Manuel Maria Etxarri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manuel Maria Etxarri Martinez» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Manuel Maria Etxarri
Bizitza
Jaiotza Idiazabal1811ko urriaren 6a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Graz1890eko apirilaren 30a (78 urte)
Jarduerak
Jarduerak zirujaua eta armadako ofiziala
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Gradua kapitain
Parte hartutako gatazkak Lehen Karlistaldia

Manuel Maria Etxarri Martinez, (Idiazabal, Gipuzkoa, 1811ko urriaren 6an - Graz, Austria, 1890eko apirilaren 30ean) zirujaua, kapitain karlista eta Karlos Maria Isidro Borboikoaren eta Karlos Luis Borboikoaren zerbitzari eta aholkulari izan zen.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Maria Etxarrik ez zuen aita ezagutu. Maria Teresa Martinez Iztueta, ama, haurdun zegoela alargun geratu zen. Miguel Antonio Etxarri Etxarri, aita, Frantsesen aurkako gerratean boluntario alistatu zen. Borrokaldi batean, matrailezurrean tiro bat jaso eta 1811ko martxoaren 15ean hil zen.

Gerra karlista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Maria Etxarri, Villafrancan Medikuntza ikasten hasi zen. Garai hartan egin zuen eztanda Zazpi urteko gerrak. Karlisten bandoan sartu zen eta zirujau praktikante lanak egin zituen hasiera batean, Sanidad Militar delakoaren barruan. Gerora, kapitain lanak egiten hasi zen eta San Fernandoko gurutzea ere eman zioten egindako lanaren ordainetan.

Atzerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos Maria Isidro Borboikoa

Gerra amaitutakoan, karlisten errege-etxetik deia jaso zuen. Karlos Maria Isidro Borboikoa (Karlos V.) karlisten errege-nahia, gerra galduta Frantziara joatekoa zen eta itzultzaile lanak egiteko frantsesez hizketan zekien zerbitzari bat behar zuen. Hala, Manuel Maria Etxarri Frantziara joan zen tronurik gabeko erregearen itzultzaile eta morroi.

Frantziako autoritateek atxilotuta, Bourges hirian bizi zen errege familia eta, beraiekin, Etxarri. Gorte pobrea zen Karlos Borboikoarena.  Dena galdu zuen gerran, eta sosik gabe zegoen. Etxarrik ez zuen inongo soldatarik jaso bere ondoan lanean egon zen denbora guztian eta debalde lan egiteaz gain, gordeta zuen dirua frantsesa hobetzeko erabili zuen eta baita karlisten erregeari jana erosteko ere.

Karlos VI.aren ihesaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1845. urtean, Karlos V.ak abdikatu eta bere seme zaharrenak, Karlos Luis Borboikoak (Karlos VI.), hartu zuen errege kargua. Karlos Luisek Frantziako atxilo alditik ihes egin nahi zuen. 1846ko irailean, higienearen aitzakian, Frantziako agintariek hirian zehar zaldiz tiratutako gurdian paseatzeko baimena ematea lortu zuen Karlos Luisek. Atzetik bi jendarme zituela egin beharko zuen ibilbidea.

Hagineko mina zuela esan eta paseora atera zen Karlos VI. aurpegia trapu handi batekin estalita. Bitartean, Etxarri zerbitzaria, Karlos Luis bezalaxe jantzi zen, praka eta eskularru zuriekin, lebita beltzarekin eta aurpegia estaltzeko zapiarekin. Sastraka batzuen atzean ezkutatu zen gurdia pasatzekoa zen bihurgune batean. Karlos Luisen gidariak, kurbara iritsi zenean, abiadura azkartu zuen jendarmeek ez ikusteko, eta, Karlos Luis gurditik jaitsi eta mozorrotutako Etxarri jarri zen erregearen lekuan. Gurdia etxera itzuli zen. Etxarri Karlos Luisen gelan sartu eta leihoak itxi zituen. Ondoren, berriro zerbitzari arropak jantzi eta gelatik irten zen, Karlos Luis gaixo zegoela eta egun batzuetan ez zuela inor ikusi nahi esanez.

Hiru egun pasa zirenean, Londonetik Karlos Luisen mezua jaso zuen Etxarrik, dena ondo atera zela azalduz. Orduan, Etxarrik, Frantziako agintariei ihesaren berri eman zien eta ardura bere gain hartu zuen. Gobernadoreak lotsa sentitu omen zuten, modu inozo hartan ziria sartu zietelako. Etxarrik ez zuen kondenarik izan. Bitartean, Karlos Luis karlisten erregeak, borroka armatura dei eginez agiria kaleratu zuen eta bigarren Gerra Karlistari hasiera eman zion.

Errege familiaren gaixoaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tronurik gabeko errege familia batera eta bestera ibili zen ondorengo urteetan eta beraien ondoan beti zerbitzari leial izan zuten Manuel Maria Etxarri. Oso etxeko zuten eta familiaren bizitzako une garrantzitsu guztietan hortxe izan zuten[1].

1861ean, Triesteko gazteluan, On Fernando infantea hil zen tifusak eta eskarlatinak jota. Gaixotasuna zabaltzeko arriskua zela eta, hilotza gaztelutik atera eta lorategian jarri zuten. Etxarri zerbitzariak gau osoa eman zuen zerraldoa zaintzen, termometroak 20 gradu zero azpitik markatzen zituen gau hartan.

Karlos Luis eta  bere emazte Karolina ere gaitzak kutsatuta zeudenean, Etxarri izan zuten ondoan, eta beronek itxi zizkien begiak hil zirenean. Karlos Luis hil geroztik ere, karlisten errege familiari lotuta jarraitu zuen eta, azken urteetan, Venezian eta Austrian lan egin zuen jauregiko maiordomo karguan  hasieran, eta errege familiako idazkari azkenean.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aguretuta, 1890ean hil zen Austriako Graz hirian.

Hil aurretik, pobre gisa hilobiratzeko agindu zuen, baina karlisten errege familiak ez zuen halakorik ametitu eta lehen mailako hileta eskaini zioten[2].

Sei zaldik tiratzen zuten gorpua zeraman gurdia, eta piztutako zuziak zeramatzaten hamalau gizonezko zituen ondoan. Hilkutxaren gainean errege familiak bidalitako lore koroa handi bat zegoen eta atzean infanteek eskainitako beste lore sorta handi bat. Gurdiaren atzetik, karlisten errege-erreginak zeramatzan kotxea zihoan eta segidan, errezoan, fraide dominikoak, frantziskotarrak, lazaristak eta San Juan de Diosekoak, ehun pobre, berrogei eta hamar umezurtz, koru bat, lutozko bi zalgurdi eta katedraleko apaiza.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Historia del tradicionalismo español. 1941 . Noiz kontsultatua: 2020-03-25.
  2. (Gaztelaniaz) «Portada del Archivo Histórico Nacional» censoarchivos.mcu.es . Noiz kontsultatua: 2020-03-25.