Lilatoia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lilatoia, emakumezkoen lasterketa herrikoia da Donostiako kaleetan barrena bost kilometroko ibilbidea duena.

Donostia, 2020-03-01

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Club Atlético San Sebastián taldeak emakumeentzako 5 kilometroko lasterketa antolatzen du urtero Donostian. Lilatoi lasterketa[1] 1990ean hasi zen Gipuzkoako hiriburuko Koordinadora feministaren ekimenez. Beraiek dira Lilatoiaren plangintza kudeatzeaz arduratzen direnak. Ibilbideak bost kilometro lau izaten ditu, eta Donostiako erdiguneko kaleetan barrena igarotzen da. Lehen urtean, 146 parte-hartzaile baino ez ziren egon, baina urterik urte kopurua hazten joan da. 2015etik aurrera korrikalarien kopurua % 52,43 hazi da, hain zuzen ere. Korrikalari gehienak gipuzkoarrak izan ohi dira baina badira Bizkaia, Araba eta Nafarroatik etortzen diren emakumezko korrikalariak ere. Azpimarragarria da Euskal herritik kanpo etorri izan direnen presentzia ere, hala nola, Frantziatik, Madriletik, Bartzelonatik, Murtziatik edo Kantabriatik.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako aldarrikapenak argiak ziren eta halaxe izaten jarraitzen dute: berdintasuna sarietan, emakumeen kirola kalean egitea sustatzea, eta lasterketa mistoetarako jauzia erraztea, beti ere filosofia herrikoia ahaztu gabe. 30 urte geroago, sendotutako, ezagututako eta aintzatetsitako lasterketa bat dugu, emakume askok kirola egiten hasteko erreferentea bihurtua.

2020an, esate baterako, 6.500 emakumek baino gehiagok eman zuten izena lasterketa feministan. Lasterketak onarpen handia izan zuen korrikalarien aldetik. Izan ere, izen-emateak ezarritako eguna baino hamaika egun lehenago agortu ziren. Hainbeste korrikalarik berdintasuna aldarrikatzen zuen ekitaldi eder batez gozatzeko aukera izan zuten.

Korrikalari guztiek txapela eta Lilatoiaren kamiseta izaten dituzte opari. Lasterketa 10:30ean hasi ohi da Donostiako Boulevardean, baina aurretik, 09:40tik aurrera, beroketa izaten da koreografiekin, sokatira erakustaldiarekin eta handbike-arekin. Hiru talde ugarienak saritzen dituzte eta lehen sailkatuari Lilatoi txapela ematen diote. Probaren amaieran sariak banatzen dira batukada erritmoan Alderdi Ederren. 12:30 inguruan, Lilapotea hasten da trikitilari, txaranga eta DJ-ekin. Zalantzarik gabe, jai herrikoia emakumezkoen kirolarentzat.

Formatu egokitua pandemian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021ean, COVID 19 pandemiaren ondorioz, Lilatoi lasterketa berrasmatu egin behar izan zen. Berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea formatu birtualean aldarrikatu zen AURTEN ERE LILATON[2] lemapean. Urte horretako ibilbidea librea izan zen. Bakoitzak erabaki zuen 5 kilometroak non eta zein modalitatetan egin (Korrika, oinez/nordick-walking, patinetan edo handbikean). Munduko edozein tokitan egin ahal izan zen. Amaieran, Lilatoi plataforma birtualean bat egiteko aukera egon zen, aurretik mugikorrean deskargatutako app-ari esker. Horren bidez, lortutako emaitzak ikusteko aukera egon zen.[3][4] 2022an berreskuratu zen 2020ko ibilbidea.[5]

Betiko ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an, COVID 19 pandemia arazoak gaindituta, Lilatoia ohiko 5 kilometroko ibilbidera itzuli zen. Jendetza ere itzuli egin zen, 5000 lagunek parte hartuta. 2023an kopurua handitu egin zen, 6000 lagun izan baitziren.[6]

2024ko martxoaren 3an arrakastatsua izan zen 34. Lilatoi edizioa, 6.200 emakumek eman baitzuten izena eta Espazio publikoan eta kirolean zaildutako tokia hartu zuten.[7] Lilatoiaren sortzaileetako bat, Arantxa Gurmendi aktore hilberria, omendu zuten.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «La Lilatón crece y crece, pero no pierde su esencia» El Diario Vasco 2020-02-26 (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  2. (Gaztelaniaz) Vasco, Diario. «Lilaton: Carrera Popular para Mujeres (Virtual)» agenda.diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  3. «Lilatoia: Auten ere ON!» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-03-03 (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  4. Garmendia, Jon Ordoñez. «Ireki dute Lilatoian izena emateko epea» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  5. Barandiaran, Ane Insausti. «Lasterketa morea bueltan da» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  6. «Aurtengo Lilatoiak inoiz baino parte hartze handiagoa izanen du» Berria 2023-02-24 (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  7. a b SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-03-03). «Espazio publikoan eta kirolean zaildutako tokia hartu du Lilatoiak» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lilatoiaren 20.urteurrenaren bideoa
  • 2020ko Lilatoiaren bideoa