Aposizio
Aposizio kategoria gramatikal bereko bi hitz elkartuz eratzen den joskera da, non bigarren hitzak lehenengoa zehazten baitu.[1] Hitz baten ondoan, hura zehazteko jartzen den beste hitza edo hitz multzoa[2] latinezko appositio hitzetik dator.
Adibidez, hurrengo esaldietan Iratxe eta zure ahizpa aposizioak dira:
- Zure ahizpa, Iratxe, hona dator.
- Iratxe, zure ahizpa, hona dator.
Bi motatakoak dira: murrizgarriak eta ez-murrizgarriak. Murrizgarriek ematen duten informazioa beharrezkoa da esaldian eta, euskaraz, komarik gabe idazten dira: Haren anaia Antton bihar etorriko da (Antton ez da pertsona horren anaia bakarra). Aldiz, ez-murrizgarriak komen artean idazten dira eta ekartzen duten informazioa ez da ezinbestekoa: Haren anaia, Antton, bihar etorriko da (pertsona horrek anaia bakarra du, Antton izenekoa: haren izena zehazteak ez dakar informazio handirik).
Genitibozko aposizioak (Piarres Lafitteren Grammaire basque, Navarro-labourdin littéraire liburuan, génitif explétif deituak) ere baditugu euskaraz, leku-izenetan batik bat: Alemaniako Errepublika Federala, Irungo hiria, Gipuzkoako enparantza... NONGO kasuaren ohiko esanahia ez dute, hots, ez dute adierazten Alemanian dagoen errepublika federala, Irunen dagoen hiria edo Gizpuzkoan dagoen enparantza; aitzitik, Alemania errepublika federala dela, Irun hiria dela eta enparantza haren izena Gipuzkoa dela ulertzen da. Hainbat hizkuntzatan ere antzeko egiturak daude: el mes de diciembre, el idiota de tu hermano gaztelaniaz, le mois de décembre, l'idiot de ton frère frantsesez, the month of December ingelesez (abendu[ko hil]a, hire anaia[ren] ergel hura), 山下の先生 (Yamashita no sensei, Yamashita[ren] irakaslea) japonieraz...
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |