Lirika
Lirika (grek. lyrikos, lirari dagokiona) olerkariak bere barne-sentimenduak adierazten dituen poesia-mota da. Poetak barne giroak, inpresio, gogoeta eta beste edonolako sentimendu subjektibo adierazteko erabiltzen duen generoa da: literatura-arloan, poesia lirikoa generotzat hartzen baita. Lirikan alderdi subjektiboa eta barnekoia beste generoetan baino nagusiagoa da. Emozioa eta sentimendua biziki lotuta daude lirikaren definizioekin niaren esperientzia eta adierazpen gisa.[1]
Aristotelesek hiru poesia-kategoria handitan (lirikoa, dramatikoa eta epikoa) egindako banaketari zor dio terminoak bere garrantzia teoria literarioan. Poesia lirikoa literaturaren lehen formetako bat da.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lirika hitza lira hitz grekotik sortua da, antzinako greziarrek poesia lira musika-tresna joz abesten baitzuten. Ondorengo mendeetan esanahia zabaldu egin zen eta ia edozein poesia-mota adierazteko erabili zen lirika hitza.
Lirika motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinate grekolatindarrean azpigeneroetan garrantzitsuenak himno edo gorazarrea, oda eta kantua izan ziren lehen mailakoak. Bigarren mailakoak madrigalak, epigramak, sonetoak, baladak, abestiak ziren.
Lirikaren adibiderik adierazgarrienak herri-poesiakoak badira ere, antzinako Grezia eta Erromatik hasita, poesia landua ere erabili izan da. Erdi Aroan, herrialde erromaniko eta germaniarretan batez ere, izan zuen lirikak indarrik handiena. Izan ere, Erdi Aroko Proventzan lirika landua sortu zuten trobadoreek (Guillaume Poitiersekoa, Bernart Ventadormekoa) okzitanieraz, latina baztertuta alegia, eta handik sortu zen Europako lirika berria. Pizkunde garaian lirika idatzia landu zuten Europako herrialde askotako poetek.
Euskal lirikaren alorrean, egitura sotilez gehienetan, eta ez molde konplexuz, mamituriko poesia oparoa izan da, eta, besteak beste, aipagarri da bereziki kanta zaharretan mamituriko herri lirika edo lirika tradizionalaren emaitza liluragarria.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.