Legazpiko oilar jokoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Legazpi da, Baztanekin batera, Euskal Herrian oilar-jokoa gorde duen herri apurretako bat. Baztanen inauteri aurreko ostegunean, orakunde egunez, ospatzen da (Erratzun oilar eguna deitzen omen dute); Legazpin, aldiz, Korpus zortzigarrenean ospatzen da, Euskal Herria plazan (udaletxea dagoen enparantzan). Enparantzaren azken moldaketan, milurte honen haseran, harlauza batean marraztua agertzen da oilarra. Eta hantxe kokatzen da oilarra, azken urteetan kaiolatua.

Legazpiko oilar jokoa (2016an, Errikarte Agirre).

Jokoaren nondik norakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Ehiztari" deitzen zaion parte-hartzaile batek, begiak estalita eta ezpata eskuan, oilar bat irabazteko aukera zuen,gaur egun diru saria ematen zaio. Aintzina, kutxa batean kokatzen zen oilarra eta ehiztariak plaza osoan ibilita aurkitu behar izaten zuen. Beroni lepoa moztuz gero bereganatzen zuen saria (oilarra). 1936ra arte, aurreskua dantzatzen zitzaion eta San Joan sua pizten zuen aguazilek lagunduta.

1975ean, lehen aldiz, sokekin markatu zen ibilbide bat lurrean. Ehiztaria kanporatua gelditzen da soka ikutu edo gaindituz gero. Gaur egun, nahikoa da ezpatarekin oilarraren gainean biribil bat marraztea; 2004tik saria, oilarra baino, diruzkoa da (2004an, kasu, 20 euro).

Publikoaren oihuez gain, herriko txistulari eta danbolin joleek Tranka-tranka pieza jotzen dute; egun hortan baino jotzen ez dena. Laguntza oihuak estaltzeko funtzioa du eta, horrezaz gain, ehiztariari alboetako sokaren batera hurbiltzen ari dela adierazten diote txistulari eta danbolinjoleek, ezker edo eskubitik, bolumen handitzeekin.


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1608: Legazpiko lehen erreferentziak Corpusari.

1808 eta 1810: oilar-jokoaren lehenengo erreferentziak. Ordurako, gutxienez ehun urteko ohitura zela aipatzen da.

1932ko maiatzak 26: Alkateak oilarrari lepoa moztea debekatzen du.

1936: irabazleari aurreskua dantzatu zitzaion eta honek San Joan sua piztu zuen azken urtea.

1937-1943: herriko Parrokoak Zoru Sakratua deitua aplikatu zen. Horrela, elizaren babespean, tradizioa mantendu ahal izatea ahalbidetu zuen, gerra osteko debekua saihestuz. Beste horrenbeste gertatu zen, kasu, San Joanetan loreak bedeinkatzeko ohiturarekin. 1950 eta 1952an Oargui-ri esker berreskuratu zen San Joan sua.

Gerra garaira arte, irabazleari aurreskua dantzatzen zitzaion eta San Joan sua pizteko ohorea ematen. Frankismo garaian galdu egin ziren ohitura horiek.

1980an Jose Inazio Elorza alkateak arauak ezarri zituen, bai ibilbiderako soken nondik norakoez, bai ehiztarien adinaz ere: 12 eta 18 urte bitartean finkatu zen.

1990an, aurretik oilar-jokoa irabazitakoei berriro parte hartzeko aukera zabaltzen zaie, aurrek ohitura aldatuz. Birritan irabazle suertatu dira, ordutik, Beñat Olaizola (1998 eta 1999) eta Joseba Gurrutzaga (2005 eta 2008).

2003ko ekainak 27: Animalien babeserako elkartearen salaketa (6/1993 Legea).

2004ko ekainak 10: Oilarraren ordez, 20 euroko saria eman zitzaion irabazleari. Parte-hartzaile kopuruak behera egin zuen.  


2007 ekainak 14: Sotero Plazaola alkatearen ekimenez, 12 urtetik gorako emakumezkoen parte-hartzea sustatu zen.

2012 ekainak 12an: Animalien babeserako ATEA elkartearen salaketa udaletxeari, oilar-jokoak animaliari ezinegona sortzen diolako, tratu txarra emanez; 6/1993 Legearen 4.2.a artikuluaren kontrakotzat jotzen du hori. Benetako oilarrik ez erabiltzea galdegin zuen. Foru-baimena aplikatu zen.

2015eko ekainak 11a: Lehen aldiz emakumezko batek irabazi zuen oilar-jokoa, 12 urteko Enara Martin Aldalurrek.


Irabazleen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakingarriak eta uste ustelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakingarriak:

- Oilarra lortzeko behar izan den gehienezko denbora bi ordu eta hogei minutukoa da. Gutxienekoa, lau minutukoa.

- Ohiturak iraun duen bitartean oilarrak herriko hainbat baserritatik ekarri dira: Bixiola, Mantxola, Ormazarreta…

- 1980an Santita Gordoa izan zen Oilar-jokoan jo zuen lehenengo emakumezko txistularia.

Uste ustelak (Aitor Ibañez de Garatxanak azalduak):

- Idatzi izan da irabazleak aurreskua dantzatu behar izaten zuela eta, dantzatzen ez bazekien, ordezkoa aurkitu eta bertaratuak ardotara gonbidatu behar izaten zituela; baina ez da datu zuzena. Berez, aurreskua irabazleari dantzatzen zitzaion, nahiz eta batzuetan, irabazlea dantzaria izaki, berak ere dantza egiten zuen. Ardo konturik gabe.

- Idatzi izan da, lehen, jokoaren amaieran, usoak askatzen zirela. Ez da zuzena. Udalak hori 1964an egin zuen diktaduraren 25. urteurrena ospatzeko; baina Corpus festan izan zen, ez oilar-jokoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitor Ibañez de Garatxana. Txinpartak aldizkaria, 31. alea. Burdinola.

Oilar-jokoaren argazki bilduma eta irabazle zerrenda: https://web.archive.org/web/20171224092106/http://www.zingizango.eus/argazkiak/jaiak/oilar-jojua

Baztango oilar-jokoaz: http://baztangohaizegoarenargazkiak.nirudia.com/tag/oilarra

ATEAren salaketaz berria: http://www.europapress.es/euskadi/noticia-atea-denuncia-celebracion-oilar-jokoa-legazpi-pide-gallo-sustituya-artificial-20120613180907.html

ATEAren web orriko azalpenak: https://www.facebook.com/permalink.php?id=205564869542713&story_fbid=281182268647639

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]