Langraiz bidea (ETAko presoak)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Langraiz Okako espetxeak eman zion izena plan honi, espetxe horretan bildu baitzituzten birgizarteratze plan honetara sartu ziren presoak.
José Luis Rodríguez Zapatero buru zuen Espainiako Gobernuak abiarazi zuen Langraiz bidea.

Langraiz bidea ETAko presoentzako birgizarteratze plan bat izan zen, 2008-2011ko legegintzaldian Espainiako Gobernuak abiarazia, José Luis Rodríguez Zapatero presidentearen buruzagitzapean, Loiolako negoziazioen porrotaren ondoren, ETAri irtenbide negoziatua ematearen bidea amaitutzat jota.[1] Langraiz bidea 2009an ireki zen, PSOE alderdia Espainiako Gobernuan zelarik, eta 2011n itxi, PP alderdiak gobernu hori eskuratu zuenean. Guztira 27 preso sartu ziren Langraiz bidean.[2]

Bide hori aukeratzen zutenek espetxeko hirugarren gradua (egunez kartzelatik ateratzeko eta asteburuetan baimenak lortzeko aukera) lor zezaketen; eta, zigorraren hiru laurdenak betetzean, birgizarteratzeko aurreikuspen positiboak zituzten presoak baldintzapean aske gera zitezkeen.[3] Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ez zuen prozesu hori begi onez ikusi, eta Langraiz bidean sartutako preso guztiak kolektibotik kanporatu zituen.[2]

Euskal Autonomia Erkidegoan, gehiengo politiko eta sindikalaren babesa jaso zuen Langraiz bideak. Plan horren aurka agertu ziren Batasuna (euskal presoei egindako xantaia zela argudiatuta) eta PP.

Sartzeko baldintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langraiz bidean sartu ahal izateko, presoek hiru baldintza bete behar zituzten: borroka armatutik aldentzea, biktimei barkamena eskatzea, eta beren ekintzen erantzukizun zibila ordaintzeko konpromisoa hartzea.[3][2]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko martxoan, ETAk su-etena eman zuen. Euskal Herriko gatazkari bukaera emateko asmoz, Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) negoziazioak izan ziren Batasunaren, EAJren eta PSEren artean. ETAk eta Espainiako Gobernuak (PSOE) ere negoziazioak egin zituzten. Negoziazio horiek porrot egin zuten, ordea. 2006ko abenduan Madrilen Barajasko atentatua egin zuen ETAk, artean su-etenean zela; bi pertsona hil ziren. 2008an Inaxio Uria enpresaburua hil zuen ETAk. 2009aren hasieran, ETAk 50 urte bete zituen.[4]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008-2009an, presoei inolako eskakizunik egin gabe, Gobernua presoak Asturiasa eta Zaragozara hurbiltzen hasi zen. Eta hortik, Langraiz bidea izenez ezagun egingo zen esparruan sartzea onartu zutenak, 2009/2010ean, banan-banan eta taldeka Langraiz Okako espetxera hurbildu zituzten.

Langraiz bidean sartzeko aukerak iraun zuen aldian, 2009tik 2011 arte, 27 izan ziren plan horri atxiki zitzaizkion etakide ohiak,[2] guztira 500 presotik gorako kolektibo batetik. 2011. urtearen bukaeran garaile atera zen PP alderdiko gobernuak, ordea, bide hori bukatutzat eman zuen.[1]

Langraiz bideko preso batzuek, kanpoko eragile zenbaitekin elkarrizketak izan ondoren, bi ekimen sustatu zituzten:

Elkarbizitzaren aldeko ekimenak egin ziren (idatzi publikoak, hitzaldiak, liburuak, dokumentalak, filma...).

2013ko azaroaren 22an, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren 20. urtemugako ekitaldian, Langraiz bideko Andoni Alzak eta Carmen Gisasolak parte hartu zuten. Ageriko lehen elkartzea izan zen etakide ohi biren eta Rosa Rodero alargunaren artean.

2014ko uztailaren 29an, Langraiz bideko Ibon Etxezarreta etakide ohiak Juan Mari Jauregiren urteurreneko omenaldian parte hartu zuen, Jauregiren alargun Maixabel Lasarekin batera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Unzueta, Humberto. (2016). Langraiz bisean bis : ETAren disidentziarekin aurrez aurre. (1. argitaraldia) Erein ISBN 978-84-9109-088-5. PMC 953003925. (Noiz kontsultatua: 2022-02-01).
  2. a b c d Enzunza Mallona, Olatz. «'Langraiz bidea', azken pausoetan» Berria 2019-08-21 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  3. a b «Zer da 'Langraizko bidea'?» EITB.eus 2013-08-11 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  4. Esnaola, Enekoitz. «Kronologia, testuan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]