Edukira joan

Laborde Anaiak eraikina

Koordenatuak: 43°13′25″N 2°00′53″W / 43.223708°N 2.014667°W / 43.223708; -2.014667
Wikipedia, Entziklopedia askea
Laborde Anaiak eraikina
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAndoain
Koordenatuak43°13′25″N 2°00′53″W / 43.223708°N 2.014667°W / 43.223708; -2.014667
Map
Historia eta erabilera
Proiektu arkitektonikoa 1928
Erabilerafabrika
Arkitektura
Estiloaarrazionalismoa
Ondarea
Eraikina 1994an.

Laborde Anaiak eraikina Andoaingo barauts fabrika da, Urnietarako bide ertzean eraikia. Manuel Laborde ingeniariak 1928an egin zuen proiektua, arkitektura arrazionalista hutsa.

2000ko maiatzaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

21. mendean, eraikina Martin Ugalde Kultur Parkean integratuta dago.

1928an Manuel Laborde industria ingeniariak sinatutako proiektua duen eraikin hau bi elementuk osatzen dute batik bat. Alde batetik behe solairuan pabiloi luze bat eta bestetik mendebaldeko muturrean kokatzen den gorputz garaiago bat, behe, lehenengo eta bigarren solairuek osatzen dutelarik. Bertan biltegiak, bulegoak eta lantegiaren zuzendaritzaren etxebizitza kokatzen ziren.

Lantegia, bulegoak eta etxebizitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

65 metroko luzera eta 14 metroko sakonera duen oin laukizuzena du, Hauetatik 55 metro luzeran pabiloiak hartzen du, gainontzeko beste 10-ak bestelako erabilpenek hartzen dutelarik.

Pabiloi luze hau 7 metroko bi hormartetan zatitua dago, beste zentzuan aldiz, luzerakoan alegia, 5 metroko modulazioarekin antolatua dago eta 4,60 metroko garaiera librea aurkezten du. Zutabe askeak, habe garaiak eta estaldura zapalaz egindako hormigoi armatuzko egitura dauka. Horrela, itxiturak ez dauka egitura funtziorik, eta 5 metroko maiztasunez tamaina handiko leihoek arintzen dute. Hauek, gorriz margotutako inposta horizontalen bitartez bateraturik geratzen dira. Gorputz luze honetan produkzioarekin zerikusia zuen guztia kokatzen zen.

Mendebaldeko muturrean egituraren antolaketa aldatu egiten da. 5 metroko modulazioarekin jarraitzen dugu, baina 14 metroko sakonera hiru hormatartetan banatzen da, muturretan 5 metrokoak eta erdikoa 4 metrokoa, bertan eskailera kokatzen delarik. Eskailera honek eraikinaren hiru solairuak komunikatzen ditu. Behe solairuan, biltegiratzea, paketegintza eta banaketa jarduerak kokatzen ziren.

Erdiko hutsunea duen eskaileran gora eginez gero, lehenengo solairuaren gela guztiak banatzen dituen hall batera pasatzen gara. Solairu honetan etxebizitza eta bulego edo gerentzia erabilpenak nahasten dituen etxebizitza bat topatzen dugu. Lantegiaren jabearen etxebizitza dela esan dezakegu, edo baduela zuzendaritzarekin zerikusia behinik behin.

Bigarren solairuan berriz, antolamendu berdintsua izanik ere, etxebizitzaren gelarik pribatuenak kokatzen dira, hala nola sukaldea jantokia edo egongela, logelak eta terraza bat hego-ekialdean.

Jatorrizko proiektuan bi elementuek gorputz bakarra egiten dute beheko solairuan eta gaur egun atzealderantza eramaten gaituen pasaleku batek zatitzen ditu.

Bi gorputzen arteko igarotzea, gorputz altuaren hego-ekialdeko izkinan egiten den hustuketa joko baten bitartez lortzen da. Fatxadaren planoak atzeratu eta bi terraza agertzen dira, jarraia lehenengo solairuan eta handiagoa bigarrengoan. Horrela garaiera handiago baterako aldaketa graduatu egiten da.

Geroago, lehenengo solairua handiagotu egin zen, pabiloiaren terrazaren gainean zirkulu laurdenean amaitutako gorputz baten bitartez. Honek garaieren aldaketaren graduazioa areagotu egin zuen. Era berean, kontrol edo atezaintza funtzioak betetzen zituen gorputz alakatu bat agertzen da eta, horri lotuta, zutabe bakar batean oinarritutako estaldura zapal bat, izkina biribilduak dituena.

Altxaeretan proportzio handiko etzandako leihoak agertzen zaizkigu gehien bat, horizontalitatea gorriz margoturiko inpostek nabarmentzen dutelarik. Pabilioiaren kasuan leiho guztiak batzen dituzten inposta jarraiak ditugu. Hego-mendebaldean izkina apurtzen duten izkinetako leihoak agertzen zaizkigu, horrela bolumena arintzen dutelarik eta erabilitako eraikuntza eta egitura teknikak agerian geratzen direlarik. Mendebaldeko altxaeraren erdian estaldura txiki batek estalitako etxearen sarrera eta eskailera argiztatzen duten leihoak ageri dira. Gainontzeko leihoak ardatz zentral honekiko asimetrikoki kokatzen dira.

Eraikinaren altxaeren zentzu horizontala nabarmentzen duten aipatutako inposta gorriak eta eraikia guztian agertzen den zokalo grisaz aparte, eraikina apaindurarik gabe agertzen zaigu.

Hegoaldeko altxaeran iragarpen kartel bat ageri zaigu, inposta batek inguratuta eta lantegiaren izena iragartzen duten hizkiak barnean dituelarik.

Jantokien eraikina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderantzizko T baten tankerako oina duen eraikin honek bere fatxadarik luzeena hegoalderantz zuzendua du, eraikin multzoak egiten duen plazatxora alegia. Oina, 27 metroko luzera eta 12 metroko sakonera duen laukizuzenak eta atzealdearen erdian kokatutako 8x8 metroko laukiak osatzen dute.

Garaieran, behe sotoa, behe solairua, lehenengoa eta atzeratutako bi gorputz txiki goialdean, zatirik gehiena terraza moduan geratzen delarik. Terraza honen zati bat estaldura txiki eta saretaz estalia agertzen zaigu.

Fatxada nagusian mutur batetik bestera doazen tamaina handiko balkoiek eraikina planu horizontaletan banatzen dute, eta gerizpe handia sortzen dute. Balkoi hauen aurrez aurre, erdian kokatua, hormigoizko elementu aurrefabrikatuez egindako mailak dituen eskailera helikoidal askea kokatzen da. Mailak erdian kokatutako ardatz batek lotzen ditu eta eskailerak solairu guztiak lotzen ditu. Eraikinaren atzealdean zerbitzuzko eskailera arrunta dauka.

Eraikina egiturarengandik banatuta agertzen den fatxada arin batek ixten du. Bertan metalezko leiho zabalak irekitzen dira. Fatxadak inongo apaindurarik gabe agertzen zaizkigu.

Eraikinaren erabilpenak solairu ezberdinaten banatuta antolatzen dira, eskaileraren bitartez irispide zuzenak dituztela eta beraien arteko barne komunikaziorik gabekoa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]