Koprokultibo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gorozkiz betetako ontziak koprokultiboa egiteko

Koprokultiboa gorotzaren kultura mikrobiologikoa da. Mikrobiologia klinikoan erabiltzen den prozedura da, gaitz gastrointestinal baten atzean dauden bakterioak edo onddoak identifikatzeko. Jatorri ez ezaguneko beherako larriak eta iraunkorrak aztertu ahal izateko erabiltzen da.

Pertsona osasuntsu baten gorozkiak ez dira esterilak, mikrobio asko dituztelako. Heste-floran 10 bilioi inguru bakterioak ditu gizabanako osasuntsu batek. Koprokultibo baten helburua ez da, beraz, gorozkien mikrobio denak kultibatzea, patogeno zehatz batzuk (Salmonella, Escherichia coli enteropatogenoa, Staphylococcus aureus, Campylobacter, Yersinia, Shigella dysenteriae...) bilatzea baizik.

Koprokultiboa egiteko libratzearen ondoren gorozkiak ontzi esteril batean jaso behar dira. Era berean, ekidin behar da txiza edo komuneko paperaren hondarrak hartzea, lagina kutsa baitezakete. Lagina lehenbailehen bidali behar da laborategira, eta ezin da hoztu edo hozkailuan sartu (hesteetako mikrobio patogeno batzuk oso sentikorrak direlako hotzarekiko).

Mikrobio patogenoak bilatzeko lagina hazkuntza-ingurune ezberdinetara pasatzen da. Bakterio eta legamia patogenoak bilatzeaz gain, hainbat kasutan patogeno batzuek (Clostridium perfringens, Clostridium difficile...) ekoizten dituzten toxinak ere bila daitezke.

Koprokultiboa egin aurretik ohikoa da laginaren azterketa mikroskopikoa, hainbat parasito identifikatzeko edo leukozitoak ikusteko. Gram tindaketak ere hainbat bakterio patogeno antzematen laguntzen du.