Edukira joan

Landare piririkari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lechenaultia divaricata landare piririkaria.

Landare piririkaria[1], landare birakaria edo estepikurtsorea[1] landare espezie batzuen atal aereoa da, behin heldu eta lehortzen denean sustraietatik askatu eta haizeak biraka eramaten duena. Mota honetako landareen gehiengoetan landare ia guztia askatzen da, badira ordea soilik fruitua edo infloreszentzia askatzen dutenak ere[2].

Arazo handiak eragiten dituzte, inbaditzaileak eta sukoiak direlako bereziki. Mundu guztiko eremu lehorretan aurkitzen dira baina espezie ezagunenak Ipar Amerikan daude.

Landare xerofitoak izan ohi dira, estepa lehorretan bizi direnak, eta oztopo nabarmenik aurkitzen ez dutenez haizeak urrutira eraman ditzakeenak. Sistema baskular primarioa eta sustraiak baino ez daude bizirik, gainerako ehunak hilik daude, horrela landarea desegiten doa eta haziak (edo esporak) eremu zabal batean sakabanatzen dira[3]. Landareak hezetasuna aurkitzen duenean gelditu egiten da eta haziak askatzen ditu. Hazi hauek ura xurgatu eta erne egiten dira, landare berriak sortuz[4].

Eragiten dituzten arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estatu Batuetan landare piririkarien zabalkundea oztopatzeko hesiak jartzen ("Tumbleweed Fence Project 2014").

Ipar Ameriketan esate baterako Mexikoko, Estatu Batuetako eta Kanadako gobernuek mende batez haiei aurre egiteko politikak bultzatu dituzten arren landare birakariek eremu zabalak hartzen dituzte. Hainbat arazo deskruibatu ditu Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuak:

  • Lur pobreetan bizi diren landareak izan ohi dira, lur aberatsagoak aurkitzeko garatu duten estrategia baita. Hainbat herrialdetan inbaditzaile kontsideratzen dira, bidaiatzeko gaitasun handia baitute eta tokiko landareak ordezkatzen baitituzte.
  • Landare hil lehorrak direnez oso sukoiak dira eta baso-suteak hedatzeko arriskua dute. Sarritan gainera suebakietan kokatzen dira, landare gabeko eremua baita, eta suebakiaren funtzioa zapuzten dute.
  • Oztopo bat aurkitzen dutenean landare birakariak pilatu egiten dira eta haien arantzak elkar trabatuz egitura handiak era ditzakete errepideak blokeatuz edo eraikinan estaliz. Oahe aintziraren inguruan (Hego Dakota) hamarnaka tonatako landare birakarien egiturak hainbat etxe estali zituen eta ekipo mekanikoak behar izan ziren harrapatutako jendea ateratzeko[5]. 2019an haize bortitzek Washington estatuko Hanford Erreserbako landare birakari ugari askatu zituzten eta 5-7 metrotako lodiera hartuta 240 errepideko auto eta kamioiak harrapatu eta estali zituzten. 10 ordu behar izan zituzten landareak kentzeko[6].

Landare birakari motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kali tragus landare piririkaria.
Jerikoko arrosa, lehortua baina oraindik askatu gabe.

Landare familia hauek dituzte espezie piririkariak:

Espezie ezagunenak:

Landare birakariak egungo kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Western generoko filmetako elementu ezagunenetakoa da, gaur egun ia umorezko klitxe ere bihurtu dena. Eremu zabal lehorretan ikusten dira lurraldeak zeharkatzen, ingurunearen soiltasuna erakusteko edo tentsio eta ixilune momentuak indartzeko[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «https://twitter.com/UZEI_/status/1199339807274463233» Twitter (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  2. (Ingelesez) Ganong, William Francis. (1921). A Textbook of Botany for Colleges. MacMillan Company (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  3. (Ingelesez) Main, Douglas. (2011-03-02). «Consider the tumbleweed» Scienceline (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  4. (Ingelesez) Brunswick, Natural History Society of New. (1896). Bulletin of the Natural History Society of New Brunswick. Natural History Society of New Brunswick. (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  5. (Ingelesez) Stablein, Marilyn. (1995). Climate of Extremes: Landscape and Imagination. Black Heron Press ISBN 978-0-930773-39-7. (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  6. Blog, Cliff Mass Weather. (2020-01-03). «Cliff Mass Weather Blog: The Meteorology of the Tumbleweed Storm. Plus, The Ukrainian Connection» Cliff Mass Weather Blog (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).
  7. (Ingelesez) Pearce, Ed. (2019-03-07). «Tumbleweeds: Enduring symbol of West is Fernley nuisance» https://www.kolotv.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]