Lurmutur Hiriko lehortea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Lurmutur Hiriko mendebaldeko sei presa nagusietan dagoen ur kopuruaren grafikoa 2013ko ekainetik 2018ko urtarrilera. Grafikoan ikus daiteke Lurmutur Hirian urte horietan egon zen lehortea eta maiatzerako espero zuten idorte itzela.

2015ean, Hegoafrikako Lurmutur Mendebaldea probintzian lehorte larri bat hasi zen, eta hiriburuan, Lurmutur Hirian, eragin handia izan zuen. Lurmutur Hiriko presa nagusi guztien ur erreserbek behera egin zuten eta 2015etik aurrera, egoera oso larritzat hartu zen.

2018 hasieran, apirilerako ur mailak egoera kritikoraino behera egingo zuela aurreikusiz, "Zero Eguna"-ri aurre egiteko neurriak aurkeztu zituen hiriak. Ur erreserbek mugaraino behera eginez gero, hiriko ur ornidura sistema ia guztiz itxi beharko litzateke, Lurmutur Hiria urik gabeko lehen hiri handia bihurtuz.

Beraz, populazioari ur murrizketa zorrotzak ezarri zitzaizkion.[1] Biztanle guztiek ura neurtzeko gailu zehatzak erabili behar zituzten eta bizilagun bakoitzeko ur litro kopuru mugatu jakin bat ezarri zen eta, gaindituz gero, isun handiak.

Neurri hauei eta ur ornidura handitzeari esker, 2018ko martxorako hiriak erdira jaitsi zuen eguneroko ur kontsumoa. Jokabide horrek eta egindako euri guztiak urtegien maila %43-raino igo zuen 2018ko ekainean eta, honela, Lurmutur Hiriak iragarri zuen 2019an ez zela "Zero Eguna" iritsiko.[2]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurmutur Mendebaldea probintziak klima mediterraneoa du, uda epel eta idorra eta euri garaia neguan. Lurmutur Mendebaldeko Ur Ordidura Sistemako (Western Cape Water Supply System) sei urtegi nagusietatik jasotzen da ura; urtegi hauek hiriaren inguruko mendi guneetan daude.[3] Urtegi hauek batez ere neguan egiten duen euriarekin betetzen dira, maiatzetik abuzturako tartean izan ohi da garairik hotzena eta orduan egin ohi du euri gehien. Abuztutik otsailera bitarteko uda garaian urtegien mailak behera egiten du, denboraldi horretan uraren erabilerak gora egiten du hirian eta nekazal eremuan.

1995ean 2,4 milioi pertsona bizi ziren Lurmutur Hirian, 2018an 4,3 milioi pertsona; beraz, 23 urtetan biztanleria izugarri hazi da, %79 egin du gora baina, aldiz, denbora tarte berdinean urtegietako ur biltegia %15 soilik hazi da[4]. 2016/2017an, hiriko ur ornidura osoaren %64.5 bizitoki formaletan erabili zen eta %3.6 bizitoki informaletan.

Kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko eztabaidatu da Lurmutur Hiriak bizi duen ur eskasiaren arrazoiei buruz. Ukaezina da lehortea bera faktore garrantzitsua izan dela, baina lehortearen larritasun maila zalantzan jarri izan da. Uste da lehorteak eragindako ur eskasia beste hainbat faktoreren eraginez areagotu dela: biztanleriaren igoera, erregistratu gabeko nezkalguneen ureztatzea, espezie inbaditzaileak eta uraren erabileraren planifikazio eskasa.

Lurmutur Hiriak duen arazo nagusienetakoa da bere ur sistemak orain dela urte batzuk zuen klimarako eraikita daudela. Aldaketa klimatikoaren ondorioz ingurune honetako euri patroiak aldatu dira, gaur egun ur emaria ez da lehen bezain orekatua eta ur galera orain dela urte batzuk aurreikusitakoa baino azkarrago gertatzen da.

Ur gabeziaren beste arrazoi nagusietako bat nezkaritzarako erabilpena da. 2016an Lurmutur Hiriak 30 milioi litro ardo exportatu zituen Europa eta Ameriketako Estatu Batuetara. Ardo litro bakoitza egin ahal izateko 176 eta 358,4 litro ur artean erabiltzen dira. Honetaz gain, Lurmutur Hiriak gutxi gorabehera 231.000 tonelada zitriko exportatu zituen 2017an, horrek esan nahi du zeharkako modu batean 7.925 milioi litro ur gehiago exportatu zirela[5].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur gabeziari erantzuteko nekazariek %50 murriztu zuten uraren erabilera; horrek eragin handia izan zuen nazio mailan 37.000 lanpostu galtzearekin eta 50.000 pertsona inguru pobrezia egoeran geratu ziren, lanpostu galera eta elikagaien salneurrian emandako inflazioaren ondorioz[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Soler Crespo, David (2018), «Ciudad del Cabo, la agonía de quedarse sin agua», El País - Planeta Futuro, . Noiz kontsultatua: 2018-04-03.
  2. (Ingelesez) «Chamber delighted by Day-Zero's death | Cape Messenger» www.capemessenger.co.za . Noiz kontsultatua: 2018-07-19.
  3. (Ingelesez) «Awaiting Day Zero: Cape Town Faces an Uncertain Water Future - Yale E360» e360.yale.edu . Noiz kontsultatua: 2018-07-19.
  4. (Ingelesez) Bohatch, By Trevor (2017-05-16) «What’s causing Cape Town’s water crisis?» GroundUp News . Noiz kontsultatua: 2018-07-19.
  5. From Not Enough to Too Much, the World’s Water Crisis Explained 2018-03-22 . Noiz kontsultatua: 2018-07-19.
  6. (Ingelesez) «Cape Of Storms To Come» features.dailymaverick.co.za . Noiz kontsultatua: 2018-07-19.