Baztan izenaren jatorria eta esanahi zehatza ezezagunak dira. Etimologia mitologiko eta fantastiko baten arabera, bat han esamoldetik omen dator, haraneko biztanleen arteko elkartasunari erreferentzia eginez.[4]Baztanabizena badago, ziurrenik haran hartan jatorria duena. Bearnon ere bada Bastanès izeneko udalerria.
Udalerriak Nuevo Baztán herriari (Madrilgo Erkidegoa, Espainia) eman zion izena XVIII. mendearen hasieran, Juan Goienetxe Gaston baztandar negozio-gizonak herri berria eraiki zuenean Madrildik gertu. Haren helburua herriko lantegietan Madrilgo goi-mailako gizarte-klaseentzat produktuak ekoiztea izan zen.[5]
Baztango klima ozeaniko epela da, CfbKöppen klima sailkapenaren arabera. Ezaugarri nagusia urte osoko prezipitazio ugariak izatea da. Batez beste 1.500 eta 2.200 mm bitartean izaten dira, nahiz eta udalerriko gunerik menditsuenetan ugariagoak diren. Euri egunak 180 inguru izaten dira. Bestalde, aldaketa termikoa nahiko txikia da eta uda garaian ez da hilabete idorrik izaten. Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 15 gradu artekoa izaten da.
Jatorrizko landaredia pagadiek osatzen zuten gune menditsuetan, hariztiak udalerriko haranetan zeuden, eta, gaztainondoak tarteko guneetan. Gizakiaren eragina dela eta, ordea, asko eraldatu da jatorrizko landaredi hori eta gaur egun 7.500 hektarea pagadi baino ez dira geratzen. Pagadiak hegoaldeko gune menditsuenetan hedatzen dira batez ere. Hariztiek, berriz, gizakiaren eragina gehien jasan zuten espezieak dira, asko bota dira eta, bai zura lortzeko bai nekazaritzarako larreak lortzeko. Birlandatutako zuhaitzek 2.100 hektarea hartzen dituzte (batez ere Otsondo-Alkurruntz eta Orabideko guneetan), Nafarroa Garaiko azalerarik handienetakoa. Intsinis pinua, haritz gorria eta japoniar laritzak erabili ziren birlandaketetarako.[7]
XII. mendeanLapurdiko mugan Salbatore monasterioa kokatu zen, inguru hurbilean eragin handia izan zuena. Monasterioaren menpeko izan ziren Urdazubi eta Zugarramurdi herriek, auzi luzeen ondoren, bai Baztandik, bai mojengandik askatzea erdietsi zuten. Zugarramurdi 1667an bihurtu zen udalerri eta Urdazubi 1774an.
1393anKarlos III.ak elizondarren kaparetasuna onartu zuen. Haren ondoregoek, Blanka eta Joanes II.ak, zerriak mendian bazkatzeagatik petxak kobratu nahi izan zituzten. Horren aurka Haranak Kontuen Ganbarara jo eta auzia irabazi zuen. Horren ondoren Vianako Printzeak baztandarren kaparetasuna onartu zuen.
XIV. mendetik aurrera populazioa azkarki emendatu zen. Bi arrazoi izan ziren horretarako: baliabide naturalen ustiapen handiagoa eta, batez ere, kapare izateak baztandarrentzat zekarren onura.
1913an eskualdean inoiz izandako hondamendi larriena izan zen, Autza mendian izandako bat-bateko euri-jasa izugarri batek eragindako oldeak Elizondo eta Erratzu herriak suntsitu eta bi emakume eraman zituelako. Uholdeak 18 zubi hondatu zituen Bidasoa ibaiaren ibilbidean. Egun, ura heldu zen maila erakusten duen plaka dago Elizondoko Jaime Urrutia kalean.[15]
Francoren heriotzak (1975) ez zuen ageriko aldaketarik ekarri haranera, ordu arteko diktaduraren aldean. 1978an, udalak eratu ziren, eta ordutik hurrengo bi hamarkadetan erregimenari lotutako agintariek babesa jasotzen jarraitu zuten, eta udal gobernu organoetan agintzen. 1983an, orduko udal agintarien eta zenbait herritarren oposizio gogor batez, ikastola sortu ahal izan zen.[16][oh 1]
Nekazaritzak (zuhainak, fruta-arbolak) ez du garrantzi handirik; abeltzaintza (behiak eta ardiak), zerbitzu sektorea (administrazioa, irakaskuntza, osasuna, merkataritza, ostalaritza) eta industria (zurgintza, elektrizitatea, harrobi eta marmol-hobiak, elikagaiak) eta eraikuntza dira udalerriko ekonomi jarduera nagusiak.
Nekazaritzari lotutako udalerria izanik, Baztanek egonkor mantendu zuen populazioa XX. mendearen lehen erdialdean. Bigarren erdialdean, berriz, biztanle kopurua beheraka hasi zen eta mende amaierarako populazioaren % 20 galdua zuen.
XXI. mendearen hasieran, komunikazioak hobetzearekin batera, populazioa igotzen hasi zen.
Baztango biztanleria
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 455 etorkin bizi ziren herrian, biztanleen % 5,80 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
2007ko udal hauteskundeetan, Baztango alkatea Nafarroa Bai koalizioko Virginia Aleman Arraztio atera zen. Baztango udaleko hamahiru zinegotzietatik zazpi lortu zituen eta, hortaz, gehiengo osoa udalean. Ezker abertzalearen zerrenda Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi zuen. Baliogabeko botoak 780 izan ziren (emandako guztien % 16,80) eta 147 boto zuri izan ziren (botoen % 3,81). Abstentzioa % 37,02koa izan zen.
2015eko udal hauteskundeetan, Euskal Herria Bilduk (Bilduren ondorengoak) zinegotzi bat galdu zuen eta bostekin geratu zen, baina lehena izan zen botoen kopuruan; UPN alderdiak, berriz, zinegotzi bat galduta, bosti eutsi zien; Nafarroa Bai koalizioaren ondorengoa Geroa Baik zinegotzi bat gehiago eskuratu zuen; Baztango Ezkerrak biak mantendu zituen; eta Baztan Auzolanean herri plataformak bat lortu zuen. Euskal Herria Bilduren hautagai Joseba Otondo hautatu zuten alkate, haren zinegotzien eta Baztango Ezkerraren bi zinegotzien botoei esker.
Gaur egun udaletxea ezartzen den gunea Urdazubiko monasterioaren jabetza izan zen XVII. mendearen amaierara arte. Eraikinak estilo barroko-klasikoa du eta inguruko harri gorri ilunezko fatxada. 1986 eta 1987. urteen artean erabat zaharberritu zen, bai barrutik bai kanpotik, eta bertan 63 milioi pezeta inbertitu ziren. Udala alkateak eta hamalau zinegotzik osatzen dute.
Baztango administrazio-erakunde gorena da. Haren eginkizun nagusia herri-lurrak (azaleraren % 84) zaindu eta gobernatzea da. Batzar Nagusia honako hauek osatzen dute: Udaleko alkateak, hamabi zinegotziek, hamabost herrietako alkateek eta lau junteroek (Baztango Unibertsitateko kuartel bakoitzetik bat). Kuartelak hauek dira: Baztangoiza (Amaiur, Arizkun, Azpilkueta, Erratzu), Elizondo (Elbete, Elizondo, Lekaroz), Erberea (Arraioz, Gartzain, Irurita, Oronoz-Mugairi) eta Basaburua (Almandoz, Aniz, Berroeta, Ziga). Urtean lau ohiko bilkura egiten ditu.
Erdi Arotik Baztango gobernuaren oinarria izan dira. Bertan arautzen dira, besteak beste, herri-lurren erabilera, batzarrak, herrietako alkateen izendapena eta eskumenak, auzolanak eta Batzar Nagusiaren antolakuntza.
La Burundesa autobus konpainiaren Donostia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia du Baztango Almandoz herrian. Maiztasunak aldakorrak dira, baina gutxinez bi zerbitzu izaten dira norabi bakoitzean egunero. Lineak honako ibilbidea egiten du:
C.D.Baztan. 1941-42an sortutako futbol kluba. Benjamin, alebin, infantil, kadete, gazte eta heldu taldeak ditu. 2016-2017 denboraldian helduak Nafarroako Foru Erkidegoko lehen mailan ariko dira.[29]
Jorge Oteiza - Baztango Museo Etnografikoa Elizondoko herrigunean kokatuta dago, Puriosenea izeneko hiru solairuko etxetzar batean. Landa edo baserri mundua eta XIX. mendeko folklorea, jantziak eta musika erakusten ditu.
1963tik urtero eta Done Jakue Egunaren, uztailaren 25a, aurreko edo ondorengo iganean Baztandarren Biltzarra ospatzen da, Baztango 15 herrien anaikidetza jaialdia. Hamabost herriek beren karrozak eramaten dituzte Elizondoko karriketan, jantzi tradizionalak eta abar erakutsiz. Bazkaldu baino lehen, plazan mutil-dantza jendetsua egiten dute.
Urtsua jauregia: Erdi Aroko Urtsuatarren eraikina, Pedro Urtsua (1520-1561) arizkundar konkistatzaile eta militarraren jaiotxea da, Lope Agirre gipuzkoar abenturazalearen El Dorado kondairazko hirirako espedizioan parte hartu eta bertan hil zen.
↑Esarteren lehenengo eskuko lekukotzaren arabera, umeak udaletxean hasi ziren klasean atezu handiaren erdian. Agintariek herritarrak deitu omen zituzten, gehienak baserritar eta abeltzain euskaldunak, hori eragozteko, eta tentsio biziko une liskartsuak bizi izan ziren. Geroago, haien jarreraz galdetuta, pertsona horiek aitortu omen diote Esarteri ez zutela nahi beren seme-alabek beraiek bizitzan pasatako bazterketa eta mespretxua jasaterik, bereziki soldaduzkan.
↑Amaiurko estazioko balio klimatologikoak. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua. Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua (Noiz kontsultatua: maiatza 2, 2012).