Edukira joan

Euskadiko Mugimendu Komunista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskadiko Mugimendu Komunista
EMK
Sorrera70eko hamarkada hasiera1
Desegitea19912
EremuaHego Euskal Herria
Ideologia politikoaKomunismo, maoismo
KoalizioaEuskadiko Ezkerra (1977-1978)
Unión Navarra de Izquierdas (1977-1979)
Batzarre
Zutik
AgerkariaZer Egin?
1 ETA Berri erakundetik.
2LKIrekin bat egin, Zutiken eta Batzarren.

Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK) Hego Euskal Herriko alderdi politiko komunista bat izan zen. Euskadiko Mugimendu Komunista izango zenaren lehen aurrekaria 1966an sortu zen ETAren zatiketa batetik, ETA-berri izenarekin. ETAren helburuak eta metodoak baztertu eta langile eta herri mugimendua marxismo-leninismoaren ikuspegi maoista batetik egituratzeko beharra aldarrikatu zuen.

Jatorria eta zabalpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MCEk (Movimiento Comunista de España – Euskadiko Mugimendu Komunista) ETAren V. Biltzarrean du jatorria. Barne korronteen arteko eztabaiden ondorioz, Eugenio del Rio eta Patxi Iturriozek gidatutako korronte obrerista kanporatu egin zuten, besteak beste, espainolismoa leporatuta. Kanporatutakoek ETA uzterakoan alderdi politiko bat eratzea erabaki zuten. Alderdi politiko berri hark lehendabiziko urteetan izen ezberdinak izan zituen (ETA-Berri, Komunistak, Movimiento Comunista Vasco…).

1970ean maoismorantz hurbildu zen, eta koherentzia leninistari jarraiki, estatu osorako alderdi bat eratzeari ekin zion, batez ere beste eskualde batzuetako kolektibo komunistekin eginiko batuketa prozesuen bidez. 1972an Organización Comunista de Zaragoza-rekin elkartu zen eta Movimiento Comunista de España bilatuko zen. Hurrengo urteetan Valentziako, Madrilgo, Asturiasko edo Galiziako beste talde maoista batzuekin elkartuz joan zen.

Borroka antifrankistan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eragin maoista eta antikolonialistak zirela eta Espainia Estatu Batuen kolonia bihurtu zela zeritzoten (yanki-frankismo izenez deitzen zuten diktadura) eta Espainiaren «independentzia nazionala» berreskuratzeko helburua zuten. 1974tik aurrera, ordea, maoismoaren aldeko apustua apalduz joan zen. MCEk CCOOren barrenean parte hartu zuen, ORTk bezalaxe, PCErekin lehiatuz. Diktaduraren azken urteetako langile mugimenduan indar handia zeukan alderdia izan zen MCE-EMK. Bilboko itsasadarreko Eskuinaldeko lantegietan (Ezkerraldean gutxixeago); Gipuzkoako CCOOen korronte nagusiena kontrolatzen zuen; eta Iruñean eta Tuteran presentzia nabarmena zeukan.

Espainiako lurralde gehienetan ez bezala, ezker erradikaleko alderdiek langileen aldarrikapenekin bat egitea lortu zuten eta masa mobilizazio arrakastatsuak gidatu zituzten, PCE erreformistaren ahalmenaren gainetik. Esate baterako, 1974ko abenduaren 11an MCEk, ORTk, eta Gipuzkoa eta Nafarroako Langile Batzordeek (Eskuinaldeko CCOOen, ORTren, MCEren, LCR-ETA VI.ren eta LCren babesarekin batera) greba orokorrerako deialdia egin zuten, CCOOen Koordinadora Orokorraren eta PCEren iritziaren aurka. Arrakasta handiko mobilizazioa izan zen, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 200.000 bat langile mobilizatu zituelako. Greba horrek Hego Euskal Herrian PCEren eta alderdi iraultzaileen artean zegoen indar korrelazio berezia agerian utzi zuen. PCEren ezkerrera kokatzen ziren alderdiek giharra erakutsi zuten eta Carrilloren alderdiaren gidaritzarik gabeko mobilizazio arrakastatsuak egin zitezkeela argi geratu zen.

Halaber, aldaketa politikorako bitarteko bezala Espainia guztira hedatutako langile-mugimendu komunista iraultzaile baten beharra defendatzen zuen, nahiz eta Espainiako nazio edo nazionalitateen autodeterminazio eskubidea ere defendatu. 1976an bere izenetik Espainiako «E»a kendu egin zuten, nazionalitate bakoitzean tokiko izena hartuz (Moviment Comunista de Catalunya, Moviment Comunista del País Valencià, Euskadiko Mugimendu Komunista…). 1976an CCOOren barrenean bizi izan zen eztabaidaren harira, bai MCEk bai LCRk, biek CCOOren barrenean lanean jarraitzea erabaki zuten, probintzia gehienetan (Nafarroa bezalako tokietan salbu) gutxiengoan zeuden arren.

1977ko hauteskundeetan lurraldeetako bakoitzean, hautagaitza ezberdinen bidez aurkeztu zen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Euskal Iraultzarako Alderdiarekin (EIA) batera Euskadiko Ezkerra (EE) koalizioa aurkeztu zuten, Onaindia diputatu eta Bandres senatari (biak EIAkoak) atera ziren. Baina laster liskarrak sortu ziren koalizioaren barrenean eta zatitu egin zen. Nafarroan Unión Navarra de Izquierdas (UNAI) eratu zuten eta eserlekua eskuratzeko 500 boto eskasetara geratu zen[1].

Konstituzioari buruzko 1978ko erreferendumean abstentzio negatiboa eskatu zuen, eta handik gutxira Organización de Izquierda Comunista (OIC) alderdiaren zati handi bat batu egin zitzaion.

Ernesto M. Díaz Macías historialariak argitaratutako 1979ko errolda batean, MCE-k kalkulatu zuen alderdiak 2.601 kide zituela, eta horietatik 893 (hau da, % 44 inguru) euskal atalari zegozkion.

1980ko hamarkadaren hasieran, egoera berriari moldatzen jakin zuen eta estatuaren kontrola eskuratzeko prest zegoen alderdi leninista klasikoa izateari utzi zion, mugimendu sozial berriak sustatzen trebatu zen erakunde anitz batean bihurtzeko. Horri esker ez desagertzea lortu zuen eta zenbait urte gehiago iraun zuen, ORTk edo PTEk ez bezala.

Bukaera eta desagerpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trantsizioaz geroztik, Herri Batasuna koalizioa eta ezker abertzalea erregimen berriaren aurkako “gaitzespen-fronte” moduko bat bihurtu ziren, eta nazionalismo erradikalak «babesleku» izan zen iraultzaile askorentzat. Horren ondorioz, EMK eta LKI liluraturik geratu ziren HBren gaitasun elektoral eta sozialarekin eta haren inguruan orbitatu zuten. Horregatik bi alderdiok hainbatetan harentzako botoa eskatu zuten. Baina ezker abertzaleak haiekin lankidetzan aritzeko uzkur izaten jarraitzen zuen, espainolismoaren aitzakiapea. Beraz, harremanak errazteko, 1980ko hamarkadan bi alderdiok haien adar espainoletatik bereizi ziren eta independentziaren leloa onartu zuten.

1990 hamarkadaren hasieran, ekialdeko blokearen krisiaren garaian, LKIrekin fusio saiakera bat izan zen, Izquierda Alternativa alderdia sortzeko. Baina Espainiako eskualde gehienetan fusioak huts egin eta berehala desegin zen. Batuketa horrek Euskal Herrian baino ez zuen jarraipenik izan, Batzarre eta Zutik alderdietan.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Díaz Macías, E. M. (2022). El Movimiento Comunista (MC): historia de un partido (1964-1991). Catarata.
  • Fernández Rincón, J. (2017). «El origen del Movimiento Comunista de España: Evolución, formación y extensión al ámbito estatal». En Actas del IX Encuentro Internacional de investigadores del Franquismo: 80 años de la Guerra Civil Española (pp. 303-313).
  • Fernández Rincón, J. (2018). «Cambio de rumbo en la transición. Claves para entender el desarrollo del movimiento comunista (MC)». En Brumaria (Ed.), Las otras protagonistas de la transición (pp. 1103-1114). Brumaria.
  • Fernández Rincón, J. (2019). «La lucha por la democracia en clave antifascista: El Movimiento Comunista (MC) por la ruptura democrática (1975-1977)». En C. Navajas Zubeldia & D. Iturriaga Barco (Eds.), El reinado de Juan Carlos I (1975-2014) (pp. 131-147).
  • Fernández Rincón, Javier (2024). El Movimiento Comunista (MC): organización y estrategia revolucionaria (1972-1991) [Tesis doctoral]. Universidad Nacional de Educación a Distancia (España). Enlace.
  • Kortazar Billelabeitia, J. (2012a). «El Movimiento Comunista de Euskadi y la Transición en el País Vasco (1975-1980)». En No es país para jóvenes (pp. 97-114). Instituto de Historia Social Valentín Foronda.
  • Kortazar Billelabeitia, J. (2012b). «Euskadiko Mugimendu Komunista (1969-1991): Historia eta ideologia». Vasconia: Cuadernos de historia-geografía (38): 1079-1109.
  • Laiz Castro, C. (2023). La lucha final: los partidos de la izquierda radical durante la transición española. Catarata.
  • Pérez Ochoa, Í., & Satrustegi Andres, I. (2020). «UNAI: Auge y fracaso de la izquierda revolucionaria en Navarra». Príncipe de Viana (277): 669-695. Enlace.
  • Satrustegi Andres, I. (2017) «Ezkerraren ezkerraz. The left wing of the left», Gerónimo de Uztariz, 33 , 73-91.
  • Satrustegi Andres, I. (2018). «La izquierda revolucionaria vasca bajo el franquismo: el ejemplo del MCE». En Las otras protagonistas de la transición (pp. 1087-1102). Brumaria. Enlace.
  • Satrustegi Andres, I. (2022a). «Dazibaos en la Estafeta: el maoísmo en Navarra en los años 1970». Gerónimo de Uztariz (36): 47-68. DOI: 10.58504/rgu.36.4..
  • Satrustegi Andres, I. (2022b). «"Hicimos lo que había que hacer": la transición en Navarra desde abajo». En R. J. Aranguren (Ed.), La LORAFNA 40 años después (pp. 103-124). Aranzadi. Enlace.
  • Satrustegi Andres, I. (2022c). Beste mundu bat nahi genuen: Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979. Gobierno de Navarra.
  • Satrustegi Andres, I. (2025). Atreverse a luchar. La izquierda revolucionaria y la Transición en Navarra. Txalaparta.
  • Wilhelmi Casanova, G. (2016). Romper el consenso: La izquierda radical en la Transición (1975-1982). Siglo XXI.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Satrustegi Andres, I. (2021). Barrikada bereko lagunak. Gedar [1]
  1. Perez Ochoa Satrustegi Andres, Iñigo Imanol. (2020). «UNAI: auge y fracaso de la izquierda revolucionaria en Navarra» Principe de Viana 277: 669-695..