Maitasun Onaren liburua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Maitasun Onaren liburua
Libro de buen amor f. 3r.jpg
Espainiako Liburutegi Nazionalean dagoen Maitasun onaren liburua-ren eskuizkribuko 3. orria
Datuak
Idazlea Juan Ruiz
Generoa Mester de clerecía (Elizgizonen poesia)
Jatorrizko izenburua El Libro del Buen Amor
Hizkuntza Gaztelania
Herrialdea Gaztelako Erresuma

Maitasun Onaren liburua[1] (gaztelaniaz: Libro de buen amor, 1330 eta 1343) XIV. mendeko poema-liburua da. Hari gidaria egilearen (Juan Ruiz, Hitako artziprestea) alegiazko biografia da. Gaztelaniazko literaturaren maisulanetako bat da.

Liburuaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu honek egitura jakin bat du, eta helburu jakin bat halaber: ars amandi bat da, maitatzeko antze bat, gaztelar burgesiarentzat egina, gorte eta gazteluetako gizarte aristokratikoarentzat ondu ziren amodioari buruzko teoriazko lan ugarien antzekoa. Juan Ruizek gaztelar hiri oparoetako burges aberatsei goi mailako giroetako kortesiazko amodioaren ezagutza eman nahi die eta, horretarako, teoriazko lan bat idatzi beharrean adibideren batez hornitua, gizon maitemindu baten biografiaren inguruan agertzen ditu bere dotrinak eta hastapenak, zeinak pixkana-pixkana gora egiten baitu gorte gizonek ohi zuten bezala amodioaren bidean.

Liburuaren funtsera jotzen badugu, bi protagonisten auzia alde batera utzirik, hiru partetan bana daiteke istorioa. Lehenengoan, protagonistak huts egiten dituen maitasunezko abenturak kontatzen dira, esperientzia faltagatik eta kortesiazko maitasunaren arauak ezagutzen ez dituelako: dama batek uko egiten dio aurrena; gero Doña Cruzen maitasuna lortu nahi du, baina harengana bidaltzen dion mezulariak kentzen dio; azkenik, beste dama batengana jotzen du eta hark ere, ez baitu kondenatu nahi, ezezkoa ematen dio.

Hutsegite horien guztien ondoren, bigarren partean, ametsetan, Amodio agertzen zaio, eta eskola luze-luze bat ematen dio, maitasunaren teknikaren legeak agertuz, gizalegearen eta jendetasunaren arauak erakutsiz eta, ororen gainetik, bitartekari leial eta trebe baten beharra azpimarratuz. Prestaturik beraz, Doña Endrina izeneko dontzeila baten konkistari heltzen dio protagonistak; bitartekari lanak egiten dituen Trotaconventos atsoari esker, zorionez bukatzen da konkista, eta ezkontzarekin amaitzen da abentura hau.

Liburuaren hirugarren partean ezkontzaz kanpoko abenturak kontatzen dira (sakrilegoak, protagonista artzipreste gisa ageri denetan) eta nolabait ere, anekdotikoak, dagoeneko ondo menderatzen baitu protagonistak maitasunaren teknika. Hemen konkista daitezkeen emakume moten panorama zabal bat eskaintzen du liburuaren egileak; eta, hala ikusten dugu galaiak nola gorteiatzen dituen andre dotore bat, alargun bat, moja bat eta emakume mairu bat; mendiko emakumeek, bestalde, sekulako erasoak egiten dizkiote. Trotaconventos hiltzen denean amaitzen da irakaspen hau, irakurlea maitale eta gorte gizon bihurtua dagoenean.

Juan Ruizek dioenez -Aristoteles aipatuz- bi helburu bakarrik omen ditu gizonak mundu honetan. Ez da batere ideia berria, ezta batere fina ere, baina berak grazia handiaz adierazten du:

« Aristotelesek dioen bezala, zinez da egia, bi gauzarengatik lan egiten du munduak: aurrena, mantenua izateagatik; bestea zen emazteki atseginez juntamendua izatea. »

Orri batzuk pasa, eta baieztapen hori ukatu egiten du, Salomonen aginpidearekin oraingoan:

« Salomonek dioen bezala, eta guztiz da egia, hutsalak dira mundu honetako gauzak, denak dira pasakorrak, eta adinarekin desagertzen dira; Jainkoaren maitasuna salbu, hutsal dira denak. »

Eleberri forma duen maitatzeko arte honen dotrina teorikoa -XIV. mendean bakarrik ager zitekeena, eta garai horretako irakurle burgesentzat guztiz egokia dirudiena-, Ovidioren testuetan oinarritzen da, eta pasarte nagusia zuzenean nahiz zeharka, Don Melon eta Doña Endrinaren amodioak, Pamphilus elegiazko komediaren moldapena da, Ovidioren eragin nabarmena duen XII. mendeko obra anonimoa, seguraski frantsesa.

Bazterreko pasarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maitasun onaren liburua itzulinguruz eta bazterreko pasartez betea dago, eta pasarte horiek istorio nagusiak bezainbesteko garrantzia dute zenbaitetan; bestalde, harekin egoki loturik ageri dira. Estiloz eta jatorriz oso desberdinak dira, eta beti dute parodia kutsu bat, oso agerikoa. Bada egitandiko edo gesta-kantiken parodia fin bat, Don Carnal eta Doña Cuaresmaren arteko gudu xelebrea; Proventzako pastorelaren parodia egiten du artzipresteak bere lau serrana poemetan, literaturak artifiziala bihurtua zeukan tonu eta giro baten kontrako erreakzio errealista moduan. Horrez gainera, Esoporengandik zetorren Erdi Aroko tradizio aberatsaren baitan, alegia moralez betea dago Maitasun onaren liburua. Liburu honetan, ordea, alegia hauek bekatura bultzatzeko erabiltzen dira, hau da, justu-justu berez zuten heziketazko eta moralezko helburuaren kontra.

Goliardoen antzeak Juan Ruizengan oso eragin handia izan zuen. XII-XIII. mendeetako apaiz-ohi alderraiak, ikasle pobreak, etab. ziren goliardoak, araudiz kanpoko bizimodua egiten zutenak; haien kantak (Carmina Burana famatua adibidez), latin arrunteko bertsoetan eginak, maitasunari, ardoari eta bizitza ibiltariari eskainiak izaten ziren, eta sarritan eraso zorrotzak egiten zizkioten Elizaren moral gabeziari. Maitasun onaren liburua-k zenbaitetan argi eta garbi imitatzen du haien poesia, baina artzipresteak, goliardoek ez bezala, herriko hizkeran idatzi zuen bere liburua, gaztelania oparo, adierazkor eta herri esapideez bete-betean, baina beti ere halako dotoretasun batez eta, zenbaitetan, baita modu jantzian ere. Bizi poza eta umore ona dira azken finean liburu honen ezaugarri nagusiak, eta horiek, bete-betean, ozen errezitatua entzutera biltzen zirenek bakarrik gozatzen bide zituzten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
[[:s:{{{1}}}|Maitasun Onaren liburua]]