Mar Garrote Calvo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mar Garrote Calvo

Bizitza
JaiotzaMadril, 1976 (47/48 urte)
BizilekuaArtea
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraknekazaria

Mar Garrote Calvo (Madril, 1976) gizarte hezitzailea eta nekazaria da. 2013an Zeberioko Maskilu kontserberaren proiektuan sartu zen. 2019tik bere proiektu propioa ere badarama aurrera: Zerbatik uzta agroekofeministak.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte luzez atzerritik bidaian ibili eta gero, errotzeko beharra sortu zitzaion Mar Garroteri. Hiriko bizitzatik ihes egin nahian Arratia aldera hurbildu zen beste bizimodu bati ekiteko asmoz.

Zeberioko Udalak martxan jarri zuen proiektuan sartu zen Mar. Nekazalgunea izeneko politika publikoan, lehen sektorea bultzatzeko, eta Ermitabarriko lursail bat, bost urtez bertan bizi ahal izateko apartamentuak eta elikagaien transformaziorako erabili zitekeen eraikin bat jarri zuen ekimenera aurkeztu nahi zuten ekoizleen eskura. Hasieran, lau lagun izan ziren lurra lantzen hasi zirenak, Basortu izeneko proiektuaren izenpean. Gero, horrek Maskilu kontserba agroekologikoen proiektua sortzea ekarri zuen, eta 11 lagun bildu ziren bertan. Hasierako lau lagunak, gerora, banatu egin ziren eta bakoitzak bere proiektu propioak dauzka esku artean. Hori bai, Maskilun jarraitzen dute guztiek, sarean lan egiteko logika galdu gabe.[1]

Mar Zerbatik uzta agroekofeministak izeneko taldean ari da buru-belarri, 2019tik. Proiektuak hiru hanka ditu: ortuko nekazal lana, kontserbak eta otzarak egitea, eta formazioa; hau da, agroekologia edo produktu kimikorik gabeko elikagaiak ekoiztea, feminismoa eta hezkuntza. Marren iritziz, beharrezkoa da metodo alternatibo baten alde egitea: agroekofeminismoaren, edo, behinola deitzen zitzaion bezala, baserriko emakumeek bultzatutako autokontsumoaren sistemaren alde.

Zerbatik proiektuarekin hastean, Marrek errekuperatu egin ditu pedagogiaren arloan eta hezitzaile moduan dituen ezagutzak, eta azken urteotan, jolasekin eta antzeko dinamikekin azaltzen dio jendeari zer dagoen jokoan elikadura sistemaz hitz egiten denean. Marren esanetan,

Eredu agroindustriala kapitalista eta patriarkala da, jendea alboratzen du eta ez du natura errespetatzen. Agroekofeminismoan, bizitza, zaintza eta pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu, baita natura eta lurraldea ere.

Militantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxaldeko emakumeak elkarteko kidea da eta hainbat berbaldi eta mahai-ingurutan parte hartu du elkarteko ordezkari legez. Etxaldeko emakumeak emakume militanteen talde ireki bat da emakume baserritarren, landa-eremuko emakumeen eta elikadura-subiranotasunaren alde diharduena. Bertan, agroekofeminismoa, baserriko munduaz gain, Hego Amerikako emakumeen sistemarekin ere lotzen dute: lurraren defentsarako borrokaren garrantzia eta guztionak diren ondasunak berreskuratzeko indarra uztartuz.[2]

Hego Amerikan, sistema industrialaren eta kapitalistaren parte diren enpresak herritarren eta beren lurren kostara aberasten ari dira; bereziki, gu bizi garen lurraldeko multinazionalak.

Mar Garrote eta Leire Milikua Arteako Kafrangek antolatutako aurkezpenean

Mar Garrote Calvo

Arteako Kafrangak talde feministako kide da. 2023an talde honek antolatutako Leire Milikuaren Lur gainean, itzal azpian liburuaren aurkezpenean parte hartu zuen. Bertan, ekoizle moduan dituen oztopo eta kezkak azaldu zituen, baita elikadurarekin lotutako datuak eman ere.

Egun, Euskal Herrian jaten diren elikagai freskoen %3a besterik ez da bertan ekoizten, eta lekaleek, adibidez, 7.500 kilometroko bidaia egiten dute, batez beste, gure etxeetara heldu arte.

Elikadura subirautza eta feminismoa eskutik joan behar direla uste du Marrek, horixe baita bere iritziz bizitza erdigunean ipintzen duen eredua.[3]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zaintzen duten emakume baserritarrak, Pertsonak, Lurra, Lurraldea eta Planeta izeneko lana idatzi zuen 2023an Amets Ladislaorekin elkarlanean, EHNE Bizkaiak eta Garapenerako lankidetzaren euskal agentziak argitaratua .[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Etxebarria, Iraitz Madariaga. (2023-03-03). «Mar Garrote: «Agroekofeminismoan bizitza, zaintza eta pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu»» Geuria (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  2. «"Berdin bizitzen jarraitzea saltzen digute, landa eremua sakrifikatzearen truke"» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  3. (Gaztelaniaz) Greenpeace. «4 voces en el Día de las Mujeres Rurales» Greenpeace España (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  4. Amets Ladislao, Mar Garrote. (2023). Zaintzen duten emakume baseritarrak. EHNE Bizkaia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]