Koma (puntuazio-zeinua)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Koma ( , ) —batzuetan kakotxa deitua— perpaus batean etenaldi txiki bat adierazten duen puntuazio zeinua da. Adibidez: Etzi etorriko naiz, hau da, ostiralean.

Koma erranaldiko etenaldi txikiak adierazteko erabiltzen da, eta azken helburua testua ulerkorrago egitea da. Komaren erabilera estilistikoa da askotan, eta erabilera zehatz batzuen kasuak aztertuak eta finkatuak badira ere, hizkuntza gehienetan arau orokorrak ez dira finkatuak.

Bistan dena, komaren erabilera ohiturak ezberdinak dira hizkuntza batetik bestera. Bestalde, Hizkuntza eta idazkeraren arabera, itxura ezberdinak har ditzake etenaldia adierazteko zeinu honek.

Koma izena grezierazko κόμμα hitzetik dator, literalki "zatia" edo "pieza", hutsunea edo etenaldia adierazten zuena.

Erabilera nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen kasuan, euskaltzaindiak ez du komaren erabilerari buruzko arau zabalik eman[1]. Euskaraz, koma honako kasuetan erabili ohi da, batez ere[2]:

  • Enumerazioetan, mota bereko bi kontzeptu edo gehiago bereizteko. Adib: Joxe, Mikel eta Anek jan, lan eta lo besterik ez dute egiten.
  • "bai" edo "ez" erabiltzen duten banatzaileetan. Adib: Bai ikatza, bai petrolioa, CO2 iturri dira.
  • Aditza elipsian delarik. Adib: Zuk wikipediako bost artikulu hobetu dituzu aste honetan, eta nik, bederatzi.
  • Erranaldi batean, perpausak bereizteko. Adib: Bihar berandu helduko zarela uste baldin baduzu, ohartarazi nazazu, otoi.
  • Deikia edo bokatiboa bereizteko. Adib: Aizu, Miren, etor zaitez hona.
  • Aposizioetan. Adib: Amaiak, taldeko bozeramaileak, eman digu erabakiaren berri.
  • Argipen edo azalpen bat txertatzeko. Adib: Idazle hori, wikipediaren arabera behintzat, irlandarra da.
  • Erranaldi batean ageri diren zenbait lokailu markatzeko. Adib: Hori entzun diot, dena dela, wikipedia begiratzea aholkatzen dizut.

Horrez gain, anglosaxoniarrek ez beste guztiek (euskarak barne[3]) zenbaki osoak dezimaletatik banatzeko ere erabiltzen dute. Adib: 3,141592

Anglosaxoniarrek, ordea, milatik gorako zenbakietan zifrak hiruko taldeetan banatzeko erabiltzen dituzte komak, eta puntua dezimalak banatzeko. Adib: 2,310,256. (Zenbait hizkuntzatan milakoak adierazteko puntua zein apostrofoa erabiltzen diren arren, euskaltzaindiak, nazioarteko ISO araudiari jarraiki, zuriunea erabiltzea hobesten du[3]).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zubimendi, Joxe Ramon. Komaren erabilera. (Noiz kontsultatua: 2019ko uztailaren 9a).[Betiko hautsitako esteka]
  2. HABEren azalpena. .
  3. a b Zenbaki kardinalak. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EIZIEren Senez aldizkariko artikulua, gaiari buruz [1]