Klima ozeaniko
Itxura
(«Klima atlantiko» orritik birbideratua)
Klima ozeanikoa Europa eta Amerika mendebaldeko eta Australia ekialdeko klima mota da. Ekuatoreen bi aldeetan izaten da, tarteko latitudeetan, kostaldeetan, ozeanoaren eragina nabaria den lekuetan.
Köppenen sailkapenaren arabera (Cfb), klima honen ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:
- C: klima epela. Bere hilabete hotzeneko batez besteko tenperatura 18 °C eta 0 °C artekoa da, eta hilabete beroenekoa 10 °C baino altuagoa. Prezipitazioak lurruntzen den ura baino gehiago dira. Klima honetan baso mesotermikoak aurkitzen dira.
- f: prezipitazioak erregularrak izaten ditu urte osoan; beraz, ez dago aro lehorrik.
- b: uda leunak, hau da, hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C baino baxuagoa da. Gainera, hilabeteko batez besteko tenperaturak 10 °C baino altuagoak dira gutxienez 4 hilabetez.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriaren iparraldean (Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaiko iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) klima ozeanikoa da nagusi. Hauek dira Euskal Herriko klima ozeanikoaren ezaugarriak:
- Tenperatura: klima honen ezaugarri nagusiena tenperaturaren ikuspuntutik bere leuntasuna da. Hilabete hotzenean batez besteko tenperatura 4 eta 9 °C artekoa izaten da, hilabete beroenekoa aldiz 18 eta 21 °C artekoa. Honela, urteko batez besteko tenperatura 11 eta 14 °C artekoa da. Hotzagoa ala beroagoa altitudea eta itsasoaren hurbiltasunaren araberakoa da. Izotzari dagokionez, 0 °C neurtzen diren egunak ez dira asko izaten kostaldean, urtean 10 egun baino gutxiago. Barnealdeko haranetan eta batez ere Sakanan eta toki hozpelenetan 50 egun baino gehiago ere izaten dituzte (esaterako Altsasuk 52 egun).
- Prezipitazioa: parametro honen ezaugarri nagusia bere erregulartasuna da. Urtaro guztietan ematen dira prezipitazioak eta ondorioz ez dago aro lehorrik. Klima ozeanikoa duten Euskal Herriko lurraldeetan 1000 mm prezipitazio baino gehiago ematen dira urtean. Toki batzuetan askogatik gainditzen dira 1000 mm horiek, esaterako Nafarroa Garaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan. Zonalde hau da Euskal Herriko ingurune hezeena eta Artikutzan esaterako urtean batez beste 2500 mm prezipitazio batzen dira.
- Berezitasun klimatikoa, enbata: Bizkaiko golkoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize-bolada hotz eta gogorrari deitzen zaio. Haize mota hau bereziki udaberri eta udazken bitartean sortzen da.
Euskal Herrian klima mota hau kantauriar isurialde osoan izaten da, bai eta Sakanan (Nafarroa Garaia) ere. Adibidez, Altsasun eta Biarritzen:
1921-2004 | Urt. | Ots. | Mar. | Api. | Mai. | Eka. | Uzt. | Abu. | Ira. | Urr. | Aza. | Abe. | Urtea |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 7.9 | 9.6 | 12.6 | 14.5 | 18.4 | 22.2 | 24.9 | 25.3 | 22.2 | 17.1 | 11.6 | 8.4 | 16.2 |
Batez besteko tenperatura (°C) | 4.6 | 5.6 | 7.9 | 9.6 | 13.0 | 16.4 | 18.7 | 19.0 | 16.4 | 12.5 | 7.8 | 5.2 | 11.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa(°C) | 1.2 | 1.6 | 3.3 | 4.7 | 7.5 | 10.6 | 12.5 | 12.8 | 10.6 | 7.9 | 3.9 | 2.1 | 6.6 |
Prezipitazio kopurua (mm) | 151.0 | 126.0 | 123.8 | 125.9 | 108.9 | 68.7 | 42.7 | 45.2 | 78.0 | 126.9 | 154.4 | 165.5 | 1317.0 |
1961-1990 | Urt. | Ots. | Mar. | Api. | Mai. | Eka. | Uzt. | Abu. | Ira. | Urr. | Aza. | Abe. | Urtea |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 11,6 | 12,6 | 13,8 | 15,3 | 18,3 | 20,9 | 23,5 | 23,7 | 22,9 | 19,7 | 14,7 | 12,0 | 17,4 |
Batez besteko tenperatura (°C) | 8,1 | 9,0 | 10,0 | 11,7 | 14,6 | 17,3 | 19,8 | 19,9 | 18,6 | 15,6 | 11,0 | 8,5 | 13,7 |
Batez besteko tenperatura minimoa(°C) | 4,5 | 5,3 | 6,1 | 8,2 | 10,9 | 13,7 | 16,0 | 16,1 | 14,3 | 11,5 | 7,3 | 5,1 | 9,9 |
Prezipitazio kopurua (mm) | 143,2 | 122,7 | 121,7 | 132,9 | 121,0 | 90,9 | 65,1 | 102,3 | 124,6 | 135,7 | 174,2 | 148,7 | 1 482,9 |