengua emateko eta bere ideiak zabaltzeko.

Maketa honetan parte hartu zuten taldeek:

A Aldea:

B Aldea:

  • TESTIMONIO DE LA OKUPACION
  • MALOS TRATOS "Que esperas de mi"
  • ULTIMATUM "Patrias miserables"
  • BARRICADA "Solamente una vez"
  • TODOS UNIDOS "Himno de Katakrak"
  • TESTIMONIO DE LA OKUPACION

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi politikotik aparte eta potereen kontraesanak agerian uzteko bideratua, Katakrak-ek Resiste lehengo zenbakian[8], horrela hitz egiten du:

Testimonio de KATAKRAK: //(KATAKRAK-en testigantza:)

SOMOS UN ELEMENTO DE DENUNCIA // (SALAKETA ELEMENTU BAT GARA)

PRETENDEMOS MOLESTAR LO MÁS POSIBLE // (AHALIK ETA GEHIEN ZIRIKATZEA NAHI DUGU)

NOS IMPORTA UNA MIERDA LA RELIGIÓN // (BOST AXOLA ZAIGU ERLIJIOA)

ESTAMOS HASTA LOS COJONES DE QUE LAS // (ARRATOIAK LOKALAK ERABILTZAILE BAKARRAK

RATAS SEAN LAS ÚNICAS QUE UTILICEN LOS LOCALES // IZATEAZ POTROTARAINO GAUDE)

NOS NEGAMOS A QUEDARNOS EN SILENCIO ANTE LA // (EZ DUGU ONARTZEN IXILIK EGOTEA UDALA NAZKAGARRI

BASURA DEL AYUNTAMIENTO Y ANTE ESTA BASURA DE VIDA // AURREAN ETA BIZITZA NAZKAGARRI AURREAN ERE)

VIVA LA AUTOGESTIÓN! // GORA AUTOGESTIOA!

Bat-bateko giza mugimendu eta alderdiekin ez lerrokatua honek ezkerreko erakudeen arreta pizten du. Lehengo bileretara agertu ez baziren ere, Jarraikoak bigarren okupaziotik hortik dabiltza. EMK-LKI inguruko jendea ere mugimendura hurbiltzen da. Jarrai barruan egotetik mugimendu kanpotik kritikatzera pasatu zen.

Errepresioarekin eta auzi fardelak batzuen sorbaldetan erorita mugimendua pixkanaka gelditzen joan zen. Hala ere Iruñeko gazteriaren adierazpeneko lokalen beharra eta erakundeen gazte politika okerra agerian geratu zen hurrengo hamarkadetarako, baita gazte alternatiboen autoantolakuntzako estrategiak ere.

Katakrak-en oinordekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste edozein lekutan bezala, Iruñean okupazioa lokalen publiko autogestionatuak zein etxebizitza duinen beharrak asetzeko erantzuna jarraitu ohi da. Kronologikoki hauexek dira Katakrak mugimenduaren oinordeko garrantzitsuenetako batzuk:

  • Burdindoki (1988?): Txantreako lokala, orain osasun-etxean dagoen lekua. Bi urte iraun zuen.
  • Lore Etxea: 1990. urtean Pro/Pre-okupación asanblada sortu zen. Gazteluko Plazatik, eta etxebizitza batzuetatik kaleratuak izan ondoren San Pedro zubi ondoko etxean izan ziren 16 hilabete. Alfredo Jaime alkateak txikitzea agindu zuen, “Alfredo I El excavador” gotizena bereganatuz ekintza horregatik eta antzekoengatik[9].
  • Euskal Jai Gaztetxea (1994-2004): 1993.urtean sortutako IGA (Iruñeko Gazte Asanblada) Kaldereria kaleko pilotaleku ohiaren okupazioa burutzen du 1994an. Urteak eta urteak hutsik eman ondoren frontoia okupatu zen. Errepresioa bortitza izan arren, teilatuko egiturako hobietara igotako pertsonak 3 egun eman ondoren eta auzo eta hiriko jendearen elkartasuna eta presioaren esker hustuketa operazioa azkenik bertan beheran utzi behar zuten.
  • Maravillas Gaztetxea (2017/09/03-2018/08/17): Nafarroako gobernuko jabetzaren Nabarreria plazako Rozalejoko markesaren jauregira, aspaldi hutsik zegoen, sartu ziren. Maravillas Lanberto Larragako gerra zibilikeko errepresioaren biktimaren omenez jarri zioten izena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. IRUÑA GAZTETXE.MANIFA AÑOS 80. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
  2. a b Pascual, Jakue. (enero de 2019). Movimiento de resistencia años ochenta en Euskal Herria. : Radios libres, fanzines y okupaciones. (Primera edición en Txalaparta. argitaraldia), 179 or. ISBN 978-84-17065-65-2. PMC 1103535573. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  3. a b Txisme. (2017-01-30). «ANDOAINGO JUBILATUAK: IRUÑA FOR KATAKRAK- Kien okupa.....preokupa!!» ANDOAINGO JUBILATUAK (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  4. «=[ PUNKPLONA = PAMPLONA PUNK NOT DEAD => sindominio.net»] sindominio.net (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  5. (Gaztelaniaz) Pérez Artuch, Jesús. (2021). Eskroto Gavilán. De profesión: artista. Txalaparta, 43 or. ISBN 978-84-18252-79-2..
  6. «Crónicas de Juventud: Los jóvenes en España 1940-1985» Injuve, Instituto de la Juventud. 2011-12-08 (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  7. (Gaztelaniaz) Noticias Culturales nº 12. Ministerio de Cultura. Gabinete de Prensa., 7 or..
  8. Resiste 1zbk. Movida en Iruñea: KATAKRAK. .
  9. (Gaztelaniaz) Muez, Mikel. (1991-07-06). «Grupos de jóvenes radicales causan graves incidentes al inicio de los 'sanfermines'» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]