Gaztelako Erresuma

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Gaztela Erresumari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Gaztela (argipena).
Gaztelako Erresuma, arrosaz, 1210ean.

Gaztelako Erresuma Erdi Aroko Iberiar penintsulako erresumetako bat izan zen. Entitate politiko gisa IX. mendean sortu zen, Leongo Erresumako konderri gisa. Bertan zegoen gaztelu-kopuru handiarengatik eman zioten Gaztela izena. Gaztelako Koroa eta Espainiako Erresuma sortu zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako Erresuma, 1037an.

1035. urtean sortu zen Gaztelako erresuma, Antso Handia hil ondoren. Nafarroako erregeak, bere testamentuan, Fernando semeari utzi zizkion Gaztelako lurraldeak, bertako errege izan zedin. XI. mendean Gaztela txikia zen, baina bertako egitura militarra beldurgarria zen inondik ere. Bestalde, Kordobako kalifen ahalmena ahuldu ondoren, erresuma txikiak osatu zituzten arabiarrek (taifa erreinuak) eta Gaztelako koroaren eraginpean geratu ziren batzuk (Badajoz, Sevilla, Toledo eta Zaragoza).

1085. urtean hartu zuen Toledoko hiria Alfontso VI.a Gaztelako erregeak, eta Ipar Afrikako almorabideei laguntza eskatu zieten errege musulmanek. Erraz nagusitu ziren almorabideak, eta batasuna ezarri zuten berriro ere Iberiar penintsulako lurralde musulmanetan. Hegoaldera ez ezik, mendebaldera eta ekialdera saiatu zen Gaztelako erresuma zabaltzen, eta 1076. urtean Errioxaz eta Burebaz jabetu ziren gaztelauak.

XII. mendearen hasieran, hitzarmenak egin behar izan zituen Gaztelako koroak Leongo eta Nafarroako erresumekin, islamdarrei aurre egiteko. Bere burua Hispaniako enperadore egin zuen Alfontso VII.aren garaian (1126-1157), almorabideak banatu eta ahuldu egin ziren, eta Tajo ibairaino hedatu zen Gaztelako Erresuma. Alfontso VII.ak eta Aragoiko erregeak bitan banatu zuten kristauek musulmanei hartu beharreko lurrak: Gaztelako aldea eta Aragoiko aldea. Hala ere, almohadeak Iberiar penintsulan sartu (1147) eta erreinu musulmanak berriro batera zitezen lortu zuten.

Alfontso VII.a hil ondoan, bi semeren artean banatu zen inperioa: Antso III.ak Gaztela hartu zuen, eta Fernando II.ak Leon eta Galizia. Areagotu egin ziren orduan Lara eta Castro familia nobleen arteko gatazkak, eta almohadeek indartu ahal izan zituzten beren lurraldeak.

Alfontso VIII.aren garaian (1158-1214), beste hitzarmen bat egin zuten Gaztelako eta Aragoiko koroen artean, musulmanei hartutako lurrak banatzeko (1177), eta Nafarroako Erresumaren aurkako erasoari ekin zion Gaztelak. 1189. urtean geratu ziren Bizkaiko jaunak haren eraginpean, eta 1200. urte aldera hartu zituen Araba, Gipuzkoa, Lapurdi eta Bearno. Nafarroako Erresuma guztiz murriztuta eta itsasorako irteerarik gabe geratu zen. 1212. urtean amaitu zen almohadeen nagusigoa, Navas de Tolosako guduan, eta hurrengo urteetan batu ziren Leon eta Gaztelako koroak (Fernando III.a, 1230), Gaztelako Koroa sortzeko.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia
Espainia
Artikulu hau Espainiako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]