Lirika
Lirika olerkariak bere barne-sentimenduak adierazten dituen poesia-mota da. Literatura-arloan, poesia lirikoa generotzat hartzen da. Lirika-lanak bi sailetan bereizten dira: nagusiak, elegia eta oda (ditiranboak, kantuak, eresiak) eta bigarren mailakoak (madrigalak, epigramak, sonetoak, baladak, abestiak).
Lirika hitza lira hitz grekotik sortua da, antzinako greziarrek poesia lira musika-tresna joz abesten baitzuten. Ondorengo mendeetan esanahia zabaldu egin zen eta ia edozein poesia-mota adierazteko erabili zen lirika hitza.
Lirikaren adibiderik adierazgarrienak herri-poesiakoak badira ere, antzinako Grezia eta Erromatik hasita, poesia landua ere erabili izan da. Erdi Aroan, herrialde erromaniko eta germaniarretan batez ere, izan zuen lirikak indarrik handiena. Izan ere, Erdi Aroko Proventzan lirika landua sortu zuten trobadoreek (Guillaume Poitiersekoa, Bernart Ventadormekoa) okzitanieraz, latina baztertuta alegia, eta handik sortu zen Europako lirika berria. Pizkunde garaian lirika idatzia landu zuten Europako herrialde askotako poetek.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.