Madhumala Chattopadhyay
Madhumala Chattopadhyay | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Shibpur (en) , XX. mendea |
Herrialdea | India |
Jarduerak | |
Jarduerak | antropologoa |
Madhumala Chattopadhyay (Kalkuta, 1961eko martxoaren 16a) indiar antropologoa da, Andaman eta Nikobar uharteetako indigenen kulturetan aditua[1]. 1991n, Chattopadhyay eta bere lankideak sentineldarrekin harreman baketsua izan zuten lehen kanpotarrak bilakatu ziren[2].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kalkutako Shibpur auzoan hazi zen. Bere aita South Eastern Railwayko kontu-arduraduna zen, eta amak Pronoti Chattopadhyay zuen izena. Hamabi urte zituela, Andaman uharteetako indigenenganako interesa sortu zitzaion[3].
Bhabani Balika Vidyalaya eskolan graduatu ondoren, antropologian lizentziatu zen Kalkutako Unibertsitatean. Gero doktoretza lortu zuen, Andaman uharteetako herriei buruzko tesia defendatuz[2]. Indiako Antropologia Inkesta erakundeak uzkurtu egin zen Chattopadhyayri dirulaguntza ematea emakumea zelako, eta etsai izan zitezkeen tribuekin landa-lana egitekoan seguru ez ote zen kezkatzen zuten. Hala ere, dirulaguntza lortu zuen, espediente akademikoa kontuan hartuta[1].
Andaman uharteetan lan egiteko baimena eman aurretik, Indiako Antropologia Inkestak eskatu zien berari eta bere gurasoei lanaren arriskuak ezagutzeko eta kontratuak sinatzeko. Sei urte eman zituen Andaman eta Nikobar uharteetako hainbat tribu ikertzen[4].
1991ko urtarrilaren 4an, Madhumala Chattopadhyay sentineldarrekin harreman baketsua egin zuen lehen taldearen parte zen. Gainera, sentineldarrekin harremanetan jarri zen lehen emakume kanpotarra izan zen[5]. Sentineldarrez gain, aong (jarawa), onge eta shompen tribuekin eta nikobartarrekin lan egin zuen[5][1][2].
1999an azken aldiz bisitatu zituen Andaman uharteak[4]. Gero Indiako gobernuak espedizioak debekatu zituen, kanpotarrek maiz bisitatzeagatik sentineldarrek gaixotasunak hartzeko aukera aipatuz[5].
2015ko datuen arabera, Madhumala Chattopadhyay Indiako Gizarte Justizia eta Ahalduntze Ministerioan lan egiten du, New Delhin bizi da[4] eta ez du landa-lanik egiten[2]. Sentineldarrak kristautzeko saiakeren aurka dago[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) Sengupta, Sudipto. «Madhumala Chattopadhyay, the woman who made the Sentinelese put their arrows down» The Print 2018-11-29 (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
- ↑ a b c d (Ingelesez) Ratnam, Dhamini. «The woman who made ‘friendly contact’ with Andaman’s Sentinelese» Hindustan Times 2018-12-04 (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
- ↑ (Ingelesez) Dutt, Boishakhi. «Friends with tribe, a childhood wish» The Telegraph (Kolkata) 2019-01-03.
- ↑ a b c d (Ingelesez) Chattopadhyay, Madhumala. «What’s Christianity to those who pray to sky & sea, says first woman to contact Sentinelese» The Print 2018-11-30 (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
- ↑ a b c (Ingelesez) Zakeer, Fehmida. «Meet the first woman to contact one of the world’s most isolated tribes» National Geographic 2018-12-07 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-04-10) (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).