Shigella dysenteriae

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Shigella dysenteriae
Shigella stool.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacteria
FilumaProteobacteria
KlaseaGammaproteobacteria
OrdenaEnterobacteriales
FamiliaEnterobacteriaceae
GeneroaShigella
Espeziea Shigella dysenteriae
Datu orokorrak
Gram tindaketa Gram-negative

Shigella dysenteriae Shigella generoko bakterio patogenoa da, disenteria bakteriarra sortzen duena. Kiyoshi Shiga japoniarrak 1896an lehenbizikoz deskribatu zuen bakterio hau, Japonia astindu zuen disenteriaren izurrite latz batean.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shigella dysenteriae bakterio Gram negatiboa da, bazilo txikiaren itxura duena. Anaerobio fakultatiboa da eta ez da mugikorra. Ez du esporarik sortzen eta glukosa hartzitzen du, baina ez laktosa [1]. Glukosa hartzitzen duenean ez du gasik sortzen.

Bakterioak gizakiaren heste-traktua besterik ez du kolonizatzen; animaliengan ez dago. Sortzen duen disenteria, beraz, giza gaitza da.

Exotoxina indartsua ekoizten du, enterotoxina eta neurotoxina dena (Shiga toxina). Toxina horrek kalte izugarriak egiten ditu hesteetako zeluletan, beherako bortitzak sortuz (odola eta mukiarekin) [2].

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shigella dysenteriaek disenteria eragiten du. Gaitza mikrobioz kutsatutako elikagai eta urak hartzean harrapatzen da (kutsadura fekala duten ur eta elikagaiak). Salmonelosiaren aldean, disenteria harrapatzeko infekzio dosia oso txikia da: Shigella gutxi batzuk (10-200 bakterio) gai dira gaixotasuna sortzeko [3].

Euliek bektore moduan dihardute: elikagaietan jartzerakoan gorotz-kutsadura eragiten dute, oso arriskutsua izan daitekeena gorotzetan bakterio patogenoak egonez gero.

Bakteriar disenteriaren sintoma nagusiak sabeleko mina, ondoeza, sukarra eta beherako ugariak dira, sarritan muki eta odolarekin. Gaitzak egun batzuk irauten du eta ondo tratatzen da antibiotikoekin (andui erresistenteak agertu arren). Infekzioa hesteetan kokatzen da eta ez du bakteriemia eragiten.

Gaitzaren diagnostikoa laborategian burutzen da koprokultibo baten bidez: bakterioa isolatu behar da hazkuntza-ingurune egokiak erabiliz, eta froga biokimiko eta antigenikoekin konfirmatu behar da.

Gehienetan bakteriar disenteria arazorik gabe sendatzen bada ere, haurrengan konplikazio larriak ekar ditzake.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hale, Thomas L.; Keusch, Gerald T. (1996). "Shigella: Structure, Classification, and Antigenic Types". In Baron, Samuel. Medical microbiology (4 ed.). Galveston, Texas: University of Texas Medical Branch Medical Microbiology
  2. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 196-198 orr.
  3. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 196-198 orr.